Buztanluzea
Aegithalos caudatus

Txori txiki polit hau Euskal Herriko pinadietan aurki daitekeen espeziea da. Neguan, talde txikitan bizi da eta udaberrian bikoteek habiak eratzen dituzte artadi eta pinadietan. Txori honek portaera berezia azaltzen du gainera, kumatzea lortzen ez duten aleek, ale ugaltzaileei laguntzen baitiete txitoen zaintzarekin.

Aegithalos caudatus

Phyluma
Chordata
Klasea
Aves
Ordena
Passeriformes
Familia
Aegithalidae
Deskribatzailea
Linnaeus, 1758
Estatusa
lc

Deskribapena

Espezie txikia da, 13-15 cm-koa (7-9 cm-ko isatsa barne). Begien inguruan zirkuluerdi horia dauka eta isats txuri-beltza, gorputza baino luzeagoa da, bere izen arruntak dioen moduan. Helduek bizkarralde beltza dute eta sabelaldeak tonalitate arrosak. Burua zuria da eta marra beltzak ditu pileoaren aldeetan. Hankak beltzak dira eta isatsaren luma guztiek luzera berdina dute. Arrak eta emeak ezin dira lumajean oinarrituta bereizi, baina gazteek bizkarraldean luma arreak dituzte eta isatseko bi lumek besteek baino luzera motzagoa dute (Álvarez et al. 1985).

Kantua

Kantua hegazti hauek lokalizatu eta identifikatzeko laguntza baliogarria da. Buztanluzeek hiru dei nagusi dituzte: pit oihu altu bat, txio hirukoitz bat zi-zi-zi eta txorrotxio jarrai bat. Deiak elkarren artean komunikatzeko erabiltzen dituzte eta ozenagoak dira landa irekiak zeharkatzen dituztenean edo inbibiduoren bat taldetik banatzen denean (Gaston 1973).

Banaketa

Banaketa paleartikoa duen espeziea da, Iberiar penintsulan hasita asiako mendebalderaino zabaltzen dena. Europan oso hedatuta dago eta Iberiar penintsulan bi subespezie bereizten dira: taiti subespeziea, Piriotan eta iparraldean; eta irbii subespeziea, erdialdean eta hegoaldean (Tellería et al. 1999). Euskal Herrian autoktonoa da eta leku gehienetan aurki daiteke, Arabako lautadako nekazaritza-eremuetan izan ezik (Alvarez et al. 1985). 

Aegithalos caudatus Aegithalos caudatus

Habitata

Baso mota guztietan agertzen da baina nahiago izaten ditu konifera baso itxiak eta neurri txikiagoan, artadiak (Carrascal 1985). Hala ere beti ondo garatutako oihanpea duten basoetan agertzen da eta agian horregatik ez da inoiz pagadietan agertzen. Ibai-ertzetako basoetako populazioak txikiak badira ere, enklabe garrantzitsuak dira soildutako basoetan. 

Gehienetan ez ditu pinadi oromediterranearrak kolonizatzen (Tellería et al. 1999) eta normalean ez da 1000 metroko altitudetik gora agertzen naiz eta Sistema Iberikoan, Piriniotan (De Juana 1980) edo Sierra Nevadan (Pleguezuelos 1992), 1500-1600 metrotan agertzen den.


Elikadura

Intsektuak dira buztanluzeen elikagai nagusia eta urte osoan zehar jaten dituzte. Dietaren osagai nagusia artropodoak dira, bereziki tximeleten arrautzak eta beldarrak. Udazkenean, landareak jaten ere behatu izan dira. 

Ugalketa eta ontogenia

Otsaila edo martxoan, neguko multzoko ale guztiek bikotea bilatzen dute eta habia eraikitzen. Gehienetan, arrak neguko lurraldean geldituko dira eta emeak izango dira lekuz aldatuko direnak ar berrien bila (Gaston 1973).

Habiak trinkoak dira eta batik bat goroldioz, armiarma sareez eta ilez eginda daude. Kanpoaldea kamuflatzeko, aldiz, likenak eta lumak erabiltzen dituzte. Habien predazioa oso handia da eta habien %17ak bakarrik egiten du aurrera. 

Habirik gabe gelditu diren bikote askok, orduan, habidun bikoteen laguntzaile bilakatzen dira. Ematen duenez, bikote laguntzaileek ahaide ar bati laguntzeko joera dute, eta ez edozein bikote ugaltzaileri (Glen & Perrins 1988; Hatchwell et al. 2001; Sharp et al. 2008). Ahaidea ezagutzeko modua, kantuaren bidezkoa omen da (Hatchwell 2001). Laguntzaileak izan dituzten bikoteen txiten biziraupena askoz handiagoa da, alde batetik elikagai gehiago eskuratzen dituztelako eta bestalde, babes handiagoa dutelako (Glen & Perrins 1988).

Ugaltze-sasoiaren bukaeran, ekaina edo uztailean, bikoteek neguko multzoak osatzen dituzte berriz (Gaston 1973).

Bizimodua

Neguan, buztanluzeak 3-30 aleko multzoetan bizi dira, ahaidez eta ahaideak ez diren txoriez osaturik daudenak. (Russell 1999; Hatchwell et al. 2001). Aldiz, ugaltze-sasoian zehar bikote monogamoak eratzen dituzte multzoko kideek. Baina arrautzen predazioa oso handia denez (Hatchwell et al. 1999), bikoteetako askok ez dute kumatzea lortzen eta kumatzen duten bikoteen laguntzaile bilakatzen dira (Glen & Perrins 1988; MacColl & Hatchwell 2002). 

Laguntzaile bilakatzen diren txoriek abantailak dituztela ikusi izan da, ugaltzen direnekin batera, gehiago bizitzen baitira (McGowan et al, 2003). Uste da arrakasta horren zergatia talde-babesean egon daitekela, kumatzearekin lagundu duten laguntzaileei, neguan, taldean bizitzearen abantailekin saritzen zaielako, eta ez, aldiz, lagundu ez dutenei (Glen & Perrins 1988).

Kontserbazioa

Europako babes bereziko basa espezieen zerrenda barruan katalogatuta dago eta Espezie Mehatxatuen Espainiako Katalogoan Interes berezikoa bezala dago sailkatuta. Euskal Herrian bere egoera ezezaguna da. 30.000 bikote inguru daudela estimatzen da. Mendi-hegaletako eta haranetako hariztiak ia sistematikoki ezabatzeak kalte handiak eragin zituen iraganean, duela 20 urtekoa egungo populazioa baino 5-10 aldiz handiagoa baitzen.

Esteka interesgarriak


Bibliografia


Hatchwell BJ, Ross DJ, Fowlie MK, McGowan A. 2001. Kin discrimination in cooperatively breeding long-tailed tits. Proceedings of the Royal Society of London, 268: 885-890

Sharp SP, Simeoni M, Hatchwell BJ. 2008. Dispersal of sibling coalitions promotes helping among immigrants in a cooperatively breeding bird. Proceedings of the Royal Society Biological Sciences Series B, 275: 2125-2130

McGowan A, Hatchwell BJ, Woodburn RJW. 2003. The effect of helping behaviour on the survival of juvenile and adult long-tailed tits Aegithalos caudatus. Journal of Animal Ecology, 72: 491–499

MacColl ADC, Hatchwell BJ. 2002. Temporal variation in fitness payoffs promotes cooperative breeding in long-tailed tits Aegithalos caudatus. American naturalist, 160: 186–194

Russell AF. 1999. Ecological constraints and the cooperative breeding system of the long-tailed tit Aegithalos caudatus. PhD Thesis, University of Sheffield. Sheffield

Hatchwell BJ, Russell AF, Fowlie MK, Ross DJ. 1999. Reproductive success and nest-site selection in a cooperative breeder: effect of experience and a direct benefit of helping. The Auk, 116: 355-363

Glen NW , Perrins CM. 1988. Cooperative breeding by long-tailed tits. British Birds, 81: 630-64

Gaston AJ. 1973. The ecology and behaviour of the Long-tailed Tit. Ibis, 115: 330-351

Álvarez J, Bea A, Faus JM, Castien E, Mendiola I. 1985. Atlas de los Vertebrados Continentales de Álava, Vizcaya y Guipúzcoa (excepto Chiroptera). Eusko Jaurlaritza. Vitoria-Gasteiz

Carrascal LM. 1985. Selección de hábitat en un grupo de aves forestales del norte de la Península Ibérica: Importancia de la estructura de la vegetación y competencia interespecífica. Doñana, Acta Vertebrata, 12: 75-92

De Juana E. 1980. Atlas ornitológico de La Rioja. Biblioteca de Temas Riojanos. Logroño

Pleguezuelos JM. 1992. Avifauna nidificante de las Sierra Béticas orientales y depresiones de Guadix, Baza y Granada. Su cartografiado. Universidad de Granada. Granada

Tellería JL, Asensio B, Díaz M. 1999. Aves Ibéricas II. Passeriformes. Reyero Ed. Madrid
Egilea: Maialen Sistiaga | Sorrera: 2014/02/15 | Azken eguneraketa: 2014/08/20 | Bisita-kopurua: 1447 | Argazki nagusia: Andreas Trepte

Erregistra zaitez

Erregistra zaitez!

· Parte hartu edukiak hornitzen eta eztabaidatzen 
 
· Igo itzazu argazkiak, bideoak, liburuak, estekak...