Tengmalm hontza
Aegolius funereus

Ipar Hemisferioan banapen nahiko orokorra eta zabala duen arren, Euskal Herrian banaketa oso txikia duen hontza dugu hau. Altitude handietan aurkitzen da, eta Nafarroako gune zehatz batzuetan soilik aurki dezakegu. Gainera bizitza guztiz gautarra du, beraz ikusteko nahiko zaila izaten da.

Aegolius funereus

Phyluma
Chordata
Klasea
Aves
Ordena
Strigiformes
Familia
Strigidae
Deskribatzailea
(Linnaeus, 1758)
Estatusa
lc

Deskribapena

Hegazti nahiko txikia da, 25 cm inguru dituena. Arrek 90-120 gramo bitarteko pisua dute eta emeak berriz handiagoak dira, 120-210 gramo bitarteko pisua edukiz. Kolorez iluna da, eta aurpegiko diskoak sakonak dira, gainealdean ertz beltza dutelarik. Begi handi eta horiak ditu, eta bekain altzatuak, zuri eta zabalak direnak. Ale helduek lumaia marroia dute, orbain zuri eta txikiz betetakoa. Ale gazteak berriz ilunagoak dira, marroi-kaoba kolorekoak, eta bekain zuriak askoz ere nabariagoak dira hauetan. 

Geldirik dagoenean gorputza postura nahiko tentean du. Hegaldia balantzakatua da, alde batetik besterakoa.  

Antzeko espezieak

Mozolo arrunta (Athene noctua)
Athene noctua

Mozolo arrunta eta Tengmalm hontza morfologikoki nahiko antzekoak dira: tamaina eta lumaiaren kolore berdina dute, eta biek begi handi eta horiak dituzte baita ere. Tengmalm hontzak buru handiagoa du, eta honen aurpegiko diskoak nabarmenagoak dira.

Nahiz eta morfologikoki antzekoak izan, banaketa eta habitat desberdina dute.

Kantua

"pu-pu-pu" bizkor bat, 5-6 notakoa, leuna baina aldi berean sakona.

Banaketa

Ipar Hemisferioko baso boreal guztietan zehar agertzen da.

Espainian, bere presentzia exklusiboki Pirineoatara lotzen da, non 1700 eta 2300 metro bitarteko altitudeko konifero basoetan aurkitzen den. Inguru atlantikoagoetan, baso hostogalkor, misto edo pinu beltzez osatutako baso subalpinoetan ere aurkitu daitezke. Aran-eko bailaran ere baso hostogalkor edota mistoetan aurkitu izan da, 800 metrotatik gora (De Juana & Varela 2005).

Euskal Herrian banapen oso zehatza du: Larran (Belagua) soilik agertzen da, 1700 metro baino altuagoko altitudean, pinu beltzez osatutako basoetan (Penas et al. 2012).

Aegolius funereus Aegolius funereus

Habitata

Koniferoz osatutako altitude altuko basoetan aurkitzen da; bereziki pinu beltzaz (Pinus uncinata) osatutako basoetan, 1700-2300 metro bitarteko altitudean.



Habitat bereko espezie gehiago

Talpa europaea
Plecotus macrobullaris
Mustela nivalis
Bubo bubo
Pyrrhocorax graculus
Pyrrhocorax pyrrhocorax
Aquila chrysaetos
Myotis nattereri
Chionomys nivalis
Parnassius apollo
Myotis myotis
Tadarida teniotis
Rupicapra pyrenaica
Gypaetus barbatus
Gyps fulvus
Sciurus vulgaris
Tichodroma muraria
Hierophis viridiflavus
Microtus gerbei
Sorex coronatus
Prunella collaris
Neophron percnopterus
Microtus agrestis
Montifringilla nivalis
Micromys minutus
Mus musculus
Mustela erminea
Sus scrofa


Elikadura

Ugaztun txikiak (saguak, satorrak), hegazti txikiak edota intsektuak jaten ditu.

Ugalketa eta ontogenia

Eskandinabian, eta Europa erdialdeko, Pirinioetako eta Grezia hegoaldeko mendietan kumetzen du, zuhaitzen arrakaletan edo okil beltzaren kabi zaharretan (Scott & Forrest, 1982). Apiril eta maiatz aldean 3-7 arrautz jartzen ditu eme bakoitzak, eta 25-32 egunez inkubatzen ditu, soilik emeak. Behin kumeak jaoita, 28-36 egun igarotzen dira hegazti  txiki hauei lumak agertzen zaizkien arte, eta egun hauetan zehar bai ar eta bai emeek beraien kumeak zaintzen dituzte (Perrins 1987). 

Ale gazteek ale helduen lumai antzekoa  dute, pixka bat ilunagoa dena gazteen kasuan. Urtebete igaro ondoren, aurreko urtean jaiotako hontzak kumetzeko gai izaten dira. Egoera basatian gutxi gora-behera 8 urtez bizitzen dira.

Bizimodua

Bizitza guztiz gautarra du. Eguna zuhaitzetako hostotzaren artean pasatzen du, eta gauean ehizara irtetzen da. kantua ere soilik gauez egiten du.

Enborren zuloetan egiten du habia; askotan, okil beltzaren (Dryocopus martius) habi zaharrak erabiltzen dituzte beraien habi modura. (De Juana & Varela 2005).

Espezieen arteko elkarrekintzak

Lehenago aipatu bezala, okil beltzaren (Dryocopus martius) habi zaharrak bereganatzen ditu eta hauek habi bezala erabiltzen ditu.

Kontserbazioa

Populazio txikia izatea berez mehatxu bat da honen biziraupenerako. Pirineotako habitataren suntsiketa mehatxu handi bat da Tengmalm hontzarentzat, eta eskiatzeko pistak ere faktore negatibo garrantzitsuak dira. Honekin batera, piriniotako turismo masiboak ere eragin handia du. 

Kataluniar Piriniotan erabilitako basoaren kudeaketa motaren ondorioz zuhaitz zaharrak ezabatu ziren, Tengmalm hontzarentzat habiak egiteko edo lehenagoko habiak hautatzeko aukera gutxiago utziz.

Honetaz gain, urte batzuetan eman izan diren elurte berantiarrek negatiboki eragin dute hauen ugalketa arrakastan.

kontserbazio neurri modura habitataren kontserbazioa (besteak beste zuhaitz zaharrak bertan mantenduz), eski-pisten kontrola eta populazioaren eboluzioaren jarraipena egitea hartu dira (Alamany 1989).

Esteka interesgarriak


Bibliografia


De Juana E, Varela JM. 2005. Aves de España. 2ª edición. Lynx Edicions. Barcelona

Perrins C. 1987. Nueva generación de Guías de España y de Europa. Aves. Omega S. A. Barcelona

Scott B, Forrest D. 1982. Clave del Observador de Aves. Omega S. A. Barcelona

Penas Patiño XM, Pedreira López C, Silvar C. 2012. Guía de Aves de Euskal Herria. Sua Edizioak.

Alamany O. 1989. Situación de la lechuza de Tengmalm Aegolius funereus en la Península Ibérica. Quercus, 44: 8-15
Egilea: Izaskun Alberdi | Sorrera: 2013/11/15 | Azken eguneraketa: 2014/08/20 | Bisita-kopurua: 2234 | Argazki nagusia: Denali National Park and Preserve

Erregistra zaitez

Erregistra zaitez!

· Parte hartu edukiak hornitzen eta eztabaidatzen 
 
· Igo itzazu argazkiak, bideoak, liburuak, estekak...