Asun-tximeleta
Aglais urticae

Asun-tximeleta ninfalido ezagun eta koloretsua da. Atlantikotik Ural mendizerraraino eta Mediterraneo kostaldetik Eskandinaviaraino aurki daiteke, eta Euskal Herrian, Europa guztian bezala, espezie arrunta da. Ez dira asko Euskal Herrian neguan hegan egiten duten espezieak, baina asun-tximeleta horietako bat da.

Aglais urticae

Phyluma
Arthropoda
Klasea
Insecta
Ordena
Lepidoptera
Familia
Nymphalidae
Deskribatzailea
Linnaeus (1758)
Estatusa
lc

Deskribapena

Heldua (Imagoa)

44-55 mm-ko hego-zabalera duen tamaina ertaineko tximeleta da, eta ez du dimorfismo sexualik; hots, kolore eta forma bera dute arrek eta emeek. Gorputza iluna eta iletsua da. Hegoen goialdea laranja kolorekoa da, hainbat koloretako orbanez hornitua. Aurreko hegoen aurrealdean 3 orban beltz, eta, horien artean, bi orban hori eta orban zuri bat nabari zaizkio, eta e3, e3 eta e4 eremuetan orban bana du; lehenengoa, handia, eta azken biak, txikiagoak. Atzeko hegoaren oinarria eta diskoa marroi kolorekoak dira. Aurreko zein atzeko hegoen kanpo- eta atze-ertzak ilunak dira, eta ertzondoa ingerada beltza dutek kolore urdin-turkesako orbanez horniturik dago. Ninfalido gehienetan gertatu bezala, hegoen azpialdeak kolore kriptikoa du. Aurreko hegoaren oinarria iluna da, eta diskoa eta diskondoa hori kolorekoak. Ertzondoa, berriz, iluna da, eta ertza apur bat argiagoa. Atzeko hegoaren azpialdeko oinarria eta diskoa ilunak dira, diskondoa argiagoa –marra ilunekin-, eta ertza eta ertzondoa aurreko hegoaren oso antzekoak.

Krisalida (Pupa)

Krisalida berdea da hasieran, eta denbora aurrera joan ahala, kolore arrea hartzen du.

Beldarra (Larba)

Beldarrak ilunak dira jaiotzen direnean, eta arantza-itxurako aterakinak izaten dituzte. Hasieran beltzak diren arren,  hori-beltz bihurtzen dira hilabeteren buruan.

Arrautza

Txikiak eta berdeak dira, ildo zuridunak.

Antzeko espezieak

Nymphalis polychloros

Asun-tximeletaren oso antzekoa da morfologikoki. Azken hori, ordea, handiagoa da, eta aurreko hegoen goialdeko aurre-ertzean ez du orban zuririk. Bestalde, atzeko hegoen goialdeko oinarria ez da asun-tximeletarena bezain iluna.

Banaketa

Europa osoan hedaturik dagoen espeziea da, Atlantikoko kostaldetik Ural mendikateraino. Atlantikoko eta Mediterraneoko uharteetan, ordea, ez da alerik aurkitu.

Garaia

Urte guztian zehar aurki daitezke heldu hegalariak.

Habitata

Askotariko lekuetan ikusi ohi den arren, mendi-inguruneetan aurkitu ohi da, batez ere. Itsas mailatik 3.000 metrora arte ikusi da hegan. Beldarren elikagai nagusia denez, asunak diren inguruan izaten dira ugarienak (Tolman & Lewington 2008). 



Habitat bereko espezie gehiago

Asio flammeus
Talpa europaea
Talpa occidentalis
Plecotus austriacus
Asio otus
Eptesicus serotinus
Buteo buteo
Anguis fragilis
Lepus granatensis
Accipiter nisus
Mus spretus
Pipistrellus pipistrellus
Miniopterus schreibersii
Microtus agrestis
Sorex minutus
Lymnocryptes minimus
Lacerta schreiberi
Myotis myotis
Pipistrellus kuhlii
Circaetus gallicus
Passer domesticus
Milvus milvus
Milvus migrans
Falco tinnunculus
Galerida cristata
Pyrrhocorax pyrrhocorax
Ciconia nigra
Falco peregrinus
Aquila chrysaetos
Ardea cinerea
Oryctolagus cuniculus
Neophron percnopterus
Lanius senator
Suncus etruscus
Tadarida teniotis
Pica pica
Vanessa atalanta
Microtus lusitanicus
Microtus duodecimcostatus
Microtus gerbei
Microtus cabrerae
Myodes glareolus
Picus sharpei
Strix aluco
Turdus philomelos
Turdus merula
Rhinolophus ferrumequinum
Cyanistes caeruleus
Rhinolophus euryale
Mustela erminea
Micromys minutus
Sorex coronatus
Mus musculus
Dendrocopos major
Jynx torquilla
Crocidura suaveolens
Luscinia megarhynchos
Prunella modularis
Colias croceus
Rhinolophus hipposideros
Vulpes vulpes
Myotis blythii
Accipiter gentilis
Dendrocopos minor
Crocidura russula
Athene noctua
Otus scops
Alauda arvensis
Troglodytes troglodytes
Lepus europaeus
Mustela nivalis
Tyto alba


Elikadura

Beldarrak asunez (Urtica dioica, Urtica urens) elikatzen dira, beste hainbat ninfalidok egin bezala, eta landare baten hosto guztiak jatera irits daitezke. Helduek, berriz, hainbat landareren loreetako nektarra zurrupatzen dute, tartean txilarrak (Calluna vulgaris, Erica spp.), karduak (Carduus spp.), San Jose loreak (Primula spp.), eta abar.

Ugalketa eta ontogenia

Europa hegoaldean 2-3 belaunaldi izaten dira urteko. Martxoa eta urria bitartean egiten dute hegan tximeletek. Espezie hibernatzailea da; hau da, urteko azkenbigarren eta azken belaunaldian sortzen diren tximeleta gehienek negua igarotzen dute, harik eta udaberrian parekatu eta hiltzen diren arte. Negua, batez ere, Salix generoko zuhaitzen enborretako arrakaletan eta zuloetan igaro ohi dute, baina badira eraikuntzetako arrakaletan-eta ikusi diren aleak ere. Hala ere, neguko egun beroetan aktibitatea izan dezakete.

Arrautzak Urtica generoko landareen hostoen azpian jartzen dituzte negua hibernatzen igaro duten emeek martxoa eta maiatza bitartean. Lehenengo belaunaldiko beldarrak maiatzean jaiotzen dira, eta bigarrenekoak, uztaila-abuztua inguruan.

Emeek 80 arrautza inguru jartzen dituzte asunen hostoetan, elkarren ondoan pilatuta, eta 20 eta 100 minutu artean behar izaten dute arrautza guztiak jartzeko. Arrautza-faseak astebete eta hiru aste bitartean irauten du, baldintza meteorologikoen arabera.

Beldar guztiak bateratsu jaiotzen dira eta guztien artean zetazko babes-sare bat eraikitzen dute. Guztira 4 muda izaten dituzten, eta hilabete inguru igaro ostean krisalidatzen dira. Krisalidak, ordea, bakarka jartzen dituzte asunen zurtoinetatik eskegita. Pupa-aldiak 2-4 aste irauten du, ingurune-tenperaturaren arabera.

Espezieen arteko elkarrekintzak

Sturmia bella euliaren larba parasitikoek dute tximeleta honekin elkarrekintza sakonena. Euliak arrautzak asunen hostoetan uzten dituzte. Asun-tximeletaren larbek euliaren arrautzak jaten dituzte eta euliaren larbak tximeletaren larbaren barnean jaiotzen dira. Euli-larbak beldarraren barne-organoetaz elikatzen dira, eta beldarraren heriotza eragiten dute. S. bellaren larbek beste hainbat tximeletaren larbei ere eragiten dien arren, asun-tximeleta izan ohi da espezierik kaltetuena, bi espezieen fenologia antzekoa baita.

Kontserbazioa

Espezie arrunta den arren, azken urteetan Europa mendebaldeko dentsitatea jaisten ari dela uste da. Ikerketek adierazi dutenez, ugal arrakasta handiagoa dute uda hezea eta freskoa denean (Leraut, 1997), eta azken urteotan uda bero asko izan izanak kalte handia eragin diola uste da.

Egilea: Antton Alberdi | Sorrera: 2012/02/13 | Azken eguneraketa: 2014/08/20 | Bisita-kopurua: 2797 | Argazki nagusia: Gilles San Martin

Erregistra zaitez

Erregistra zaitez!

· Parte hartu edukiak hornitzen eta eztabaidatzen 
 
· Igo itzazu argazkiak, bideoak, liburuak, estekak...