Pottorro arrunta
Alca torda

Pottorro arrunta Euskal Herriko kostaldean negu-partean agertzen den hegaztia da, identifikatzeko erraza, eta gizakiaren eragina nabarmena den lekuetan ere ikus daitekeena; esaterako portuetan eta hondartza inguruetan. Martin arruntaren antza badu ere, azken hau ez da ohikoa izaten ingurune iristerrazetan. Uda Europa iparraldean igarotzen du, eta bertan kumatzen da negua igarotzera hegoaldera migratu baino lehen.

Alca torda

Phyluma
Chordata
Klasea
Aves
Ordena
Charadriiformes
Familia
Alcidae
Deskribatzailea
Linnaeus (1758)
Estatusa
lc

Deskribapena

Tamaina ertaineko hegaztia da, 40 cm inguruko luzeera duena, eta 65 cm inguruko hego-zabalera. Pisuari dagokionez, 550 eta 850 g inguru izan ohi du. Udako koloreak nabarmenagoak izan ohi diren arren, mokoaren aurrealdeko eta gainaldeko marra zuriak azpimarratuz, neguan koloreak apalagoak izan ohi dira. Bizkarraldea eta hegoen gainaldea beltzak dira, buruaren gainaldea eta mokoa bezala. Lepoaldea eta sabela, aldiz, zuriak dira. Udan kolore horiek oso markatuta egon ohi dira, baina neguan tonu grisak izaten dituzte bi koloreen artean dauden lumek. Mokoa motza eta lodi xamarra da, martinarena baino laburragoa.

Antzeko espezieak

Martin arrunta (Uria aalge)
Uria aalge

Tamainaz eta kolorez pottorroaren antzekoa izan arren, martinaren mokoa finagoa eta luzeagoa da. Bestalde, begien azpialdean marra beltz bat izan ohi dute, pottorroek ez bezala.


Lanperna-musua (Fratercula arctica)

Pottorro arrunta baino txikiagoa da, baina dudarik gabe lanperna-musuaren moko lodi eta koloretsua da espeziea identifikatzeko ezaugarririk deigarriena. Dena den, neguan espezie honen mokoaren kolorea ilundu egiten da, eta posible da urrunetik dudak sortzea.

Banaketa

Atlantikoaren bi aldeetan arrunta da espeziea, eta migrazio luzeak egiten dituenez, ia kostalde guztian ikus daiteke sasoi batean edo bestean. Kumatze-koloniak Eskandinavian, Europan, Islandian, Erresuma Batuan, Groenlandian eta Kanadan bildu ohi dira udan, eta neguan hegoaldeko kostaldeetara migratzen dute hegaztiok. Udan AEBko ekialdeko kostan, eta Frantziako, Iberiar Penintsulako eta Marokoko Atlantikoko kostaldean ikusi ahal izaten dira (IUCN 2011). Gutxi batzuk Mediterraneora ere sartzen dira (Hipner et al. 2002)

Kantauriko kostaldean arruntagoa da ekialdean, hau da Euskal Herriko itsasbazterrean.

Alca torda Alca torda

Garaia

Euskal Herrian azarotik martxoa bitartean ikus daiteke espeziea.

Habitata

Labarretako erlaitz babestuetan eta arroka artean egiten dituzte habiak, eta itsaso zabalean zein kostaldean egiten dute arrantza (Hume 2004). Negua itsaso zabalean igarotzen dute zenbait alek, Atlantiko mendebaldekoak, batik bat. Gure kostaldean, dena den, ez dira 10 km baino gehiago urruntzen kostaldetik normalean, eta zenbait kasutan portu barruan ere arrantzatzen dute. 



Habitat bereko espezie gehiago

Lymnocryptes minimus
Gallinago gallinago
Microtus cabrerae
Rattus norvegicus
Cuculus canorus
Mustela lutreola
Asio flammeus
Acrocephalus scirpaceus
Acrocephalus arundinaceus
Alosa alosa
Crocidura suaveolens
Gasterosteus aculeatus
Pyrrhocorax pyrrhocorax
Mus musculus
Pandion haliaetus
Uria aalge
Bubo bubo
Chalcides bedriagai
Miniopterus schreibersii
Buteo buteo
Ardea cinerea
Phoenicurus ochruros
Larus argentatus


Elikadura

Krilla da espezie honen dietaren osagai nagusia, baina arrain txikiak ere harrapatzen ditu (del Hoyo et al. 1996). Zanbuila egin eta ur azpian denbora luzez igeri egiten du elikagai bila, hegoen eta hanken laguntzaz ziztu bizian mugituz.

Ugalketa eta ontogenia

Europako iparraldean kumatzen du espezie honek, eta munduko populazioaren erdiak baino gehiagok Islandian kumatzen du (Hipner et al. 2002). Kumatze-garaia maiatzean eta ekainean izan ohi da, eta bikote bakoitzak arrautza bakarra jartzen du urtean. Bikoteko kide bakarrak zaintzen du arrautza, besteak arrantza egiten duen bitartean.

Bizimodua

Txitatze-garaian bikoteak elkartu eta kolonia handietan biltzen dira Atlantikoko Iparraldeko kostaldeetan. Bikoteek txitatze-lekuak errepikatzen dituzte hainbat urtetan (Harris & Wanless 1989). Txitatze-garaitik kanpo, nahiko espezie bakartia da. Oso gutxitan ikusi izan dira pottorro arruntak ibaietan barrura egiten (Plumb 1965).

Espezieen arteko elkarrekintzak

Txitatze-garaian lurreko ugaztunak eta hegazti harrapariak dira espezie honen predatzaile nagusiak, esaterako artikoko azeriak (Vulpes lagopus) eta belatz handiak (Falco peregrinus). Bestalde, arrautzak lapurtzen dizkiete hainbat bele eta kaio espeziek.

 

Kontserbazioa

IUCN erakundearen arabera, espezie honen kontserbazio-egoera ona da.

Argazkiak

Pottorro arrunta
Ostaizka Aizpurua ( 2011/11/29 )
Esteka interesgarriak


Erlazionaturiko artikuluak

Bibliografia


del Hoyo C, Elliot A, Sargatal J. 1996. Handbook of the Birds of the World, vol. 3: Hoatzin to Auks.. Lynx Edicions. Barcelona

Hipfner MJ, Chapdelaine G. 2002. The Birds of North America. 16.

. . IUCN Red List. www.iucnredlist.org (2011/11/30)

Hume R. 2004. Guía de Campo de la Aves de España y de Europa. Ediciones Omega. Barcelona

Harris MP, Wanless S. 1989. The breeding biology of Razorbills Alca torda on the Isle of May. Bird Study, 36: 105–114

Plumb WJ. 1965. Observations on the breeding biology of the Razorbill. British Birds, 58: 449-456
Egilea: Antton Alberdi | Sorrera: 2011/11/30 | Azken eguneraketa: 2014/08/21 | Bisita-kopurua: 4392 | Argazki nagusia: Antton Alberdi

Erregistra zaitez

Erregistra zaitez!

· Parte hartu edukiak hornitzen eta eztabaidatzen 
 
· Igo itzazu argazkiak, bideoak, liburuak, estekak...