Bonelli arranoa
Aquila fasciata

Neurri ertaineko arranoa da. Indotxina eta Indiatik hasi eta Mediterraneoraino banatzen da, baina bere populazio handienak Iberiar Penintsulan eta Magreben daude. Azken hamarkadetan atzerakada handia jasan duen espeziea da, bereziki giza presioaren ondorioz, eta dagoeneko hiru bikote ugaltzaile baino ez dira geratzen Euskal Herrian, bat Araban eta bi Nafarroan.

Aquila fasciata

Phyluma
Chordata
Klasea
Aves
Ordena
Accipitriformes
Familia
Accipitridae
Deskribatzailea
Vieillot, 1822
Estatusa
lc

Deskribapena

Beste arrano handiekin alderatuz hego motzagoak, zabalagoak eta biribilkatuagoak ditu, eta horrek bere hegoen luzeera/zabalera erlazioa txikitzen du (Parellada et al., 1984). Baldintza horrengatik eta hegoen kurbadura txikiagatik, maniobrabilitate handiko baina mantenu eskaseko hegaldia du; horrek erlazioa izan dezake bere banaketa termofiloarekin, aire-masa beroek hegaldiaren kostu energetikoa murriztuko bailiokete. Neurri ertaineko arranoa da; buru txikiduna, lepo luze samarduna, eta behatz eta erpe oso handiduna. Bere neurrirako buztan luzea du (Ontiveros, 2007). Lumajea adinaren arabera aldatzen da; ondorengo adinak bereiz daitezke egutegi-urteen (eu) arabera (Jaiotzatik abenduaren 31 arte lehen egutegi-urtekoa izango litzateke):

Heldua (>5eu):  Marroi iluna, mantuan orban zuri irregular nahiko zabal batekin; buztan grisa, lerro ilun meheekin. Alde bentrala zuria da, tanta-formako orban marroi bertikalekin; arrek orban gutxiago izan ohi dituzte, eta emeek galtza ilunak dituzte, bizkarraldearen kolorekoak (Ontiveros, 2007).

Azpiheldua (4eu): Helduaren antzekoa, baina luma primarioen azpialdean lerro ilunekin hondo argiaren gainean, eta bularreko orban zabalagoekin (Ontiveros, 2007).

Gaztea (1-3eu): Marroia bizkarraldean eta kanela kolorekoa azpialdean, ia orbanik gabea bularrean eta sabelean. Lerro arre ahulak hegoetan, kanela-koloreko hondoaren gainean (Ontiveros, 2007).

Dimorfismo sexuala du tamainuan: hego bakoitzaren luzera 476 mm arrek eta 483 mm emeek, eta buztanaren luzeera 251 mm arrek eta 261 mm emeek (neurriak Mediterraneoko populazio batean hartu ziren) (Ontiveros, 2007).

Banaketa

Banako ugaltzaileen banaketa ondorengoa da: Europa hegoaldea, Afrika iparraldea, Ekialde Hurbila eta Ertaina, India, Txina hegoaldea eta Sondako irlak (Indonesia) (Cramp eta Simmons, 1980). 

Iberiar Penintsulan, ipar-mendebaldean ezik, ia lurralde osoan aurki daiteke baina, populazio garrantzitsuenak hego-ekialdean aurkitzen dira (Ontiveros, 2007).

Euskal Herrian kutsu Mediterraneoko aldean bakarrik aurki daiteke, eta bertan ere oso urria da. Araban bikote ugaltzaile bakarra dago eta EAEn ez dago besterik. Nafarroan ere erabat urria da espeziea, dagoeneko bi bikote ugaltzaile bakarrik geratzen dira; 2000. urtean hil zen arrakastaz ugaltzen zen bikote bakarreko arra.

Aquila fasciata Aquila fasciata

Habitata

Espezie termofiloa da, eta tenperaturak ez du ugalketa bakarrik mugatzen (Ontiveros eta Pleguezuelos, 2003), bizitzeko ere udako tenperatura maximo altuenak dituzten lurraldeak hautatzen ditu (Román et al., 2005), eta neguko hilabete hotzenean 2 ºC-ko isoterma baino baxuagokoak ekiditen ditu (Parellada et al., 1984). Zona ia desertikotatik ondo kontserbatutako baso-formaziotaraino ager daiteke, oso habitat mota desberdinetan (Ontiveros, 2007), baina badirudi lursailak aldapa handia izatea aldagai garrantzitsua dela bizilekua hautatzerakoan (López-López et al., 2006). Ez da harritzekoa aldapa handiak hautatzea, habia egiteko trokarteak erabiltzen baititu, eta horiek ohikoak dira erliebe aldapatsuetan (Ontiveros, 2007). Ikusi da habia jartzeko altuera handieneko arrokak hautatzen dituztela, baina handien faltan arroka txikiak ere erabil ditzakete, beti ere giza presiotik urrun badaude (López-López et al., 2006). Arroka altuak hautatzea logikoa da, espezieak askotan kointziditzen baitu giza presio altuko guneekin, eta altuerak nolabaiteko isolamendua eskaintzen dio ugal garaian; gainera, habia utzi duteneko kasu asko zitatu dira, inguruan errepide bat eraikitzeagatik edo berritze-lanetan aritzeagatik (Ontiveros, 1997).



Habitat bereko espezie gehiago

Picus sharpei
Dendrocopos major
Jynx torquilla
Bubo bubo
Pyrrhocorax pyrrhocorax
Martes foina
Microtus duodecimcostatus
Rattus rattus
Sciurus vulgaris
Chalcides bedriagai
Otus scops
Lepus europaeus
Dendrocopos minor
Blanus cinereus
Fringilla coelebs
Troglodytes troglodytes
Alauda arvensis
Caprimulgus europaeus
Crocidura russula
Galerida cristata
Pipistrellus kuhlii
Asio otus
Vulpes vulpes
Vanessa atalanta
Anguis fragilis
Tyto alba
Colias croceus
Sus scrofa
Aquila pennata
Ardea cinerea
Buteo buteo
Neophron percnopterus
Rhinolophus hipposideros
Pipistrellus pipistrellus
Mus musculus
Apodemus sylvaticus
Suncus etruscus
Oryctolagus cuniculus
Cervus elaphus
Dama dama
Plecotus austriacus
Lanius senator
Aquila chrysaetos


Elikadura

Bonelli arranoak harrapakin mota ugari ehiza ditzake; Iberiar Penintsulan ugaztunetan, hegaztietan eta narrastietan oinarritzen da bere dieta (Palma et al., 2006). Hegazti handia izaki superharrapari gisa portatzen da zenbait kasutan: azeria (Vulpes vulpes), belatz gorria (Falco tinnunculus), gabiraia (Accipiter nisus) edo belatz handiaren (Falco peregrinus) moduko harrapakin harrigarriak aurkitu dira bere dietan, nahiz eta bikoteen dietan duten garrantzia oso txikia izan (Martínez et al., 1994). Erbiak, untxiak, eperrak, katagorriak, hegazti txikiak, sugeak, muskerrak, kaioak, usoak, beleak, arratoiak... ere ehizatzen ditu, lurralde eta urtaro bakoitzean espezie ugarienera moldatzeko gaitasuna du (Cramp eta Simmons, 1980). Tarteka sarraskiak ere jaten ditu (Avella, 1977). Tamaina handiko beste hegazti harrapariekin alderatuz hegazti asko ehizatzen ditu, bere hego motz eta zabalek eta buztan luzeak eskaintzen dioten maniobrabilitateari esker (Parellada et al., 1984).

Ugalketa eta ontogenia

Urrian jada ikus daitezke Bonelli arranoak adartxoak habiara garraiatzen, bi sexutakoek egiten dute hori. Eztei-hegaldiak azaroan hasten dira, eta kopulak abenduan hasi eta apirileraino luzatzen dira (Real, 1982). Bere izaera termofiloarekin harrigarria den arren espezie goiztiarrenetakoa da ugal garaia hasterakoan; aipatutako errunaldi goiztiarrena urtarrilaren 15ekoa da eta berantiarrena apirilaren lehenengo astekoa. Inkubazioa emeak egiten du ia esklusiboki, beste hainbat hegazti harraparitan bezala arrak ez du ia parterik hartzen (Arroyo et al., 1976). 

135 lagineko ikerketa batean ikusi zen, errunaldi bakoitzean 1,9 arrautza jartzen dituztela bataz beste. Inkubazioak 37-41 egun irauten du, asko jota 46 (Arroyo et al., 1995).

Txitoek jaio eta 60-67 egun igarotzen dituzte habian (Arroyo et al., 1976). 57-95 egunez izaten dute gurasoekiko dependentzia, eta lehenengo aldiz hegan egitetik 77-113 egunera uzten dute jaio ziren lurraldea (Real et al., 1998).   

Bizimodua

Leku berean igarotzen du urte osoa, baina fideltasuna murriztu egiten da ugalketaren ostean (Cramp eta Simmons, 1980). 

Beste hainbat hegazti harraparitan gertatzen den legez, banako gazteek gurasoen lurraldea utzi eta dispertsioari ekiten diote; fase horretan behin-behineko bizilekuak erabiltzen dituzte, harrapakin ugarikoak eta bidaliko dituzten bikote lurraldekoirik ez dagoenak (Real et al., 1996). Badirudi Penintsularen iparraldeko populaziotako gazteek hegoaldera dispertsatzeko joera dutela, eta horrek arazoak eman ditzake iparraldeko populazioak berritzeko garaian (Cadahía et al., 2005).

Espezie lurraldekoia da, eta zona batzuk bereziki erabiltzen ditu bere lurraldearen baitan; hala ere, bikotearen lurraldea oso ondo ezagutzen den lekuetan, ohikoa da helduak bertatik urrun aurkitzea ehizatzen, kasu batzutan 20 km-tik gora (Ontiveros, 2007).

Espezieen arteko elkarrekintzak

Iberiar Penintsulan hainbat hegazti harrapari aipatu dira Bonelli arranoak utzitako habiak erabiltzen: arrano beltza (Aquila chrysaetos), sai arrea (Gyps fulvus), belatz handia (Falco peregrinus)... eta Bonelli arranoa ere aipatu da arrano beltzaren habia erabiltzen (Ontiveros, 2007).

Arrano beltzarekin duen elkarrekintzak eztabaida ugari piztu du, autorearen arabera lehiatu egiten direla edota elkarri eragin gabe bizi direla irakur dezakegu. Belatz handiari dagokionez, bikoteek distantzia handiagoa mantentzen dute haiekiko espezie bereko bikoteekiko baino (Gil-Sánchez, 1999).

Bera harrapakina izatea oso arraroa da, baina aipatu dira, hontza handia (Bubo bubo) gaztetxoak ehizatzen (Real eta Mañosa, 1990) eta lepazuria (Martes foina) arrautzak lapurtzen (Ontiveros, 2007).   

Baditu parasito batzuk: Salmonella generoko bakteriak (Reche et al., 2003); Trichonomas gallinae protozooa, txitoei trichonomasia eragiten diena (Real et al., 2000), eta Craspedorrhynchus fasciati malofagoa (Gallego et al., 1987).      

Kontserbazioa

Estatu espainiarrean bere mehatxu faktore nagusiak ondorengoak dira: ehiztariak eta uso-hazkuntzako langileak nagusiki; jarraian paisaiaren eraldaketak, hala nola, presen eta errepideen eraikuntzak eta minategien jarduera; eta azkenik giza presioaren gorakada 1980-1990 urteetan (Ontiveros, 1997).

Esteka interesgarriak


Bibliografia


López-López P., García-Ripollés C., Aguilar J. M., García-López F., Verdejo J.. 2006. Modelling breeding habitat preferentes of Bonelli’s eagle (Hieraaetus fasciatus) in relation to topography, disTurbance, climate and land use at different spatial scales. Journal of Ornithology, 147: 97-106

Ontiveros D.. 1997. Pérdida de hábitat del Águila perdicera en la provincia de Granada. Quercus, 135: 16-19

Palma L., Beja P., Pais M., Da Fonseca L. C.. 2006. Why do raptors take domestic prey? The case of Bonelli's eagles and pigeons. Journal of Applied Ecology, 43 (6): 1075-1086

Martínez J. E., Sánchez M. A., Carmona D., Sánchez J. A.. 1994. Régime alimentaire de l’aigle de Bonelli (Hieraaetus fasciatus) durant le période de l’elevage des jeunes (Murcia, Espagne). Alauda, 62: 53-58

Román A., Real R., Márcia A., Vargas M.. 2005. Modelling the distribution of Bonelli’s eagle in Spain: implications for conservation planning. Diversity and Distributions, 111: 477-486

Ontiveros D., Pleguezuelos J. M.. 2000. Influence of prey densities in the distribution and breeding success of Bonelli’s eagle (Hieraaetus fasciatus): management implications. Biological Conservation, 93 (1): 19-25

Arroyo B., Ferreiro E., Garza V.. 1995. El Águila perdicera (Hieraaetus fasciatus) en España. Censo, reproducción y conservación. Icona. Madrid

Cramp S., Simmons K.. 1980. Handbook of the Birds of Europe the Middle East and North Africa. The Birds of the Western Paleartic. Volume II. Hawks to Bustards.. Oxford University Press. Oxford

Parellada X. , De Juan A., Alamany O.. 1984. Ecologia de l´aliga cuabarrada (Hieraaetus fasciatus): factors limitants, adaptacions morfológiques i ecológiques i relacions interespecífiques amb l´aliga daurada (Aquila chrysaetos). Rapinyaires Mediterranis, 2: 121 - 141

Avella F. J.. 1977. Hieraaetus fasciatus alimentándose de carroña. Ardeola, 24: 212-215

Real J., Mañosa S., Codina J., Del Amo R.. 1996. Primeros datos sobre dispersión del Águila perdicera. Quercus, 122: 25

Real J., Mañosa S.. 1990. Eagle owl (Bubo bubo) predation on juvenile Bonelli's eagles (Hieraaetus fasciatus). Journal of Raptor Research, 24 (3): 69-71

Reche M. P., Jiménez P. A., Álvarez F., García de los Ríos J. E., Rojas A. M., De Pedro P.. 2003. Incidente of Salmonellae in captive and wild free-living raptorial birds in Central Spain. Journal of Veterinary Medicine, 50: 42-44

Real J., Mañosa S., Muñoz E.. 2000. Thrichomoniasis in a Bonelli’s eagle popullation in Spain. Journal of Wildlife Diseases, 36: 64-70

Gil-Sánchez J. M.. 1999. Solapamiento de hábitat de nidificación y coexistencia entre el Águila-azor Perdicera (Hieraaetus fasciatus) y el Halcón Peregrino (Falco peregrinus) en un área de simpatría. Ardeola, 46: 21-37

Real J., Mañosa S., Codina J.. 1998. Post-nestling dependence period in the Bonelli’s eagle Hieraaetus fasciatus. Ornis fennica, 75: 129-137

Cadahía L., Urios V., Negro J. J.. 2005. Survival and movements of satellite-tracked Bonelli’s eagle Hieraetus fasciatus during their first winter. Ibis, 147: 415-419

Real J.. 1982. El águila perdicera en Cataluña. Quercus, 5: 26-28

Arroyo B., Bueno J. M., Pérez-Mellado V.. 1976. Biología de reproducción de una pareja de Hieraaetus fasciatus en España Central. Doñana Acta Vertebrata, 3: 33-45

Gallego J., Martín Mateo M. P., Aguirre J. M.. 1987. Malófagos de rapaces españolas. 2. Las especies del género Craspedorrhynchus Keler, 1938 parásitas de Falconiformes, con descripción de tres especies nuevas. Eos, 63: 31-66
Egilea: Iñaki Odriozola | Sorrera: 2011/12/23 | Azken eguneraketa: 2014/08/20 | Bisita-kopurua: 2502 | Argazki nagusia: Conselleria de Medi Ambient i Mobilitat, Govern des Illes Balears

Erregistra zaitez

Erregistra zaitez!

· Parte hartu edukiak hornitzen eta eztabaidatzen 
 
· Igo itzazu argazkiak, bideoak, liburuak, estekak...