Zere arrunta
Balaenoptera physalus

Zetazeo hau ozeano guztietan bizi da eta zereen familiako espezierik arruntena da gure inguruan, zere txikiarekin batera (Balaenoptera acutorostrata). Bizkaiko golkoan negu aldean ikus daiteke, eta espeziea oso ehizatua izan da. Hori dela eta zere arruntaren populazioen gainbehera handia gertatu da, eta Balea Batzordearen arabera 50.000 ale baino ez dira geratzen Atlantikoko iparraldean. Zere urdinaren (Balaenoptera musculus) ondoren, munduko bigarren ugaztun handiena da.

Balaenoptera physalus

Phyluma
Chordata
Klasea
Mammalia
Ordena
Cetacea
Familia
Balaenopteridae
Deskribatzailea
Linnaeus (1758)
Estatusa
en

Deskribapena

Zere arrunta (Balaenoptera physalus) edo zere handia izenaz ere ezaguntzen diren mistizetoek, bizkar hegatsa dute eta espirakulua bakuna eta zuzena, putzak 6 metroko altuera lor dezakeelarik. Eztarrian tolestura asko dituzte eta, hau elikagaiz betetzen denean, poltsa handi bat eratzen du. Ezaugarri hauek Balaenoptera generoko beste espezieetan ere mantentzen dira.

Gorputz liraina, luzanga eta torpedo formakoa dute. Bizkarraldea gris-marroixka da eta sabelaldea zurixka. Muturra punta zorrotzekoa da eta burua estua da, V-formakoa (dortsalki ikusita). Elikatzeko bizarrak erabiltzen dituzte, kopuru aldakorra izaten dute baina normalean 300 inguru izan ohi dira 80 cm-ko luzera gainditzen ez dutenak.

Masailezurrak kolorazio patroi asimetrikoa du: beheko masailezurraren eskuineko aldea zuria da eta, eta ezkerraldekoa grisagoa. Gorputza aldiz, gris iluna da alde dortsalean eta zuria alde bentralean. Gainerako zereak bezala, sabelaldean ildaskak ditu. Hegats-dortsala igitai-formakoa eta txikia da, 60 cm ingurukoa. Bular hegatsak motz samarrak dira. Triangelu formako hegats-kauadalak erdian hozka bat du, azpialdean zurixka delarik.

Zere arruntaren batezbesteko luzera 19 m-takoa da emeetan eta 18 m-takoa arretan. Luzera maximoa Ipar Atlantikoko aleetan ikusi egin da, hauek 23 metrotara heldu daitezkeelarik. 70 tona pisatzen dute ale helduek batezbestez.

Antzeko espezieak

Balaenoptera borealis
Balaenoptera borealis

Ipar zerea (Balaenoptera borealis) alde bentralean kolore grisaska du eta orban zuri bat eztarrian eta bularrean.  Ez dauka eskumaldeko beheko masailezurra zuria Zere arrunta bezala.  Gainera, aleta dortsala apur bat handiagoa dauka 40-70 cm ingurukoa.


Balaenoptera musculus

Bale edo Zere urdina (Balaenoptera msuculus) tamainaz handiagoa da eta kolorea urdina gorputz osoan zehar orbain zuriak dituelarik. Gainera buruaren forma ez du V itxurakoa Zere arrunta bezala, baizik eta ogiba formakoa. Putzak altuagoak izaten dira eta batzuetan hegats kaudala uretatik atera dezake  murgiltzera doanean.

Banaketa

Ozeano guztietan bizi den espezie kosmopolita den arren, latitude baxuetan gutxitan ikus daiteke. Atlantikoan uda-bukaera aldera, Groenlandian, Islandian, Norvegiako iparraldean eta Artikoan azaltzen da; baina neguan zirkulu polarretik Mexikoko golkoraino, Kariberaino, Bizkaiko golkoraino eta Mediterraneoraino hedatzen da.

Atlantikoan migrazioak askoz irregularragoak dira gainontzeko ozeanoetan baino. Uda aldian populazioaren parte batek ez du goi latitudetara migratzen, eta neguan berriz animalia batzuk ur hotzetan gelditzen dira.

Habitata

Zere arrunta espezie pelagikoa da, kostatik urrun ibili ohi dena, nahiz eta batzuetan plataforma kontinentalera hurbildu daitekeen arrain sarden atzetik dabilenean. Ugalketa aldia heltzen denean ur epelagoak nahiago dituzte.


Elikadura

Zere arruntaren elikadura aldatu egiten da eskualdearen eta urte sasoiaren arabera. Hala ere, orokorrean krustazeo txikiz, sardinzar (Clupea harengus) eta Mallotus villosus bezalako neurri txikiko arrainez, eta zefalopodo txikiz ere elikatzen da, igerian doan heinean bizarrekin ura filtratuz.

Ugalketa eta ontogenia

Estalketak batez ere ur epeletan gertatzen dira, baina ur hotzetan ere gerta daitezke. Ernaldiak 11 – 12 hilabete bitartean irauten du eta  erditzea ur epeletan gertatzen da, kume bakarra izaten dutelarik. Zere gazteek jaiotzerakoan 6 metro inguruko luzera izaten dute, eta behin edoski aldia amaituta, 6 hilabete inguru pasa direnean edo, 12 metroko luzera izan ohi dute. Atlantikoko iparraldean arrak heldutasun sexuala 17 metro inguru dutenean lortzen dute eta emeek 18 metro dituztenean. Zere arruntak 50 urteko batezbesteko bizi iraupena daukatela estimatu egin da.

Bikotekidea aukeratzeko soinuetan oinarritutako gorteilu antzeko bat burutzen dutela ikusi da. Era honetan, arrak frekuentzia baxuko uhinak erabiliz urrun dauden emeak erakartzeko gai dira. Hau garrantzitsua da  zere arruntak estalketarako gune espezifikoak ez dituztela kontuan hartzen badaugu, eta bata bestearekin topo egitea bermatu behar dutela. (Croll et al. 2002).

Bizimodua

Murgilaldi sakonak 5 eta 10 minutu bitarteko iraupena izaten du, gehienez 30 minutu egon daitezke urperatuta estimazio ezberdinen arabera, eta 230 metroko sakoneraraino heltzen da, balea urdinak (Balaenoptera musculus) eta ipar zereak (Balaenoptera borealis) baino gehiago. Murgiltzen denean ez du inoiz hegats kaudala erakusten. Normalean, 2 edo 3 indibiduoko talde txikietan ibiltzen da, eta askoz jota 6 edo 10 indibiduoko taldeetan. Elikatzen den inguruetan  bakarrik ibili ohi da. Igerilari azkarra da, 15 -19 km/h abiadurara igeri egiten duena eta 15 minutu iraunarazi dezakeena 33 km/h-tik gorako abiaduran. Ez da maiz itsasontzietara hurbiltzen.

Espezieen arteko elkarrekintzak

Zere arrunta helduek ez dute berezko predatzailerik, hala ere beraien  etsairik handiena gizakia izan da urte askotan zehar.

Izaera parasitikoa duten komunitateen ostalaria ere bada.

Kontserbazioa

Mundu osoan zehar ehizatua izan da 1930tik aurrera. Bigarren Gerrate Mundiala baino lehen espezie honek harrapakete %50 ordezkatzen zuen  (Duguy & Robineau 1987). Gerratea eta gero, 1960 inguruan espezie komertzialena izatera pasatu zen eta kalte handiak jaso zituen. Galizian arrantzatua izan zen 1980ko hamarkadaren hasiera arte eta gaur egun Norvegiak, Japoniak eta Islandiak zereak harrapatzen jarraitzen dute.

Zere guztiak NKNBren Zerrenda Gorrian daude, eta  Zere arrunta Arriskuan dagoen espezie gisa dago sailkatuta, Ipar zere eta Zere urdinarekin batera. Katalogo Nazionalean Kaltebera gisa dago sailkatuta. Halaber, CITESek eta Bernako Hitzarmenek eta Habitat arteztarauak babesten dute.

Esteka interesgarriak


Bibliografia


Baird RW, Perrin WF, Würsig B, Thewissen JGM. 2002. Encyclopedy of marine mammals. Academic Press. San Diego

. . Animal Diversity Web. http://animaldiversity.ummz.umich.edu (2013/02/07)

. . World Register of Marine Species. http://www.marinespecies.org/ (2013/01/30)

. . MarineBio. http://www.marinespecies.org/ (2013/01/30)

Duguy R, Robineau D. 1987. Guía de los mamíferos marinos de Europa. Omega. Barcelona

Castro R, Uriarte A. 2006. Bizkaiko Golkoko Itsas Biodibertsitatearen Gida. Jaurlritzaren Argitalpen Zerbitzu Nagusia. Gasteiz
Egilea: Iraide Artetxe | Sorrera: 2013/02/05 | Azken eguneraketa: 2014/08/20 | Bisita-kopurua: 1934 | Argazki nagusia: https://laexuberanciadehades.wordpress.com/2012/05/19/

Erregistra zaitez

Erregistra zaitez!

· Parte hartu edukiak hornitzen eta eztabaidatzen 
 
· Igo itzazu argazkiak, bideoak, liburuak, estekak...