Apo arrunta
Bufo bufo

Apo arrunta, euskal mitologian sorginkeriei lotutako animalia izan da aspaldidanik, edabe magikoen osagai modura oso erabilia. Udaberrian, apo hauetariko asko hilda topa daitezke errepideetan, askok distantzia luzeak egin behar izaten baitituzte ugaldu ahal izateko. Gainera, bere itxurarekin bat datorren lokomozioa dute. Jauzirik onenarekin ere ez dira ia lurretik altxatzen eta arriskuen aurrean, geldirik egonik ikusia ez izatea dute babesbiderik hoberena. Normalki gauez ibiltzen da, bakarti samarrak dira eta gordeleku finkoak izan ditzake.

Bufo bufo

Phyluma
Chordata
Klasea
Amphibia
Ordena
Anura
Familia
Bufonidae
Deskribatzailea
Linnaeus, 1758
Estatusa
lc

Deskribapena

Zapaburuek ez dute kanpo-birikarik eta begiak ez dira oso deigarriak. Sabelalde beltz-grisa dute eta zilar koloreko orban nabariak, baina inoiz ez direnak eztarrialderaino iristen. Zapaburu txikiak dira, gehienez 26 mm-koak. Atzealdea beltza dute eta soilik metamorfosia baino zertxobait lehenago bilakatzen da arre kolorekoak, orban argi txikiekin. Ahoak begien arteko distantziaren adineko zabalera du eta isatsaren muturra biribila da. Bestalde, ezkerraldean duten espirakuluak atzerantz jotzen du zuzenean. Uda bukaerarako, metamorfosia burututa, 10-18 mm luzeko apotxoak izaten dira. Askotan taldeka igerian ikus daitezke.

Apo arrunt heldua, Europako apo handiena da eta emeek 15 cm-rainoko luzera izan dezaketen arren, arrek nekez izango dute 9-9,5 cm baino luzera handiagoa. Buru zabal eta sendoan, guruin parotoideo handi eta dibergenteak nabarmenak dira, ez ordea mintz-tinpanikoak. Kupre koloreko begietan nini horizontal beltza dute. Atzeko hanketako behatzetako tuberkuluak parekatuak izaten ditu normalki eta horrek beste espezie batzuetatik bereizten ditu.

Kolorez marroia edo oliba kolorekoa da eta ale gazteak maiz gorrixkak dira. Azal garatxoduna dute, orban koloredunekin batzutan, eta maiz nahiko lehor egoten da. Azalean gainera, guruin toxikoak izaten dituzte, predatzaileek jatea ekiditeko. Sabelaldea gris argia da eta honek ere orban ilunagoak ditu. Gainera, araldian zehar kolorazioa alda daiteke.

Antzeko espezieak

Epidalea calamita
Epidalea calamita

Apo arruntabaino txikiagoa da, eta honek bezalako soin trinkoa eta bikorrez jantzitako larru zimurra ageri ditu, bere ezaugarririk bistakoena bizkarrean zehar duen lerro bertikal argia duelarik.

Banaketa

Habitat desberdinekiko nahiko tolerantea da eta ia Europa osoan zehar dago banatuta, Islandia, Irlanda eta eskualde mediterranearreko zenbait irlatan izan ezik. Iparraldetik Irkutskeraino zabaltzen da, Siberian, eta hegoaldetik Afrikako ipar-mendebalderaino, Maroko, Aljeria eta Tunisiako iparraldeko mendietaraino. Euskal Herri osoan zehar dago banatuta, itsas mailatik kotarik garaietaraino.

Bufo bufo Bufo bufo

Habitata

Apo arruntaren zapaburuak dira predatzailez jositako ur-masatan bizitzeko gai diren anfibio bakarrak. Izan ere, helduek bezala zapaburuek azaletik jariakin toxikoak isurtzen dituzte, jangaitzak bilakatzen dituenak. Apo arruntaren zapaburuak, beraz, ia edozein ur-masatan aurki daitezke, iragankorra edo iraunkorra, geldo edo azkarra, landarediduna edo landaredi gabekoa. 

Heldua, mota askotako habitatetan aurki daiteke. Giro hezeetatik lehorretara, eremu irekietan nahiz basoaren barrenean; landa eta larre bazterretan, ezpondetan, harri-azpi eta enborretan eta abar babestea du gustuko, eta uretatik urrun bizi daiteke. Ugaltzeko habitata aukeratzerakoan ere, orotarikoa da, edozein ur-masa hautatzen baitu.


Elikadura

Zapaburua mikroorganismoez, hildako animaliaz eta urpeko landareez elikatzen da.

Apo helduak, aldiz, dieta zabala du eta intsektuak, armiarmak, ipurtsardeak, zizareak, barraskiloak eta bareak jaten ditu, baita apo gazteak ere, noizean behin. Soilik ingurune lehortarrean elikatzen da eta 'eseri eta itxaron' sistema erabiltzen du horretarako, beraien aurretik pasatzen den ornogabe mugikor ia oro bere mingain luze eta likatsuaren bidez harrapatuz.

Ugalketa eta ontogenia

Apo arruntak hilabetetako migrazio luzeak egiten ditu ugal-lekuetara iritsi ahal izateko, askotan errepideetan bizitza utzita. Araldia, martxoa eta ekaina bitartean ematen da eta espezie honen ugalketa oso frenetikoa izaten da, arren arteko lehiakortasuna oso handia baita. Maiz, arrak gehiegi erreparatu gabe beste ar baten bizkarrera igotzen dira eta batzutan eme bakar baten gainean ar multzo handiak ikus daitezke, eme hori akoplatu nahiean.

Aurreko hankekin emearen lepora atxekitzea lortu duten arrek, atzeko hankekin bultzaka eta ostikoka bidali behar dituzte beraien bikotearekin akoplatzera inguratzen diren beste arrak. Baina batzuetan, ar pila etorri eta erabat inguratzen dute eme bakarra, horrek jartzen dituen arrautzak ernaldu nahiean. Apo arruntak anplexu pektoral bidezko ernalketa du.

Eromen-egun hauetatik egun batzuetara, apo gehienak desagertzen hasiko dira. Gutxi batzuk, leher eginda errekan ikus daitezke ia indarrik gabe, ugalketan utzi baitute zuten guztia. Uretan, ordea, hurrengo apo belaunaldia ziurtatuko duten milaka eta milaka arrautz geratuko dira landare eta sustraietan trabatuta.

Eme bakoitzak bi ilara luzeetan 1.000-5.000 arrautza jartzen dituen bitartean, gainean duen arrak ernaldu egingo ditu. Uretara erori eta arrautzak landaretzan trabatu eta urez puztuko dira. Handik bi asteetara, zapaburu beltzak jaioko dira. Zapaburuek 8-12 aste behar izaten dituzte metamorfosia burutzeko, eta gainera, ia batera burutzen duten zapaburu talde handiak ikus daitezke.

Bizimodua

Apo arrunta bereziki gautarrak da. Araldian zehar ur-masetatik gertu aurkitzen bada ere, gainontzekoan lehorretan bizi daiteke inongo arazorik gabe. Udazken aldera ur-masetarantz migratzen hasten da baina hotzaren agerpenarekin, hibernatu egiten du, orbelaren edo harrien azpian, edota karraskariek egindako gordelekuetan. Hala ere, lehen tenperatura epelekin batera, migrazioari berriro ekingo dio. Euskal Herriko klima epela dela eta, apo arruntak ia 12 hilabeteko jarduera izan dezake. Pirinio ingurukoek negua lurpean pasa behar badute ere, lekurik baxuenetan urte osoan topa daitezke animalia hauek.

Apo arruntak etsai ugari ditu eta zenbait portaera xelebre asmatu ditu harraparien sabelean ez bukatzeko. Besteak beste, gorputza airez puztu dezake eta bilduta dituen atzeko hankak luzatu ondoren, tente jar daiteke dena baino handiagoa azaltzeko. Antzezlan horiek hala ere, ez dira nahikoak askotan eta apo arrunta, eta bere arrautzak zein larbak, beste ornodun askoren ohiko jaki dira.

Espezieen arteko elkarrekintzak

Rhabdias bufonis nematodoa apo arruntaren parasitoa da eta bere hazkuntzan eta biziraupenean eragin larriak ditu. Plistophora myotrophica protozooak ere heriotz-tasa handiak eragin ditzake apo hauen populazioetan.

Kontserbazioa

Espezieak gaur egun duen egoera ona dela esan genezake. Bizkaiko Itsasoko isurialdean, ibaien poluzioa izan liteke arazorik larriena, baina apo arruntak ugaltzeko erabili ohi dituen erreka txikietan ez da arazo handirik egoten. Isurialde mediterraniarrean hezeguneen desagerpena eta pestiziden erabilera dira arazo nagusiak. Lurralde osoko errepideetan, berriz, ugaltzera doazen apoen sarraskiak gertatzen dira eta zenbait 'puntu beltz' aztertu beharko lirateke anfibio hauentzat pasabideak egiteko.

Argazkiak

Apo arrunta
Ainhoa Diez de Salazar ( 2012/03/24 )
Esteka interesgarriak


Egilea: Maialen Sistiaga | Sorrera: 2012/02/16 | Azken eguneraketa: 2014/08/20 | Bisita-kopurua: 2066 | Argazki nagusia: Ander Izagirre Egaña

Erregistra zaitez

Erregistra zaitez!

· Parte hartu edukiak hornitzen eta eztabaidatzen 
 
· Igo itzazu argazkiak, bideoak, liburuak, estekak...