Orkatza
Capreolus capreolus

Duela 50 urte Irati inguruko basoetan baino geratzen ez zen arren, egoera hau zeharo aldatu da azken 20 urteotan. Hainbat herri hustutzea dela medio gertatutako abere-kopuruaren jeitsierak; duela urte dexente bere ehiza debekatzeak (gaur egun ez dago debekatuta, baina modu jasangarrian egiten da); otso, hartz eta katamotzen ia presiorik ezak... eragin nabarmena izan dute gertaera honetan. 

Capreolus capreolus

Phyluma
Chordata
Klasea
Mammalia
Ordena
Cetartiodactyla
Familia
Cervidae
Deskribatzailea
Linnaeus, 1758
Estatusa
lc

Deskribapena

Tamainu txikiko ungulatua da orkatza, ardi baten antzekoa. Belarri handiak ditu, entzumen ona baimentzen diotenak, eta ikusmen eta usimen ona du baita ere. Ilajea marroi-grisaxka du, oharkabean pasatzeko egokia, eta urtean bi aldiz ileberritzen da. Atzeko hankak aurrekoekiko altxatuak izateak eta beste ungulatuek baino bizkarrezur makurragoa izateak erraztasunak ematen dizkio leku oztopotsuetan jauziak egiteko. Ingurune basotsuetan bizi denez, oso ondo datorzkio ezaugarri horiek.

Ez du buztanik. Arrak gutxi adarkaturiko adajea du, neguan aldatzen dutena; adar nagusi bat du, behekaldean aurrera zuzenduriko punta batekin eta atzera zuzenduriko beste batekin, lehenengoa baino luzeagoa.

Banaketa

Mundu mailan, orkatza Europan eta Asia iparraldean dago, eta iparralderantz eta ekialderantz egin ahala gero eta banako handiagoak dira. Garai batean izan zuen beherakada eta gero, oraingo baldintzekin lehen galdutako lurraldeak birkolonizatzen ari da, eta baita berri batzuk ere gizakiaren laguntzarekin: honen adibide dira Leitzaranen, Pagoetan, Aralarren... egiten ari diren birpopulaketak. Naturalki ere zabaltzen ari da Euskal Herrian, Landetatik iparraldera; ekialdetik Piriniotara; eta mendebaldetik Araba, Bizkaia eta Nafarroara.    

Habitata

Orkatza baso hostogalkor, dibertso, sastrakatsu, tartekaturiko zelai ugariko, eta errekasto ugarikoekin lotu izan da beti, baina denborarekin baldintza oso desberdinetako basoetara egokitu daitekela ikusi da. Iberiar penintsulan pagadietan, koniferoen basoetan, hariztietan, artadietan... aurkitzen da. Edozein baso egitura egokia izan daiteke orkatzarentzat. Halere haseran deskribatutako basoak gehiago hautatzen dituzte, eta baso baten baliabide trofikoak ugariagoak direnean orkatz dentsitate handiagoak aurkitzen dira. Bestalde beren populazio-dinamikak ere mugatzen du dentsitatea, baliabideek dentsitate handiagoak baimendu arren, beren lurraldekoitasun eta beste portaeren ondorioz dentsitate baxuagoak aurkitzen dira.



Habitat bereko espezie gehiago

Cervus elaphus
Nyctalus noctula
Nyctalus lasiopterus
Sus scrofa
Alytes obstetricans
Ardea cinerea
Pelophylax perezi
Myotis myotis


Elikadura

Landare-dibertsitate handia eskatzen duen belarjalea da. Bizi den ingurunearen arabera espezie desberdinak hautatuko ditu, baina beti ere, landareen zati elikagarrienak hautatzen ditu, beren heste laburrarekin ez baitio etekin handirik ateratzen jandakoari. Duen urdail-bolumen txikiak jatordu motzak eta sarri egitera behartzen du. Neguan, besterik ez dagoenean, zuhaitz-azalarekin, sasiekin eta gutxi gehiagorekin moldatzen da, baina jarduera ere asko murrizten du.  

Ugalketa eta ontogenia

Eme kantitate alturik ezean eme bat hartuko du ar bakoitzak. Udarekin batera sartzen dira araldian eta maiatza inguruan jaiotzen dira kumeak. Tarte luze honen arrazoia atzeratutako ernaldia da. Estaltzea eman eta 15 egunera enbrioiaren garapena moteltzen da ia geratzeraino (oboinplantazio atzeratua) eta horrela mantentzen da urtarrila ingurura arte, horrela orkatzak kumeak neguan jaiotzea saihesten du. Gorteiua luzea izaten da, arra emearen atzetik korrika aritzen da emeak estaltzen uzten dion arte. Eme bakoitza orban zuriz betetako bi kume izaten ditu gehienetan.

Kumeak babesgabe jaiotzen dira, belar artean egoten dira amaren zain elikatzeko eta garbitzeko. Edoskitzeak hiru hilabete inguru irauten du eta 9-12 hilabeterekin amarengandik bereizten dira. Behin bereizita noraezean ibiliko dira bizileku berri bat aurkitu arte, emeek urte bete inguru pasa dezakete, eta gutxienez hiru urte arrek. 14 hilabeterekin lortzen dute heldutasun sexuala eta emeak adin horrekin estalita gera daitezke, baina lurraldekoitasuna dela eta arrek beren lurraldea izan arte itxoin beharko dute gurutzatu ahal izateko. Bizi itxaropena 12 urteren bueltakoa da, luzeagoa emeetan arretan baino, bai espeziearen biologiagatik eta baita ehizaren presio txikiagoagatik ere. 19 urterarteko emeak ikusi dira.  

Bizimodua

Animalia iheskorra da, beren entzumen eta usaimen finari esker azkar ohartzen da etsaiaren presentziaz eta zaunka egin dezake espeziekideak ohartarazteko. Normalean talde txikiak izaten dira, ama bere kumeekin eta batzuetan ar batekin. Ondorioz oso ohikoa da animalia bakartien presentzia, batez ere ar gazteena. Animalia lurraldekoia eta sedentarioa da. Azalera desberdinak betetzen dituzte dentsitate eta bizilekuaren arabera. Euskal Herrian 100 hektareako 3,7 banakokoak dira dentsitaterik altuenak, oso baxuak Europako beste hainbat lekurekin alderatuz, 100 hektareako 10-20 alekoak izan baitaitezke horietan. Isilpeko ehiza eta beste belarjaleekin (oreinekin, ardiekin...) duten lehia izan daitezke horren eragile.

Espezieen arteko elkarrekintzak

Otsoak asko ehizatzen du orkatza, orkatzaren dentsitatea mugatzeraino heltzen da batera bizi diren lekuetan. Azeria edo katamotza ere aipatzekoak dira, erlazio nabaria baitute batera bizi diren lekuetan. Beste ungulatuekin eta ganaduarekin duen lehia ere aipatu beharra dago, baina zailtasunik gabe bizi izan da orkatza urteetan zehar elkarbizitza horretan. Bestalde orkatzari eragiten dioten hainbat bizkarroi espezie aurkitu dira.

Esteka interesgarriak


Bibliografia


Mateos-Quesada P.. 2005. Corzo - Capreolus capreolus. En: Enciclopedia Virtual de los Vertebrados Españoles.
Egilea: Iñaki Odriozola | Sorrera: 2012/01/10 | Azken eguneraketa: 2014/08/22 | Bisita-kopurua: 2896 | Argazki nagusia: Keith Talbot

Erregistra zaitez

Erregistra zaitez!

· Parte hartu edukiak hornitzen eta eztabaidatzen 
 
· Igo itzazu argazkiak, bideoak, liburuak, estekak...