Orein arrunta
Cervus elaphus

Oreina Euskal Herriko basoetako ugaztun handiena dugu. Banbiren istorioak entzun genituen garaitik oso maitatua da eta gainera dotorea da zinez, biziki desiratua ehiztarien artean. Ehiza basatiak euskal lurretatik erabat desagertuarazi zuen oreina aspaldian eta 50. hamarkadara arte ez zen inolako saiakerarik egin espeziearen berreskurapenerako. Andaluziatik ekarritako aleak askatu ziren Gorbeia eta Nafarroako iparralde eta ekialdeko zenbait eskualdetan. Orein hauek arazo anitz gainditu behar izan zuten, euren jatorrizko klimaz desberdina den ingurunerako egokitzapena alde batetik, isilpeko ehiztarien sua bestetik. Hala ere, gaur egun orein populazioa dezente egonkortu dela esan daiteke: Gorbeia aldean 500 ale inguruko populazioa dugu eta Belate mendatetik Izabarako eremuan 800 bat ale bizi direla estimatzen da. Gainera, Gipuzkoako eta Bizkaiako beste eremu batzuetara ere zabaldu dira oreinak.

Cervus elaphus

Phyluma
Chordata
Klasea
Mammalia
Ordena
Artiodactyla
Familia
Cervidae
Deskribatzailea
Linnaeus (1758)
Estatusa
lc

Deskribapena

Oreina ugaztun lerden eta sendoa da, zenbaiten ustetan planta harroduna. 100–150 cm-ko altuera eta 100–200 kg-ko pisua har ditzake, emea nabarmenki txikiagoa izan ohi delarik. Ilaje marroi gorrixka izan ohi du uda partean eta gris tonuak hartzen ditu neguan. Ipurtaldea zuria dauka, basoko sasi eta zuhaitz artean arriskuaren aurrean ihesi doan taldekideaz ohartu eta ihesari berehala ekiteko. Buru handi samarra eta belarri luzexka ditu.

Hala ere, oreinaren ezaugarri morfologiko nabarmenena arrek buru gainean daramaten adar koroa itzela da. Hezur ehunez osatutako egitura adarkatuak dira, bere eraketarako oreinaro gastu metaboliko dezentea eskatzen diolarik. Adarrak urtero hazten zaizkio, araldian sartzen denean beste arrekin borrokatu ahal izateko. Araldia bukatu bezain laster aldaketa hormonalek eraginda adarrak erori egiten dira eta 3 hilabetez adarren hazkuntza burutuko da, urtero punta berri bat garatuko duelarik. Hala eta guztiz ere, punta kopuruaren eta adinaren arteko erlazio zuzena ezartzea ez da guztiz zuzena, izan ere, adarkaduran adinaz gain beste hainbat faktorek eragiten baitu, hala nola, herentzia genetikoak, elikadurak, klimak ... Azken ikerketen arabera, baliteke adarkaduraren lerdentasunaren eta emankortasunaren artean erlazio zuzena egotea.

Antzeko espezieak

Adarzabala (Dama dama)
Dama dama

Oreina baino txikiagoa da adarzabala, arren adarrak palmatuak dira, adarkatuak beharrean, eta udaberrian eta udan orban zuri nabarmenak izaten dituzte alboan eta bizkarraldean.

Banaketa

Arestian aipa bezala, oreina ehiza eta jarduera antropogenikoaren ondorioz majo sufritu duen espeziea da. garai batean, Ipar Amerikako belardi eta baso zabaletan, Afrika iparraldean, Eurasiako ez polar guztietan topa zitekeen.

Atzerakada nabarmena jasan ondoren badirudi espezie egonkortu egin dela. Ipar Amerikako mendebaldeko Mendi Harritsuetan, Michiganeko penintsulan, Yellowstoneko Erreserba Nazionalean eta Eurasiako gune babestu eta gutxi populatuetan bizi da (IUCN Red List). Euskal Herrian mendi-inguruetan bizi da. Azkenik, gizakiak Chile, Argentina, Zelanda Berria, Australia eta Irlandara eramana izan zen.

Habitata

Oreinaren berezko habitata baso ireki samar eta oihanen periferia dira. Adarkadura nabarmena ez da egokia landarediak guztiz kolonizatutako ingurune estu eta itxietarako. Dena den, sastrakadi eta zuhaixkadiek harraparien kontrako babesa eta elikadura eskaintzen die (Chen et al., 1998). Belardiak ere oso egokiak dira oreinaren bizileku gisa. Ipar Amerika eta Siberiako taiga zabaletan ere ederki moldatzen da. Altuerari dagokionez, itsas mailatik hasi eta 3.000 metrotarainoko altueran bizi da, mendi altuagoetan ere ikusia izan den arren (Koubek & Zima 1999).



Habitat bereko espezie gehiago

Fringilla coelebs
Canis lupus
Blanus cinereus
Troglodytes troglodytes
Luscinia megarhynchos
Aquila fasciata
Neophron percnopterus
Colias croceus


Elikadura

Oreina guztiz herbiboroa da. Bere dietan ez da inolako haragirik sartzen. Belar, hosto, sustrai eta abarrak bere dietaren oinarri dira, eta gurpitza (Arbutus unedo), haritzak eta arteak (Quercus sp.) eta txilarrak (Erica sp.) ustiatzen ditu, besteak beste (Alvarez et al., 1991; Patón et al., 1999). Udazken aldean ezkurrak jaten ditu negu parterako gantzak metatzeko. Noizean behin topatzen dituen perretxikoei ez die muzin egingo. Negu partean elurrez estalitako oreinek zuhaitzen azala jaten dute maiz. Oreinak animalia hausnarkaria da: jandako janaria okatu egiten du ahoan murtxikatu eta liseriketa laguntzeko.

Ugalketa eta ontogenia

Araldia iraila amaieran hasi eta urrian zehar luzatzen da. garai honetan arren arteko erronkak eta hika-mikak sarriak dira. Gainera basoen babesa utzi eta ingurune zabaletara jotzeko joera dute, euren arteko lehia ikusgarria miretsi nahi duten naturazaleen gozamenerako. Garai hauetan oso ohikoak dira arrek elkar desafiatuz botatzen dituzten marro ozen eta sakonak. Borrokak ez dira aurkariaren heriotzaz erabakitzen, izan ere, adarren ertz borobilduek zauri eta ubeldura arinak eragiteko gai baitira soilik. Borrokak arren indar erakusketa dira, ez lehiakidea akabatzeko gladiadore borroka.

Behin ingurune batean ar bat nabarmendu dela, bertan bizi diren emeak estali eta gainontzeko arrei estaltzea eragotziko die. Honela, ar lerden eta bikainaren geneak soilik transmitituko dira hurrengo belaunaldietara. Ernalkuntza gertatu ondoren 8–9 hilabetez luzatuko da haurdunaldia, normalean kume bakar baten jaiotzarekin luzatuko delarik. Animalia erreinuan ohikoa den joera jarraituz, kume kopuru baxua berauen zainketa eta beraz, bideragarritasun altuaz orekatzen dute. 16 kg inguru dutela jaiko dira kumeak, bizkarraldean orban krematsuak dituztelarik. Apatxak oraindik oso leun eta ahulak izango dituzte eta lehen bi asteetan zehar ama eta kumea taldeaz aparte biziko dira basoaren babesean. Batzuetan, ama eta jaioberriek osatutako zaintza taldetxoak osatzen dituzte basoetan. 16 egun ostean kumea taldera batzeko gai izango da eta bertako bizitza sozialean erabat integratuko da. Edoskitzaroak hiru hilabete inguru iraun ohi du.

Emeak bizpairu urteren ondoren sexualki helduak dira jada. Arrak ere hiru urte betetzerako helduak izan ohi dira, nahiz eta estaldurarako oso posibilitate txikiak izango dituzten, gainontzeko ar adardun sendoen aurrean aukera gutxi izango baitute. Oreina berez 20 urte luzez bizi daitekeen arren, populazio gehienak ehizaren presiopean daude eta batezbeste 10 urteko bizi itxaropena esleitzen zaie.

Bizimodua

Lehentxeago aipa bezala, oraina animalia soziala da. Urtearen gehiengoan arrak eta emeak talde desberdinduetan bizi ohi dira, azken hauek kumeak eurekin daramatzatelarik. Saldo hauek 400 aleetarainokoak izan daitezke Ipar Amerikako belardi zabaletan. Ugalketa sasoia heltzean arren arteko lehiak medio ar nagusia emeen taldean integratuko da eme guztiak estaltzeko. 

Migrazioak oso ohikoak dira oreinetan (Adams 1982). Altuera desberdinetara jotzen dute urtaroaren arabera: uda partean mendi altuetara jotzeko joera dute, negu partean itsas mailara jaisteko. Migrazioak direla eta, argi dago oreinak ez direla animalia lurraldekoiak. Hala ere, araldian dauden arrek errezeloz onartuko dute ar gehiago inguruan eta jarrera oldarkorra azalduko dute hauek uxatu asmoz.

Oreinak egunsenti eta ilunabarretan dira aktibo batez ere (Carranza et al. 1991). Gau eta egunaren erdian ez dira mugimendu zale, nahiago dute hausnarrean eta atsedenean ibiltzea. Orokorrean, oreina ez da animalia zolitzat jotzen, are gehiago, zenbaitetan jokaera ergel samarra azaltzen duela ere esan izan da. Oso iheskorra eta mesfidatia da, arriskua sumatu bezain laster salto eta lasterketa biziz ihes egingo duelarik. Oreina ehizatzeko modu bakarra etengabeko jazarpen luzeak burutzea (otsoen antzera) edota bat-batean ezustekoan harrapatzea (katamotzen taktika) da, osterantzean abiadura puruzko lasterketan ez du pareko harraparirik basoko ekosisteman. Zentzumen zorrotzak dituzte eta euren artean komunikatzeko gaitasuna dute. Zerbidoen artean marro ozenenak oreinek egiten dituzte eta ugalketa sasoian arrak erakartzeko nahiz edonolako arriskuez ohartarazteko balio diete.

Espezieen arteko elkarrekintzak

Oreinaren harrapari natural nagusia otsoa da (Vicente et al. 1999). Arrano eta katamotzek ere orein kumeei erasotzeko gaitasunik baduten arren, animalia hauen populazio eskasa dela eta ez dute oreinarentzat mehatxu larria osatzen.

Otsoa ere oso ugaria ez denez Euskal Herrian, oreinaren etsai bakarra gizakia bera dela esan daiteke. Oso estimatuak dira baina euren haragi eta larruagatik. Horrexegatik, ehizarik gabeko guneetatik edota gune babestuetatik kanpo oso zaila da oreinik topatzea.

Kontserbazioa

IUCN erakundearen arabera, orein arruntaren kontserbazio-egoera, orokorrean, ona da, banaketa zirkunpolari zabala duelako. Bernako Hitzarmeneko III. eranskinean aipatzen da espeziea.

Esteka interesgarriak


Bibliografia


Vicente JL, Rodríguez M, Palacios J. 1999. Relaciones entre lobos y ciervos en la sierra de la Culebra. Quercus, 157: 10-15

Patón D, Núñez-Trujillo J, Díaz MA, Muñoz A. 1999. Assessment of browsing biomass, nutritive value and carrying capacity of shrublands for red deer (Cervus elaphus L.) management in Monfrague Natural Park (SW Spain). Journal of Arid Environments, 42(2): 137-147

Mitchell-Jones AJ, Amori G, Bogdanowicz W, Kryštufek B, Reijnders PJH, Spitzenberger F, Stubbe M, Thissen JBM, Vohralík V, Zima J. 1999. The Atlas of European Mammals. Academic Press. Londres

Chen H, Ma J, Li F, Sun Z, Wang H, Luo L. 1998. Seasonal Composition and Quality of Red Deer Cervus elaphus Diets in Northeastern China. Acta Theriologica, 43(1): 77-94

Alvarez G, Martínez T, Martínez E. 1991. Winter diet of red deer stag (Cervus elaphus L.) and its relationship to morphology and habitat in central Spain. Folia Zoologica, 40(2): 117-130
Egilea: Antton Alberdi | Sorrera: 2007/06/05 | Azken eguneraketa: 2014/08/22 | Bisita-kopurua: 3272 | Argazki nagusia: Aitor Arrizabalaga

Erregistra zaitez

Erregistra zaitez!

· Parte hartu edukiak hornitzen eta eztabaidatzen 
 
· Igo itzazu argazkiak, bideoak, liburuak, estekak...