Marrazo erraldoia
Cetorhinus maximus

Marrazo erraldoia edo kolaioa, gure itsasoan aurkitu dezakegun arrainik handiena da, eta munduko bigarren handiena, bale marrazoaren (Rhincodon typus) atzetik. Tamaina hau izan arren, oso arraina baketsua da, baleen antzera itsasoko ura iragaziz elikatzen baita, eta guztiz kaltegabekoa da gizakiarentzat. Bizkaiko golkoan, XX. mendeko hasiera arte, askoz ugariagoa zen, eta gure arrantzaleek maiz arrantzatzen zuten. Gaur egun, bere populazioa nabarmenki jaitsi da, eta soilik ustekabean harrapatzen da. Bere urritasuna dela eta, nahiz eta jangarria izan, ez dago bere haragiaren merkatal eskaririk.

Cetorhinus maximus

Phyluma
Chordata
Klasea
Chondrichthyes
Ordena
Lamniformes
Familia
Cetorhinidae
Deskribatzailea
Blainville, 1816
Estatusa
vu

Deskribapena

Gorputz fusiforme eta nahiko sendoa dauka. Gaztea denean lirainagoa da eta mutur zorrotz eta luzea dauka, adinarekin laburtuz eta borobilduz doana. Bereziki deigarriak dira bere arrail brankial zabalak, buruaren atzean kokaturik daudenak. Alde dortsaletik bentraleraino doazenez, burua guztiz inguratzen dutela dirudite. Arrail hauetan, hortz-itxurako egitura luze ugari dituzte (1.500 arrail-arkuko), eta hain zuzen hauetan zehar itsas ura iragazi egiten dute beren elikagaia den zooplanktona urdailerantz bideratzeko. Aho oso zabala dute, apenas erabiltzen dituzten punta bakarreko hortz txikiez osatutako hainbat ilerekin. Begiak oso txikiak eta biribilak dira. Lehenengo bizkar-hegatsa nahiko handia eta tentea dauka. Isats-hegatsa oso handia eta ilargi-erdi forma dauka, goiko lobulua behekoa baino zertxobait handiagoa izanik.

Lehen aipatu dugunez, munduko bigarren arrainik handiena da. Bizkaiko golkoan, behatzen diren marrazo erraldoiak 8-10 metroko luzera eta 5 tona inguruko pisua izan ohi dute, baina marrazo hau 13 metroko luzera eta 8 tonako pisua izatera irits daiteke. Kolore grisa izan ohi dute, alde bentrala kolore zertxobait argiagoetara jo dezakeelarik.

Banaketa

Arraina pelagiko hau, itsaso artiko eta epeletan aurkitzen da. Ozeano atlantikoko ekialde zein mendebaldeko kostetatik gertu aurkitu daiteke, eta baita mediterraneoan, ozeano barearen bi alboetan, eta abar.

Bizkaiko golkoan nahiko arrunta da, eta maiz sartzen da badia handietara, babes eta elikagai bila.

Habitata

Espezie pelagikoa da baina otsaila eta apirila bitartean, ur-sakonak utzi eta azalera igotzen da, elikatzera. Udazkenaren amaieran, berriro ere itsasoko hondoetara bueltatzen dira.


Elikadura

Itsas ura bere arrail brankialetan zehar iragaziz elikatzen dira. Modu horretan, uretako zooplanktona, batik bat krustazeo txikiz osaturik dagoena, urdailerantz bideratzen dira. Honetarako, ahoa zabalik dutelarik igeri egiten dute, gutxi gorabehera bi korapiloko abiaduran. Abiadura honetan igeri eginez, orduko hamar tona ur iragazteko gai dira.

Ugalketa eta ontogenia

Obobibiparoa da, eta emeak kume bakarra erditzen du haurdunaldiko. Haurdunaldia 2 urteko luzera izan ohi du, eta kumeak 1,5 m-ko luzerarekin jaiotzen dira. Heldutasun sexuala 3-4 urteren epean lortzen dute, 5 eta 7 metroko luzera eskuratzen dutenean. 25 urte bizitzera hel daitezke.

Bizimodua

Ur-azalean aurkitu ohi da ahoa irekita igeri eginez. Batzuk bakarrik joaten dira, baina normalean 3-4 aletako taldeetan doaz. Ingalaterran, 100 indibiduo baino gehiagoko taldeak ere ikusi dira. Udazkenaren amaieran, ur-azala utzi eta ur sakonagoetara doaz. Epe honetan elikatzeari uzten diote. Otsaila eta apirila bitartean, ur-sakonak utzi eta azalera bueltatzen dira. Migrazio handiak burutzen dituzte urtean zehar, baina hauek ez dira oraindik ezagunegiak.

Espezieen arteko elkarrekintzak

Cetorhinicola acanthocapax eta Dinobothrium planum platyhelmintoak marrazo erraldoiaren parasitoak dira (Beveridge & Duffy, 2005; Sproston, 1948). Horrez gain, Aega antillensis isopodoa ere ikusi izan da hau parasitatzen (Moreira et al., 1978) eta Dinemoura producta eta Nemesis lamna kopepodoak (Fage et al., 1923). Azkenik, Hyperandrotrema cetorhini trematodoa marrazo erraldoiaren zirkulazio-sistemaren parasitatzaile bezala deskribatu da (Maillard & Ktari, 1978).

Kontserbazioa

Bere izaera baketsua dela eta, urteetan zehar arrantzatu izan da bere haragi, hegats eta olioa lortzeko. Hala ere, gaur egun espezie urria da eta soilik ustekabean harrapatzen da. Marrazo honen arrantzatze komertziala Norbegian hasi zen, ipar-ekialdeko Altantikoan, 1760. hamarkadan. Harrapaketen garrantzia marrazo erraldoiaren gibeleko olio kopuruak ezartzen zuen, merkatuan honengatik ordaintzen zen dirua honen araberakoa zen, alegia.

XX. mendean zeharreko harrapaketarik garrantzitsuenak 1959-1980 urteetan zehar egin ziren, 1266-4266 ale arrantzatzen zirelarik urtean. Hala ere, 1980. urtetik marrazo erraldoiaren arrantzak gainbehera nabarmena izan du.

2007. urtean Europar Batasunak marrazo erraldoiaren arrantza debekatu zuen Europar Batasuneko edozein arrainontzirako edota Europar Batasuneko bandera zuen edozen arrainontzirako, nahiz eta Europatik kanpo egon (Council regulation(EC) No 41/2006).

Gaur egun, marrazo erraldioa 'sentikor' bezala dago sailkaturik IUCNren arabera eta ematen duenez, bere populazioen tamainaren gainbehera ematen ari da oraindik ere, seguraski erregulatu gabeko marrazo honen arrantza dela eta.

Esteka interesgarriak


Bibliografia


Beveridge I, Duffy C. 2005. Redescription of Cetorhinicola acanthocapax Beveridge & Campbell, 1988 (Cestoda: Trypanorhyncha) from the Basking Shark Cetorhinus maximus (Gunnerus). Systematic parasitology, 63 (3): 191-198

Fage L. 1923. Sur deux copépodes Dinemoura producta (Müller) et Nemesis lamna (Risso) parasites du pelerin, Cetorhinus maximus (Gunner). Bull. Soc. Zool. France, XLVIII:

Moreira PS, Sadowsky V. 1978. An annotated bibliography of parasitic Isopoda (Crustacea) of Chondrichthyes. 27 (2), :

Sproston NG. 1948. On the genus Dinobothrium van Beneden (Cestoda), with a description of two new species from sharks, and a note on Monorygma sp. from the electric ray. Parasitology, 39: 73-90
Egilea: Antton Alberdi | Sorrera: 2012/03/06 | Azken eguneraketa: 2014/08/22 | Bisita-kopurua: 3137

Erregistra zaitez

Erregistra zaitez!

· Parte hartu edukiak hornitzen eta eztabaidatzen 
 
· Igo itzazu argazkiak, bideoak, liburuak, estekak...