Mazkar arantzaduna
Cobitis calderoni

Arrain txiki arantzadun hau Iberiar penintsulako endemismoa dugu eta Euskal Herrian, Araban eta Nafarroan baino ez da agertzen, mediterraneoko isurialdean, hain zuzen. Azken hogei urteotan, espeziea Omecillo, Baias eta Ebro ibaietan bizi dela jakina da, baina banaketa naturalaren mugen aldetik, gorabehera oso handiak dira ibai arrootan. Laurogeita hamarreko hamarkadaren erdialdera, mazkar arantzadunak ikusi ziren Baias ibaiaren tarteko zatietan, baina harrezkero egindako azterlanen arabera ezin izan da ziurtatu espezie horren kokalekurik dagoenik ibaian gora, ez eta ibaian behera.

Cobitis calderoni

Phyluma
Chordata
Klasea
Actinopterygii
Ordena
Cypriniformes
Familia
Cobitidae
Deskribatzailea
Bacescu, 1962
Estatusa
en

Deskribapena

Espezie bentoniko txikia dugu, 80 mm-ko luzera nekez gainditzen duena. Gorputz zilindriko eta luzea du eta pedunkulu kaudal mehe eta estua du. Behe-ahoa dauka eta hiru pare bizartxo.

Predatzaileetatik babesteko ezkata supraorbitario bifidoa du, tentetzeko ahalmena daukana.

Hegats dortsalaren intsertzio puntua, hegats bentralekiko zertxobait atzerago kokatzen da. Hegats dortsalean adarkatzen diren 7 erradio aurkezten ditu eta 6-7 erradio uzki-hegatsean.

Ez dago dimorfismo sexual ageririk ar eta emeen artean. Bi kasuetan, gorputzean zehar orban beltz batzuk daude lau hileratan kokatzen direnak. Beheko hilerak orban handiagoak ditu, formaz laukiagoak eta bentralki luzatuak. Ezkatak oso txikiak dira eta ezin dira begiz ikusi.

Arrain bentiko ez-migratzailea da, eta ibai hondoetan bizi da, beraz, ez dauka igeri egiteko puxikarik, kobitidoen familiakoen antzera.

Banaketa

Ebro eta Duero ibaietako arroetan eta Tajo ibaiko arroko Jarama, Lozoya, Tajuña y Manzanares ibaietako goi-ibarretan zehar bizi den Iberiar Penintsulako endemismoa.

Euskal Herrian, Araban eta Nafarroan baino ez da bizi iraunkorki, mediterraneoko isurialdean hain zuzen.

Azken hogei urteotan, espeziea Omecillo, Baias eta Ebro ibaietan bizi dela jakina da, baina banaketa naturalaren mugen aldetik, gorabehera oso handiak dira ibai arrootan. Laurogeita hamarreko hamarkadaren erdialdera, mazkar arantzadunak ikusi ziren Baias ibaiaren tarteko zatietan, baina harrezkero egindako azterlanen arabera ezin izan da ziurtatu espezie horren kokalekurik dagoenik ibaian gora, ez eta ibaian behera ere.

Cobitis calderoni Cobitis calderoni

Habitata

Ibaietako erdi zonaldeetan edo zonalde altuetan bizi da, disolbatutako oxigeno kopurua handia den lekuetan (7 mgl-l baino handiagoa). Ur argietan bizitzea nahiago du, hondoan harriak dituztenetan.



Habitat bereko espezie gehiago

Accipiter nisus
Cinclus cinclus
Alcedo atthis
Natrix maura
Mustela lutreola
Rana iberica
Luscinia megarhynchos
Coracias garrulus


Elikadura

Mazkar arantzadunaren elikadura iturri nagusiak ibaietako ornodun txikiak eta udan alga unizelularrak dira (Valladolid & Przybylski, 2003).

Ugalketa eta ontogenia

Martxoa eta maiatza bitartean ugaltzen da. Horretarako, hondo harritsuak eta korronte askoko ibai guneak aukeratzen ditu. Emeek habiak eraikitzen dituzte hegats kaudalaren bidez eta gutxi gora behera 200 arrautz jartzen dituzte, tamainaz nahiko handiak proportzioan.

Bizimodua

Ez dago informazio askorik espezie honen bizimoduaren inguruan baina jakina da bizitza nahiko motzeko arraina dela (FishBase, 2009).

Espezieen arteko elkarrekintzak

Lutxoak (Esox lucius) mazkar arantzadunaren habitat eta elikagai-iturri berdinak ustiatzen ditu eta espezie honen agerpenari zor zaio, neurri handi batean, mazkar arantzadun populazioen murrizketa eta banaketa mugatua.

Kontserbazioa

Mazkar arantzaduna "Galzorian" bezala sailkatuta dago EAEko Espezie Mehatxatuen Katalogoan eta "Interes bereziko" bezala Nafarroakoan.

Banaketari buruzko azterlan zehatzak egin ostean, mazkar arantzadunaren populazio bakarra aurkitu da Araban, Espejoko Omecillo ibaian eta zenbait populazio Nafarroan, Ebro, Aragon eta Arga ibaietan. Azterlanen arabera (2000 eta 2001 urteak), azken bi hamarkadetan ezin izan da ziurtatu espezie hori bertan bizi denik, beraz, esan daiteke populazioa izugarri murriztu dela. Gainera, Euskal Herrian izan duen joera zeharo erregresiboa izan da, eta azken hamarkadan populazio batzuk desagertu egin dira. Ebroko populazioak, esate baterako, %50ean murriztu dira eta populazio desberdinak fragmentatzen hasi dira.

Erregresio honen arrazoi nagusia espezie exotikoen sartzea eta habitaten degradazioa izan dira, batik bat azpiegitura hidraulikoen eta isurketen ondorioz.

Esteka interesgarriak


Bibliografia


Bea A. 1999. Arriskuan dauden EAEko ornodunak. Eusko Jaurlaritzako Argitalpen Zerbitzua. Gasteiz

Doadrio I. 1981. Primeros datos sobre la presencia de Cobitis calderoni Bacescu, 1961 (Pisces, Cobitidae) en la Península Ibérica. Doñana, Acta Vertebrata, 8: 291 - 293

Valladolid M, Przybylski M. 2003. Feeding ecology of Cobitis paludica and Cobitis calderoni in Central Spain. Folia Biologica, 51: 135-141
Egilea: Maialen Sistiaga | Sorrera: 2012/11/16 | Azken eguneraketa: 2012/12/07 | Bisita-kopurua: 2259 | Argazki nagusia: Jose Miguel Uña

Erregistra zaitez

Erregistra zaitez!

· Parte hartu edukiak hornitzen eta eztabaidatzen 
 
· Igo itzazu argazkiak, bideoak, liburuak, estekak...