Izurde arrunta
Delphinus delphis

Izurde arrunta, munduko izurderik ugarienetariko bat da. Normalean ur tropikal eta epeletan bizi den arren, plataforma kontinentaleko uretan ere agertu ohi dira, eta ohikoak dira Bizkaiko Golkoko uretan. Talde handietan bizi dira eta itsasontzietara hurbiltzeko joera dute, horiek sortutako olatuekin jolas egitera. Euskal kostaldeko hiru izurde espezieetan lagunkoienak direla esan daiteke.

Delphinus delphis

Phyluma
Chordata
Klasea
Mammalia
Ordena
Cetartiodactyla
Familia
Delphinidae
Deskribatzailea
Linnaeus, 1758
Estatusa
lc

Deskribapena

Izurde arrunta 2 eta 2,20 metro bitarteko luzera eta 70-130 kg-ko pisua izatera iritsi daitekeen zetazeoa da. Mutur luzea eta gorputz luzanga eta liraina ditu eta bizkar-hegats handi bat du bere gorputz handi eta mugikorraren erdian. Gris koloreko gorputza du, marroi ilun koloreko bizkar aldea salbu. Pigmentazio patroi bereizgarria du, bizkar-hegatsaren azpian V formako beltz koloreko kapa, eta hondarrezko erloju baten formako irudia baititu honen azpian. Irudi hau, erdialdetik burura okre-horixka kolorekoa da eta erditik isats-hegatsera gris argi kolorekoa.

Antzeko espezieak

Lagenorhynchus acutus

Izurde arrunta baino handiagoa da eta gorputzaren albo bietara orban zuri-horia du, hegats dortsalaren azpian.


Tursiops truncatus

Izurde handia, izenak dioen bezala, handiagoa da (2-4 metrokoa) eta bere azalaren kolorazioa gris homogeneoagoa da, ez baitu orban bereizgarririk. Gainera, izurde handiak botila itxurako mutur txikia du.

Banaketa

Izurde arrunta mundu guztiko uretan aurki daiteke poloak eta poloen azpialdeko urak salbu. Normalean ur tropikal eta epeletan bizi den arren, plataforma kontinentaleko uretan ere agertu ohi dira, eta ohikoak dira Bizkaiko Badiako uretan. Euskal Herriko uretan neguan eta udan ohikoak izan ohi dira, arrain pelagikoen (sardina, antxoa, berdela…) sarden atzetik ibili ohi direnean.

Habitata

Kostatik hurbil zein itsaso zabalean bizi daiteke izurde arrunta. Populazio bakar batek eskualde hau osorik bete dezake baina populazio neritikoak eta ozeanikoak daudela deskribatu da, lehenak batik bat kostaldean eta bigarrenak ozeano zabalean bizi direlarik. Bi taldeetako izurdeak, jarreran, ezaugarri mofologikoetan eta genetikoetan bereizten dira.


Elikadura

Esan bezala, izurde arrunten elikadura arrain pelagikoetan oinarritzen da. Sardinak, antxoak, merlenka, legatza, berdela eta antzerako arrainez elikatzen da. Elikagaiak lortzeko, izurdeek taldeka jarduten dute.

Ugalketa eta ontogenia

Izurde arruntak, bizitza luzeena izan ohi duten izurdeak dira, 20 eta 30 urte bitartean bizi baitaitezke, habitataren arabera. Heldutasun sexuala aldakorra da, baina emeek batez beste 7 eta arrek 9 urterekin lortzen dute.

Ar eta emeen heldutasun sexualaren lorpenaren ezberdintasunaren ondorioz, ugalketarekin arduratzen diren taldeak izurde-mota ezberdinez osaturik egon ohi dira:

Ugalketarako helduak diren ar eta emeak
Ar gazteagoekin ugal daitezkeen kumedun emeak
Bi sexuetako ale gazteak

Fenomeno honen eraginez, ez da ugalketa-hierarkia ondo ezagutzen, forma aleatorioan gauzatzen dela uste baita.

Izurde arrunten haurdunaldia 11 hilabete ingurukoa izan ohi da. Jaio eta lehenengo 16 hilabeteetan, kumea amaren menpekoa izango da eta berak emandako esnearekin elikatuko da. Heldutasuna lortu ahala, dieta arrain pelagikoetan oinarritzen dute.

Bizimodua

Izurde arruntak taldetan bizi ohi dira. Talde hauek ehunka alez osaturik egon daitezke. Taldearen barruan, beste hainbat espezietan bezala, izurde arruntak era hierarkikoan antolatzen dira, taldekide guztiak gainontzekoentzat garrantzitsuak direlarik.

Espezieen arteko elkarrekintzak

Izurdeek harrapari gutxi dituzte itsasoan, beraiek ehizatzeko gai diren animalia bakarrak marrazoak eta orkak baitira. Etsai hauei aurre egiteko ere taldetan biltzen dira izurdeak.

Kontserbazioa

Bizkaiko golkoan espezie nagusia da eta hondartzetan baraturik agertzen diren espezieen %40a osatzen du (Forcada et al., 1991).

Bere banaketa kosmopolita dela eta, izurde arruntaren mundu mailako populazioen egoera aztertzea zaila da. Hoberen ikertutako populazioa, eta seguraski ugarienetako bat, ozeano Bareko ekialdea betetzen duena da, 600.000-1.800.000 ale  dituena (Holt eta Sexton, 1988).

Europan ez da izurde arruntaren haragia jaten baina beita modura oso erabilia da (Rey eta Rey, 1979). Gainera, espezie hau kaltetuenetako bat da arrantzarako gainazaleko sare deribanteak erabiltzen direnean. Gainera, kostaldeko espeziea izanik eta sare-trofiko ugariren muturrean egonik, kutsatzaile kimikoen kopuru handiak metatzen ditu, bereziki konposatu organozioratuak eta metal astunak (Aguilar, 1983; Law et al., 1991). Azkenik, izurdearen dietaren parte diren arrainen gainustiapenak, honen populazioetan eragin negatiboa izan dezake.

Esteka interesgarriak


Bibliografia


Law RJ, Fileman CF, Hopkins AD, Baker JR, Harwood J, Jackson DB, et al.. 1991. Concentrations of trace metals in the livers of marine mammals (seals, porpoises and dolphins) from the waters around the British Isles. Mar. Pollut. Bull, 22: 183-191

Wilson, D. E., Reeder, D. M.. 1993. Mammal species of the world. A taxonomic and geographic reference. Second edition. Smithsonian Institution Press. Washington

Aguilar A. 1983. Progress Report on Cetacean Research. Report International Whaling Commision, 33:

Rey, J. C eta J. M. Rey. 1979. Cetáceos varados en la costa surmediterránea española - mar de Alborán - durante los años 1975, 1976 y 1977.. Bol. R. Soc. Española Hist. Nat. (Biol.), 77: 505-510

Holt. R.S. eta Sexton. S.N. 1988. Monitonng trends in dolphin abundance in the eastern tropical Pacific using research vessels over a long sampling pcnod. Analyses of 1986 data.. In Review. (submitted IO Fish. Bull.), :

Forcada, J., Aguilar, A., Hammond, P., Pastor, X. eta Aguilar, R. 1991. Striped dolphin abundance in the Western Mediterranean basin after the 1900 epizootic. Proceedings of the Mediterranean striped dolphin mortahty, 4:
Egilea: Antton Alberdi | Sorrera: 2012/03/01 | Azken eguneraketa: 2013/01/15 | Bisita-kopurua: 3649 | Argazki nagusia: Antton Alberdi

Erregistra zaitez

Erregistra zaitez!

· Parte hartu edukiak hornitzen eta eztabaidatzen 
 
· Igo itzazu argazkiak, bideoak, liburuak, estekak...