Okil gibelnabarra
Dendrocopos leucotos

Okil gibelnabarra Euskal Herriko hegazti espezierik berezienetariko eta urrienetariko bat da. Baso hostozabal zaharrei estuki loturiko espeziea da, izaera kontinentala duena, eta gure inguruan Iparraldeko eta Nafarroako hainbat txokotan soilik ezagutzen ez dena. Tamaina txikiko okila da, ertainaren oso antzekoa, baina bizkarraldean izena ematen dion orban txuria duena. Mundu mailako kontserbazio-egoera ona den arren, Pirinioen mendebaldera mugaturiko populazioa oso murritza da.

Dendrocopos leucotos

Phyluma
Chordata
Klasea
Aves
Ordena
Piciformes
Familia
Picidae
Deskribatzailea
Bechstein (1802)
Estatusa
lc

Deskribapena

Dendrocopos generoko gainerako okilen antzeko morfologia du okil gibelnabarrak, baina gainerako espezieak baino handiagoa da. 25-28 cm bitarteko gorputz-luzera du, eta 40-45 cm bitarteko hego-zabalera. Arren buru-gaina gorria da, eta emeena, aldiz, beltza. Aurpegia, orokorrean, zuria da, baina mokoaren ertzetik lepoaldera hedatzen den orban beltza izan ohi du. Sabelaldea zuri-arrea da, alboetan orban ilunduna, eta behealdera hurbildu ahala gorriztagoa. Bizkarraldea, berriz, beltza da lepoaren inguruan, baina zuria beheraxeago. Zurialde hori da, hain zuzen, espeziea identifikatzeko ezaugarri nagusiena. Hegoetan marra zuri eta beltzek tartekatzen dira. 

Antzeko espezieak

Okil handia (Dendrocopos major)

Antzeko morfologia dute bi espezieek, eta tamainaz ere gainjarri daitezke. Okil handiak, ordea, ez du gibelnabarrak bizkarraldean duen orban zuririk, eta hark ez bezala sorbalda zuriak ditu. Gainera, sabelaldea leuna da, orban ilunik gabea.


Okil ertaina (Dendrocopos medius)
Dendrocopos medius

Morfologikoki oso-oso antzekoak dira. Okil ertaina gibelnabarra baino txikixeagoa da, eta bi espezieak bereizteko modu bakarra gibelnabarraren bizkarraldeko orban zuria da.


Okil txikia (Dendrocopos minor)

Morfologikoki oso antzekoak dira bi espezieak, baina okil txikia, izenak berak dioen bezala, txikiagoa da. Gorputzaren luzera 15 cm ingurukoa izan ohi da, eta hego-zabalera ez da inoiz 30 cm baino handiagoa izaten. Okil txikiak ez du gibelnabarrak bizkarraren azpialdean duen orban zuririk, eta sabelaldean ez du gibelnabarraren pareko orban ilunik. 

Kantua

Banaketa

Izaera kontinentaleko espeziea da, Europa erdialdetik Asia ekialdeko kostalderaino hedatzen dena. Pleistozenoko aldaketa klimatikoek eragindako banaketaren dinamikak, populazio isolatuak utzi zituen Europa mendebaldeko mendiguneetan, eta horietako bat Pirinioen mendebaldean aurki daiteke. Populazio hori Zuberoara, Nafarroa iparraldera eta Pirinioetako mendebaldeko gertuko zonaldeetara mugatuta dago, eta gertuen duen hurrengo populazioa Alpeetan du.

Esan bezala, Europa hego-mendebaldeko populazio isolatuaren banaketa Euskal Herriko ipar-ekialdeko basoetara murrizturik dago. Mendebalderen ezagutzen den populazioa Basaburuan dago, eta handik ekialdera Bertizen, Aldudeko mendietan, Iratin, Belaguan eta era horretako baso zabal eta zaharretan soilik aurki daiteke okil gibelnabarra. Ekialdeko muga, aldiz, Aragoiko Ansó bailarako pagadietan du. Pirinioen hegoaldeko populazioaren % 70 Kintoa-Aldudeko mendietan eta Iratin dago (Cárcamo 2006). 

Dendrocopos leucotos Dendrocopos leucotos

Habitata

Baso zaharrei estuki loturiko espeziea da, apurka-apurka usteltzen ari den egur hil ugari duten basoen zalea, hain zuzen. Urkiak, astigarrak, lizarrrak edota zumarrak dituzten baso hostoerorkorretan bizi da, baina gure ingurunean pagadiekin estuki erlazionaturik dago. Baldintza hotzetara ondo moldaturiko espezia izanda, goi-mendietako basoetan ere aurki daiteke, eta pagadi-izeidietan edo pinu gorridun pagadietan ere bizi da. 300 eta 2000 metroko bitarteko altuera-tartean topatu da espezie hau.


Elikadura

Ornogabe xilofagoek osatzen dute espezie honen dieta. Egurraz elikatzen diren kakalardoak dira elikagai ohikoena, bai imagoak zein larbak, baina landare-haziak eta basafruituak ere jaten ditu (Winkler et al. 1995).

Elikagaiak topatzeko egurra zulatzean zarata handia ateratzen dute, arrek batez ere. Izan ere, arren mokoa sendoagoa eta luzeagoa da, eta emeek baino zulo sakonagoak egiten dituzte.

Ugalketa eta ontogenia

Espezie monogamoa da, eta normalean bikote berberarekin txitotzen dute urtero. Ugal sasoitik at bikotea elkarrekin mantentzen den, ordea, ez da ezaguna. Urtean txitaldi bakarra izaten du espezie honek. Txitotzeko 6-8 cm-ko diametroa duten zuloak egiten ditu zuhaitz ahuletan, 30 cm inguruko sakonera izaten dutenak, eta bikoteak 2-4 aste igaro ditzake habia prestatzen. Zulook 20 metrotik behera egin ohi dituzte. Emeak kolore zuriko 3-5 arrautza erruten ditu otsaila eta ekaina bitartean, eta 12-16 egunez inkubatzen dituzte bi gurasoek. Bitartean, arra arduratu ohi da emea eta kumeak elikatzeaz. Txitoek hiru aste inguru behar izaten dituzte lumajea garatzeko, eta 25-28 egunez mantentzen dira habian lehen hegaldia egin arte. (Cramp 1985).

Bizimodua

Ingurune onenetan 100 ha-ko 0,3-0,7 bikoteko dentsitatea aurki daiteke (Grangé 2001). Bikote bakoitzak 1-2 km2-ko eremua behar izaten du (Winkler et al. 1995).  Altuera handiko basoetan bizi direnak beherago dauden basoetara mugitzen dira udazkenean (Elosegi 1985).

Bizi-luzetasuna 3-4 urtekoa da (Cramp 1985).

Espezieen arteko elkarrekintzak

Ez da espezie honetaz sarri elikatzen den animaliarik ezagutzen.

Kontserbazioa

Mundu-mailako kontserbazio-egoera ona da, eta ondorioz, IUCN erakundeak Least Concern kategorian sailkaturik dauka espeziea. Europan 100.000 bikote inguru bizi direla estimatzen da; gehienak kontinentearen ekialdean. Ez da gauza bera gertatzen, ordea, Pirinioen mendebaldera mugaturiko lilfordi subespeziearen populazio isolatuarekin. Populazio osoan 330 bikote ugaltzaile daudela estimatzen da (Cárcamo 2006), eta Nafarroan, berriz, 77-94 bikote inguru (Martí & del Moral 2003)- “Galzorian” kategorian sailkaturik dago Nafarroako Espezie Mehatxatuen Katalogoan. Espainiako Katalogoan, aldiz, Zaurgarri kategorian sailkaturik dago. Dena den, populazioa murritza izan arren, egonkortuta dagoela dirudi. Haren biziraupena habitatarenarekin estuki loturik dago, eta egur hil askoko basoak ezinbestekoak dira okil gibelnabarrak gurean biziraun dezan. 

Esteka interesgarriak


Bibliografia


Cramp S. 1985. Birds of Europe the Middle East and North Africa. Oxford University Press. New York

Winkler H, Christie D, Nurney D. 1995. Woodpeckers. Houghton Mifflin Company. Boston

Martí R, del Moral JC. 2003. Atlas de las aves reproductoras de España. Dirección General de Conservación de la Naturaleza-Sociedad Española de Ornitología. Madrid

Elosegi J. 1985. Atlas de aves nidificantes. Caja de Ahorros de Navarra. Iruñea

Grangé JL. 2001. Le Pic à dos blanc Dendrocopos leucotos lilfordi dans les Pyrénées françaises. Ornithos, 8(1): 8-17

Cárcamo S. 2006. Evolución de las poblaciones de pito negro (Dryocopus martius) y pico dorsiblanco (Dendrocopos leucotos lilfordi) en los montes de Quinto Real (Navarra) y su relación con la gestión forstal. Pirineos, 161: 133-150
Egilea: Antton Alberdi | Sorrera: 2013/05/13 | Azken eguneraketa: 2013/06/19 | Bisita-kopurua: 1762 | Argazki nagusia: Dusan Brinkhuizen

Erregistra zaitez

Erregistra zaitez!

· Parte hartu edukiak hornitzen eta eztabaidatzen 
 
· Igo itzazu argazkiak, bideoak, liburuak, estekak...