Okil handia
Dendrocopos major

Dendrocopos generoko okilik handienetarikoa da eta baita banaketa zabalena duenetariko bat ere, eskualde Palearktiko ia guztian hedaturik baitago. Okilen artean generalistenetariko bat da, espezie honen banaketa ez baitago baso zaharrei soilik lotua. Izan ere, intsektuez gain, hainbat zuhaitzen haziez, beste hegazti espezie batzuen arrautzez eta narrastiez ere elikatzen da. Euskal Herriko eremu guztian aurki daiteke.

Dendrocopos major

Phyluma
Chordata
Klasea
Aves
Ordena
Piciformes
Familia
Picidae
Deskribatzailea
Linnaeus (1758)
Estatusa
lc

Deskribapena

Generokideen itxura bertsuko espeziea da, eta okil gibelnabarraren (Dendrocopos leucotos) antzeko tamaina du. Gorputzaren luzera 22-25 cm bitartekoa da, eta hego-zabalera 40-45 cm bitartekoa. Pisua berriz, 70 eta 90 gramo bitartekoa izan ohi da. Bizkarraldea beltza da, eta sabelaldea berriz zurixka, behekalde gorriarekin. Hegoaren oinarrian orban zuri handia du, hegoak itxita dituenean gorputzaren alboetan nabarmen ikusten zaizkionak. Hegoen goialdea, orokorrean, beltza da, baina orban zuriek osatutako hainbat ilara izaten ditu. Kopeta eta begien ingurua zuriak dira, sabelaldearen kolore berekoak, baina mokoaren ertzetik lepoaldera marra beltza hedatzen zaio. Kaxkoa ere kolore beltzekoa. Buruaren atzealdean kolore gorriko pileoa nabarmentzen zaie ar helduei; ez ordea ale gazte eta emeei. Mokoa eta hankak grisak.

Antzeko espezieak

Okil gibelnabarra (Dendrocopos leucotos)
Dendrocopos leucotos

Tamaina eta itxura antzekoa dute bi espezieek. Dena den, okil gibelnabarra askoz ere arraroagoa da Euskal Herrian. Gainera, bizkarraldean izena ematen dion orban zuria du okil gibelnabarrak, eta arren burualdeko orban gorriak ia kaxko guztia hartzen du, okil handiaren kasuan pileora mugatzen den bitartean.


Okil ertaina (Dendrocopos medius)
Dendrocopos medius

Itxuraz oso antzekoak dira, nahiz eta okil ertaina zertxobait txikiagoa den. Arren burualdeko orban gorria kaxko guztian hedatzen da okil ertainaren kasuan; okil handi arren orbana, berriz, pileora mugatzen da.


Okil txikia (Dendrocopos minor)
Dendrocopos minor

Okil handia baino askoz ere txikiagoa da, eta sorbaldetan ez du okil handiak duen moduko orban zuririk izaten. Bestalde, okil txikiaren sabelaldearen behaldea ez da gorria izaten.

Kantua

Banaketa

Eurasiako azalera ia guztian hedaturiko espeziea da, Eskandinavia eta Siberia iparraldea eta Asia hego-mendebaldean salbu. Afrika ipar-mendebaldean ere ezagutzen dira populazio batzuk. Europako ia eremu guztian hedaturik dago, Mediterraneoko ekialdeko hainbat eremutan eta zenbait uhartetan salbu. Iberiar penintsulako eremu guztian aurki daiteke, deforestazioaren eraginez baso-azalera asko galdu duten eremuetan salbu. 

Euskal Herrian ere ia eremu guztian aurki daitekeen espeziea da.

Dendrocopos major Dendrocopos major

Habitata

Okilen artean espezierik generalistenetariko bat da. Hostoerorkorren zein koniferoen basoetan aurki daiteke, eta behin baino gehiagotan agertzen baita lorategi eta parkeetan.



Habitat bereko espezie gehiago

Vulpes vulpes
Dama dama
Phoenicurus phoenicurus
Fringilla coelebs
Erithacus rubecula
Lanius senator
Suncus etruscus
Chalcides bedriagai
Martes foina
Rattus rattus
Microtus duodecimcostatus
Accipiter gentilis
Coracias garrulus
Erinaceus europaeus
Lepus europaeus
Accipiter nisus
Troglodytes troglodytes
Crocidura russula
Talpa europaea
Rana dalmatina
Motacilla cinerea
Dendrocopos minor
Rana temporaria
Salamandra salamandra
Blanus cinereus
Canis lupus
Rhinolophus euryale
Micromys minutus
Alauda arvensis
Galerida cristata
Pyrrhocorax pyrrhocorax
Turdus merula
Microtus cabrerae
Aglais urticae
Prunella modularis
Mustela nivalis
Athene noctua
Plecotus austriacus
Rhinolophus hipposideros
Myotis emarginatus
Aquila chrysaetos
Ursus arctos
Luscinia megarhynchos
Capreolus capreolus
Aquila fasciata
Neophron percnopterus
Colias croceus
Ardea cinerea
Aquila pennata
Caprimulgus europaeus
Cuculus canorus
Miniopterus schreibersii
Alytes obstetricans
Rhinolophus ferrumequinum
Cyanistes caeruleus
Buteo buteo
Cervus elaphus
Mustela erminea
Mus musculus
Nyctalus leisleri
Pipistrellus pipistrellus
Oryctolagus cuniculus
Tyto alba
Garrulus glandarius
Myotis bechsteinii
Meles meles
Myotis nattereri
Plecotus auritus
Myotis myotis
Sus scrofa
Turdus philomelos
Hyla arborea
Anguis fragilis
Vanessa atalanta
Nyctalus noctula
Apodemus flavicollis
Apodemus sylvaticus
Lacerta schreiberi
Dendrocopos medius
Martes martes
Strix aluco
Pipistrellus nathusii
Dryocopus martius
Picus sharpei
Otus scops
Bubo bubo
Scolopax rusticola
Jynx torquilla
Sciurus vulgaris
Glis glis
Asio otus
Sorex coronatus
Sorex minutus
Crocidura suaveolens
Nyctalus lasiopterus
Pipistrellus kuhlii
Myodes glareolus
Hierophis viridiflavus
Microtus lusitanicus
Microtus gerbei
Barbastella barbastellus


Elikadura

Intsektuek eta landare-haziek osatzen dute espezie honen dietaren zati handiena, baina noizbehinka beste hegazti espezie batzuren arrautzez eta narrasti txikiez ere elikatzen da (Mullarney et al. 1999). Koniferoen basoetan bizi diren okil handien dietan garrantzia berezia izaten dute pinaziek, eta baso hostorerorkorretan hurrak eta intxaurrak ere jaten ditu (Mullarney et al. 1999).

Ugalketa eta ontogenia

Egurra kolpatzeak lurraldea adierazteko balio izaten dio, eta martxoan eta apirilean entzun ahal izaten da batipat, araldian, hain zuzen (Gooder 1982). Soinu oso bereizgarria egiten du. Egurra oso azkar kolpatzen du mokoarekin, segunduko 8-12 kolpe emanaz, eta 500 metroko distantziatik entzuteko moduko soinua ateratzen du. Araldi sasoitik kanpo ere entzun daitezke, dena den, okil handiaren egur-kolpatzeak. 

Eztei-hegaldiak egin ostean bikoteko bi kideak arduratzen dira habia egiteko egurra zulatzeaz. Maiatzean eta ekainean erruten ditu emeak arrautzak, normalean 4-6 izan ohi direnak. Arrautzak kolore zuri-gisekoak izan ohi dira, apur bat zeharargiak. Emea arduratzen da 12-16 egunean zehar arrautzok inkubatzeaz. Txitoak altrizialak dira jaiotzean, eta bi gurasoak arduratzen dira hiru astez horiek elikatzeaz (Gooder 1982). Lumaje egokia garatu bezain pronto, txitoak habiatik irten eta gurasoengandik bereizten dira.

Bizimodua

Okil handiaren habia-zuloak 12-14 cm-ko diametroa eta forma obalatua izan ohi ditu. Normalean lurretik lau metrotik gora egiten dute zuloa, eta barruan 30 cm inguruko sakonera izan ohi du. 

Espezie sedentarioa da, bizi-eremua denbora luzean mantentzen duena. Habiaren inguruko eremua, gainera, txiki-xamarra izan ohi da. Kumatze-sasoitik kanpo bakarka ikusi ohi dira okil handiak.

Kontserbazioa

Kontserbazio-egoera onean dagoen espeziea da, banaketa oso zabala duelako eta dentsitatea oso handia delako. Europan soilik 12-18 milioi bikote daudela estimatzen da (BirdLife International 2004). Ondorioz, IUCN erakundeak Least Concern kategorian sailkaturik dauka. Euskal Autonomia Erkidegoan eta Nafarroan, okil espezie gehieneak ez bezala, ez dago Espezie Mehatxatuen Katalogoan barneratuta.

Esteka interesgarriak


Bibliografia


BirdLife International. 2004. Birds in Europe: population estimates, trends and conservation status. BirdLife International. Cambridge, UK

Mullarney, K, Svensson, L, Zetterstrom, D, Grant, P.J. 1999. Collins Bird Guide. HarperCollins Publishers Ltd. London

Gooders J. 1982. Collins British Birds. William Collins Sons and Co Ltd. London
Egilea: Antton Alberdi | Sorrera: 2013/10/28 | Azken eguneraketa: 2013/12/27 | Bisita-kopurua: 2326

Erregistra zaitez

Erregistra zaitez!

· Parte hartu edukiak hornitzen eta eztabaidatzen 
 
· Igo itzazu argazkiak, bideoak, liburuak, estekak...