Okil ertaina
Dendrocopos medius

Okil ertaina ez da familia berekoak diren okil beltza (Dryocopus martius) edo okil berdea (Picus viridis) bezan ikusgarria. Ezta okil gibelnabarra (Dendrocopos leucotos) bezain aipatua edo okil handia (Dendrocopos major) bezain arrunta gure basoetan. Horrek guztiak egiten du espezie hau hain ezezagun. Harizti helduei benetan lotua dagoen hegaztia da okil ertaina eta, beraz, baso hauek dauden bezain mugatua dago animalia hau ere gurean. Ostera, leku egokian bilatuz gero ez da ikusteko zaila. 

Dendrocopos medius

Phyluma
Chordata
Klasea
Aves
Ordena
Piciformes
Familia
Picidae
Deskribatzailea
Linnaeus (1758)
Estatusa
lc

Deskribapena

Okil ertainak 20-22 cm inguruko altuera dauka, 33-34 cm inguruko hego-zabalera eta 50-85 g-ko pisua (emeak zertxobait txikiagoak dira). Bai emeek bai arrek pileoa gorria dute eta haien gorputzeko lumadia zuri-beltza da: aurpegi eta lepoa zuriak eta haien inguruan bibote beltz ez-osoa; bizkarralde beltza eta eskapuletan orbain txuri osoa, barrarik gabekoa; lema lumak beltzak ditu eta haietan barra txuriak ikus daitezke hegan egiten duenean. Bestalde, sabelaldean lumadiak kolore gorria hartzen du berriro ere (Mullarney et al, 2009).

Emeek eta gazteek ar helduek baino lumadi apalagoa dute eta pileoko mototsa laburragoa.

Kantua

Alerta-kantua aaaak-aaaak-aaaak antzeko kantu gogor bat da (grabaketaren hasieran entzuten da). Arrak lurraldea babesteko egiten duen kantuan, ordea, beste okilen antzekoak diren kuick-kuick-kuick motako soinuak gogor errepikatzen ditu (grabaketaren bukaeran). Grabaketan beste okil batzuk ere entzuten dira atzean, okil beltza eta okil handia adibidez.

Banaketa

Okil ertainak mendebaldeko paleartikoan dago soilik, Europako eta Ekialde Hurbileko klima epel eta beroetan: Iberiar Penintsulatik Errusia eta Kaukaso aldera arte (Winkler et al, 1995; Del Hoyo et al, 2002). Beraz, Iberiar Penintsula okil ertainaren banaketaren mendebaldeko muga da. Bertan iparraldeko mendialdean besterik ez dago: Galizia, Asturias, Kantabria, Leon, Euskal Herria eta Lleidan (Onrubia et al, 2003; Romero et al, 2004).

Gurean Izkiko basoetan (Araban) oso ugaria da. Izan ere, gainontzean batez beste 0,12-0,64 bikote/Ha dentsitatea dagoen bitartea, Izkin 1,29 bik./Ha dentsitatea kalkulatu da (Purroy et al, 1984; Robles eta Olea, 2003; Fombellida et al, 2009; Aranbarri eta Rodriguez, 1996). Halaber, zenbait ikerlarik okil ertainaren presentzia baieztatzeko kantuen bidezko prozedura gomendatzen dute, apeua entzutean erraz hurbiltzen den espeziea baita berau (Pasinelli, 2003; Kosinski et al, 2004).

Okil ertainak ez du migratzen (Pasinelli, 2003). Halere, badirudi habia dagoen lekutik 4,8 km-ra arteko dispertsio mugimenduak egin ditzaketela, gazte-denboran batik bat (Ciudad et al, 2009).

Garaia

Urte guztian aurki daiteke animalia hau Euskal Herrian.

Habitata

Okil ertaina 700 m-tik behera dauden ingurunetan bizi da batez ere, baina Iberiar Penintsulan 350 m-tik 1600 m-ra arte aurki daiteke (Pasinelli, 2003; Fombellida et al, 2009; Purroy et al, 1984). Edonola, basoetara hertsiki mugatuta dago, Quercus generoko espezieek osatutakoetara batik bat (Del Hoyo et al, 2002). Horrela, okil ertaina mendi inguruetako hostozabalen baso zaharretan topa genezake, intsolazio baxua dagoen basoetan betiere (Carrascal et al, 2006).

Ameztietako (Q. pyrenaica) bizilagun arrunta da espezie hau; hauetan zuhaitz hilak eta fruituak dauzkaten zuhaixken arteko oreka duten txokoak hobesten ditu (Dominguez eta Onrubia, 2004).

Okil ertainak habiak Quercus generoko zuhaitz helduetan zizelkatzen ditu (5 cm inguruko zuloak izaten dira), hauetan egon daitezkeen zati bigun nahiz gaixoetan (Robles et al, 2007a). Izkin egindako ikerketa batzuen arabera, espezie honek habia 33,7 cm-ko diametroa duten eta Polyporaceae familiako onddoak dauzkaten zuhaitzetan egiten du, lurretik batez beste 2,25 cm-tara (Maldonado et al, 2009; Aranbarri eta Rodriguez, 1997).



Habitat bereko espezie gehiago

Lepus europaeus
Erinaceus europaeus
Accipiter nisus
Troglodytes troglodytes
Talpa europaea
Rana dalmatina
Dendrocopos minor
Rana temporaria
Salamandra salamandra
Crocidura russula
Caprimulgus europaeus
Dendrocopos major
Picus sharpei
Dryocopus martius
Jynx torquilla
Scolopax rusticola
Cuculus canorus
Otus scops
Bubo bubo
Motacilla cinerea
Coracias garrulus
Canis lupus
Blanus cinereus
Chalcides bedriagai
Martes foina
Luscinia megarhynchos
Ursus arctos
Capreolus capreolus
Myotis emarginatus
Aquila chrysaetos
Rattus rattus
Microtus duodecimcostatus
Fringilla coelebs
Erithacus rubecula
Accipiter gentilis
Phoenicurus phoenicurus
Vulpes vulpes
Suncus etruscus
Lanius senator
Dama dama
Lacerta schreiberi
Martes martes
Buteo buteo
Tyto alba
Garrulus glandarius
Hyla arborea
Cyanistes caeruleus
Rhinolophus ferrumequinum
Cervus elaphus
Alytes obstetricans
Miniopterus schreibersii
Anguis fragilis
Vanessa atalanta
Myotis nattereri
Plecotus auritus
Myotis myotis
Myotis bechsteinii
Meles meles
Nyctalus noctula
Turdus philomelos
Sus scrofa
Mustela erminea
Oryctolagus cuniculus
Hierophis viridiflavus
Microtus lusitanicus
Microtus gerbei
Pipistrellus kuhlii
Myodes glareolus
Glis glis
Strix aluco
Pipistrellus nathusii
Sciurus vulgaris
Nyctalus lasiopterus
Asio otus
Mus musculus
Nyctalus leisleri
Pipistrellus pipistrellus
Apodemus flavicollis
Apodemus sylvaticus
Sorex coronatus
Sorex minutus
Crocidura suaveolens
Barbastella barbastellus


Elikadura

Okil ertainak artropodoak eta moluskuak jaten ditu gehien bat. Hauek adarretan nahiz zuhaitzaren azalaren azpian bilatzen ditu. Halaber, fruituez eta zuhaitz-izerdiaz ere elikatzen da (Pasinelli, 2003). Ordea, antza denez artropodoek osatzen dute espezie honen dietaren ardatz nagusia eta, beraz, landare jatorriko elikagaiak, adibidez, gehigarriak baino ez lirateke (Arambarri eta Rodriguez, 1997; Onrubia et al, 2004).

Ugalketa eta ontogenia

Okil ertaina hegazti monogamoa da ugalketa garaian, baina jarrera hau ez da urte osoan guztiz desagertzen (Pasinelli, 2003); bikoteak martxoan hasten dira osatzen eta uztaila arte ugaltzen dira (Onrubia et al, 2004; Robles et al, 2008). Hurrengo ugalketa garaian erlazioa indartzen dute berriro ere. Bikoteak osatzeko arrek lurraldea defendatzen dute, kantuen bitartez besteak beste (baina ez zuhaitzean joaz). Bada, arrak abendua arte entzun daitezke kantuan (Onrubia et al, 2004).

Gutxi gora behera 5 arrautza erruten dituzte eta 11-14 egunez inkubatzen dira. Txitek 21-23 egun igarotzen dituzte habian (Dominguez, 2010).

Espezieen arteko elkarrekintzak

Lehen urteko okil ertainak gabiraien (Accipiter nisus), zapelatzen (Buteo buteo), miru beltzen (Milvus migrans), azerien (Vulpes vulpes) eta lepahori/lepazurien (Martes sp.) ehizakinen artean aurkitu dira (Robles et al, 2007b).

Kontserbazioa

Mundu mailan arriskurik gabe kontsideratzen da (Least Concern, LC) eta Espainian “ia mehatxatua” kategorian dago (Near Threatened, NT) (BirdLife, 2010; Onrubia et al, 2004). Espainiako Espezie Mehatxatuen Katalogoan “interes bereziko” espeziea da (439/1990 Erret Dekretua). EAEn Zahurgarri kategorian sailkatzen da (167/1996 Dekretua) eta Nafarroan Desagertzeko Arriskuan dago (563/1995). Frantzian ere babestuta dagoen espeziea da berau 6/12/2001 Dekretuan jasota dagoenez.

Banaketa eremuaren hegoaldeko populazioek jasan dute atzerakadarik nabarmenena, baina nukleo garrantzitsuenek bere horretan jarraitzen dute (BirdLife, 2004a eta 2004b). Hala ere, espezie honentzat egokiak diren habitatak asko murriztu dira, eta horrek okil ertainentzat mehatxu nagusia suposatzen du (Onrubia et al, 2004).

Hori dela eta, habitataren galera eta zatiketa ekiditea eta basoen ustiaketa tradizionalarekin jarraitzea ezinbestekoak dira espezie honek gure artean jarrai dezan (Onrubia et al, 2004; Camprodon et al, 2007; Robles et al, 2007a eta 2007b; Kosinski, 2006; Müller et al, 2009).

Esteka interesgarriak


Egilea: Garikoitz Perurena | Sorrera: 2011/09/21 | Azken eguneraketa: 2013/05/31 | Bisita-kopurua: 2302 | Argazki nagusia: www.digitale-naturfotos.de

Erregistra zaitez

Erregistra zaitez!

· Parte hartu edukiak hornitzen eta eztabaidatzen 
 
· Igo itzazu argazkiak, bideoak, liburuak, estekak...