Apoarmatu istilzalea
Emys orbicularis

Euskal Herrian baditugu ur gezako bi dortoka, ur gezakoak izanagatik apoarmatu izena jasotzen dutenak. Apoarmatu istilzalea 16 cm inguruko dortokatxoa dugu Arabako, Bizkaiako eta Nafarroako eremu jakinetan soilik agertzen dena. Nafarroako populazioak gainera, besteengatik morfologikoki bereizten dira oso horiak izateagatik, bai eztarri aldean eta baita bular-ezkutuan ere. Euskal Herriko apoarmatuek, hala ere, 70eko hamarkadaz geroztik Ameriketako senide batekin lehiatu behar dute, Floridako dortokarekin hain zuzen ere, animalia-dendetan saldu eta jendeak askatuta, izugarri zabaltzen ari dena.

Emys orbicularis

Phyluma
Chordata
Klasea
Sauropsida
Ordena
Testudines
Familia
Emydidae
Deskribatzailea
Linnaeus, 1758
Estatusa
nt

Deskribapena

Apoarmatu istilzalea 150 mm inguruko kelonioa da, arrek gehienez 172 mm eta emeek 168 mm lortzen dituztelarik (Salvador & Pleguezuelos 2002). Emeak handiagoak dira, heldutasun sexuala atzeratu egiten dutelako, hazteari denbora gehiago eskainiz.

Helduen oskola zapala da, edo zertxobait borobildua eta honen gainealdea beltza izaten da, lerro edo orban itxurako marrazki horiekin. Hala ere, zenbait aleek kontrako patroia azaltzen dute, hau da, bizkarralde horia orban ilunekin. 20-30 cm-ko oskola dute, forma obalekoa eta atzetik zabalagoa.

Plastroiaren kolorea aldakorra da populazioaren arabera, horitik ia beltzera, edo bi koloreen portzentai desberdinak dituztela. Gazteen plastroia nahiko malgua da eta erdialdean gila bat du, baina helduena zurrundu egiten da. Estaltzea errazteko, arrek isats luzeagoa dute eta plastroi sakonagoa.

Gainekaldeko oskolak bost orno-plaka aurkezten ditu, eta lau albo-plaka orno-plaken albo bietara, garondoko plaka eta plaka suprakaudala erdibituta dituelarik. Plastroiak bi sabel-plaka, bi humeral, bi bular-plaka, bi abdominal, bi femoral eta bi uzki-plaka ditu. Plastroiaren formula honako hau da: uzki-plakak > (sabel-plakak, bular-plakak, abdominalak) > femoralak > humeralak (Iverson 1992). Ondo garatutako txanga du, hioplastroiaren eta hipoplastroiaren artean.

Burua, kolore ilunekoa da baina orban horixka ugari azaldu ohi ditu, bereziki Nafarroako populazioen artean. Kokotxa kolorez argiagoa izaten da. Goi-baraila erdialdean zertxobait hondoratuta egoten da eta barailaren ertzak leunak dira.

Gorputz-adar luzeak dituzte. Aurreko hankek bost hatz dituzte eta atzekoek, lau hatz mintz batez loturik, oin palmatuak osatuz, igeriketarako ondo moldatuak.

Apoarmatu istilzale jaioberriak oso txikiak dira, profil borobilduagoa dute, isatsa luzeagoa eta orban biziagoak.

Banaketa

Espezie hau Afrikako iparraldetik (Maroko eta Argelia), Europako iparraldera (Lituania) eta Asia Erdialdera (Iran) zabaltzen da (Podloucky 1997; Fritz 2001).

Euskal Herriko populazioak berriki deskribatu dira eta hiru populazio nagusi daude: Araban, Arkauten, Betoñun eta Salburuan; Bizkaian, Bolueko hezegunean (Getxo) (Buenetxea et al. 2004); eta Nafarroan, Alesbeseko Badina Escudera LICean eta Bardeetan (Valdeón 2006).

Emys orbicularis Emys orbicularis

Habitata

Ia edozein ur-masatan aurki daiteke, baina bereziki korronterik gabeko eta landaredia ugariko ur inguruetan. Iberiar Penintsulan itsas mailatik 1050 metroko altitudera aurki daiteke (Segurado et al. 2005). Ingurune artifizialetan bizi daiteke baina beste dortoka batzuk baino okerrago jasaten du kutsadura (Keller et al. 1995; Albert & Gómez- Serrano 2000; Gómez-Cantarino & Lizana 2000; Segurado & Araujo 2004; Segurado & Kunin 2005). Gainera, Floridako apoarmatuak baino hobeto jasaten ditu uretako tenperatura hotzak, eta beraz, aldaketa klimatikoak inbasore honen alde egin lezake.


Elikadura

Apoarmatu istilzaleek dieta oportunista dute, bereziki animalietaz elikatzen direlarik baina besterik ezean, ez dietelarik landareei muzin egiten (Fritz 2001).

Bere dieta batik bat ornogabe txikietan oinarritzen da (Gómez-Mestre & Keller 2003), baina elikadura desberdina dute udaberrian (ornogabeak) eta udan, landarediak osatzen duelarik bereziki dieta (esaterako, nenufaren fruituak, hauen hazien dispertsioan laguntzen dutelarik) (Ottonello et al. 2005). Azkenik, espezie desberdinen zapaburuak jaten ere ikusi izan da.

Ugalketa eta ontogenia

Apoarmatu istilzalearen gorteiuak hibernaziotik esnatutakoan hasten dira, urtarrilaren erdialdera. Hala ere, udazkeneko euriteekin batera beste gorteiu-sasoi bat eman daiteke.

Arrek eme aktiboak bilatzeko mugimenduak egiten dituzte orduan, elikatzen hasi aurretik gehienetan. Emeek arren erasoak ekiditen dituzte eta pertsekuzio bortitzak ematen dira ur azpian. Behin arrek emea heltzea lortzen dutenean, gorteiua hasten da, emea oskol barruan sartzean datzana. Horretarako, arrek euren burua emeen buruaren kontra kolpekatzen dute behin eta berriro, batzutan emearen plastroia barrutik hozkatzera iritsiz. Era berean, arrek ahoarekin mugimendu berezi batzuk egiten dituzte, ura ahotik sudur-hobietara bidaliz. Emea oskol barrura sartzea lortzen dutenean, kopula hasten da, 11-67 minutu irauten dituena (Salvador & Pleguezuelos 2002).

Espezie honek aitatasun anizkoitza duela ikusi da baina portzentai txiki batean, %10 baino gutxiago. Emeek, arren esperma biltzeko gaitasuna dute eta beraz, erruteak gerta daitezke arren kontakturik gabe. Hala ere, estrategia honek ez dirudi oso arrakastatsua, espermak kalitatea galtzen baitu, ugalkortasuna murriztuz (Roques et al. 2006).

Lehen emeak arrautzekin gure latitudean ekaineko bigarren hamabostalditik aurrera azaltzen dira eta oro har, errunaldi bakarra izaten dute, uztaila erdialdean. Hala ere, apoarmatu hauek ez dituzte urtero jartzen arrautzak, baizik eta zenbait urtean behin (Cordero & Ayres 2004).

Erruteko, apoarmatu istilzale emeek zenbait kilometroko migrazioak egin ditzakete, errunaldi-eskualdeetara iristeko. Emeek orduan zulo bat induskatzen dute atzeko hankekin, era berean, ura botaz eremua biguntzeko. Kabi hauek 8-9 cm-ko zabalera izaten dute eta 10-12 cm-ko sakonera. Errunaldiak gauez izan ohi dira eta eme bakoitzak 3-18 arrautz jartzen ditu (Andreu & López-Jurado 1998). Azkenik, emeek kabirako sarrera berriro ere estali egiten dute (Salvador & Pleguezuelos 2002).

Arrautzen inkubazioa udan zehar egiten da eta gure latitudean, jaioberriak ez dira datorren udaberrirarte aterako, jaio eta segituan hibernazioa burutzen baitute (Segurado et al. 2005). Garapen enbrionarioan zehar dortokatxoen sexua erabakitzen da: 28ºC-tik behera, eta beraz, sakonera handienean dauden arrautzetan, arrak sortzen dira eta 29ºC-tik behera, emeak (Salvador & Pleguezuelos 2002). Euskal Herriko iparraldean tenperaturak hotzagoak direla eta, apoarmatu istilzale ar gehiago daude eme baino. Hala ere, Nafarroan egindako ikerketa batean ar eta eme erratioa 1:1 zela ikusi zen (Valdeón 2006).

Bizimodua

Urtean zehar aktibitate handiko bi sasoi nagusi ditu. Lehena, hibernazioaren ostean, eta bigarrena, hibernazioaren aurretik, orokorrean udazkeneko euriteei loturik doana. Bi sasoi hauen artean apoarmatu istilzaleak nahiko inaktiboak dira, bereziki tenperaturak altuak direnean eta ur-masen lehorteak gertatzen direnean. Lehortzen ez diren inguruneetan ere aktibitatea asko murrizten dute eta eguzkia hartzeari uzten diote, baita elikatzeari ere. Urik ez dutenean, aldiz, ur inguruneranzko migrazioak ekiten dituzte. Migrazio hauek 100 metro eta kilometro baten artekoak izan daitezke eta bereziki helduek burutzen dituzte, gazteak zonalde jakinetan mantendu ohi direlarik (Ayres & Cordero 2007).

Apoarmatu istilzalearen aktibitatearen pizgarri nagusia uraren tenperatura dela dirudi: 9ºC-ak gainditzen dituenean, apoarmatu hauek aktibo bihurtzen dira (Ramos et al. 2002). Lehen asteetan zehar termoerregulazioaz eta ugaltzeaz arduratuko dira eta ostera, elikatzeaz. Tenperaturak berriro igotzen hasten direnean aktibitatea mantentzen dute eta euriteak daudenean, putzuen arteko migrazioak egiten dituztela behatu da. Hala ere, aktibitatearen mugatzaile nagusia haizea dela uste da.

Aktibo dauden sasoien hasieran, udaberrian, apoarmatuak bereziki eguerdian zehar (13-16 h) egiten dute bizitza, enbor eta arroken gainean kokaturik termoerregulatuz pasatzen dutelarik eguna. Hala ere, udaberriak aurrera egin ahala goizeko 9:00-etatik gaueko 20:30-etara ikusi ahal izango ditugu, eguzkipean. Azkenik, tenperaturak berriro ere murrizten hasten direnean, apoarmatuak pixkanaka aktibitatea galduz doaz, erabat galdu arte neguan (Ayres & Cordero 1998).

Espezieen arteko elkarrekintzak

Apoarmatu istilzaleak apoarmatu korrontezalearekin (Mauremys leprosa) elkarbanatzen du maiz habitata (Segurado & Araújo 2008). Izenak dioen bezala, apoarmatu istilzaleak nahiago izaten ditu ur-masa tenporal eta bareak eta korrontezalea, aldiz, generalistagoa da eta ondo moldatzen da ere ur korrontedunetan. Hala ere, apoarmatu istilzalea, korrontezalearekiko desabantailan dagoela uste da eta beraz, habitat suboptimoak betetzen ditu (Araujo et al. 1997; Keller 1997). Bi espezieen arteko estaltze saiakerak ikusi izan dira gainera, baina ezpezie bi hauek ezin dira hibridatu (Ayres & del Pozo 2006).

Horrez gain, apoarmatu istilzalea Nymphaea alba nenufarearen hazien barreiatzaile nagusietako bat da (Calviño-Cancela et al. 2007).

Apoarmatu istilzaleak, gainera, predatzaile ugari ditu gaztetan, heldutan ia jangaitza baita bere oskol eta plastroi gogorra direla eta. Bere predatzaile nagusien artean Micropterus salmoides arrain exotikoa, azeriak, basurdeak, azkonarrak, igarabak, mangostak eta hegazti urtarrak daude (Andreu & López-Jurado 1998; Salvador & Pleguezuelos 2002). Emeek ere arrisku handia dute migrazioan zehar eta arratoiek, apoarmatuak jaten dituzte hibernazioan zehar edo habietan daudenean. Azkenik, apoarmatu jaioberriak ibai-karramarro amerikarrak, Procambarus clarkiik, jan ditzake.

Parasitoei dagokienean, dortoka hauek maiz izaten dituzte helmintoak (Serpinema microcephalus, Aplectana sp., Falcastrua sp.) (Hidalgo-Vila et al. 2004). Gainera, udan zehar apoarmatu hauek izainen erasoak jasan ohi dituzte, hauen plastroietako zaurietan kokatzen direnak (Ayres & Alvarez 2008).

Kontserbazioa

Zorrotz babesturiko espeziea da, Nafarroako espezie mehatxatuen katalogoan jasoa 'Bere habitataren aldaketarekiko sentikorra' kategorian, eta EAEko katalogoan 'kaltebera' kategorian. Espainiako Liburu Gorrian Levante aldeko eta Ebro Ibarreko populazioak (eta gure apoarmatuak hor barruan sartuta egongo lirateke), 'Arrisku handian' kategorian agertzen dira.

Gainera, 70eko hamarkadaz geroztik, Amerikako senide bat, Floridako dortoka, haren lurraldea inbaditzen ari da. Masail gorriko narrasti hori jatunagoa eta agresiboagoa denez, arriskuan jar ditzake bertoko apoarmatu populazioak.

Orain arte, Europako iparraldeko herrialdeetan, Floridako dortokaren zabaltzea mantsotzea lortu da. Izan ere, hango urak hotzegiak dira enbrioiak ongi garatzeko. Baina klimaren aldaketak oztopo hori desagerraraz dezake, ibaietako eta istiletako uren tenperatuta pixkanaka igotzen ari delako kontinente osoan.

Apoarmatu istilzale populaziorik onenak Nafarroa erdialdean eta Erriberan ditugu; hor oso ikerketa zorrotzak egiten ari dira Eder Partzuergoaren laguntzari esker eta Leader Plus programaren bitartez. Irrati-transmisoreak jarri zaizkie Erriberako populazio baten 10 aleri, apoarmatu horien jokabidea, ugalketa-ohiturak, e.a. ezagutzeko.

Esteka interesgarriak


Bibliografia


Ramos S, Llorente GA, Franch M, Montori A. 2002. Actividad y ciclo biológico de una población de galápago europeo (Emys orbicularis) en el nordeste ibérico, Girona (Cataluña). Libro de resúmenes del VII congreso Hispano-Luso de herpetologí. Evora

Ayres C, Cordero A. 1998. Actividad del galápago europeo en el noroeste de España. Libro de resúmenes del VII congreso nacional y IV Latinoamericano de Etología. Pontevedra

Ayres C, Cordero A. 2007. Site tenacity in European pond turtle (Emys orbicularis) hatchlings in NW Spain. Amphibia-Reptilia, 28: 144-147

Andreu AC, López-Jurado LF. 1998. Emys orbicularis (Linnaeus, 1758). Reptiles. Fauna Ibérica.. Ramos MA et al. (Eds.). Museo Nacional de Ciencias Naturales, CSIC. Madrid

Roques S, Díaz-Paniagua C, Portheault A, Pérez-Santigosa N, Hidalgo-Vila J. 2006. Sperm storage and low incidence of multiple paternity in the European pond turtle, Emys orbicularis: A secure but costly strategy?. Biological Conservation, 129: 136-143

Segurado P, Araújo APR. 2008. Population structure of Emys orbicularis in syntropy and allotropy with Mauremys leprosa. Revista Española de Herpetología, 22: 45-54

Araújo P, Segurado P, Santos N. 1997. Bases para a Conservação das tartarugas de água doce, Emys orbicularis e Mauremys leprosa. Estudos de Biologia e Conservação da Natureza. Instituto de Conservação da Natureza. Lisboa

Hidalgo-Vila J, Martinez-Silvestre AN, Pérez-Santigosa N, Díaz-Paniagua C, Andreu AC, Ruiz X, De Frutos C, León L. 2004. Primeros resultados del estado sanitario de poblaciones de galápagos autóctonos y exóticos en el SO de la Península Ibérica. Libro de resúmenes del VIII congreso Luso -Español de Herpetología.

Ayres C, Álvarez A. 2008. On the presence of Placobdella sp. leeches on Emys orbicularis. Acta Biologica Universitatis Daugavpiliensis, 8: 53-55

Ayres C, Del Pozo A. 2006. Intento de apareamiento interespecífico de galápagos autóctonos y alóctonos. Boletín de la Asociación Herpetológica Española, 16: 57-58

Calviño-Cancela M, Ayres C, Cordero A. 2007. European pond turtles (Emys orbicularis) as alternative dispersers of 'water-dispersed' waterlily (Nymphaea alba). Ecoscience, 14: 529-534

Keller C. 1997. Ecología de poblaciones de Mauremys leprosa y Emys orbicularis en el Parque Nacional de Doñana. Tesi doktorala. Sevillako Unibertsitatea. Sevilla

Cordero A, Ayres C. 2004. A management plan for the European pond turtle (Emys orbicularis) populations of the river Louro basin (NW Spain). Biologia, 14: 161-171

Gómez-Mestre I, Keller C. 2003. Experimental assessment of turtle predation on larval anurans. Copeia, : 349-356

Albert E, Gómez-Serrano MA. 2000. Situación de las poblaciones del galápago europeo ( Emys orbicularis , L., 1758) y el galápago leproso (Mauremys leprosa, Schweigger, 1812) en la provincia de Castellón. Dugastella, 1: 17-25

Keller C, Díaz-Paniagua C, Andreu A, Bravo MA. 1995. Distribution pattern of freshwater turtles in the Doñana National Park (SW Spain). International Congress of Chelonian Conservation. France - Gonfaron - Tortoise Village - 6th to 10th of July 1995

Gómez-Cantarino A, Lizana M. 2000. Distribución y uso del hábitat de los galápagos (Mauremys leprosa y Emys orbicularis) en la provincia de Salamanca. Boletín de la Asociación Herpetológica Española, 11 (1): 4-8

Segurado P, Araújo APR. 2004. Coexistence of Emys orbicularis and Mauremys leprosa in Portugal at two spatial scales: is there evidence of spatial segregation?. Biologia, 14: 61-72

Segurado P, Kunin WE. 2005. Complementary use of microhabitat by Emys orbicularis and Mauremys leprosa along a Mediterranean stream. Abstracts 4th International Symposium on Emys orbicularis. Valencia

Segurado P, Ayres C, Cordero A. 2005. La cistude d'Europe en la Peninsule Iberique.. Manouria, 29: 19-20

Valdeón A. 2006. Datos preliminares de dos poblaciones de galápago europeo (Emys orbicularis) en el sur de Navarra.. Libro de resúmenes del IX Congreso Luso-Español de Herpetología. Donosti

Iverson JB. 1992. A revised checklist with distribution maps of the turtles of the world. Earlham College. Richmond

Buenetxea X, Tejerina L, Larrinaga A. 2004. Localización y estudio de distribución de galápagos acuáticos en la Reserva de la Biosfera de Urdaibai (Bizkaia). Libro de resúmenes del VIII congreso Luso-español de Herpetología. Málaga

Fritz U. 2001. Emys orbicularis (Linnaeus, 1758) – Europäische Sumpfschildkrote. Fritz U (Ed). Handbuch der Reptilien und Amphibien Europas. Band 3/IIIA. Schildkröten (Testudines) I (Bataguridae, Testudinidae, Emydidae). Aula Verlag. Wiebelsheim

Podloucky R. 1997. Emys orbicularis (Linnaeus, 1758). Gasc JP et al. (Eds). Atlas of amphibians and reptiles in Europe. Museum National d’Histoire naturelle. Paris

Salvador A , Pleguezuelos JM. 2002. Reptiles españoles. Identificación, historia natural y distribución. Esfagnos. Talavera de la Reina
Egilea: Maialen Sistiaga | Sorrera: 2012/02/22 | Azken eguneraketa: 2014/08/20 | Bisita-kopurua: 4058 | Argazki nagusia: Rafael Vazquez Graña

Erregistra zaitez

Erregistra zaitez!

· Parte hartu edukiak hornitzen eta eztabaidatzen 
 
· Igo itzazu argazkiak, bideoak, liburuak, estekak...