Euli-txori beltza
Ficedula hypoleuca

Txori txiki honek Euskal Herria udan baino ez du bisitatzen. Gainontzean Sahara hegoaldera bidaiatzen du bertako klima oparoaz gozatzera. Halere, erraza da euli-txori beltza ikustea intsektu bila etengabe ibiltzen baita harat-honat hegaka. Halaber, arren lumadiaren kontrasteagatik espeziea identifikatzea oso erraza da.

Ficedula hypoleuca

Phyluma
Chordata
Klasea
Aves
Ordena
Passeriformes
Familia
Muscicapidae
Deskribatzailea
Pallas, 1764
Estatusa
lc

Deskribapena

Euli-txori beltza 12-13 cm-ko luzera eta 12-13 g inguruko pisua duen txori txiki bat da (txolarre bat baino apur bat txikiagoa). 21-24 cm arteko hego-zabalera, gorputz trinkoa, buru zabala eta moko mehea dauka (batik-bat intsektuak jaten dituenaren erakusle) (Morales, 2012).

Udazkenean eta neguan arra eta emearen lumadiak oso antzekoak dira: alde dortsala marroi-berdexka dute eta alde bentrala argiagoa (ikus goiko irudiko emea). Halaber, luma tertziarioak zuriak direnez hegaletan orban zuri bat ikusi dakieke (bilduta dauzkatenean goiko aldean). Arrek kopetan ere marka zuri bat daukate, mokoaren gainean. (Cramp eta Perrins, 1993; Mullarney et al, 2010).

Udaberrian, ordea, arraren lumadiak kontraste izugarria hartzen du. Izan ere alde dortsaleko lumak eta buztana ere beltzak izaten ditu garai honetan, eta alde bentrala zuri argia.

Iberiar penintsulako euli-txori beltzak Ficedula hypoleuca iberiae subespeziekoak dira, Europakoak baino apur bat txikiagoak dira eta luma tertziarioen orban txuria nabariagoa dute.

Antzeko espezieak

Euli-txori grisa (Muscicapa striata)

Morfologikoki antz handia baldin badute ere, koloreak zeharo desberdinak dira bi espezieotan. Hala ere, argitasun gutxiko egoeratan erraza da espezieok nahastea.


Txinbo kaskabeltza (Sylvia atricapilla)

Morfologikoki oso desberdinak dira bi espezieok, baina kantuan antza handia dute.

Kantua

Kantuan esaldi motzak egiten ditu, tono eta erritmo aldaketaz beteriko te-vi te-vi te-vi moduko sekuentzia errepikatuz. Deian, bestalde, pik pik pik antzeko bat egiten du.

Banaketa

Espezie migratzailea denez uda Europan eta negua Afrikan egiten du. Europan Iberiar Penintsulan eta, batez ere, Europa erdialdean aurki daiteke (Uraletaraino eta Siberia mendebaldean ere ikusi izan da). Iberiar penintsulako banaketa zatikatua dago, mendi inguruak hobesten baititu. Euskal Herrian ere halatsu gertatzen da. (Cramp eta Perrins, 1993; Morales, 2012).

Ficedula hypoleuca Ficedula hypoleuca

Habitata

Ugalketa garaian 1000 eta 1500 metro arteko altueran dauden baso heldu eta itxiak aukeratzen ditu, harizti, artadi eta pinudiak batez ere (Potti et al., 2005). Euskal Herrian nekazal lurren inguruetan ere aurkitu izan da (Álvarez et al., 1985).

Habia batez ere emeak egiten du eta horretarako inguruan aurkitzen dituen hosto eta enbor-azalak erabiltzen ditu (Moreno et al., 2009; Morales, 2012). Halaber, animalien ileak ere erabiltzen ditu arrautzak errungo diren lekua atontzeko. Nahiko arrunta da spezie hau habia-kutxak ere erabiltzen dituela ikustea. Horretarako, ordea, beste hegaztiek lehenago erabili ez dituztenak aukeratzen ditu; badirudi horrela ektoparasitoak saihesten dituela (Merino eta Potti, 1995).


Elikadura

Euli-txori beltza intsektujalea da, eta hauek batez ere hegan harrapatzen ditu. Mota guztietako intsektuak jaten ditu, baina udazkenean nekez aurkitzen ditu inurriak ez diren bestelako harrapakinik. Lipidoetan aberatsak diren fruituak ere jaten ditu, zuhandorrarenak (Cornus sanguinea) adibidez (Hernández, 2009).

Ugalketa eta ontogenia

Ugalketa-garaia arrak kumatze-lurraldera iristen direnean hasten da, apirila bukaeran. Bertan zuloren bat edo habia-kutxaren bat bilatzen dute eta bertatik kantuan hasten dira emeak erakartzeko asmoz. Gorteiuan konpetentzia handia dago eta maiz arrak euren artean borroka bizian ikus daitezke (Morales, 2012).

Arrautzak maiatza bukaera eta ekaina bukaera artean erruten dituzte. 3-7 arrautz artean erruten dituzte, kolore urdin-berde nabarmenekoak (ikus irudia). Arrautz hauek 2 astez inkubatzen dira (emeak soilik inkubatzen ditu). Jaiotakoan, txitei bi gurasoek ematen diete jaten 13-14 egunez. Jaio eta bi astetara txitek habia uzten dute, nahiz eta oraindik ere denbora batez gurasoengandik gertu ibiltzen baitiren.

 

Bizimodua

Espezie monogamoa da, baina zenbait arretan poligamia ere ikusi izan da (Morales, 2012).

Espezieen arteko elkarrekintzak

Euli-txori beltzak besteak beste amilotx urdinekin (Cyanistes caeruleus) eta kaskabeltz handiekin (Parus major) lehiatzen du habia-kutxengatik edota habia eraikitzeko lekuengatik. Lehia hauetan, gainera, garaile ateratzen ohi da (Potti, 2009).

Bestalde, euli-txori beltza erbinudeen (Mustela nivalis) nahiz okil handien harrapakina izaten da. Hauek batez ere txitak jaten dituzte, baina batzuetan inkubatzen ari den emea ere eraso izan dute (Potti eta Merino, 1994). Halaber, eskailera-sugeek (Rhinechis scalaris) ere habian dauden txitak jan izan dituzte.

Predaziotik babesteko, ordea, espezie honek jokabide berezia dauka: helduek alarma-dei bat egiten dute hegoak etengabe astintzen dituzten bitartean (Morales, 2012). Orduan habian dauden txitak isilik geratzen dira, alegia, bazka eskatzeari uzten diote harrapariak ez dezan haien berri jakin. Halaber, heldu batzuk harraparia erasotzen saiatzen dira.

Kontserbazioa

Iberiar penintsulan 130.000 eta 350.000 bikote artean kuma dezaketela estimatu da, eta badirudi gehienak penintsularen iparraldean kumatzen dutela (Merino eta Potti, 1997). Bestalde, Europan Iberian baino populazio handiagoak aurkitu dira (guztira 4-16 milioi bikote artean daudela uste da) (BirdLife International/EBBC, 2000).

Horregatik guztiagatik Europan Least Concerned kategoarian sailkatzen du espezie hau IUCN erakundeak; hau da, mehatxurik gabekoa. Hala ere, Europako Hegaztien Zuzentarauan (79/409/CEE zuzentaraua) jasota dago, bai eta Bernako eta Bonngo hitzarmenetan ere. Espainiar estatua Espezie Mehatxatuen Katalogoan Interes Berezikoa kontsideratuta dago.

Espezie honek duen mehatxu nagusiena bere habitataren galera da. Horrek populazioak isolatzen ditu eta poliki-poliki alerik gabe geratzen joaten dira (Morales, 2012). Hori dela eta, leku askotan habia-kutxak atondu zaizkio euli-txori beltzari hauetara oso erraz moldatzen delako (Sanz, 2000). Halere, basoen kudeaketa egoki bat onura handiagoak ekarriko lizkioke.

Argazkiak

Euli-txori beltza
Garikoitz Perurena ( 2008/09/05 )
Esteka interesgarriak


Bibliografia


Potti, J., Merino, S.. 1994. Depredación sobre aves insectívoras en cajas nido. Algunas implicaciones para el manejo y conservación de sus poblaciones y diseño de los nidales. Ecología, 8: 445-452

Potti, J.. 2009. Advanced breeding dates in relation to recent climate warming in a Mediterranean montane population of Blue Tits Cyanistes caeruleus. Journal of Ornithology, 150: 893-901

Merino, S., Potti, J.. 1997. Papamoscas cerrojillo Ficedula hypoleuca. Pp. 438-439. En: Atlas de las Aves de España (1975-1995). Lynx Edicions. Barcenola

BirdLife International/European Bird Census Council. 2000. European bird populations: estimates and trends.

Sanz, J. J.. . Cajas-nido para aves insectívoras forestales. Colección Naturaleza y Medio Ambiente. Caja Segovia. Segovia

Hernández, A.. 2009. Summer-autumn feeding ecology of Pied Flycatchers Ficedula hypoleuca and Spotted Flycatchers Muscicapa striata: the importance of frugivory in a stopover area in north-west Iberia. Bird Conservation International, 19: 224-238

Merino, S., Potti, J.. 1995. Pied flycatchers prefer to nest in clean nest boxes in an area with detrimental nests ectoparasites. The Condor, 97: 828-831

Cramp, S., Perrins, C. M.. 1993. Handbook of the Birds of Europe the Middle East and North Africa. Volume VII.. Oxford University Press. Oxford

Morales, J.. 2012. Papamoscas cerrojillo – Ficedula hypoleuca. (Enciclopedia Virtual de los Vertebrados Españoles). Museo Nacional de Ciencias Naturales, Madrid., :

Potti, J., Carrascal, L. M., Palomino, D.. 2005. Las comunidades de aves del Parque Natural del Alto Tajo y su zona periférica de protección. Consejería de Agricultura y Medio Ambiente, Junta de Comunidades de Castilla-La Mancha, :

Álvarez J, Bea A, Faus JM, Castien E, Mendiola I. 1985. Atlas de los Vertebrados Continentales de Álava, Vizcaya y Guipúzcoa (excepto Chiroptera). Eusko Jaurlaritza. Vitoria-Gasteiz

Moreno, J., Merino, S., Lobato, E, Ruíz-de-Castañeda, R., Martínez-de la Puente, J., Del Cerro, S., Rivero-De Aguilar, J.. 2009. Nest-dwelling ectoparasites of two sympatric hole-nesting passerines in relation to nest composition: An experimental study. Écoscience, 16: 418-427

Svensson, L., Mullarney, K., Zetterstrom, D.. 2010. Guía de aves de España, Europa y región mediterránea. Omega.
Egilea: Garikoitz Perurena | Sorrera: 2013/06/24 | Azken eguneraketa: 2013/10/23 | Bisita-kopurua: 2383 | Argazki nagusia: Andy Morffew

Erregistra zaitez

Erregistra zaitez!

· Parte hartu edukiak hornitzen eta eztabaidatzen 
 
· Igo itzazu argazkiak, bideoak, liburuak, estekak...