Muturluzea
Galemys pyrenaicus

Satorren familiako ugaztun txikia da muturluzea edo desmana. Gaur egun oso egoera larrian dago Euskal Herrian, oso ibai gutxi dira bere biziraupenerako baldintzak aurkezten dituztenak, eta ibai hauetan ere tarte txikitan. Bere kontserbaziorako ezer egin ezean desagertu egin daiteke.

Galemys pyrenaicus

Phyluma
Chordata
Klasea
Mammalia
Ordena
Eulipotyphla
Familia
Talpidae
Deskribatzailea
É. Geoffroy, 1811
Estatusa
vu

Deskribapena

Tronpa luze eta zapaldua du eta honen puntaren goiko aldera irekitzen zaizkio sudurzuloak, biluzia da baina bi aldeetara bizartxo lerro bana du. Begi txikiak ditu, ilajearen azpian ia ikusezinak. Gorputz biribila du baina nabarmen luzatzen da igerian ari denean. Aurre-soinadar txikiak, mintz interdigital laburrekoak; atzekoak aldiz, luzeak, barnealdera zuzenduak, mintz interdigital handikoak, larru ezkatatsu batez estaliak eta ile luze eta sendodun lerro bat dutenak. Buztan oso luzea du, zilindrikoa eta punta lateralki zapaldua; ile gogorrarekin, nahikoa urria larru ezkatatsua ikusi ahal izateko. Kolore marroi iluna, urpean dagoenean nabarmentzen diren erreflexu distiratsuekin. Tronpa eta soinadarrek kolore beltzaska dute, bertako ileek zilar kolorea dutelarik. Alde bentrala dortsala baino askoz argiagoa, kolore gris ditiratsu batekin, aldakorra banakoaren arabera. Haragi koloreko buztana, ile zuriskekin.

Ez du dimorfismo sexualik, 50g 80g artean pisatzen du eta 11cm 13,5cm inguruko luzeera du bere gorputzak. Isatsa burua eta gorputza biak batera baino luzeagoa da.

Banaketa

Iberiar endemismoa da, penintsularen iparraldeko mendigunetan bizi da, Erdialdeko Mendigunea eta Sierra Da Estrelatik (Portugal) hasi eta, Iberiar sistema iparraldera, Piriniotara, Kantauriar mendikatera eta Leongo mendietara. 

EAEn azken 20 urteetan ikusi da Endara, Oiartzun, Urumea, Añarbe, Leitzaran, Amundarain, Agauntza, Berrozi eta Ibaiuda ibaietan.

Habitata

Bere bizia urarekin guztiz erlazionatuta dago, ondorioz ur korronteetatik hurbil dauden zulo naturaletan edo beste animalia batek eginiko zuloetan egin ohi dute kabia. Oso animalia sentikorra da beraz ur korronteak kutsadurarik gabea, ondo oxigenatua eta landaretza ugarikoa izan behar du; antzeko ezaugarridun mendi ingurune zingiratsuetan ere bizi daiteke. Ezaugarri hauek izateko etengabe berriztatzen diren urak izan behar dira beraz errazagoa da ibaien goiko aldeetan aurkitzea, korronteak biziagoak direnean. 2000 metroko altitudeetan bizitzera iritsi daiteke.



Habitat bereko espezie gehiago

Accipiter nisus
Cinclus cinclus
Alcedo atthis
Natrix maura
Mustela lutreola
Rana iberica
Luscinia megarhynchos
Coracias garrulus


Elikadura

Normalean mota guztietako ornogabe urtarrez elikatzen da, baina tarteka krustazeo eta arrain txikiak ere harrapa ditzake.

Ugalketa eta ontogenia

Urtearen lehenengo erdian ugaltzen da. araldian azaroa eta maiatza arteko hilabeteetan jar daiteke baina normalean urtarriletik aurrera jartzen da. Lehenengo emeak otsailean ernaltzen dira, eta erditu maiatza eta uztaila bitartean egiten dira. Urtean behin erditzen dira orohar eta bakoitzean 2 eta 5 kume bitartean izaten dituzte, udan populaziora erantsiko direnak.

Maiatza eta uztaila artean erditu eta udan populaziora eransten dira. Abuztuaren amaieran hasten dira sakabanatzen gazteak eta heldutasun sexuala hurrengo urtean lortzen dute.Bost urte izatera iritsi daitezke.
 

Bizimodua

Animalia gautarra da batez ere, baina posible da egunez ikustea ere. Helduak oso bakartiak dira urtearen zati handi batean. Ibaiaren 100 eta 1000 metro bitarteko tartea hartzen dute; arrek tarte handiagoa hartzen dute emeek baino. Arrek, ibaitik irteten diren objetutan kokatzen dituzte beren hondakinak lurraldea markatzeko. Urte osoan aktibo mantentzen dira, ez baitago atseden hartzeko erabiltzen duten urte sasoirik.

Espezieen arteko elkarrekintzak

Muturluzearen harrapari ohikoenak animalia arrainjaleak dira eta tarteka harrapari lehortarrak ere bai. Bisoiak, igarabak, lertxunak... aurkitzen dira noizbehinkako harraparien artean.

Bere ezaugarri sistematikoengatik ziurrenik hainbat bizkarroi exklusibo aurkitu zaizkio: Eadiea desmanae akaroa, Aonchotheca galemydis eta Paraucaria hispanica nematodoak...

Kontserbazioa

EAEn 167/1996 Dekretuan sartu zen “sentikor” kategorian, baina 2003an “iraungipen arriskuan” kategoriara pasa zuten. Nafarroan 563/1995 Dekretu Foralean agertzen da “interes berezikoa” kategorian.

EAEn ez dago isurialde mediterraniarreko ibaietan, eta isurialde kantauriarrekoetan aldiz oso ibai gutxitan ageri da. Gainera ibai hauek ere gaur egun ez dute muturluzearentzat baldintza egokiak eskeintzen dituen tarte handirik, eta tarte horiek beren artean bakartuak daudenez, seguruena da espezia errekuperatzeko ezer egin ezean desagertu egingo dela inguru hauetatik.  

Esteka interesgarriak


Bibliografia


Nores C.. 2007. Desmán ibérico – Galemys pyrenaicus. En: Enciclopedia Virtual de los Vertebrados Españoles.
Egilea: Iñaki Odriozola | Sorrera: 2012/01/08 | Azken eguneraketa: 2014/08/20 | Bisita-kopurua: 2658 | Argazki nagusia: David Perez

Erregistra zaitez

Erregistra zaitez!

· Parte hartu edukiak hornitzen eta eztabaidatzen 
 
· Igo itzazu argazkiak, bideoak, liburuak, estekak...