Istingor arrunta
Gallinago gallinago

Euskal Herrira neguan bisitan datorkigun hegaztia da istingorra. Hezeguneetan bizi den oilagorraren lehengusua da baina oilagorrak ez bezala, aurpegi aldean marra ilunak eta burugain argia izaten ditu honek. Biek dituzte moko luze bereizgarriak, intsektuak eta zizareak harrapatzeko erabiltzen dutena.

Gallinago gallinago

Phyluma
Chordata
Klasea
Aves
Ordena
Charadriiformes
Familia
Scolopacidae
Deskribatzailea
Linnaeus, 1758
Estatusa
lc

Deskribapena

Istingor helduek 25-27 cm-ko luzera dute eta hegoen zabalera 44-47 cm-koa da. Pisua 80-140 g-koa izan ohi da baina migrazioaren aurretik 180 g pisatzera ere iritsi daitezke. 

Hanka motz berdexkak edo grisak dituzte eta oso moko luze eta iluna, proportzioan edozein hegazti zangaluzek baino luzeagoa. Gorputza marroi kolorekoa da eta orban horiak dituzte bizkarraldean, baina orban argiagoak sabelaldean. Begi inguruan marra beltz ilun bat aurkezten dute. Hegoak zorrotzak dira. 

Bi sexuak antzekoak dira, nahiz eta batzuetan emeek moko luzeagoak izaten dituzten. Hala ere, txitoak bereiztea erraz suertatzen da, kolore krematsuagoak azaltzen dituztelako.

Antzeko espezieak

Scolopax rusticola
Scolopax rusticola

Istingorrak, oilagorrak baino hobeto definituak izaten ditu aurpegi aldeko marra ilunak eta gehienetan, buruaren gainaldea oilagorrak baino argiagoa izaten du. Gainera, istingor arrunta paduretan bizi ohi da eta oilagorra basoguneetan.


Lymnocryptes minimus
Lymnocryptes minimus

Istingor txikia, izenak dioenez, bi espezie hauek baino txikiagoa da. Beste bietatik bereizteko ezaugarri nagusia buru gaineko marrazkia da: istingor txikiak, beste biek ez bezala, ez du marra argirik buruaren erdialdean, burua alde batetik bestera zeharkatzen diona. Bai aldiz, bi marra argi erdiko orban ilunaren inguruan, koro moduko bat osatuz istingorraren bururean aldeetara.

Kantua

Banaketa

Iparraldeko Eurasiako padura, tundra eta eskualde hezetan bizi den hegazti honek neguan mendebaldeko Europara eta Afrikara eta hegoaldeko Asiara migratzen du. Ugaltze-sasoian zehar Alaska, Canada eta Estatu Batuetako mendebaldean aurki daiteke, baita Islandia, Feroe Uharteetan eta Erresuma Batuan ere. Ekialderantz Errusiaraino zabaltzen da eta hegoalderantz, Espainia, Austria, Ucrania, Siberia hegoalde eta Txinaraino. Hala ere, neguan Ertamerikan, Hego Amerikako iparraldean, Afrika iparraldean, Europa erdialde eta hegoaldean eta Asiako hegoalde eta hegoekialdean aurki daiteke. Neguan, Euskal Herri osoan zehar agertzen da. Arruntagoa dirudi kostaldean eta Kantauri isurialde osoan nahiko ugaria da.

Gehienak migratzaileak diren arren, zenbait populaziok, esate baterako Estatu Batuetako mendebaldekoek eta Europa mendebaldekoek, ez dute migraziorik burutzen. Euskal Herrian ere uste da zenbait bikotek bertan burutzen dutela habia baina gehienak, Eskandinaviako migratzaileak dira.

 

Gallinago gallinago Gallinago gallinago

Habitata

Ugaltze-sasoian zehar, marisma geza eta gazietan bizi ohi da, belardi eta lurzoru hezeak konbinatzen dituzten guneetan. Hori dela eta, maiz laku eta ibaien ertzeetan ikus daiteke.

Ugaltze-sasoitik kanpo antzeko habitatetan bizi bada ere, habitat artifizialen erabilera handiagoa burutzen du, esate baterako, nekazal-lurrak, kostaldeko zonaldeak eta estuarioak.



Habitat bereko espezie gehiago

Trachemys scripta
Natrix maura
Triturus marmoratus
Pipistrellus nathusii
Hyla arborea
Alytes obstetricans
Pelophylax perezi
Capreolus capreolus
Rana dalmatina
Sympetrum fonscolombii
Salamandra salamandra
Rana temporaria
Neomys anomalus
Epidalea calamita
Rana iberica
Bufo bufo
Lissotriton helveticus
Sus scrofa
Asio flammeus
Miniopterus schreibersii
Mus musculus
Gasterosteus aculeatus
Buteo buteo
Ardea cinerea
Pandion haliaetus
Uria aalge
Larus argentatus
Crocidura suaveolens
Rattus norvegicus
Alosa alosa
Acrocephalus arundinaceus
Acrocephalus scirpaceus
Mustela lutreola
Cuculus canorus
Microtus cabrerae
Lymnocryptes minimus
Alca torda


Elikadura

Bere dieta intsektu heldu zein larbaz osatzen da, baita zizare, krustazeo txiki (isopodo eta anfipodoak), gastropodo txiki, armiarma, anfibio txiki eta haziez.

Ugalketa eta ontogenia

Arrak "winnowing" edo haizatze izeneko mugimenduak egiten ditu emea gorteiatzeko: altuera handietan egiten du hegan, borobilean, eta noizbehinka erortzen uzten da pixkat danborren antzeko soinu bat igorriz, "drumming" izenekoa, isatseko hegoak dardararaziz sortzen duena. Soinu hau maiz ardi edo ahuntzen soinuarekin konparatu izan da eta herrialde askotan istingorrari "ahuntza hegalaria" edo "zeruko aharia" deitu izan zaio.

Emeek habia lurrean ondo ezkutaturik egiten dute eta oliba ilun koloreko lau arrautz orbandun erruten dituzte bertan. Arrautzak 18-21 egunez inkubatzen dituzte.

Txitak jaiotzean kolore marroi iluneko lumatxez estalirik daude, zenbaitetan orban beltz, txuri eta beigekin. Guraso biek zaintzen dituzte txitak, aitak bi txita eta amak beste biak, 10-20 egunetan zehar.

Habia bikote bakartietako taldeetan egiten dute, kilometroko 10-38 bikote baino ez direlarik egoten.

Bizimodua

Istingorra ilunabar eta egunsentietan da aktiboen baina nahiko hegazti lotsakorra da, eta begetazio artean kamuflaturik mantendu ohi da. Predatzaileak asko hurbiltzen direnean bakarrik hasten dira hegan eta soinu altu bat emititzen dute orduan, sigi-sagan hegan eginez, predatzailea konfunditzeko. 

Istingorra ilunabar eta egunsentietan da aktiboen baina nahiko hegazti lotsakorra da, eta begetazio artean kamuflaturik mantendu ohi da. Predatzaileak asko hurbiltzen direnean bakarrik hasten dira hegan eta soinu altu bat emititzen dute orduan, sigi-sagan hegan eginez, predatzailea konfunditzeko. 

Hegazti migratzailea da, nahiz eta populazio batzuek soilik migrazio laburrak burutzen dituzten. Apirila eta abuztu bitartean ugaltzen da eta kumatu ostean, muda eskualdeetara mugitzen da. Lumajea aldatu eta gero hegoalderantz migratzen du, negua pasatzera bertan. Suediatik Saharara hegaldi transozeanikoa egiteko gai da bi egunetan gelditu gabe. Hegazti honek 6.760 km bidaia egin dezake 97 km/h batez besteko abiaduran. 

Istigorra ez da espezie guztiz gregarioa baina gehienetan talde txikietan batu ohi dira, edo gutxi batzuetan multzo handietan ere, neguko migrazioan zehar adibidez. 

Kontserbazioa

Estatuko Zerrenda Gorrian "Arriskupean" bezala sailkaturik dago baina Munduko Zerrenda Gorrian "Larritasun gutxikoa" bezala.

Euskal Herrian populazio ugaltzaile txikiren bat dagoela uste da eta hauentzako arazo larriena kumatzeko habitataren galera da. Populazio migratzaileentzako, aldiz, hezeguneen galera eta kontrolatu gabeko ehiza. Nafarroan, hala ere, ehizatu daitezkeen espezieen artean sailkaturik dago.

Banaketa zabala kontuan hartuta, ezezaguna da negua Euskal Herrian igarotzen duen populazioaren tamaina. Dena den, oso aldakorra da baldintza klimatikoen arabera; kostaldean nabarmen ugaltzen da hotz-boladetan: 10 ha-ko 22,2 hegazti Urdaibaiko urez betetako larreetan 1987ko urtarrilean; eta 10 ha-ko 1,4 ale, berriz, beste negu batzuetan. Arabako hezegune nagusietan gehienez 32 hegazti zentsatu ziren 1993an. Europa guztian, Errusian ezik, 530.000 bikote kalkulatzen dituzte. 

Esteka interesgarriak


Bibliografia


De Juana E, Varela JM. 2005. Aves de España. 2ª edición. Lynx Edicions. Barcelona

Asensio B, Carrascal LM. 1987. Migratología de las agachadizas comunes (Gallinago gallinago L.) invernantes en la Península Ibérica. Ardeola, 34: 225-242

Galarza A, Donínguez A. 1989. Urdaibai, Avifauna de la ría de Gernika. Bizkaiko Foru Aldundia.

Hidalgo J, del Villar J. 2004. Urdaibai, uretako hegaztien gidaliburua. Eusko Jaurlaritza. Gasteiz

Fernández de Montoya E, Nuevo JA. 2009. Censos de aves acuáticas invernantes en las zonas húmedas alavesas. Arabako Natur Institutua.

Álvarez J, Bea A, Faus JM, Castien E, Mendiola I. 1985. Atlas de los Vertebrados Continentales de Álava, Vizcaya y Guipúzcoa (excepto Chiroptera). Eusko Jaurlaritza. Vitoria-Gasteiz
Egilea: Maialen Sistiaga | Sorrera: 2013/12/05 | Azken eguneraketa: 2013/12/27 | Bisita-kopurua: 1672 | Argazki nagusia: Antonio Velázquez

Erregistra zaitez

Erregistra zaitez!

· Parte hartu edukiak hornitzen eta eztabaidatzen 
 
· Igo itzazu argazkiak, bideoak, liburuak, estekak...