Schreiber muskerra
Lacerta schreiberi

Lacerta schreiberi kolore deigarriko musker bat da, Penintsula Iberiarrera mugatua dagoena. Gune menditsu eta hezeetan bizi da eta intsektuez elikatzen da batez ere. Espezie lurraldekoia da, hau adierazteko jarrera kolorazio berezia hartzen duelarik.

Lacerta schreiberi

Phyluma
Chordata
Klasea
Sauropsida
Ordena
Squamata
Familia
Lacertidae
Deskribatzailea
Bedriaga, 1878
Estatusa
nt

Deskribapena

Tamaina ertaineko muskerra da, 40 bat cm-ko luzerarekin, gorputzaren luzeraren erdiaren bikoitza buztanari dagokiolarik. Buru sendoa, motza eta lodia dauka. Lepoko eraztuna 10-13 ezkataz osatua egoten da. Gorputzaren erdialdean zeharka kokatutako 48-58 ezkata dortsal eta 27-36 ezkata bentral izaten ditu, azken hauek 8 lerrotan kokatuak (Oliveros Pérez 2007).

Luzerari dagokiola ez da dimorfismo sexual nabaririk ikusi, bai ordea kolorazioan; urte bateko adinarekin jada posiblea da indibiduoen sexua jakitea kolorazio dortsalean oinarriturik. Ar helduek alde dortsala berdea edo berde-horixka izaten dute, orban beltz nabariekin. Eme helduetan kolorazioa aldakorra da, baita populazio beraren barruan ere. Alde dortsala berdea, arrea edo tarteko kolorekoa izan daiteke eta orban beltzak ere izaten dituzte, arretan baino handiagoak hauek, erdialdeko lerro batean eta bazterretan agertzen direnak. Orban beltz hauen forma eta tamaina aldakorra izaten da; indibiduo batzuek oso pigmentazio beltza izaten dute eta beste batzuek, orbain bakar bat ere ez (Marco 2002). Alde bentrala horia izaten da, orban beltz ugarirekin arren kasuan eta emeetan gutxiagorekin. Gazteek kolore arre-berdea izaten dute, oso markatuta dauden orban hori edo zurixkekin. Sabela eta buztana horia izaten da (Andrada 1985). Bi sexuetan buruaren goiko aldea eta buztana arreak izaten dira; jaioberrietan, ostera, buztanak kolore horixka izaten du (Marco 2002).

Arrek araldian daukaten kolorea oso bereizgarria izaten da; buruak eta lepoak kolore urdin bizia hartzen du, kolore berdearekin kontraste handia egiten duelarik (Marco 2002); emeek ere kolore urdineko lepoa izaten dute, baina ez da arretan bezain nabaria izaten (Salvador 1985).

Antzeko espezieak

Lacerta lepida

Lacerta lepida espezieko gazteen antzeko da, baina hauek ez bezala, Schreiber muskerrak ezkata bentralen 8 lerro ditu, sabelaldea normalean beltzatua eta burua guztiz urdina araldian (Andrada 1985).


Lacerta viridis

Lacerta viridis espezieko gazteekin antzekotasunak ditu, baina ezkata bentralen 8 lerro ditu honek, sabelaldea normalean beltza izaten da eta burua araldian guztiz urdina.

Banaketa

Iberiar Penintsulako espezie endemikoa da (Marco 2002). Espainia ipar mendebalde eta erdialdeko eta Portugal iparralde eta mendebaldeko Sistema Zentralera mugatzen da bere banaketa. Populazio isolatuak ere behatu dira Penintsularen hegoaldeko mendi eta kostako gune batzuetan (Sá-Sousa et al. 2009).

Lacerta schreiberi Lacerta schreiberi

Habitata

Normalean gune menditsu eta hezeetan agertzen da, itsas-mailatik 2100m-ko altituderaino (Sá-Sousa et al. 2009). Erreka bazterretan eta iturburuetan agertzen da maiz, baina iparraldean edota baso helduetan ur-ibilguetatik urrun ikusi da. Helduek gune irekiak eta harritsuak zein sasitza trinkoak aukeratzen dituzte; gazteek, ordea, belardi hezeak dituzte nahiago. Esan beharra dago, uraren kalitatearekiko oso sentikorrak direla, ez dira egoten oso kutsatuta dauden erreketan (Marco 2002).



Habitat bereko espezie gehiago

Fringilla coelebs
Phoenicurus phoenicurus
Erithacus rubecula
Accipiter gentilis
Coracias garrulus
Neomys fodiens
Lutra lutra
Trachemys scripta


Elikadura

Schreiber muskerraren dieta intsektu (koleopteroak, lepidopteroak, himenopteroen larbak, etab.), narrasti, txori gazte eta fruituetan oinarritzen da. Egunean jarduten duenez, jakiak egunez baino ez ditu eskuratzen (Salvador 1985). Harrapakinen tamaina aldakorra izaten da adinaren arabera: musker gazteek 15mm baino gutxiago dituztenak baino ez dituzte ehizatzen eta helduek 40mm-rainoko tamaina dutenak. Gainera, buru handiagoa daukaten arrek harrapakin handiagoak eskuratu ahal izango dituzte eta, ondorioz, eskuragarri dauden harrapakin kopurua emendatu egiten da.Urtaroaren arabera ere ezberdintasunak daudela ikusi da: koleopteroak arruntagoak izaten dira udaberrian eta ortopteroak udan (Marco 2002).

Ugalketa eta ontogenia

Schreiber musker arra lurraldekoia da, emearekin kontaktu fisikoa mantentzen duelarik, estalaldirako aurkariak saihesteko. Araldian kolorazio berezia hartzen dute arrek, gainontzeko arrak ohartarazteko eta emeak erakartzeko. Ar dominatzailea zenbait emerekin batzen da, baina emea ere ar ezberdinekin elkar daiteke.

Lazertidoen familiako gainontzeko muskerren moduan, Screiber muskerrak ere poro femoralak dauzka hanken azpialdean; hauek komunikazio kimikorako erabiltzen dituzte, aurkarietatik babesteko, zein bikotea erakartzeko (Marco 2002).

Gorteilua maiatzan ematen da eta hilabete baten ondoren, ekainan arrautzak jartzen dituzte, 13-21 bitartean; baina kopuru hau oso aldakorra da, emearen adinaren eta tamainaren araberakoa (Marco 2002).

Bizimodua

Schreiber muskerraren aktibitatea martxoa eta apirila bitartean hasten da eta urria edo azarora arte luzatzen da. Udazkenean hibernazioan sartzen da, baina honen iraupena aldakorra izan daiteke, eguraldiaren arabera (Barbadillo 1987).

Gorputzadarrak ongi garatuta daude, harraparietatik ihes egiteko eta ezkutatzeko erabiltzen dituelarik. Hauei esker, zuhaitzetara igotzeko gaitasuna ere badauka. Maiz harraparietatik ihes egiteko uretara egiten du jauzi eta ur azpian zenbait minutuz irauteko gaitasuna du.

Espezieen arteko elkarrekintzak

Bere aurkari naturalen artean berekin bizi diren lubrido eta biperido batzuk daude, besteak beste, Montpellierko sugea (Malpolon monspessulanus), iparraldeko suge leuna (Coronella austriaca),  hegoaldeko suge leuna (Coronella girondica), lataste sugegorria (Vipera latastei), sugegorri kantabriarra (Vipera seoanei) eta aspis sugegorria (Vipera aspis). Hauez gain, hegazti eta ugaztun ugarik ere ehizatzen dute muskerra noizbehinka (Barbadillo 1987). Hauez gain, bizkarroi ugari aurkitu dira Schreiber muskerrean, kaparrak, esaterako (Marco 2002).

Kontserbazioa

Bernako ituneko II. Eranskineko zerrendan agertzen da. Bertan Europa mailan babestu beharreko espezieak eta beren habitatak agertzen dira (Sá-Sousa et al. 2009). Euskal Herrian interes bereziko kontsideratzen da (Marco 2002).

Esteka interesgarriak


Bibliografia


Marco A. 2002. Lagarto verdinegro - Lacerta schreiberi. Enciclopedia Virtual de los Vertebrados Ibéricos. http://www.vertebradosibericos.org/reptiles/lacsch.html (2013/04/15)

Oliveros Pérez J. 2007. Lacerta schreiberi Bedriaga, 1878. Asturnatura. http://www.asturnatura.com/especie/lacerta-schreiberi.html (2013/04/17)

Sá-Sousa P, Marquez R, Pérez-Mellado V, Martínez-Solano I. 2009. Lacerta schreiberi. IUCN Red List of Threatened Species. http://www.iucnredlist.org/details/11113/0 (2013/04/17)

Andrada, I.. 1985. Guía de campo de los anfibios y reptiles de la Península Ibérica. Omega, S.A.. Bartzelona

Salvador A. 1985. Guía de campo de los anfibios y reptiles de la Península Ibérica, Islas Baleares y Canarias. Autorearen edizioa. León

Barbadillo LJ. 1987. La guía de INCAFO de los anfibios y r eptiles de la Península Ibérica, Islas Baleares y Canarias. INCAFO. Madrid
Egilea: Ainhoa Ubiria | Sorrera: 2013/05/24 | Azken eguneraketa: 2014/08/20 | Bisita-kopurua: 3135 | Argazki nagusia: Rafael Vazquez Graña

Erregistra zaitez

Erregistra zaitez!

· Parte hartu edukiak hornitzen eta eztabaidatzen 
 
· Igo itzazu argazkiak, bideoak, liburuak, estekak...