Uhandre palmatua
Lissotriton helveticus

Palmatua, Euskal Herriko uhandrerik txikiena da. Euskal Herrian nahiko arrunta dugun arren, bere izen espezifikoa, 'helveticus' Suitzako Elba ibaitik dator. Uhandre palmatuaren bitxikerietako bat: ez ditu hanka palmatuak, behintzat emeak, arrak araldian zehar atzeko hanketako hatzen artean mintzak garatzen baditu ere.

Lissotriton helveticus

Phyluma
Chordata
Klasea
Amphibia
Ordena
Caudata
Familia
Salamandridae
Deskribatzailea
Razoumowsky, 1789
Estatusa
lc

Deskribapena

Larbak 8-12 mm-ko luzeera izaten du arrautzetik ateratzean eta 40 mm-raino metamorfosiaren aurretik. Oso isats luzea dute, mutur zorrotzean bukatzen dena eta kanpo-brankiak dituzte. Kolorez marroiak izaten dira, kolore ilunagoko orban txiki irregularrekin (sabelaldean eta hanken azpialdean ez), eta albo gorrixkak izan ohi dituzte. Kanpo-brankiak ere gorrixkak izaten dira, edo ia gardenak, hauek ere orbanekin. Gandor dortsal nabaria dute, brankien altueratik isatseraino zabaltzen dena. Begia, alboetara dituzte eta urre kolorekoak izaten dira, askotan hauetan ere orban ilunagoak azaltzen direlarik.

Uhandre palmatu heldua tamaina txikiko anfibio liraina dugu. Arrek 55-70 mm-ko luzera izaten dute eta emeek zertxobait gehiago, 60-80 mm inguru. Anfibio hauen gorputza orbain beltzez apainduriko larru arre leunez jantzita dago. Azpialdea zuriska izaten da eta erdialdean eta luzetara, laranja koloreko arrastoa dute, apaingarri gisa.

Buruaren bi aldeetan berriz, begietatik pasatzen den arrasto iluna bereiz dakieke. Sexuen arteko dimorfismoa nabaria da. Oro har, emea arra baino handixeagoa eta biribiltsuagoa da, eta kolore argiagoa du. Baina zalantzarik gabe, arra eta emea bereizteko garairik aproposena araldia da, arrek eztei-janzkera nahastezina hartzen baitute tenore horretan: bizkarrean eta batez ere isatsean gandor dotorea garatzen dute eta isatsaren punta 5-6 mm-ko filamentu beltz batean bukatzen da. Bestalde, barrabilak erabat puztu egiten zaizkie eta atzeko hanketako atzamarren artean mintzak garatzen dituzte, oin palmatuak sortuz. Izan ere, hortik datorkie 'palmatu' delako izena.

Banaketa

Banaketari dagokionez, Europako mendebaldeko espeziea dela esan dezakegu, eta kantauriar eskualdetik Frantziaraino, Britainia Handiraino eta Suitzaraino (Elba ibaiaraino) hedatzen da; horixe da hain zuzen ere latinezko 'helveticus' izenaren jatorria. Iberiar penintsulan, berriz, iparraldean soilik aurki genezake, Galiziatik Kataluniaraino doan lerroan. Euskal Herrian espeziea aurkitzeko lekurik aproposenak alde atlantiarreko hezeguneak dira. Dena dela, mediterraniar isurialdean ere ugaria da Lizarrerriko Erriberako hegoaldea eta Bardeak bitartean. Lurralde lehor horietatik hegoaldera, tarteka topa daitekeen arren, oso eskasa da.

Lissotriton helveticus Lissotriton helveticus

Habitata

Putzuak, urmaelak, lakuak, askak, zingirak edota erreka inguruak dira zapaburuen ohiko bizilekuak. Ur-korronteetan ager daitezkeen arren, putzu geldoak askoz gehiago atsegin dituzte.

Dirudienez, landaretza egoteak edo ez, edota putzuaren tamainak ez dute anfibio hauen agerpena baldintzatzen, eta iturritako askak bezalako ur-gune txikiak ere egokiak dira kuma daitezen. Bestalde, lautadan eta behe-lurretan zein mendian (1.500-2.000 metrotaraino) aurki daitezke. Beraz, basoak, mendiko larreak eta beste habitat askotan ere bizi dira, beharrezkoak dituzten txoko hezeak egonez gero.


Elikadura

Uretako fasean, erraztasun handiz sartzen dira igelek eta apoek jarri dituzten arrautza-multzoen artean eta larbak harrapatzen dituzte hauek jaio ahala. Horrez gain, uhandre palmatuaren larbak intsektuez, kruztazeoez eta moluskuez elikatzen diren harrapakari trebeak dira.

Euria egiten duenean, gauez, uhandre helduak lurrera ateratzen dira bizilekutzat dituzten urmaelen inguruan dauden zizare txikiak eta intsektuak jateko. Intsektuen, krustazeoen eta moluskuen larbak ere jaten dituzte.

Ugalketa eta ontogenia

Udaberriaren hasieran, udara bitartean luza daitekeen araldia hasten da. Urtarriletik edo otsailetik aurrera uretara jotzen hasten dira eta berehala ekiten diete gorteiu harrigarriei. Ematen den lehen urratsa elkar ezagutzea da eta orduantxe arra, inguruan dituen espeziekideak arretaz aztertzen hasten da. Beste ar batekin topo egiten duenean berehala banatzen dira, baina emea baldin bada, dantza bitxi bati ekiten dio. Hasteko, emearekiko trabeska jarriz, bidea moztu egiten dio. Ondoren, isatsa emea dagoen aldera okertu eta astintzen hasten da, punta dantzan jarriz.

Mugimendu honen ondorioz, ur-korrontea eragiten du eta mezu biokimikoa duten substantzia usaintsuak bidaltzen dizkio bikoteari, ernalketarako seinalea iradokiz. Ernalketa gerta dadin ordea, arraren espermatoforoak (espermio-masa duen egitura txikiak) emearen kloakara iritsi behar du eta horretarako ondoko jokaera bitxi hau erabiltzen dute: emea kilikatu ondoren, arra oinez abiatzen da eta bikotea ugalketarako prest baldin badago, atzetik segika joango zaio. Arrak orduan espermatoforoa ur hondora askatzen du eta bikoteak kloakaz jaso eta barneratu egiten du, barruan daramatzan arrautzak ernaltzen dituelarik. Ez da beraz kopularik ematen, baina barne ernalketa gertatzen da.

Ernaldu eta egun batzuetara, martxoa edo apirila aldera, emeak kontu handiz eta banan banan 200-300 arrautz erruten ditu. Baina etsaiek aurki ez ditzaten, arrautzek duten estalki itsaskorraz baliatzen da, landare-urtarrei loturik ongi gordeta uzteko. Eguraldiak laguntzen duenean aste-pare bat edo bestela, zertxobait gehiago behar izaten da eklosioa gertatzeko. arapen-maila egokia lortzen dutenean, metamorfosi-prozesua pairatzen dute eta bizimodu lehortarrerako beharko dituzten egiturak garatzen dituzte. Hiru hilabeteren ondoren, helduen itxurako 30 mm-ko uhandretxo bihurtzen dira. Hala ere, hilkortasun handiaren ondorioz, gutxi iristen dira metamorfosia burutzera.

Bizimodua

Nahiz eta urodelo hauek urarekiko lotura handia izan, ugaltze-sasoitik kanpo lehortarrago bihurtzen dira. Dena den, lehorrean daudenean, eguna harri edo enborpean gordeta pasa behar dute ez deshidratatzeko eta soilik ilunabarrean utz dezakete ezkutalekua ehizara irteteko. Orduan, haien azal leuna latzagoa bihurtzen da, belusaren antzerakoa, eta gorputzean zehar pikortxoak ateratzen zaizkio. Udazkenaren bukaeran eskualde hotzenetan orbela eta harri artean gordetzen dira hibernatzeko, baina orokorrean, ia urte osoko jarduera dute.

Espezieen arteko elkarrekintzak

Amphybiocystidium ranae dermozistidioak azalean kalteak eragiten dizkio. Gainera, ur-gezako muskuiluak behatu izan dira uhandre palmatuaren hanketara lotuta, hain zuzen ere, Sphaerium nucleus eta Pisidium subtruncatum. Azkenik, uhandre honi ere Chytridiomycosiak eragiten dio.

Kontserbazioa

Ugaria da banaketa-arearen zatirik handienean, batez ere eremu hezeetan. Itxura guztien arabera, gainera, uhandre palmatu populazioak egonkorrak dira. Espezie Mehatxatuen Espainiako katalogoan 'Interes berezikoa' bezala sailkatuta dago.

Esteka interesgarriak


Egilea: Maialen Sistiaga | Sorrera: 2012/02/17 | Azken eguneraketa: 2014/08/20 | Bisita-kopurua: 1629 | Argazki nagusia: Ander Izagirre Egaña

Erregistra zaitez

Erregistra zaitez!

· Parte hartu edukiak hornitzen eta eztabaidatzen 
 
· Igo itzazu argazkiak, bideoak, liburuak, estekak...