Ipar-katamotza
Lynx lynx

Europako felidorik handiena da ipar-katamotza. XIX. mendearen erdi aldera banaketa zabala zuen Europa osoan, baina giza jardueraren eraginez, leku ezkutu eta helezinenetara baztertua izan da. Euskal Herrian 1936an ehizatu zen azken katamotza Alaitzen (Nafarroa); halere, badirudi oraindik geratzen direla Nafarroan eta Zuberoan, azken urteetan arrasto-behaketak eta behaketa zuzenak aipatu baitira Iratin, Santengrazin eta Piriniotako beste hainbat lekutan. Edonola ere, oraindik baleude, Piriniotara erabat mugatuta leudeke eta galtzeko arrisku larrian.

Lynx lynx

Phyluma
Chordata
Klasea
Mammalia
Ordena
Carnivora
Familia
Felidae
Deskribatzailea
Linnaeus, 1758
Estatusa
lc

Deskribapena

Katamotzen artean handiena da. Ar helduek 21,6 kg-ko bataz besteko pisua dute, eta emeek, zertxobait txikiagoak, 18,1 kg-koa; Siberia ekialdekoak dira munduko handienak. Hanka erlatiboki luzeak ditu eta oin handiak, “elurretako erraketa efektua” egiten diotenak, horrela errazago ibil daiteke elur asko dagoenean. Neguan, ilaje dentsoa hazten zaio oinean. Ilajea grisaxka du, herdoiletik horixkarako tonuarekin. Ile-motots luze eta beltzak ditu belarrietan, eta punta belztun buztan motza  (Nowell & Jackson 1996).

Banaketa

Mundu mailan, Asian eta Europan agertzen da. Asian, Himalayaren iparraldeko isurialdean aurki daiteke, sastrakadi itxietan eta basoen mugatik gorako trokarteetan. Himalayaren hegoaldeko isurialdean, Nepaleko Dhaulagiri eskualdean bakarrik ikusi da, tundra alpetarrean. Tibeteko meseta osoan, eta Asia zentraleko basamortuetako mendietan eta muinoetan aurki daiteke (Nowell & Jackson 1996). Antzina Europa osoan bizi zen eta arrunta zen Euskal Herrian, baina egun, desagertuta dago Europa mendebaldeko leku gehienetan; halere, badirudi Piriniotan aleren batzuk geratzen direla (Larrañaga 1996).

Banaketa-mapetan katamotzaren presentzia jarri dugu Piriniotan, baina, zantzuak badiren arren, presentzia ez dago erabat frogatuta.  

Lynx lynx Lynx lynx

Habitata

Europan eta Siberian, ipar-katamotza ungulatu populazio onak dituzten baso-inguruneta bizi ohi da. Halere, beste hainbat lekutan habitat ugaritara moldatu da: baso irekiagoetara Asia erdialdean, Himalayako sastrakadi itxietara, Dhaulagiriko mendietako tundrara, Asia erdialdeko basamortuetako muino eta mendi harritsuetara, Tibeteko mesetara... (Nowell & Jackson 1996)


Elikadura

Bere harrapakinik ohikoenak ungulatu txikiak dira, eta horien eskasiarik ezean, ez ditu harrapakin txikiak ehizatzen. Populazioaren bizilekuaren arabera, tokiko ungulatuak dira bere harrapakinak. Siberia iparraldean, dentsitate baxuagoko ipar-katamotz populazioak bizi dira, ez baitago ungulaturik, baina bai, ordea, erbiak; katamotzaren eta erbi artikoaren (Lepus arcticus) populazioek gora-behera ziklikoak izaten dituzte. Beren banaketaren zenbait puntutan, ungulatu handiak ere ehizatzen ditu (emeak eta kumeak bereziki), hala nola, oreina (Cervus elaphus), elur-oreina (Rangifer tarandus) eta argalia (Ovis ammon). Ipar-katamotza bera baino 3-4 aldiz handiagoko harrapakinak ehizatzeko gai da (Nowell & Jackson 1996).

Ugalketa eta ontogenia

Araldia otsailetik apirilaren erdialdera izaten da, eta kumeak maiatza eta ekaina artean jaiotzen dira. Emea hiru egun inguru egoten da harkor, beraz arra emearen atzetik ibiltzen da. Ernaldia 69 egun ingurukoa izaten da eta 2-3 kume jaiotzen dira batez beste kumaldiko (Nowell & Jackson 1996).

10 hilabete ingururekin independizatzen dira. Emeak 20-24 hilabeterekin ugaltzen dira lehen aldiz, eta arrak 30 hilabete ingururekin. Aske 17 urtetik gora bizi daitezke eta gatibutasunean 24 urtetik gora (Nowell & Jackson 1996). 

Bizimodua

Arrak 264 km2 inguruko azaleran mugitzen dira eta emeak 168 km2 ingurukoan. Emeak beren eremuaren erdialdean ibili ohi dira, baina arrek gehiago bisitatzen dituzte euren eremuen ertzak. Emeen eremuen % 86 ar baten eremuak estaltzen du. Hainbat ikerketatan ikusi da, ar baten eremua, eme bakar baten eta bere kumeen eremuarekin gainezartzen dela. Arrek emeen eremuen erdialdea saihesten dute, baina horren ingurutik gainontzeko arrak eta beste espezieak bidaltzen dituzte. Eremuak gorotzekin, gernuarekin edo aurpegiko eta oinetako guruinetatik jariatutako eskrezioekin markatzen dituzte. Gauez, ilunsentian eta egunsentian egon ohi dira aktibo, eta egunean zehar atseden hartzen dute (Nowell & Jackson 1996).

Espezieen arteko elkarrekintzak

Katamotzaren populazioak txikiagoak izaten dira otso populazio handiko guneetan. Errusiako basoetan otsoa (Canis lupus) eta azkonar jatuna (Gulo gulo) dira bere predatzaile nagusiak. Tigre siberiarrak (Panthera tigris altaica) ere jaten du, urdaileko azterketenan ikusi denez. 

Elikagaiengatik lehiatu ere egiten du aurretik esandakoekin eta, baita azeria (Vulpes vulpes), basurdea (Sus scrofa) eta hontzekin ere (en.wikipedia.org). 

Kontserbazioa

Ehizatzen dituen ungulatuen suntsipenak asko eragiten dio, negu gogorreko lekuetan ezin baitu harrapakin txikiekin bakarrik biziraun. Basoen soiltzea ere mehatxu esanguratsua da katamotzarentzat. Larrua eskuratzeko ehizatzen diren katamotz kopuruari buruz ez dago informazio asko, beraz, zaila da jarduera honek katamotz-populazioetan duen inpaktua estimatzea (Nowell & Jackson 1996). 

Esteka interesgarriak


Bibliografia


Larrañaga J. 1996. Euskal Herriko fauna (ornodun lehortarrak): anfibioak, narrastiak, hegaztiak, ugaztunak. Elhuyar Kultur Elkartea.

Nowell K., Jackson P.. 1996. Wild cats: Status Survey and Conservation Action Plan.

. . Eurasian Lynx. http://en.wikipedia.org (2012/01/10)
Egilea: Iñaki Odriozola | Sorrera: 2012/01/14 | Azken eguneraketa: 2013/01/29 | Bisita-kopurua: 3589 | Argazki nagusia: Lubomir Hlasek (www.hlasek.com)

Erregistra zaitez

Erregistra zaitez!

· Parte hartu edukiak hornitzen eta eztabaidatzen 
 
· Igo itzazu argazkiak, bideoak, liburuak, estekak...