Lepazuria
Martes foina

Euskal Herri osoan zehar aurki daitekeen mustelidoen familiako kidea da lepazuria, Iberiar penintsulan agertzen diren bi supespezieetatik Martes foina foina delarik gurean ageri dena. Habitat naturaletatik hasi eta baserri ingurutaraino aurki daiteke animalia hau, mustelido zuhaiztar orok izan ditzakeen ezaugarri morfologiko nagusiak aurkezten dituelarik. Hala ere, bada erabat berea duen ezaugarri fisikorik ere, denetan esanguratsuena papar aldean izaten duen orbain zuria izanik. Orbain hau, gainera, oso antzekoa den lepahoriarengandik (Martes martes), mustelidoen familiakoa hau ere, begi-bistaz bereizteko ezinbestekoa da. 1984az geroztik debekatua dago lepazuriaren ehiza Euskal Herrian.

Martes foina

Phyluma
Chordata
Klasea
Mammalia
Ordena
Carnivora
Familia
Mustelidae
Deskribatzailea
Erxleben, 1777
Estatusa
lc

Deskribapena

Tamaina ertaineko haragijalea da lepazuria, eta zuhaitzetan bizitzera moldaturik dago gainontzeko mustelidoen gisara, gorputz luzexkara, buru estua eta mutur zorrotza ditu. Begiak eta sudurra handiak izan ohi dira gorputzaren tamainarekin alderatuz gero eta gorputz-adarrak, berriz, laburrak. Hauen muturretan, gainera, erpe barneragarriak izaten ditu; zuhaitzetan gora igo, enborretan zehar aritu eta adar batetik bestera saltoka ibili daitekeelarik ia inolako esfortzurik egin gabe. Isatsa luzea eta iletsua izan ohi du, egiten dituen mugimenduak egiten dituela ere, oreka mantentzeko aproposa. Zuhaitzetara moldatzeko egokiak diren ezaugarri guzti hauek direla eta, lurrean ibilian doanean bizkarraldea okerturik eta saltoka aritzen da. 

Arre koloreko ilaia du, burualdean zertxobait argiagoa eta hanketan zein isatsean, berriz, ilunxeagoa izan badaiteke ere. Baina lepazuriarengan berezia den ezaugarririk baldin bada, papar aldean hasi eta sabelean zehar hanketaraino (mutur bitan bananduz) hedatzen zaion orban zuria da. Oro har, ilaiaren kolore-patroi hau nagusitzen bada ere, melanismo kasuak ere antzeman dira.

Lepazuri helduek 40-50 cm bitartean izan ohi dute luzeran, 21-27 cm izaten dituelarik hauen isatsak. Pisuari dagokionean, berriz, 1-2 kg artean izan ohi dute. Hala ere, eta dimorfismo sexual nabaria duen espeziea izanik, neurriok aldakorrak izan daitezke emeen eta arren artean, betiere emeak txikixeagoak eta arinagoak izanik. Hortzeriari so eginez gero, honako hortz-formula aurkituko zaio: 3.1.4.1./3.1.4.2.

Antzeko espezieak

Martes martes (Lepahoria)
Martes martes

Gorpuzkera orokorrari begiratuz gero, oso erraza da lepazuria eta lepahoria  elkarrekin nahastea, eta are gehiago bien banaketa-areak gainjartzen direnean. Izan ere, bi espezieok begi-bistaz ziurtasunez bereizteko ezaugarri diagnostiko bakarra papar-aldean aurkezten duten orbainaren kolorea da; esan bezala zuria lepazuriaren kasuan eta horixka ilunxeagoa lepahoriarenean. Honetaz gain, baina, badira bi espezie hauen artean ezberdinak diren ezaugarri gehiago, nahiz eta begi-bistaz bereizten zailagoak izan. Lepazuriak gorputz handixeagoa du, gorputz-adarrak laburragoak, muturra zapalagoa eta belarriak, berriz, txikixeagoak. 

Orokorrean, gainera, lepazuriaren eta lepahoriaren nitxo trofikoek gainjartze-maila handia izaten dute, inguruaren erabilera antzekoa egiten dutelarik. Ehizatzen dituzten animalien eta elikagaien konposizioaren arabera, baina, bada bereizketarako aukerarik, banaketa ekologiko bat suposatzen duelarik honek. Lepahoriak txoriez eta basoetako mikrougaztunez elikatzen ohitura handiagoa duen bitartean, lepazuria fruitu lehorrez eta esparru irekietako mikrougaztunez elikatzen da.

Banaketa

Espezie paleoartikoa da lepazuria, ia Europa osoan (Iberiar penintsularen hegoaldetik hasi eta Polonia iparralderaino; Britainiar irletan eta Eskandinavian ez baina zenbait irla mediterranearretan bai) eta Asiako erdigunean zehar (Turkiako goi lurrak, Kazajstan, Iran, Himalaya, Mongolia eta Txina) banatzen delarik.
 
Iberiar penintsulan, Balear zein Kanariar uharteetan izan ezik, gainontzeko lurralde osoan agertzen da, iparraldea eta hegoaldea hartzen dituzten espezieak ezberdinak direlarik: Martes foina foina (Erxleben 1777) penintsularen iparralde zein erdigunean, eta Martes foina mediterranea (Barret-Hamilton 1898), ilaia gorrixeagoa eta paparralde horixeagoarekin penintsularen hegoaldean.

Euskal Herrian mustelido honek duen banaketa orokorra dela esan ohi da, lurralde osoan zehar presentzia nahiko nabarmena eta ia uniformea agertzen duelarik.

Martes foina Martes foina

Habitata

Guztiz gautarra den espeziea dugu M. foina, baina habitat ezberdin ugaritan aurki daitekeena, estepa ingurutatik hasita baso mediterranearretara, baso hostoerorkorretan, konifera basoetan eta baita inguru harritsuetan ere. Honetaz gain, Europa erdialdean ikus daitekeen bezala, gaitasun handia du gizakia bizi den ingurunetara ohitzeko, hiri handietako parke eta eraikuntzatan ere aurkitu izan delarik. Gurean, baina, gizakiarenganako hurbilketa landa-ingurunetara soilik mugatzen da. Oro har, bada, ez dirudi habitat jakinekiko loturarik duenik.



Habitat bereko espezie gehiago

Martes martes
Glis glis
Myodes glareolus
Dendrocopos medius
Dryocopus martius
Erinaceus europaeus
Accipiter nisus
Scolopax rusticola


Elikadura

Lepazuriaren elikadura ez da batere espezifikoa, momentu oro eskuragarri dauden ehizakien araberako moldakortasun handia erakusten duelarik. Urtaroekin batera asko aldatzen da espezie honen dieta gainera. Uda-udaberri denboran batez ere esparru irekitako mikrougaztunez (Apodemus, Microtus) eta tamaina txiki zein ertaineko txoriez (Turdus, Erythacus) elikatzen da; eta udazken-neguan, berriz, narrasti txiki eta fruituez (Rubus, Rosa, Malus).

Ugalketa eta ontogenia

18 hilabete eta hiru urte bitartean lortzen dute lepazuriek heldutasun sexuala, eta behin ugaltzeko gertu egonik, ekaina eta abuztua erdira bitartean izan ohi da araldia (inoiz, bigarren ugal-sasoi bat ere behatu izan da otsailean). Animalia poligamoak dira eta ugal sasoian soilik elkartzen dira bikotetan, urtearen gainontzekoan animalia bakartiak direlarik.

Araldian zehar, emeek soinuak igorri ohi dituzte eta baita zenbait elementu usaintsu jariatu ere arrak erakartzeko. Behin bi sexutako banakoak elkarturik, 50 minutuz elkar esetsiz eta oihuka aritzen dira, arrak emea lepotik tinko heldu artean. 

Behin ernalketa emanik, zigotoa blastozito etaparaino garatuko da, baina momentu horretan enbrioiaren garapena eten egiten da, otsailera arte honela iraunez, noiz, blastozito bideragarrien garapena ematen segiko den ondorengo 55-60 egunetan.

Erditzeak martxoa eta apirilean zehar izaten dira eta 2-4 kume bitartean izan ohi dute, inoiz 5 kumetara ere irits daitezkeelarik. Kume jaioberriak guztiz itsu eta gor jaiotzen dira. Edoskitzaroak kumeak hiru hilabete izatera iritsi arte irauten du, uda amaiera edo udazken hasierarako jubenilak beraien ehizakiak ehizatzeko gai izaten direlarik. Hala ere, zenbait indibiduok oraindik zenbait hilabete egingo dituzte amaren lurraldean.

Lepazuriaren bizi-itxaropena 8-10 urte bitartekoa, salbuespenak salbuespen.

Bizimodua

Espezie lurraldekoia da oso, bizitza bakartia duena eta ugalketa sasoian soilik elkartzen dena ugal-bikotekidearekin. Eskuragarri duen elikagai kopuruaren arabera, banako bakoitzaren lurraldearen tamaina aldakorra izan ohi da, ingurune naturaletan 2 km2-ra irits daitekeelarik. Oro har, ar helduen lurraldeak izan ohi dira hedadura handienekoak, eta 2-3 eme heldurenekin gainjarri ohi dira.

Elikagaien eta babeslekuen (zuhaitz enborretako zuloak, harritzak…) banaketa heterogeneoa dela eta, lurraldearen erabilera zatikatua egiten dute oso; eta norbanakoek gorotz eta txizaren bitartez inguruneko elementu nabarmenak identifikatuz markatzen dituzte beraien lurraldeen mugak (zuhaitzetan, harrietan, zubietan…).

Espezieen arteko elkarrekintzak

Lepahoriarekin izan ditzakeen habitat gainjartzeaz gain, Iberiar penintsula mailan lepazuriak katajinetarekin (Genetta genetta) elkarrekin dezake batez ere; izan ere, tamaina antzerakoa dute, zuhaitzetan aritzeko gaitasun antzerakoak garatu dituzte eta energia-iturri antzerakoen beharra dute. Hala ere, elkarrekintza honen inguruko ikerketak urriak dira oraindik.

Harrapariei dagokienez, Europa erdialde eta iparraldean azeriaren (Vulpes vulpes), ipar-katamotzaren (Lynx lynx), arrano beltzaren (Aquila chrysaetos) eta hontza handiaren (Bubo bubo) harrapakin gisa deskribatu bada ere, badirudi gurean ez dela horrelakorik gertatzen, lepazuriaren harrapari kontsidera daitekeen espezieren baten izena zehaztea zaila delarik.

Azkenik, mustelido txiki gehienen kasuan bezala, lepazuriak Skrjabingylus nasicola nematodoa du parasito nagusi gisa, kalte nabarmen edo garantzitsurik eragiten ez badizkio ere. 

Kontserbazioa

Gaur egun lepazuriaren ilajeak interes ekonomikorik ia ez duenez, animalia honen ehiza zuzena oso urria da, harrapakarien kontrolerako ehiza-kanpainetara soilik mugatzen delarik.

Bestalde, edozein habitatetara moldatzeko duen gaitasun handia dela eta, Euskal Herriko baso autoktonoen murrizteak oso eragin baxua izan du lepazuriarengan, lepahoriarekin gertatzen denaren kontran.

Egun, 1984ko uztailaren 11ean Eusko Jaurlaritzako Arrantza eta Abeltzaintza Sailak onarturiko lege bat dela medio, debekatua dago lepazuriaren ehiza EAEko lurralde osoan.

Azkenik, aipatzekoa da Iberiar penintsulan zein Europa iparraldean lepazuriaren heriotza gehien eragiten duen faktorea errepideetan harrapatua izatea dela.

Esteka interesgarriak


Bibliografia


. . Enciclopedia virtual de los vertebrados españoles. http://www.vertebradosibericos.org (2012/10/30)

Palomo JL, Gisbert J, Blanco C. 2007. Atlas y Libro Rojo de los Mamíferos Terrestres de España. MMA. Madrid

Álvarez J, Bea A, Castien E, Faus JM, Mendiola I. 1985. Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako Ornodun Kontinentalen Atlasa (Chiroptera ezik). Eusko Jaurlaritzako Argitalpen Zerbitzua. Gasteiz
Egilea: Gadea Errasti | Sorrera: 2012/10/24 | Azken eguneraketa: 2013/04/03 | Bisita-kopurua: 2663 | Argazki nagusia: Kresten Hansen (www.fugleognatur.dk)

Erregistra zaitez

Erregistra zaitez!

· Parte hartu edukiak hornitzen eta eztabaidatzen 
 
· Igo itzazu argazkiak, bideoak, liburuak, estekak...