Azkonarra
Meles meles

Zakurraren tamainako mustelido handia da azkonarra. Karniboro orojalea da eta lurrazpian bizi da beste azkonarrekin batera. Nahiko arazo izan ditu gizakiarekin, arto sailetan egin izan dituen triskantzengatik eta bere ileekin bizarra kentzeko brotxak egin izan direlako. Ez du arazorik bere espezieko kideekin lurralde berean bizitzeko. Nahiko lurralde txikiak hartu ohi dituzte, normalean ez dute 2 Km-ko erradioa gainditzen.

Meles meles

Phyluma
Chordata
Klasea
Mammalia
Ordena
Carnivora
Familia
Mustelidae
Deskribatzailea
Linnaeus, 1758
Estatusa
lc

Deskribapena

Gorputz sendoa du, buru txikia eta lepoa oso motza. Gorputz luzanga du (58-75 cm) eta buztan motza (11,5-20 cm); ohin indartsuak ditu zulatzeko balio duten hatzazal luze eta sendoekin amaituak. Gorputzaren kolorea grisaska da alde dortsalean eta ilunagoa alde bentralean, eta fondo zuriko aurpegiko begi inguruetan bi banda beltz ditu. Pisua aldakorra da, Iberiar penintsulan 5-9,5 kg artean ibili ohi da, emeak zertxobait arinagoak dira baina dimorfismo sexuala ez da oso nabaria. Komunikaziorako erabiltzen dituen hainbat guruin ditu gorputzean; hauen bidez markatuko ditu lurraldeak.

Banaketa

Mundu mailan ipar hemisferiora mugatuta dago bere banaketa, Europatik hasi eta Asia ekialderaino nahiko uniformeki banatuta dago. Euskal Herri osoan zabalduta dago.

Meles meles Meles meles

Habitata

Azkonarrentzat egokienak zelai eta basoak txandakatzen diren lurrak dira, tenperatura epelekoak eta prezipitazio askokoak. Era berean, ugariagoa da zulatzeko errazak diren lurrak dituzten eta harritzak ugari diren inguruetan, hauen azpian egiten baitituzte beren gordelekuak. Ganadua ugari den inguruetan ere ugaritasuna emendatzen da. Euskal Herrian belardi eta bailarak hautatzen ditu, pinudi edo eukaliptadien birlandaketak arbuiatuz. Halere beste leku batzuetan eukaliptadietan aurkitzen da, eta estepa, basamortu, inguru zingiratsu eta altitude moderatuetan ere aurkitu izan dira. Beraz, janaria eskuratu eta gordelekuak eraiki ditzaketen inguru guztietan daude azkonarrak.



Habitat bereko espezie gehiago

Jynx torquilla
Dendrocopos major
Picus sharpei
Scolopax rusticola
Bubo bubo
Cuculus canorus
Otus scops
Dryocopus martius


Elikadura

Espezie omniboroa da eta oso dieta zabalekoa. Espezie generalista izan arren, zizareak ugari diren inguruetan hauek jatera espezializatu dela ikusi da. Elikagai aukera zabalaz bazkatzeko gai dira: intsektuak, fruituak, ugaztun txikiak, onddoak, zizareak... eta aipatzekoak dira gizakiaren landaketetatik datozen zerealak, olibak eta beste hainbat errekurtso ere. Untxia harrapakin garrantzitsua zen neumonia hemorragikoa agertu zen arte. Euskal Herrian dietaren % 40 baino gehiago fruituek betetzen dutela.

Ugalketa eta ontogenia

Azkonarretan ezarpen atzeratua izeneko fenomenoa ematen da, blastozitoen ezarpena estalketatik hilabete batzuetara ematen da. Estaltzea neguan gertatzen da (abendu-urtarrila). Erditze garaia latitudearekin aldatzen da baina beti ere neguan izaten da. Kumeak jaio eta berehala ematen dira berriro estalketak. Arrek urte batekin dute heldutasun sexuala eta emeek bi urterekin. Talde handitan eme batzuk bakarrik erdituko dira urtero eta talde txikiagoetan berriz eme guztiak. Kumaldi bakoitzeko kume kopurua aldakorra da latitudearen arabera, gure latitudean 2-3 izaten dira kumaldiko baina batetik bostera bitartean ibil daitezke.

Kumeak 9-10 aste izan arte gordelekuan egoten dira, orduan baitute behar adinako ahalmen termoerregulatzailea. Ez dago argi baina uste da 12 aste ingurura arte hartzen dutela titia eta gero solidoa jaten hasten dira, baina hau ere amak ekarriko die hasieran. 12-15 hilabeterekin izango dute heldutasun sexuala baina hau ere aldakorra izango da duten osasun egoeraren arabera, garrantzi handia du izandako elikadurak.

Bizimodua

Azkonarrak animalia gautarrak dira, egunargiz ikusteko oso zailak. Batzutan egunak beren gordelekutik urrun harrapatzen baditu zuhaitzen sustraipean edo oso landaredi dentsoko ingurutan ezkutatzen dira. Eguneroko jarduera zortzi ordu ingurukoa izan ohi da. Udaberrian eta udan dute jarduera maximoa eta udazkenean eta neguan atseden denbora luzeagoa dute. Oso gordeleku konplexuak egiten dituzte sarrera askotakoak eta ondo aireztatuak.
   
Gizarte-eredua oso aldakorra da. Eredu sinpleenetan, ar eta eme bikote ugaltzailea eta batzuetan ugaltzailea ez den beste helduren bat bizi dira lurralde berean. Baina elikagai kantitate handiko eta heriotza-tasa baxuko baldintzetan taldeak konplexuagoak dira, heldu asko egon daitezke eta kasu horretan ez dago dominantzia jerarkiarik; ar eta eme asko ugalduko dira denboraldi berean. Ingurune saturatuetan talde handiak osatzen dira, kumeentzat hobea baita gurasoen lurrean geratzea lurralde berri bat bilatzea baino; dentsitate baxuko inguruetan berriz, kumeak lurralde berri bat aurkitzen saiatuko dira gai direnean.

Espezieen arteko elkarrekintzak

Ez ditu etsai natural asko, baina ikusi da otsoek akabatu ditzaketela, eta dentsitate handiko inguruetan beren banaketa mugatu dezaketela. Zakurrek ere erregularki azkonarrak hiltzen dituztela ikusi da, eta heriotza kausa garrantzitsua da. Nafarroan sai zuriaren harrapakinen arrastoen artean ere aurkitu dira azkonarrak.

Hainbat parasito dituzte eta heriotza goiztiarren arrazoi garrantzitsuak izan ohi dira hauek sortutako gaixotasunak. Leku askotan azkonarren populazioak kontrolatu egin dira pasa ditzaketen gaixotasunengatik. Euskal Herrian trematodoak, zestodoak eta nematodoak dira aurkitu zaizkien parasitoak.

Kontserbazioa

Bernako hitzarmeneko III anexoak babesten du. Euskal Herrian ez da sartzen arriskuan dauden animalien artean.

Esteka interesgarriak


Bibliografia


Virgós E.. 2005. Tejón – Meles meles. En: Enciclopedia Virtual de los Vertebrados Españoles.
Egilea: Iñaki Odriozola | Sorrera: 2012/01/13 | Azken eguneraketa: 2013/01/29 | Bisita-kopurua: 3686 | Argazki nagusia: Andy Bright (www.Digiscoped.com)

Erregistra zaitez

Erregistra zaitez!

· Parte hartu edukiak hornitzen eta eztabaidatzen 
 
· Igo itzazu argazkiak, bideoak, liburuak, estekak...