Koba-saguzarra
Miniopterus schreibersii

Schreiber saguzarra, koba-saguzar izenez ere ezagutzen dena, leizezulotan gorde ohi den espeziea da. Miniopterus generoko Europako espezie bakarra da, eta Euskal Herriko lurralde guztian aurki daiteke. Talde handiak osatu ohi ditu kobazuloen barruan, gehienetan beste hainbat espezietako saguzarrekin batera, eta migrazio nahiko luzeak egiteko gai da. Bere kontserbazio-egoera ez da txarra, baina azken urteotan populazioek beherako joera hartu dutela ikusi da.

Miniopterus schreibersii

Phyluma
Chordata
Klasea
Mammalia
Ordena
Chiroptera
Familia
Miniopteridae
Deskribatzailea
Kuhl (1817)
Estatusa
nt

Deskribapena

Koba-saguzarra tamaina ertaineko (besagain-luzera: 43-50 mm) kiropteroa da eta 10 eta 20 gramo bitarteko pisua izan ohi du. Mutur oso motza du, eta kopeta nabarmenki handia eta irtena. Ilaje motza eta dentsoa du, marroi-gris kolorekoa. Saguzar gehienetan bezala, sabelaldea bizkarraldea baino argiagoa da. Koba-saguzarraren kasuan, gainera, sabelaldearen erdialdeko ileak ertzetakoak baino ilunagoak dira. Araldian daudenean, arren ilajea harroagoa izan ohi da, eta testikulu handiagoak izan ohi dituzte. Belarriak txikiak eta triangelu-formakoak dira, eta tragoa, berriz, txikia, aurrerantza irtena. Ezaugarri horiek direla eta, nahiko erraza da espeziea eskuan izan gabe identifikatzea, kobazulo batean eskegita dagoenean, esate baterako. Aspektu-ratio handiko hegoak ditu; hau da, luzeak eta estuak, eta ezaugarri horrek distantzia luzeko eta gune irekietako hegalari ona bihurtzen du espeziea. Hirugarren behatzeko bigarren falangea oso luzea da, lehenengoa baino hiru aldiz handiagoa, gutxi gorabehera. Plagiopatagioa orkatilan txertatzen da, eta uropatagioak ez du lobulu postkalkaneorik. 2.1.2.3/3.1.3.3 hortz-formula du.

Ekokokapena

Energia maximo frekuentzia 49-53 kHz-tan duten ultrasoinu-deiak igortzen ditu (Dietz et al. 2009), eta pipistrelo mediterraneoaren (Pipistrellus pygmaeus) ekokokapen-deiekin nahas daiteke. Azken horren deiak, dena den, irregularragoak izan ohi dira.

Banaketa

Banaketa oso zabala duen espeziea da. Jatorri subtropikala duen arren, Europan, Afrikan, Asian eta Australian ere aurki daiteke. Asiako eta Australiako animaliak espezie berekoak diren, ordea, eztabaidan dago. Europari dagokionez, hegoalde guztian arrunta da, Iberiar penintsulatik Kaukasoraino. Iberiar penintsula osoan aurki daiteke, hegoaldean eta mediterraneo inguruan arruntagoa den arren, eta mediterraneoko irla gehienetan ere badago (Dietz et al. 2009).

Euskal Herrian eremu guztian aurki daiteke, baina kolonia gehienak Araban ezagutzen dira (Aihartza 2001).

Miniopterus schreibersii Miniopterus schreibersii

Habitata

Leizeetan gordetzen den espeziea da, eta gutxitan erabiltzen dituzte gizakiak sortutako eraikinak bertako arrakaletan gordetzeko. Era horretako gordelekuak, normalean, ale bakanek erabiltzen dituzte neguan edo udaberrian, edo ehiza eremua handitzeko pausaleku gisa ere erabili ditzakete. Habitat mota ugaritan bizi daiteke, ingurune menditsu zein lauetan; izan ere, espeziearen banaketaren baldintzatzailea ez da habitata, gordelekuak baizik. Itsas mailatik 1.400 metro bitartean aurkitu dira espezie honen koloniak (Dietz et al. 2009).



Habitat bereko espezie gehiago

Cuculus canorus
Mustela lutreola
Gallinago gallinago
Microtus cabrerae
Gasterosteus aculeatus
Rattus norvegicus
Alosa alosa
Acrocephalus arundinaceus
Strix aluco
Jynx torquilla
Rattus rattus
Suncus etruscus
Acrocephalus scirpaceus
Lanius senator
Ardea cinerea
Larus argentatus
Nyctalus leisleri
Myotis emarginatus
Myotis nattereri
Barbastella barbastellus
Dama dama
Hyla arborea
Nyctalus lasiopterus
Nyctalus noctula
Pandion haliaetus
Uria aalge
Alca torda
Sus scrofa
Capreolus capreolus
Cervus elaphus
Chalcides bedriagai
Otus scops
Myotis bechsteinii
Meles meles
Plecotus auritus
Alauda arvensis
Pyrrhocorax pyrrhocorax
Galerida cristata
Alytes obstetricans
Apodemus flavicollis
Motacilla cinerea
Phoenicurus phoenicurus
Rana temporaria
Rana dalmatina
Pipistrellus nathusii
Bubo bubo
Falco tinnunculus
Milvus migrans
Luscinia megarhynchos
Neophron percnopterus
Fringilla coelebs
Canis lupus
Caprimulgus europaeus
Blanus cinereus
Tadarida teniotis
Turdus merula
Passer domesticus
Circaetus gallicus
Milvus milvus
Ciconia nigra
Falco peregrinus
Aquila chrysaetos
Apodemus sylvaticus
Crocidura russula
Troglodytes troglodytes
Athene noctua
Lymnocryptes minimus
Microtus duodecimcostatus
Lacerta schreiberi
Accipiter nisus
Mustela nivalis
Plecotus austriacus
Aglais urticae
Asio flammeus
Talpa europaea
Lepus granatensis
Talpa occidentalis
Microtus lusitanicus
Microtus gerbei
Tyto alba
Cyanistes caeruleus
Pica pica
Vanessa atalanta
Myotis blythii
Vulpes vulpes
Mustela erminea
Pipistrellus pipistrellus
Sorex minutus
Sorex coronatus
Microtus agrestis
Mus spretus
Micromys minutus
Mus musculus
Asio otus
Anguis fragilis
Picus sharpei
Dendrocopos major
Dryocopus martius
Dendrocopos medius
Martes foina
Martes martes
Scolopax rusticola
Erinaceus europaeus
Accipiter gentilis
Erithacus rubecula
Coracias garrulus
Dendrocopos minor
Lepus europaeus
Salamandra salamandra
Sciurus vulgaris
Glis glis
Myotis myotis
Pipistrellus kuhlii
Eptesicus serotinus
Colias croceus
Buteo buteo
Crocidura suaveolens
Rhinolophus hipposideros
Oryctolagus cuniculus
Hierophis viridiflavus
Myodes glareolus
Rhinolophus ferrumequinum
Garrulus glandarius
Ursus arctos
Turdus philomelos


Elikadura

Bere hortzeria intsektu txikiak jatera moldaturik dago, eta lepidoptero gautarrak, neuropteroak eta dipteroak dira dietaren osagai nagusiak (Presetnik 2002).

Ugalketa eta ontogenia

Schreiber saguzarra enbrioiaren ezarpen atzeratua duen Europako espezie bakarra da. Hau da, zigotoa udazkenean sortzen da, kopularen ostean, baina ez da uteroan ezartzen harik eta hibernazioa igaro arte. Saguzarrak hibernazio-egoeratik irtetean hasten da garatzen enbrioia. Bederatzi hilabete inguruko ernaldiaren ostean, emeak ekainean eta uztailean erditzen dira. Kumeek bi hilabete inguru behar izaten dituzte garapena amaitzeko, nahiz eta animalia asko gai diren 40 egunen buruan hegan egiteko. Emeek bi urteren buruan lortzen dute heldutasun sexuala (Dietz et al. 2009).

Bizimodua

Oso espezie taldekoia da, eta milaka alez osatutako koloniak eratzen dituzte urte guztian zehar kobazuloetan. Kumatze-garaian arratoi-belarri handiarekin (Myotis myotis), arratoi-belarri txikiarekin (Myotis blythii), ferra-saguzar ertainarekin (Rhinolophus euryale) eta ferra-saguzar mediterraneoarekin (Rhinolophus mehelyi) batera bil daitezke, baina neguan, normalean, ez dira beste espezieko animaliekin elkartzen, ferra-saguzar handiarekin (Rhinolophus ferrumequinum) salbu.

Hego-morfologiak oso azkar hegan egitea ahalbidetzen dio animalia honi, eta migrazio-bidaia luzeak egiteko gai da.

Espezieen arteko elkarrekintzak

Ez dira asko espezie honetaz elikatzen diren animaliak, baina horien artean bat nabarmentzekotan hontz zuria (Tyto alba) azpimarratu beharko litzateke. Animalia horrez gain, soro-muxarraren (Eliomys quercinus) eta katajinetaren (Genetta genetta) predazioak erregistratu dira Iberiar penintsulan.

Bizkarroiei dagokienez, parasito-karga handia duen espeziea da. Spinturnix psi akaroak, esate baterako, urte guztian zehar parasitatzen du eta Ixodes simplex kaparra ere aipatu behar da. Barne-bizkarroiei dagokienez, berriz, bi trematodo nabarmendu behar dira: Molinostrongylus panousei eta Litomosa ottavianii.

Kontserbazioa

IUCN-ren arabera, ia zaurgarri (NT) dagoen espeziea da. Espainian, aldiz, zaurgarri (Vu A2ac) kategoria eman zaio. Kategoria hori, ale kopuruan oinarrituta baino, horien beherakadak behartuta eman zaio. Kobetako espezie gehienekin gertatu bezala, Schreiber saguzarraren kontserbazio-egoeraren baldintzatzaile nagusia kumatze- edo hibernazio-kolonietan gizakiak duen eragina da. Espeziea oso zaurgarria da leizezuloen sarrerak ixteko ezartzen diren metalezko egituren aurrean, maniobrabilitate txikia duelako.

Esteka interesgarriak


Erlazionaturiko artikuluak

Kobazuloak, saguzarren babesleku

Lide Jimenez | 2013ko otsaila

Euskal Herriko saguzarrak: itzal hegodunak

Antton Alberdi | 2012ko apirila

Bibliografia


Presetnik P. 2002. Diet and biology of Schreiber's bat (Minipterus schreibersii) at castle Grad na Gorickem (NE Slovenia).. Diplomarbeit, Unibersität Ljubljana. Ljubljana

Aiharza JR. 2001. Quirópteros de Araba, Bizkaia y Gipuzkoa: distribución, ecología y conservación. Doktoretza-tesia, EHU. Bilbo

Dietz C, von Helversen O, Nill D. 2009. Bats of Britain, Europe & Northwest Africa. A&C Black. Londres

Palomo JL, Gisbert J, Blanco C. 2007. Atlas y Libro Rojo de los Mamíferos Terrestres de España. MMA. Madrid
Egilea: Antton Alberdi | Sorrera: 2011/11/27 | Azken eguneraketa: 2013/01/26 | Bisita-kopurua: 2394 | Argazki nagusia: www.mpushini-fauna.com

Erregistra zaitez

Erregistra zaitez!

· Parte hartu edukiak hornitzen eta eztabaidatzen 
 
· Igo itzazu argazkiak, bideoak, liburuak, estekak...