Etxe-sagua
Mus musculus

Karraskari txiki hau sagu guztien artean arruntena dugu. Gizakiarekin erlazionatutako eremuetan bizi da batik bat eta ondorioz, kalte handiak eragiten ditu maiz, giza kontsumorako edo abereentzako ziren elikagaiak janez.

Hala ere, etxe sagua etxekotu egin du gizakiak eta funtzio desberdinetarako erabiltzen da egun, denetan ezagunena laborategirako animalia eredu modura. Dudarik gabe, genetikoki eraldatutako ugaztunik erabiliena da sagutxo hau.

Mus musculus

Phyluma
Chordata
Klasea
Mammalia
Ordena
Rodentia
Familia
Muridae
Deskribatzailea
Linnaeus, 1758
Estatusa
lc

Deskribapena

Etxe sagu helduak txikiak dira eta muturretik isatsera 7,5-10 cm-ko neurria dute. Isatsa, 5-10 cm-koa izaten da eta 10-25 g inguruko pisua izaten dute.

Kolore aldakorrekoak dira baina Euskal Herrian etxe sagu arruntenak marroi kolorekoak izaten dira, ile motzekoak eta sabelalde txurikoak. Belarrietan eta isatsean ez dute apenas ilerik izaten.

Atzeko hanka txikiak izaten dituzte beste sagu batzuekin alderatuta, soilik 15-19 mm-koak. Azkar mugitzen dira eta 4,5 cm inguruko distantzia aurreratu dezakete pauso bakoitzean. Hala ere, bertikalki 45 cm-rainoko distantzia egin dezakete. Gehienetan lau hanken gainean ibiltzen badira ere, etxe saguak atzeko hanken gainean zutik jarri daitezke jateko edo elkarrekin borrokatzeko, beti ere isatsak lagunduta. Etxe saguak saltokari, eskalatzaile eta igerilari onak dira eta norabide jakin batean egindako ohiutxoak igortzen dituzte.

Sagu ar eta emeak ez dira erraz bereizten: emeen uzkiaren eta genitalen arteko distantzia askoz motzagoa da eta bost pare ugatz izaten dituzte. Aldiz, arrek ez dute ugatzik. Heldutasun sexuala lortzen dutenean arrak euren barrabilengatik bereiz daitezke. Nahiko barrabil handiak dituzte gorputzarekin proportzioan baina hauek gorputzaren barrurantz jaso eta bertan gorde ditzakete.

Antzeko espezieak

Mus spretus
Mus spretus

Etxe-sagua eta landa-sagua bereizteko erabiltzen den ezaugarririk arruntena isatsaren luzera da, landa saguaren isatsa askoz motzagoa baita (5,9-7,3 cm-koa).

Banaketa

Etxe sagua jatorriz india ingurukoa den arren, gizakiarekin batera zabaldu da mundu osoan zehar eta, gaur egun, mundu osoko erdialdean eta hego hemisferioan zehar zabaldurik dago. Soilik iparraldeko eremuetan falta da. Euskal Herrian, nonahi aurki daiteke.

Mus musculus Mus musculus

Habitata

Elikagai iturri baten ondoan dagoen ia edozein txokotan aurki daitezke ezkutaturik. Ingurune tropikalak, epelak, erdi-desertikoak, basamortuak eta antartikoak kolonizatu ditu, mundu osoan zehar.



Habitat bereko espezie gehiago

Uria aalge
Pandion haliaetus
Chalcides bedriagai
Larus argentatus
Alca torda
Eptesicus serotinus
Pipistrellus kuhlii
Oryctolagus cuniculus


Elikadura

Batik bat landareen eratorrietaz elikatzen diren arren, etxe saguak orojaleak dira. Euren gorotzak jaten dituzte maiz, hesteetako bakteriek ekoitzitako nutrienteak berreskuratzeko. Karraskari gehienak bezala, etxe-saguek ez dute oka egiten.

Ugalketa eta ontogenia

Sagu emeek sei eguneko araldia izaten dute baina egun bakar batez egoten dira ugalkor. Gainera, ikusi izan da zenbait eme elkarrekin biziz gero, arren presentziarik ezean, ez dutela araldirik izaten. Aldiz, arren gernuarekin estimulatuz gero 72 ordutan sar daitezke araldian.

Sagu arrek emeak gorteiatzen dituzte oihutxo ultrasoniko txikiak igorriz, 30-110 kHz ratioan egoten direnak. Oihutxo hauek bereziki arrak emea usaintzen duenean eta honen atzetik doanean egiten ditu. Hala ere, behin estaltzea hasi denean oihutxoek jarraitzen dute eta bat etortzen dira arraren sartu-atera mugimenduekin. Gainera, emeen feromonek oihutxo hauek igortzera bultza ditzakete arrak.

Bokalizazioak indibiduoen artean desberdinak dira eta txorien kantuekin alderatu izan dira, konplexutasun mailari dagokionean. Emeek oihutxo utrasonikoak egiteko ahalmena duten arren, ez dituzte normalean horrelakoak igortzen estaltzean zehar.

Estaltzearen ostean, sagu emeek "kopulazio tapoi" deritzon egitura garatzen dute, estaltze gehiago gertatzea ekiditen duena. Tapoi hau bagina inguruan mantentzen da 24 orduz.

Ernaldiak 19-21 egun irauten ditu eta 3-14 sagutxo erditzen dituzte emeek (bataz beste 6-8). Eme bakoitzak 5-10 kumaldi izan ditzake urtean eta, beraz, sagu populazioak oso azkar hazten dira. Etxe saguak urte osoan zehar ugal daitezke baina gizakitutako guneetan bizi ez diren saguak ez dira sasoi hotzean zehar ugaltzen (hala ere, ez dute hibernatzen).

Sagutxo jaioberriak itsuak dira eta ez dute ilerik. Ilea jaio osteko hirugarren egunean hasten da agertzen eta begiak bigarren astean zabaltzen dituzte. Sagu arrek zortzi asterekin lortzen dute heldutasun sexuala eta emeek sei asterekin. Hala ere, ar zein emeak bosgarren astetik aurrera ugal daitezke.

Bizimodua

Etxe saguak arratsean eta gauean dira aktiboen eta ez dituzte argi disdiratsuegiak gustuko. Lurraldekoiak dira eta ar dominantea zenbait eme eta ale gazteekin batera bizi ohi da. Ar dominanteek, gehienetan, gainontzekoen lurraldeak errespetatzen dituzte eta soilik hauek inbaditzen dituzte hutsik aurkituz gero. Aldiz, emeak elkarren artean bai izan daitezkela agresiboak.

Espezieen arteko elkarrekintzak

Saguen erasotzaile nagusiak arratoiak (Rattus norvegicus) dira, hauek hil eta partzialki jaten baitituzte. Bi animalia hauek gizakiarekin lotura estua duten lekuetan bizi direnez, aspaldidanik izan dira gizakiarentzako gaixotasunen eramaleak. Esate baterako, leptospirosia, tifus murinoa, rickettsiosia, tularemia, koriomeningitis linfatikoa eta izurrite bubonikoa dira etxe saguek kutsa ditzaketen gaixotasunetako batzuk. Are gehiago, uste da saguen gehiegizko populazioek eragin zutela katuaren etxekotzea.

Esteka interesgarriak


Bibliografia


Baker RO, Bodman GR, Timm RM. 1994. Prevention and Control of Wildlife Damage. Hygnstrom SE, Timm RM, Larson GE, University of Nebraska-Lincoln, :

Prager EM, Orrego C and Sage RD. 1998. Genetic variation and phylogeography of Central Asian and other house mice, including a major new mitochondrial lineage in Yemen. Genetics, 150 (2): 835–861

Perez FP. 2002. Euskal Herriko ugaztunak. ADEVE.
Egilea: Maialen Sistiaga | Sorrera: 2012/11/15 | Azken eguneraketa: 2013/01/30 | Bisita-kopurua: 3109 | Argazki nagusia: JerW

Erregistra zaitez

Erregistra zaitez!

· Parte hartu edukiak hornitzen eta eztabaidatzen 
 
· Igo itzazu argazkiak, bideoak, liburuak, estekak...