Ur-ipurtatsa, Bisoi europarra
Mustela lutreola

Denbora pasa ahala gero eta ezagunago egiten ari den arren gure faunako ugaztun ezezagunenetarikoa da ur-ipurtatsa edo bisoi europarra. Bereganako interesaren arrazoi nagusia, bere banaketa jasaten ari den murrizketa da. Joan den mendearen erdialderarte Erdialdeko Europaren zati handi bat betetzen zuen animalia hau, desagertzeko arrisku larrian da gaur egun, eta bere populazio bideragarri bakarrak iberiar penintsularen iparraldean eta Frantzia hegoaldean aurkitzen dira. Honen errudun nagusitzat bere habitataren suntsipena eta bisoi amerikarraren sarrera jotzen dira.

Mustela lutreola

Phyluma
Chordata
Klasea
Mammalia
Ordena
Carnivora
Familia
Mustelidae
Deskribatzailea
Linnaeus, 1761
Estatusa
cr

Deskribapena

Ilaje motzekoa, “txokolate” kolore uniformea du gorputz osoan, eta ezpainaren goiko eta beheko aldean orban zuri bat du. Dimorfismo sexuala ageri du tamainari dagokionez; arrak 700 - 1100g-ko pisua eta 500 - 580 mm-ko luzeera dute, eta emeek berriz 450 - 650g-ko pisua eta 430 - 505 mm-ko luzeera. Gorputza luzanga da, belarriak txikiak, hankak motzak eta buztana gorputzaren luzeeraren erdikoa. Mintz interdigital ez osoak ditu bai aurreko zein atzeko hanketan.

Antzeko espezieak

Mustela vison

Bisoi amerikarraren oso antzekoa da, baina, bisoi amerikarrak aho behealdean soilik du muturreko orban zuria eta europarrak goialdean ere bai. Gainera, bisoi amerikarra apur bat handiagoa da.

Banaketa

Garai batean Erdialdeko Europa osoan banatzen zen Ural mendietaraino, Europa iparraldetik itsaso Mediterraneo eta Beltzeraino. Ordutik 20 herrialde baino gehiagotan desagertu da, batez ere Erdialdeko Europan. Gaur egun Europako ekialdean dexente geratzen da, baina Europako mendebaldean Frantziako Landetan, Euskal Herrian, Errioxan eta Burgosen dago soilik. Hego Euskal Herrian Gipuzkoako Oria, Deba, Agauntza, Leitzaran eta Abaloz ibaietan ikusi da; Bizkaian Artibai, Oka, Ibaizabal, Nerbioi eta Plentzia ibaietan; Nafarroan, besteak beste, Ebro, Aragoi, Irati, Arga, Ultzama, Basaburua, Alhama eta Bidasoan; eta Arabako Zadorra, Alegria, Inglares, Artziniega eta Ega ibaietan. Oraindik ez dugu Iparraldeko daturik. 

Mustela lutreola Mustela lutreola

Habitata

Ibaietan, erreketan, aintziratan, inguru zingiratsutan, ubidetan, paduratan eta kostaldeko inguruetan aurkitzen da. Ibaien bidearen erdialdea eta bukaera hautatzen ditu, korronte motelarekin, ibaiertzean landare estaldura handiarekin eta uraren kalitate onarekin. 0 - 200m artean aurkitzen da isurialde atlantikoan eta 300 - 1500m artean isurialde meditrraneoan, baina tarte hauen barruan kota baxuetan aurkezten ditu dentsitate altuenak.



Habitat bereko espezie gehiago

Lymnocryptes minimus
Gallinago gallinago
Cuculus canorus
Alosa alosa
Acrocephalus arundinaceus
Microtus cabrerae
Rattus norvegicus
Buteo buteo


Elikadura

Haragijalea da, igeri egiten du eta urpean ibili ere bai, eta ibai ertzak korritzen ditu ornodun txiki eta krustazeoen bila. Batez ere arrainak, ugaztun txikiak eta hegaztiak jaten ditu. Gainera anfibioekin, narrastiekin eta intsektuekin osatzen du bere dieta.

Ugalketa eta ontogenia

Otsaila eta apirila artean sartzen dira araldian. Emeek hiru araldiraino izan ditzakete ernalduak ez badira. 40 - 42 eguneko haurdunaldia eta gero apirilean edo maiatzean jaiotzen dira kumeak. 2 eta 7 kume artean jaiotzen dira, itsu eta ilerik gabe.

30 egunerarte hartzen dute titia. Heldutasun neurria 3 hilabetera hartzen dute. Irailean, 4 hilabete ingururekin independizatzen dira eta 9 - 10 hilabeterekin lortzen dute heldutasun sexuala.

Bizimodua

Batez ere jarduera gautarra eta ilunabarrekoa du. Emeak arrak baino eguneko jarduera handiagoa dute. Arren eguneko jarduera apurra beren atseden lekuen inguruetan ematen da, sastraka arteetan. Arrak aktiboago egoten dira araldian daudenean.

Espezie bakartia da, lurraldekoitasun arinekoa, sexu eta adin desberdineko banako ugari bizitzen dira elkarrekin ibaiaren zati zabaletan. Arrek 8 - 14 km-ko ibai zatiak korritzen dituzte eta emeek aldiz 2 - 5 km-koak. Beren dispertsio ahalmena handia da, batzutan ibaitik kanpora, mendietan eta jatorrizko lekutik kilometro askotara aurki daitezke. Emeek lurralde batzuk izaten dituzte, eta arrek beste handiago batzuk; emeenak arrenen barruan egoten dira, baina arren lurraldeen arteko gainezarpena minimoa da.

Espezieen arteko elkarrekintzak

Bere harrapariak harrapari gautarrak, arrano beltza, ipurtatxa, bisoi amerikarra, igarba... izan daitezke. Bere bizkarroien artean aldiz bisoiaren aleutiana gaitzaren parbobirusa aurkitu da.

Kontserbazioa

IUCNk Europako ugaztun mehatxatuentzat hartzen du katamotz iberiarrarekin eta Gulo gulo-rekin batera.

Esteka interesgarriak


Bibliografia


Atxotegi U., Imaz E.. 2003. Iraungo ote du bisoi europarrak?. Elhuyar aldizkaria, :

Palazón S.. 2003. Visón europeo – Mustela lutreola. En: Enciclopedia Virtual de los Vertebrados Españoles.
Egilea: Iñaki Odriozola | Sorrera: 2012/01/13 | Azken eguneraketa: 2013/12/26 | Bisita-kopurua: 2955 | Argazki nagusia: kandyiezzemngm.blogspot.com

Erregistra zaitez

Erregistra zaitez!

· Parte hartu edukiak hornitzen eta eztabaidatzen 
 
· Igo itzazu argazkiak, bideoak, liburuak, estekak...