Bisoi amerikarra
Mustela vison

Bisoi amerikarra Euskal Herriko Espezie Exotiko Inbaditzaileen Katalogoan (EEI) jasota dago. Jatorriz Ipar Ameriketakoa izanik, bere gogortasun eta malgutasun ekologikoak espeziearen hedapena ahalbidetu du; Asia, Europa eta Zelanda Berriko hainbat eremutan espezie inbaditzaile gogorrenetariko bat bilakatuz. Espeziea aloktonoa den ekosistemetan kalte ugari eragiten ari da. Nabarmenena, Bisoi europarrari eragiten dion lehia interespezifikoa da, espeziea bere banaketa eremutik kanporatuz.

Mustela vison

Phyluma
Chordata
Klasea
Mammalia
Ordena
Carnivora
Familia
Mustelidae
Deskribatzailea
Estatusa
lc

Deskribapena

Tamaina ertaineko mustelidoa da, kolore marroi ilunekoa, ia beltza. Bere gorputza luzanga eta mehea da, hanka labur eta mardulekin. Beheko ezpainean orban zuri bat du eta sabelalde zein izterrondoetan orban bat baino gehiago ere izan ditzake. Burua txiki samarra da, eta belarri txiki eta biribilak ditu.

Espezie honek, tamaina eta pisuari dagokionez, dimorfismo sexuala du (Tamaina: emeak 300-370 mm eta arrak 330-450 mm. Pisua: emeak 500-900 g eta arrak 800-1800 g).

Antzeko espezieak

Bisoi europearra

Bisoi europarrarekin (Mustela lutreola) antzekotasun handia du. Alabaina, bisoi europearra zertxobait txikiagoa da eta goiko ezpainean orban zuri bat du (bisoi amerikarrak ez bezala).


Ipurtatsa

Ipurtatsarekin (Mustela putorius) ere nahastu daiteke. Ipurtatsak, aldiz, mozorro zuri bat du aurpegian eta marra zuri bat belarrietan.


Lepazuria eta Lepahoria

Lepazuriarekin (Martes foina) eta Lepahoriarekin (Martes martes) ere nahas daiteke. Baina bi hauek handiagoak dira eta paparrean orban zuri eta hori bat dute hurrenez hurren.

Banaketa

Bisoi amerikarra, jatorriz, Ipar Amerikako espezie bat da; bere banaketa-area naturala Estatu Batuetako hegoaldetik Kanadaraino hedatzen delarik.

Halere,  gaur egun, espeziea Europan, Asia ekialdean, Hego Amerikan eta Zelanda Berriko eremu zabal batean finkatu da. Izan ere, XX. mendetik aurrera bisoi amerikarraren larruaren salmentarako, haztegi ugari zabaldu ziren atzerriko lurralde askotan. Ordundik aurrera, zenbait banakok haztegietatik ihes egin eta populazio basatiak garatu zituzten beren jatorrizko bizilekuetatik kanpo.

Europan etengabe hedatzen ari dira espezie honen populazioak eta jadanik ia kontinente osoan zehar zabaldu da.

Iberiar penintsulan hiru gune nagusitan bizi da: Galizian, penintsularen erdialdean eta Katalunian. Alabaina guztira hamabi Autonomia Erkidegotan dago (Kantabria, Euskal Herria, Aragoi, Errioxa, Katalunia, Galizia, Gaztela eta Leon, Madril, Gaztela Mantxa, Extremadura eta Valentzia).

Euskal Herrian Bizkaia eta Araban ageri da. Bizkaian ia ibai guztietan dago, ekialdeko herenean izan ezik. Araban Zadorra eta Baia ibai inguruetan bizi da. Gipuzkoan, berriz, ez da populazio egonkorrik aurkitu.

Habitata

Ur-masa mota desberdinei lotutako espeziea izanik; ibai, erreka, laku, urtegi, aintzira edo paduretan bizi daiteke. Halaber, kostaldean ere ageri ohi da. Orokorrean, landare estaldura oparoko eremuak gustoko ditu baina baita eremu arrokatsuak ere; bi lekuetan, gordelekuak topatzeko aukera zabalagoa baita. Gordelekuak ur-masetatik oso hurbil kokatzen dira, ertzeetan batez ere. Hala ere, erabilitako gordeleku gehienak beste animaliek egindakoak eta atondutakoak izaten dira, bisoi amerikarrak lurrean zuloak egiteko gaitasunik ez baitu.

Populazio egonkorrenak 1.500 m-tik gora daude.

Kasu batzuetan hiri inguruetan eta eremu antropizatuetan ere aurkitu izan da, ur-masetatik hurbil.


Elikadura

Bisoi amerikarra harrapari oportunista da eta denetatik jaten du. Bere dieta ornogabe ugariz (intsektuak, krustazeoak, moluskuak), arrainez,  narrastiz, hegaztiz eta ugaztunez (mikrougaztunak, logomorfoak) osatuta dago. Noizean behin fruituak jaten ditu eta sarraskiari ere ez dio muzin egiten.

Ugalketa eta ontogenia

Hamar hilabeterekin lortzen dute helduarora. Ugalketa garaia martxoan hasten da eta lau bat aste iraun ditzake. Erditzeak apirilaren amaiera eta maiatza bitartean gertatzen dira eta, batez beste, kumaldi bakoitzeko bost edo sei kume jaiotzen dira.

Bisoi amerikarrak, obulua uteroan ezartzen deneko prozesua baldintza egokiak izan arte atzeratzeko mekanismoa du. Behin obulua uteroan ezarrita, ernaldiak 39 egun irauten ditu.

http://www.youtube.com/watch?v=4tR0WlUAYkg

Bizimodua

Bisoi amerikarra egunez begiztatzea ez da gauza arraroa baina batez ere ilunabarrean eta gauean topatzen da. Animalia bakartia eta lurraldekoia da. Ibaien ubidea jarraituz, arrek, 1-6 km-ko eremuak babesten dituzte. Sexu berekoak lurraldeagatik borrokatzen dira; eme eta arren artean ordea, malgutasun handiagoa dago lurraldea partekatzerako orduan. Lurraldekotasuna guruin-jariakin eta gorotzen bidez adierazten dute.

Bizi-itxaropena 3-4 urtekoa izaten da.

Espezieen arteko elkarrekintzak

Bere harrapari nagusien artean hainbat ugaztun eta hegazti daude, azeri (Vulpes vulpes), igaraba (Lutra lutra) eta hontz handia (Bubo bubo) besteak beste. Alabaina, harrapari horiek ez dute eragin nabarmenik espezie honen populazioengan.

Bisoi amerikarra espezie aloktono eta inbaditzailea da, eta lokalki zenbait espezieren populazioak murrizten ari da. Hainbat espezieren biziraupena arriskuan jarriz. Harrapakin horietako asko gainera, babestutako espezieak dira, esaterako,  ibai-karramarroa (Austropotamobius pallipes) eta desman iberikoa (Galemys pyrenaicus).

Honetaz gain, bere antzeko espezie harrapari erdi-urtar autoktonoekin lehian dago. Lehia honen ondorioz, eta batez ere, Bisoi amerikarra eramailea den Aleutiana gaixotasuna dela eta, espezie autoktonoen populazioak kaltetuak ikusi dira. Ipurtatsak, igarabak eta bisoi europarrak, bisoi amerikarrak ez bezala, ez dute Aleuteriarekiko erresistentziarik garatu, ez baitira gaixotasun amerikar horrekin inoiz kontaktuan egon.

Bereziki aipagarria da, XX. mendetik bisoi europearraren (Mustela lutreola) populazioen egoeran izan duen eragina. Izan ere, bisoi amerikarra espezie autoktonoaren populazioaren jaitsieraren kausa nagusietariko bat bilakatu da. Bi espezieek gune-ekologiko bera erabiltzen dute eta lehia horretan, bisoi amerikarrak europearra bere habitatetik kanpo uzten du. Bere tamaina, oldarkotasuna, malgutasun ekologikoa eta ugaltzeko gaitasun handiagoa dela eta, bisoi amerikarrak espezie autoktonoari aise hartu dio aurre.

Lotura interesgarriahttp://www.youtube.com/watch?v=5gBnw_clEzg 

Kontserbazioa

Bisoi amerikarraren populazioen egoera ona da eta ez du mehatxu garrantzitsurik. Aitzitik, espezie inbaditzaile arriskutsua da gure lurraldean. 

Hori horrela, bisoi amerikarra Euskal Herriko Espezie Exotiko Inbaditzaileen katalogoaren (EEI) barruan jasota dago. 42/2007 legearen arabera, Autonomia Erkidegoak, EEI-ko espezie inbaditzaileen jarraipena egitera eta espezie horiek kudeatu eta kontrolatzeko estrategiak sortzera behartuta daude.

Horregaitik, urtero EAE-ko hiru lurraldeetan bisoi amerikarraren populazioak kontrolatzeko kontrol kanpainak egiten dira. Kanpaina horietan tranpak "in vivo" jartzen dira era selektiboan. Halere, lokalki populazioak murriztea lortu arren, estrategia hau ez da espeziearen hedapena geldiarazteko baliagarria izan.

Honetaz gain, bisoi europarraren kudeaketa planetan ere bisoi amerikarra kontrolatzeko jarduerak aurreikusten dira.

Esteka interesgarriak


Egilea: Maialen Urkiola | Sorrera: 2012/01/23 | Azken eguneraketa: 2013/01/29 | Bisita-kopurua: 2473 | Argazki nagusia: www.naturspesialisten.no

Erregistra zaitez

Erregistra zaitez!

· Parte hartu edukiak hornitzen eta eztabaidatzen 
 
· Igo itzazu argazkiak, bideoak, liburuak, estekak...