Arratoi-belarri ertaina
Myotis blythii

Tamaina handiko saguzarra da, Myotis myotis generokidearen oso antzekoa, kopetako orban zuririk ez duen kasuetan, batez ere. Banaketa zabala du baina ez da oso ugaria, eta Euskal Herrian ez dira kolonia asko aurkitu. Iberiar penintsulan 50 kumatze-kolonia ezagutzen dira eta zaurgarri kontsideraturiko espeziea da. Urte luzetan zehar zenbait autorek M. myotis espeziearen subespezie kontsideratu dute, M. myotis oxygnathus izenarekin.

Myotis blythii

Phyluma
Chordata
Klasea
Mammalia
Ordena
Chiroptera
Familia
Vespertilionidae
Deskribatzailea
Tomes, 1857
Estatusa
lc

Deskribapena

Arratoi-belarri handiaren (M. myotis) oso antzeko espeziea da, baina tamaina apur bat txikiagoa du. Besaurrearen luzera 50,5–62 mm bitartekoa da, eta pisua 18,0–29,5 gramo bitartekoa. Bi ezaugarrietako balioak M. myotisenarekin gainezartzen dira, eta ondorioz, beste ezaugarri batzuetara jotzea ezinbestekoa da identifikazioa burutzeko. Saguzar arratoi-belarri ertainen % 95ek, gutxi gorabehera, orban zuri bat ageri ohi du kopetan. Gainerakoan, kolorean zein kranioaren egituran oso antzekoa denez, orbanik ez duten aleekin identifikazioa asko zailtzen da.

Antzeko espezieak

Myotis myotis
Myotis myotis

Kopetan orban zuririk ez dutenen kasuan, belarria eta tragoaren biometriak hartzea beharrezkoa da identifikazio zuzena egiteko. Saguzar arratoi-belarri handiren belarria eta tragoaren oinarria, arratoi-belarri ertainarena baino handiagoak dira. M. blythiiren kasuan belarriak 16 mm zabal x 24,5 mm luze baino txikiagoak izan ohi dira, eta M. myotisen kasuan handiagoak.

Identifikazioa burutzeko besaurrearen eta belarriaren luzeraren arteko erlazioa ezartzen duen ekuazio hau erabili ohi da: Z = 0,433 · besaurrea + 3,709 · belarria. Z < 0,3 den kasuan M. blythii espeziea kontsideratzen da, eta Z > 0,3 denean berriz, M. myotis. Honez gain, goiko hortzeria-zerrendaren luzera ere neur daiteke. CM3 < 9,4 mmbada, M. blythii, eta CM3 > 9,4 mm bada, M. myotis. Hala ere, bi espezie hauen arteko identifikazio zuzena egiteko Dietz & Helversenen Europako saguzarren gakora jotzea gomendatzen da.

Banaketa

Europan mediterraneo inguru guztian eta Asia erdialdean hedaturik dagoen espeziea da. Hegoaldeko muga Mediterraneo itsasoak, Arabiako basamortuak eta Himalaya mendikateak jartzen dute. Iparraldean, berriz, Suitza, Austria, Eslovakia, Kaukaso mendikateak eta Gobi basamortuak mugatzen dute. Ekialdeko muga Txina eta Kaxmirren du.

Iberiar penintsulan duen banaketa ez da guztiz ziurra, urte luzetan zehar identifikazioarekin izandako arazoek asko zaildu baitute espeziearen egoera zehatza zein den jakitea. Euskal Herrian Araba eta Nafarroan aurkitu izan dira kolonia ugarienak, baina Bizkaian, Gorbeiako mendigunean, Arratia-Nerbioien, Durangaldean, Enkarterrietan, Gernikan, Bermeon, Plentzian eta Mungian; eta Gipuzkoan, Aizkorrin, Deba garaian, Goierrin, Tolosaldean eta Urola kostan ere ikusi da (Balcells 1971). 

Myotis blythii Myotis blythii

Habitata

Estepa eta larreetako espeziea da, sekundarioki segalarre eta larre artifizialetara hedatu dena. Gordeleku gisa lurpeko zuloak erabiltzen ditu, leizeak nagusiki. Kumatze-kolonia gehienak 600 metrotik behera aurkitu izan diren arren, Espainiako Sistema Zentralean 1380 metrora aurkitu da bat. Ale bakanak 2100 metroko altueraraino behatu dira, Sierra Nevadan.



Habitat bereko espezie gehiago

Ardea cinerea
Oryctolagus cuniculus
Aquila chrysaetos
Neophron percnopterus
Tadarida teniotis
Lanius senator
Rhinolophus hipposideros
Pipistrellus kuhlii
Buteo buteo
Anguis fragilis
Crocidura suaveolens
Colias croceus
Myotis myotis
Eptesicus serotinus
Suncus etruscus
Turdus merula
Jynx torquilla
Pyrrhocorax pyrrhocorax
Galerida cristata
Alauda arvensis
Luscinia megarhynchos
Lepus europaeus
Falco tinnunculus
Milvus migrans
Ciconia nigra
Falco peregrinus
Milvus milvus
Passer domesticus
Circaetus gallicus
Asio otus
Aglais urticae
Mus musculus
Micromys minutus
Mus spretus
Microtus agrestis
Sorex coronatus
Sorex minutus
Pipistrellus pipistrellus
Mustela erminea
Vanessa atalanta
Vulpes vulpes
Pica pica
Tyto alba
Miniopterus schreibersii
Cyanistes caeruleus
Microtus gerbei
Microtus lusitanicus
Lepus granatensis
Mustela nivalis
Talpa occidentalis
Talpa europaea
Plecotus austriacus
Asio flammeus
Accipiter nisus
Troglodytes troglodytes
Lacerta schreiberi
Microtus duodecimcostatus
Lymnocryptes minimus
Athene noctua
Crocidura russula
Turdus philomelos


Elikadura

M. myotis generokideak ez bezala, saguzar arratoi-belarri ertainak ortopteroz elikatzen dira –matxinsaltoak eta kilkerrak-, batipat. Hauen ehizarako gleaning teknika erabiltzen du, landare-hostoen gainean pausaturik dauden intsektuak harrapatuz. Kakalardoak ere espezie honen dietaren parte dira, eta hauek ehizatzeko hawking teknika darabil, zuhaitzen adaburuak baino gorago ehizatuz.

Ugalketa eta ontogenia

Kumatze-kolonia handiak eratzen ditu, abuztu bukaeran sakabanatzen direnak. Hala ere, ez da oso ondo ezagutzen arratoi-belarri ertainaren fenologia, baina uste da Myotis myotisenaren antzekoa izango dela.

Arratoi-belarri handien emeak gregarioak dira eta milakako taldetan batzen dira kumatze garaian. Esan bezala, abuztuan bost emerainoko harenak sortzen dira, kumeak babesteko. Garai honetan zehar, ez dira babeslekuetatik gehiegi aldentzen. Deskribatu den biziraupen maximoa 13 urteetakoa da.

Bizimodua

Europan eta Asian migratzaile okasionaltzat hartzen den arren, Iberiar penintsulan ez da horrelako portaerarik behatu. Espezie honen ohiturak nahiko ezezagunak dira, baina arratoi-belarri handiarenaren antzekoak direla pentsatu ohi da. Hala ere, inguru askotan nitxo ekologiko berberak betetzen dituztenez, pentsatzekoa da lehia ekiditeko diferentzia garrantzitsuak izango dituztela, elikadurarena esaterako.

Espezieen arteko elkarrekintzak

Kumatze garaian, maiz Rhinolophus ferrumequinum, Myotis myotis edota Miniopterus schreibersii saguzarrekin batera ikus daitezke arratoi-belarri emeak.

Bere predatzaile nagusien artean Coluber hippocreppis sugea, eta hontza zuria daude.

Azkenik, arratoi-belarri ertainaren zenbait parasito deskribatu dira: Ixodes vespertilionis kaparra, Ischnopsyllus sp. arkakusoak, Penicillidia dufori dipteroa eta Molinostrongilus alatus nematodoa. Ez da amorru kasurik deskribatu espezie honetan.

Kontserbazioa

Arratoi-belarri ertaina EAEko espezie mehatxatuen katalogoan 'Kaltebera' kategorian sailkatuta dago eta Nafarroakoan 'Galzorian' kategorian. Bere populazioen tamaina Euskal Herrian ezezaguna da, baina oso txikia dirudi.

Iberiar penintsulan ugaritasun ertaineko espeziea da; hori, ordea, identifikatzeko duen zailtasunaren ondorio izan daiteke (Arlettaz et al. 1991). Iberiar penintsulako populaziorik garrantzitsuenak Cadizeko kostaldean aurkitzen dira, eta hauetan egin dira jarraipen gehienak. Azken urteotan, populazio hauen tamaina % 80 murriztu da eta egun Iberiar penintsulan 50 kolonia ugaltzaile baino ez dira ezagutzen, denetara 20.000 ale inguru daudela estimatzen delarik (Paz & Alcalde 2000).

Espezie honen mehatxurik handienak babeslekuetan eragindako eragozpenak dira, bereziki handitzen ari den espeleoturismoaren ondorioz. Gainera, zenbait babesleku desagertu egiten dira, hauen itxiera desegokiak direla eta, edo mehategien kasuan, segurtasun neurriengatik. Oso espezie gregarioa dela eta, populazioen tamainan ematen den edozein murrizketa gainditzea zaila suertatzen zaio arratoi-belarri ertainari. Azkenik, bere harrapakinak diren ortopteroen kontra erabilitako pestizidek osasun arazo garrantzitsuak eragiten dizkiete.

Esteka interesgarriak


Erlazionaturiko artikuluak

Euskal Herriko saguzarrak: itzal hegodunak

Antton Alberdi | 2012ko apirila

Bibliografia


Pérez de Ana, J. M. 1995-1996. Observaciones de quirópteros en Álava y Vizcaya. Est. Mus. Cien. Nat. de Álava, 10-11: 327-328

Aihartza, J. R., E. Imaz & J. M. Totorika. 1997. Distribution of bats in Biscay (Basque Country, northern Iberian Peninsule). Myotis, 35: 77-88

Balcells, E.. 1971. Murciélagos y otros animales guanobios de Itxina (Vizcaya). Kobie, 3: 1-3

Arlettaz, R., Ruedi, M. & Hausser, J. 1991. Field morphological identification of Myotis myotis and Myotis blythii (Chiroptera, Vespertilionidae): a multivariate approach. Myotis, 29: 7–16

de Paz O., Alcalde J.T. 2000. Catálogo Nacional de Especies Amenazadas. Propuestas. Barbastella, 1: 17-21

Bea A. 1999. Arriskuan dauden EAEko ornodunak. Eusko Jaurlaritzako Argitalpen Zerbitzua. Gasteiz

Agirre-Mendi, P. T.. 1998. Contribución al conocimiento de la corología de los murciélagos (Chiroptera, Mammalia) en la Comunidad Autónoma del País Vasco (sierra de Cantabria). Zubia, 16:

Aihartza, J. R., Garin, I. y Goiti, U.. 2001. Propuesta de plan de acción de los murciélagos de la CAPV. Proposamen teknikoa, :

Arlettaz. 1995. Myotis myotis and Myotis blythii, ecology of the sibling mouse-eared bats. Horus Publishers Martigny. Switzerland
Egilea: Antton Alberdi | Sorrera: 2012/03/01 | Azken eguneraketa: 2013/01/21 | Bisita-kopurua: 2149 | Argazki nagusia: umdiadecampo.blogspot.com

Erregistra zaitez

Erregistra zaitez!

· Parte hartu edukiak hornitzen eta eztabaidatzen 
 
· Igo itzazu argazkiak, bideoak, liburuak, estekak...