Arratoi-belarri handia
Myotis myotis

Saguzar arratoi-belarrien edo Myotis generoko saguzarren artean Europako espezie handiena da Myotis myotis. Saguzar arratoi-belarri ertainaren (M. blythii) oso antzekoa da, nahiz eta azken honek, normalean, orban zuria izan ohi duen kopetan. Espezie kabernikola da eta baso edota landaredi ugariko inguruneak atsegin ditu. Banaketa Europa eta Afrika erdialdera mugatua du.

Myotis myotis

Phyluma
Chordata
Klasea
Mammalia
Ordena
Chiroptera
Familia
Vespertilionidae
Deskribatzailea
Borkhausen (1797)
Estatusa
lc

Deskribapena

Myotis generoko Europako espezierik handiena da. Besaurrearen luzera 56,5–62,3 mm bitartekoa da, eta emeak arrak baino apur bat handiagoak izaten dira. Pisuari dagokionez 21 eta 35 gramo bitarteko aleak harrapatu dira. Belarri handiak ditu, 24-28,2 mm-ko luzerakoak eta muturra 3 mm-ko tartearekin gainditzen dute. Goiko ertzak atzerantz apur bat eroriak dituzte, eta kanpo-ertzetan 7-8 tolesdura izan ohi dituzte. Tragoa zabala da oinarrian, eta belarriaren erdiraino iristen da. Muturra zabala da, eta bi konkor ageri ohi ditu aurrealdean. Bizkarreko ilajearen kolorea arre-grisaxka da eta sabelaldekoa askoz ere argiagoa, ia zuria. Bizkarreko ileak hiru kolorekoak dira: oinarri iluna, bizkarraren koloreko erdiko gunea eta punta ilunxeagoa. Sabeleko ileek, berriz, oinarria beltzaxka dute eta punta zuria. Patagioa oineko kanpo-hatzaren –tibiaren erdia baino apur bat luzeagoa dena- oinarrian txertaturik dago. Uropatagioaren atzeko ertzaren erdia, gutxi gorabehera ezproiak estaltzen du, eta ez du ilerik izaten (Dietz et al. 2009).

Antzerako tamainako hainbat saguzar ezagutzen diren arren, identifikatzen erraza da, M. blythii generokidearekin salbu. Azken hau saguzar arratoi-belarri handia baino txikiagoa da, baina besaurrearen luzeraren balioak gainezarri egiten dira. M. blythiik kopetan orban zuria izan ohi du gehienetan, M. myotisek ez bezala. Hala ere, orban hau egon ezean, belarria eta tragoaren biometriak hartzea beharrezkoa da identifikazio zuzena egiteko. Saguzar arratoi-belarri handiaren belarria eta tragoaren oinarria, arratoi-belarri ertainarena baino handiagoak dira.

Antzeko espezieak

Arratoi-belarri ertaina (Myotis blythii)

Bi espezieen arteko antzekotasun morfologikoa oso handia da, eta ia ezinezkoa da bereizketa begibistaz egitea, arratoi-belarri ertainak ez baitu beti izaten kopetako orban zuria. Orban hori nabarmena denean identifikatu ahal izaten da M. blythii, baina gainerakoan biometriak hartzea ezinbestekoa da.

Ekokokapena

Frekuentzia modulatuko pultsuak emititzen ditu, 100 eta 27 kHz artean, eta energia maximoko frekuentzia 35 kHz inguruan kokatzen da (Dietz et al. 2009). Luzera 2-3 ms-koa izaten da eta pultsuen arteko tartea 50-90 ms-koa. Ultrasoinuen bitartez ezinezkoa da saguzar arratoi-belarri ertainetik (M. blythii) bereiztea.

Banaketa

Europa eta Afrika iparraldean hedaturik dagoen espeziea da, Britainia Handia hegoaldetik eta Iberiar penintsulatik Turkia, Libano eta Israeleraino. Iparraldeko muga Alemania eta Polonian du (Dietz et al. 2009, IUCN Red List).

Iberiar penintsulan banaketa zabala du, eta gauza bera gertatzen da Euskal Herrian ere.

Myotis myotis Myotis myotis

Habitata

Europan basoko saguzar kontsideratzen den espeziea da, baso itxietan zein zuhaitz bakanak dauden inguruetan agertzen dena, nahiz eta ingurune mediterraneoan zuhaitz-dentsitate baxuko inguruetan ere agertzen den. Kumatzeko-koloniak, normalean altuera baxuko lurraldeetan kokatzen dira, baina ale bakanak 2.000 metroko altueraraino aurkitu izan dira.

Gordelekutzat leizeak, meategiak eta bestelako lur azpiko egiturak erabiltzen ditu. Eraikinetan agertzea ere ez da arraroa, batez ere Europa erdialdean (Rudolph et al. 2002). 



Habitat bereko espezie gehiago

Colias croceus
Eptesicus serotinus
Crocidura suaveolens
Asio otus
Aglais urticae
Pipistrellus kuhlii
Rhinolophus hipposideros
Neophron percnopterus
Montifringilla nivalis
Prunella collaris
Tichodroma muraria
Oryctolagus cuniculus
Plecotus austriacus
Asio flammeus
Lymnocryptes minimus
Athene noctua
Lacerta schreiberi
Microtus duodecimcostatus
Microtus lusitanicus
Crocidura russula
Troglodytes troglodytes
Talpa europaea
Talpa occidentalis
Lepus granatensis
Mustela nivalis
Gyps fulvus
Gypaetus barbatus
Jynx torquilla
Otus scops
Strix aluco
Pipistrellus nathusii
Apodemus flavicollis
Cuculus canorus
Caprimulgus europaeus
Fringilla coelebs
Phoenicurus phoenicurus
Motacilla cinerea
Rana temporaria
Rana dalmatina
Alytes obstetricans
Meles meles
Bubo bubo
Plecotus macrobullaris
Aegolius funereus
Pyrrhocorax pyrrhocorax
Pyrrhocorax graculus
Rupicapra pyrenaica
Tadarida teniotis
Myotis bechsteinii
Plecotus auritus
Parnassius apollo
Chionomys nivalis
Sorex minutus
Microtus agrestis
Martes martes
Dendrocopos medius
Martes foina
Sciurus vulgaris
Glis glis
Dryocopus martius
Picus sharpei
Erinaceus europaeus
Lepus europaeus
Accipiter nisus
Scolopax rusticola
Dendrocopos major
Myodes glareolus
Hierophis viridiflavus
Tyto alba
Rhinolophus ferrumequinum
Garrulus glandarius
Vanessa atalanta
Vulpes vulpes
Miniopterus schreibersii
Mustela erminea
Microtus gerbei
Sorex coronatus
Mus musculus
Pipistrellus pipistrellus
Salamandra salamandra
Dendrocopos minor
Cervus elaphus
Sus scrofa
Capreolus capreolus
Nyctalus noctula
Nyctalus lasiopterus
Turdus philomelos
Myotis blythii
Mus spretus
Micromys minutus
Cyanistes caeruleus
Pica pica
Myotis emarginatus
Nyctalus leisleri
Apodemus sylvaticus
Aquila chrysaetos
Erithacus rubecula
Accipiter gentilis
Coracias garrulus
Anguis fragilis
Buteo buteo
Myotis nattereri
Barbastella barbastellus
Hyla arborea
Dama dama
Ursus arctos


Elikadura

Gleaning teknikaren bitartez ehizatzen dituzten artropodo koskorretaz (12-35 mm) elikatzen da (Güttinger 1997; Drescher 2000). Ehizatzean poliki hegan egiten dute, lurretik altuera gutxira eta harrapakina lokalizatzean abiadura handian amiltzen dira (Arlettaz 1995). Sekula ez dira flycatching teknika erabiltzen ikusi. Dietaren zati handiena koleoptero karabidoek osatzen dute, eta maila txikiagoan bestelako koleopteroak, dipteroak, armiarmak, inurriak  eta oso kasu gutxitan sitsak agertzen dira. Aukera denean, ahalik eta tamaina handieneko artropodoak hautatzen dituztela behatu da.

Ugalketa eta ontogenia

Parekatzeak abuztuan gertatzen dira, kumatze-kolonian bertan hasieran, eta beste gordeleku batzuetan beranduago. Garai honetan saguzarrak kobazulo osoan dispertsaturik egon ohi dira, bikoteka normalean, baina hiru emez osaturiko haren txikiak ere ohikoak dira.

Kumatze-koloniak handiak izaten dira, 50 eta 1000 ale bitartekoak (Krapp 2001; Rudolph et al. 2004). Elkarrengandik oso gertu kokatzen dira, eta zenbaitetan beste espezie batzuetako saguzar kabernikolekin partekatzen dute gordelekua, ferra-saguzarrak, arratoi-belarri ertaina eta Schreiber saguzarra, besteak beste.

Kumatze-kolonia martxoa amaiera eta apirila hasiera bitartean sortzen hasten da, eta uda amaitu bitartean irauten du. Lehen emeekin batera ar batzuk iritsi ohi dira, kolonia guztia ezarri aurretik alde egiten dutenak. Erditzeak ekaina amaieran eta uztaila hasieran gertatzen dira, eta normalean kume bakarra izaten dute. 

Jaio-berriek 4-6 g inguru pisatzen dute eta 17-23 mm-ko besaurrea izaten dute (de Paz 1986; Krapp 2004). Hilabete baten buruan helduen tamainako besaurrea lortzen dute eta 3-4 asteren ostean lehen hegaldiak egiteko moduan izaten dira (de Paz 1986). Hegan egiten duten lehen egunetan, oraindik ere, edoskian mantentzen dira, baina beren portaera amarenaren oso ezberdina izaten da.

Espeziearen ohiko bizi-luzetasuna 5-6 urtekoa izan ohi den arren, ezagutzen dira 25 urteko animaliak ere (Steffens et al. 2005).

Bizimodua

Espezie sedentarioa da, urtean zehar erabiltzen dituen gordelekuen arteko distantzia ez baita 50-100 km baino handiagoa izaten, nahiz eta salbuespen gisa 400 km inguruko mugimenduak ere detektatu diren (Horacek 1985). Ehizarako ere ez dira gordelekutik 15 km baino gehiago urruntzen (Drescher 2004, Rudolph et al. 2004). Kolonia handitan bildu ohi dira emeak kumatze-garaian, ar gutxi batzuekin batera (Braun & Dieterlen 2003).

Hibernazio-koloniak kumatze-koloniak baino txikiagoak izan ohi dira, eta Iberiar penintsulan kolonia handirik aurkitu ez den arren, Polonian talde heterosexual nahiko handiak aurkitu izan dira. Europa hegoaldean, ordea, ale bakanak edo talde txikiak besterik ez dira aurkitu.

 

Kontserbazioa

Nazioartean ez dago arriskupean katalogaturik baina Espainiar Estatuan eta EAEn 'kaltebera' kontsideratzen da, nahiz eta kolonia asko mantentzen diren, azken urteetan hauen tamainen beherakada behatu baita.

Erlazionaturiko artikuluak

Kobazuloak, saguzarren babesleku

Lide Jimenez | 2013ko otsaila

Euskal Herriko saguzarrak: itzal hegodunak

Antton Alberdi | 2012ko apirila

Bibliografia


Steffens R, Zöphel U, Brockmann D. 2005. 40 Jahre Fledermausmarkierungszentrale Dresden - methodische Hinweise und Ergebnisübersicht. Materialen zu Naturschutz und Landschaftsplege.

Güttinger R. 1997. Jaghabitate des Grossen Maushorns (Myotis myotis) in der modernen Kulturlandschaft. Schriftenreihe Umwelt, 288: 1-138

Drescher C. 2000. Woodsmen or farmers? The diet of the greater mouse-eared bat (Myotis myotis) in an intensily used agricultural landscape. Proceedings of the VIIIth European Bat Research Symposium, : 243-251

de Paz O. 1986. Age estimation and postnatal growth of the greater mouse-eared bat Myotis myotis in Guadalajara, Spain. Mammalia, 50: 143-251

Dietz C, von Helversen O, Nill D. 2009. Bats of Britain, Europe & Northwest Africa. A&C Black. Londres

. . IUCN Red List. www.iucnredlist.org (2011/11/30)

Drescher C. 2004. Radiotracking of Myotis myotis (Chiroptera, Vespertilionidae) in South Tyrol and implications for its conservation. Mammalia, 68: 387-395

Arlettaz. 1995. Myotis myotis and Myotis blythii, ecology of the sibling mouse-eared bats. Horus Publishers Martigny. Switzerland

Braun M, Dieterlen F. 2003. Die Säugtiere Baden-Württembergs. Ulmer Verlag. Ulm

Meschede A, Rudolph BU. 2004. Fledermäuse in Bayern. Ulmer Verlag. Ulm
Egilea: Antton Alberdi | Sorrera: 2008/12/25 | Azken eguneraketa: 2014/08/21 | Bisita-kopurua: 2281 | Argazki nagusia: Dietmar Nill

Erregistra zaitez

Erregistra zaitez!

· Parte hartu edukiak hornitzen eta eztabaidatzen 
 
· Igo itzazu argazkiak, bideoak, liburuak, estekak...