Cabrera ur-satitsua
Neomys anomalus

Ingurune urtarrei loturiko tamaina ertaineko ur-satitsu hau, ingurune mediterraneoetan ugariagoa izan arren, Euskal Herriko lurralde osoan aurki daiteke. Izaera iheskorra du eta ez da erraza izaten aurkitzea. Gure lurraldean antzekotasun morfologiko handier dune ur-satitsu hankazuria baino espezie arraroagoa da.

Neomys anomalus

Phyluma
Chordata
Klasea
Mammalia
Ordena
Eulipotyphla
Familia
Soricidae
Deskribatzailea
Cabrera (1907)
Estatusa
lc

Deskribapena

Tamaina ertaineko satitsua da, 72-90 mm-ko gorputz-luzeeraduna (buztanal 52-72 mm) eta 9-16 g-ko pisua izan ohi duena. Bizkarraldea gris iluna da, zilar koloreko islekin, eta sabelaldea argia da, arre-zurixka. Ale gazteen bizkarraldea helduena baino argiagoa izan ohi da. Buztanaren kolorazioa gorputzarenaren antzekoa da, iluna goialdean eta zurixka behealdean. Hanken ertzetan ez dute ia ilerik izaten eta emeek 4-6 titi pare izaten dituzte.

Antzeko espezieak

Ur-satitsu hankazuria (Neomys fodiensis)
Neomys fodiens

Neomys anomalus baino handixeagoa da eta ur-inguruneetarako hainbat moldaera nabarmentzen zaizkio: atzeko hanka handiagoak dira, esaterako. Dena den, bi espezieak behar bezala bereizteko neurri biometrikoak hartzea ezinbestekoa da.

Banaketa

Banaketa zabaleko karraskaria da, ia Europa hegoalde eta erdialde guztian hedaturik baitago, Iberiar Penintsulatik Turkiaraino eta Ural mendietaraino. Ekialde ertainean, Iranen batez ere, hainbat populazio isolatu ere ezagutzen dira (Esmeili et al. 2008).

Euskal Herriko lurralde guztian aurki daiteke, isurialde kantauriarrean, Nafarroako erriberan eta baita Pirinioetan ere (Ventura 2007).

Neomys anomalus Neomys anomalus

Habitata

Ibai, erreka, urmael, padura eta zohikaztegietako landaredian bizi ohi da eta espezie honen habitata ur-satitsu hankazuriaren (Neomys fodiens) presentziaren araberakoa da. Urarekiko lotura ez da ur-satitsu hankazuriaren parekoa (Palomo and Gisbert 2002), eta hori izan daiteke ingurune mediterraneoan bizitzeko gaitasunaren gakoa. Dena den, ur-satitsu hankazuria ez dagoen ingureetan bi espezieek elkarbizitzen duten lekuetan baino ur-inguruneetarako joera handiagoa duela  ikusi da (Spitzenberger 1990, 1999).

Itsas mailatik 1850 metroko altueraraino ikusi izan da (Spitzenberger 1999). 



Habitat bereko espezie gehiago

Coracias garrulus
Luscinia megarhynchos
Sus scrofa
Motacilla cinerea
Rana iberica
Accipiter nisus
Mustela lutreola
Alytes obstetricans


Elikadura

Espezie guztiz karniboroa da, gorputz biguneko ornogabeez elikatzen dena. Animalia urtar zein lurtarrak ehizatzen ditu, batez ere intsektuen larbak, armiarmak eta zizareak (Spitzenberger 1990, Palomo and Gisbert 2002). Ahoan substantzia narkotizante bat jariatzen duten guruinak dituzte (Ventura 2007).

Ugalketa eta ontogenia

Ugal sasoia udaberri hasieratik udazken amaierara arte luzatzen da. Ernaldiak 20-24 eguneko iraupena izaten du, eta emeek 5 eta 13 kume bitartean izaten dituzte (Ventura 2007).

Bizimodua

Espezie honen bizi-ohituren inguruko oso informazio gutxi ezagutzen da. Espezie iheskorra da eta ez da erraza izaten berau aurkitzea.

Espezieen arteko elkarrekintzak

Hainbat gaueko harrapariren harrapakina da; hala nola hontz zuria (Tyto alba), hontz handia (Bubo bubo) eta hontz ertaina (Asio otus), baina espezie horien dietaren zati txikia osatu ohi du (Ventura 2007).

Kontserbazioa

Duen banaketa zabalagatik IUCN erakundearen  arabera LC kategorian sailkaturik dago. Espezie honen ugaritasunaren eta populazioen egoeraren inguruan ezer gutxi ezagutzen den arren, ur-inguruneen andeaketak eta galerak eragin nabarmena duela pentsatzen da (Spitzenberger 1999). Populazioak nahikoa isolatuak izateak, gainera, horiek desagertzeko arriskua handiagoa da.

Esteka interesgarriak


Bibliografia


Ventura, J. 2007. Neomys anomalus. In: Palomo LJ, GIsbert J, Blanco JC (eds) Atlas y Libro Rojo de los Mamíferos terrestres de España. Ministerio de Medioambiente. Madrid

Spitzenberger, F. 1999. Neomys anomalus. In: A. J. Mitchell-Jones, G. Amori, W. Bogdanowicz, B. Kryštufek, P. J. H. Reijnders, F. Spitzenberger, M. Stubbe, J. B. M. Thissen, V. Vohralík and J. Zima (eds), The Atlas of European Mammals, Academic Press. London, UK

Spitzenberger, F. 1990. Neomys anomalus Cabrera, 1907 - Sumpfspitzmaus. In: J. Niethammer and F. Krapp (eds), Handbuch der Säugetiere Europas. Band 3/I, Insectivora, Primates, Aula Verlag. Wiesbaden

Palomo LJ, Gisbert J. 2002. Atlas de los mamíferos terrestres de España. Dirección General de Conservación de la Naturaleza. SECEM-SECEMU. Madrid
Egilea: Antton Alberdi | Sorrera: 2012/10/11 | Azken eguneraketa: 2013/12/27 | Bisita-kopurua: 1657 | Argazki nagusia: Josef Hlasek

Erregistra zaitez

Erregistra zaitez!

· Parte hartu edukiak hornitzen eta eztabaidatzen 
 
· Igo itzazu argazkiak, bideoak, liburuak, estekak...