Gau-saguzar ertaina
Nyctalus noctula

Tamaina handiko saguzar hau, Euskal Herrian aurki daitezkeen noktuluen artean tamaina ertaina duena da. Luzera handiko migrazioak burutzen dituen Europako saguzar gutxi horietako bat da. Euskal Herrian kolonia gutxi batzuk ezagutzen diren arren, Europa hegoaldean, eta batez ere Iberiar Penintsulan, oso espezie urria da. Ondorioz, saguzar honen inguruko informazio nahiko gutxi dago.

Nyctalus noctula

Phyluma
Chordata
Klasea
Mammalia
Ordena
Chiroptera
Familia
Vespertilionidae
Deskribatzailea
Schreber, 1774
Estatusa
lc

Deskribapena

Tamaina handiko saguzarra da, esan bezala, 48 eta 58 mm bitarteko besaurrea eta 20-30 gramoko pisua izan dezake. Gorputzaren luzera 8 cm-raino iritsi daiteke eta hego-luzera 32-40 cm ingurukoa izan ohi da. Aurpegia zabala eta zapala da, mutur motz eta handiarekin. Ahoa irekitzean bi guruin parotideo zuri handiak nabarmentzen zaizkio. Belarrien forma generoaren bereizgarria da eta tragoak perretxikoi forma du. Tamaina berriz, Nyctalus leisleri eta N. lasiopterus generokideen artekoa da eta zeharkako 4-5 tolesdura izan ohi ditu kanpoaldean.

Ilajea sendo eta arrea da, sabelaldean bizkarrean baino argiagoa. Patagioak, belarriak eta muturra, berriz, arre oso ilun kolorekoak dira. Hegoak gainerako gau-saguzarren antzerakoak dira, luze eta estuak, eta ile asko izan ohi dute gorputzaren aldean. Kalkaneoa uropatagioaren ertzaren erdiraino iristen zaie eta lobulu postkalkaneo oso garatua izan ohi dute.

Banaketa

Europa, Afrika iparraldea, Ekialde Hurbila eta Asian bizi den saguzarra da (Wilson & Reeder, 1993). Iberiar penintsulan presentzia oso urria du, Portugalen zita bakarra baitago eta Espainian ere kopurua ez baita oso handia.

Nafarroan 2 kolonia ezagutzen dira, Iruñerria eta Zangotza inguruetan. Biak ale ar sedentarioz osaturik daude urtearen zati gehienean. Araldian, iraila eta azaroa bitartean, emeak gehitzen dira kolonietara eta garai honetan taldearen tamaina asko handitzen da. Iruñerriko kolonian 100 ale inguru biltzen dira udazkenean, baina urtean zehar litekeena da 50 baino gutxiago egotea. Zangotzan, aldiz, koloniaren tamaina 20 eta 50 aleren bueltan dago (Alcalde, 1999).

Bestalde, Iparralden zenbait kolonia ugaltzaile deskribatu dira baina ez dago haien inguruko datu askorik.

Nyctalus noctula Nyctalus noctula

Habitata

Basoetan bizi den saguzarra da eta zuhaitzetan egon ohi dira kolonia gehienak. Hala ere, badira gizakiak sorturiko erakinetan koloniak ezarri dituzten taldeak ere. Europa erdialdean pagoak dira espezie honek gehien erabiltzen dituen babeslekuak (Kronwitter, 1988; Limpens y Bongers, 1991) baina Iberiar Penintsulan ez da hautespen berezirik nabarmendu.

Penintsulan ezagutzen diren kolonia guztiak 300 eta 700 metro bitarteko altueran daude, ubideen inguruan guztiak. Hala ere, badira ia 2.000 metrotan harrapatu diren aleak ere (Aellen, 1962).



Habitat bereko espezie gehiago

Otus scops
Chalcides bedriagai
Jynx torquilla
Strix aluco
Cuculus canorus
Caprimulgus europaeus
Blanus cinereus
Troglodytes troglodytes
Crocidura russula
Rattus rattus
Microtus duodecimcostatus
Sus scrofa
Cervus elaphus
Capreolus capreolus
Lanius senator
Oryctolagus cuniculus
Pipistrellus kuhlii
Asio otus
Suncus etruscus
Canis lupus
Fringilla coelebs
Bubo bubo
Lacerta schreiberi
Pipistrellus nathusii
Microtus lusitanicus
Talpa europaea
Rana dalmatina
Phoenicurus phoenicurus
Motacilla cinerea
Rana temporaria
Sorex minutus
Crocidura suaveolens
Myotis bechsteinii
Plecotus auritus
Luscinia megarhynchos
Meles meles
Turdus philomelos
Apodemus flavicollis
Alytes obstetricans
Cyanistes caeruleus
Nyctalus lasiopterus
Myotis myotis
Glis glis
Myodes glareolus
Hierophis viridiflavus
Microtus gerbei
Sciurus vulgaris
Martes foina
Dryocopus martius
Dendrocopos medius
Martes martes
Sorex coronatus
Mus musculus
Garrulus glandarius
Vanessa atalanta
Vulpes vulpes
Tyto alba
Rhinolophus ferrumequinum
Pipistrellus pipistrellus
Mustela erminea
Miniopterus schreibersii
Picus sharpei
Dendrocopos major
Dama dama
Buteo buteo
Anguis fragilis
Aquila chrysaetos
Hyla arborea
Barbastella barbastellus
Myotis emarginatus
Nyctalus leisleri
Myotis nattereri
Apodemus sylvaticus
Erithacus rubecula
Erinaceus europaeus
Accipiter nisus
Scolopax rusticola
Lepus europaeus
Salamandra salamandra
Accipiter gentilis
Coracias garrulus
Dendrocopos minor
Ursus arctos


Elikadura

Intsektu hegalariak airean ehizatu ohi ditu 15 metroko altueratik gora, baso eta parkeen ertzetan, erreka bazterretan eta bestelako leku irekietan. Zenbait lekutan kale-argien inguruan ere behatu dira sitsak ehizatzen (Kronwitter, 1988; Rachwald, 1992; Jones, 1995; Alcalde, 1999). Badira lurrean ehizatzen ikusi diren behaketak ere. Elikagai bila dabilenean 6 m/s-ko batezbesteko abiaduran mugitzen da (Jones, 1995).

Normalean gordelekutik distantzia gutxira ehizatu ohi du, 3 km baino erradio txikiagoan. Hala ere, gordelekutik 10 km-ra egindako bidaiak ere behatu dira. Euskal Herrian ez da espezie honen dieta azterketarik burutu, baina Europan egindako ikerketek dietaren zati handiena diptero eta koleopteroek osatzen dutela ikusi da.

Ugalketa eta ontogenia

Euskal Herrian ez dago kumatze koloniarik eta Penintsulan ezagutzen den bakarra Madriden dago. Kolonia hau ezagutzen diren gainerako kumatze-kolonietatik 500 km baino gehiagoko distantziara dago, espeziearen ugalketa-zonalde tipikotik at (Strelkov, 2000).

Nafarroan ezagutzen diren kolonietan, arrei ekainetik aurrera puzten zaizkie barrabilak, baina umeske portaera ez da abuztura arte behatu. Hil honetatik aurrera, kolonia zatitu eta ar bakoitzak gordeleku bana hartzen du. Bertan harenak eratzen dituzte azaroa erdialdera arte. Garai honetan arrak oso portaera territoriala azaltzen dute, beren gordelekua zainduz, eta emeak erakartzeko dei sozialak egiten dituzte. Ar bakoitzak 1-6 emerekin kopulatzen du, nahiz eta badiren emerik gabe gelditen diren arrak ere (Alcalde, 1999). Europa hegoaldean oso ohikoak dira iparraldetik migratzen duten eme eta ar sedentarioen arteko kopulak (Petit & Meyer, 1999). 

Bizimodua

Hegan egitera irteten den saguzarrik goiztiarrenetariko bat da, gaua erori aurretik irten ohi baita gordelekutik. Europa erdialdean aktibitate maximoa eguzkia ezkutatu eta 2-3 ordura jazotzen da (Gaisler et al., 1998).

Gau-saguzar ertainak saguzar partzialki migratzaileak dira. Arrak Europa guztian aurki daitezkeen bitartean, eme gehienak Europa iparraldean kokatzen dira kumatze garaian, bertan ezartzen baitituzte kumaleku garrantzitsuenak. Uda bukaeran koloniak zatitu eta eme ia guztiek eta ar batzuek hegoaldera migratzen dute 1.000 km-rainoko migrazioak burutuz. Bidaia egunez ere gertatzen dela behatu da (Ahlèn y Gerell, 1989; Baagoe, 2001) .

Espezieen arteko elkarrekintzak

Saguzar espezie honen lehia nagusia gordelekuagatik ematen da. Zuhaitzetako zuloak lortzeko beste saguzar espezie batzuekin eta hegaztiekin lehiatzen du. Nafarroan gau-saguzar ertainen gordelekuak zituzten indigaztainondo berberetan usoak behatu dira kumatzen, nahiz eta bi espezieen zulo ezberdinak erabili. Erleekin lehiak ere behatu dira, eta hainbat gau-saguzar hilik aurkitu dira intsektu hauen ziztadaren ondorioz (Arthur y Lemaire, 1999).

Kontserbazioa

Gau-saguzar ertaina 'Interes berezikoa' bezala sailkaturik dago EAEko Espezie Mehatxatuen zerrendan. Euskal Herriako hegoaldean bi kolonia baino ez dira deskribatu Nafarroan baina gerta liteke gainontzekoan ere baten bat egotea. Iparraldeko kolonien inguruan, aldiz, ez dago datu askorik.

Bere mehatxurik handiena babeslekuen galera da, bereziki zuhaitz zaharren mozketaren eta basa-azaleraren murrizketaren ondorioz. Gainera, intsektiziden erabilerak bere harrapakinen kopurua murrizten du eta konposatu hauek metatzen dituzten saguzarrek osasun arazoak izaten dituzte.

Esteka interesgarriak


Erlazionaturiko artikuluak

Euskal Herriko saguzarrak: itzal hegodunak

Antton Alberdi | 2012ko apirila

Bibliografia


Strelkov, P. P.. 2000. Seasonal distribution of migratory bat species (Chiroptera, Vespertilionidae) in eastern Europe and adjacent territories. Myotis, 37: 7-25

Rachwald, A.. 1992. Habitat preference and activity of the noctule bat Nyctalus noctula in the Bialowieza Primeval Forest. Acta Theriologica, 37: 413-422

Ahlèn, I., Gerell, R.. 1987. Distribution and status of bats in Sweden. Hanak I. , Horacek, I. , Gaisler, J. (eds.). European Bat Research. Charles University Press. Praha

Wilson, D. E., Reeder, D. M.. 1993. Mammal species of the world. A taxonomic and geographic reference. Second edition. Smithsonian Institution Press. Washington

Arthur, L., Lemaire, M.. 1999. Les chauves-souris maîtresses de la nuit. Delachaux et Niestlé. Lausanne, Switzerland

Petit, E., Mayer, F.,. 1999. Male dispersal in the noctule bat (Nyctalus noctula): where are the limits?. Proc. R. Soc. Lond., 266: 1717-1722

Kronwitter, F. 1988. Population structure, habitat use and activity patterns of the noctule bat, Nyctalus noctula Schreb., 1774 (Chiroptera, Vespertilionidae) revealed by radio-tracking.. Myotis, 26: 23-85

Alcalde, J. T.. 1999. New ecological data on the noctule bat (Nyctalus noctula Schreber, 1774) (Chiroptera, Vespertilionidae) in two towns of Spain. Mammalia, 63: 273-280

Baagoe, H. J.. 2001. Danish bats (Mammalia: Chiroptera): Atlas and analysis of distribution, occurrence and abundance. Steenstrupia, 26: 1-11

Gaisler, J., Zukal, J., Rehak, Z., Homolka, M.. 1998. Habitat preference and flight activity of bats in a city. Journal of Zoology, 244: 439-445

Jones, G.. 1995. Flight performance, echolocation and foraging behaviour in noctule bats, Nyctalus noctula.. J. Zool., London, 237: 303-312

Aellen, V.. 1962. Le baguement des chauves-souris au col de Bretolet (Valais). Arch. Sci. Genève, 14: 365-392
Egilea: Antton Alberdi | Sorrera: 2012/03/01 | Azken eguneraketa: 2014/08/21 | Bisita-kopurua: 1935 | Argazki nagusia: Ivan Motlik

Erregistra zaitez

Erregistra zaitez!

· Parte hartu edukiak hornitzen eta eztabaidatzen 
 
· Igo itzazu argazkiak, bideoak, liburuak, estekak...