Apolo tximeleta
Parnassius apollo

Mendi-inguruetako tximeleta enblematioenetariko bat da Apolo tximeleta. 800 metrotik gorako altueran bizi ohi da, eta Europako mendigune gehienetan aurki daiteke. Habitat Arteztarauaren (CEE/92/43) IV. eranskinean aipatzen da, eta babes hertsia behar duten interes komunitarioko espezietzat jotzen denez, babestu beharreko espeziea da. Euskal Herrian, Aizkorri-Aratz Parke Naturalean dago populazio esanguratsuenetariko bat.

Parnassius apollo

Phyluma
Arthropoda
Klasea
Insecta
Ordena
Lepidoptera
Familia
Papilionidae
Deskribatzailea
Linnaeus (1758)
Estatusa
vu

Deskribapena

Heldua (Imagoa)

Tamaina handiko tximeleta da, 60 eta 80 mm bitarteko hego-zabalera duena. Emeak arrak baino handixeagoak izan ohi dira, eta itxura ere ezberdina da. Arrak argiagoak dira; izan ere, emeek, ile grisez estaliriko hegoak dituzte, eta ozeloak markatuagoak dira. Oinarri zuriko hegoak dituzte, zeharargiak direnak, eta aurreko hegoetan, arrek zein emeek, hainbat orban beltz dituzte; atzekoetan, berriz, ingerada iluneko eta barnealde zuriko bi orban gorri dituzte. Gorputza oso iletsua da, kolore gris ilunekoa.

Krisalida (Pupa)

Sendoa eta marroixka izaten da, baina sare babesle zuri batek inguratuta egon ohi denez, kolore zuria duela ematen du. Saturnidoen pupen oso antzeko itxura izaten du.

Beldarra (Larba)

Beldarra 50 mm neurtzera irits daiteke, eta kolore beltza izan ohi du, ertzetan orban hori edo laranjekin. Protuberantzia txiki batzuetatik ile beltz laburrak ateratzen zaizkio. Gainerako papilionido gehienek bezala, osmeterioa du buruaren eta toraxaren artea kokatua, eta arriskua nabaritzean kanporatzen dute defetsa-mekanismo moduan.

Arrautza

Arrautzak oso txikiak izan ohi dira. 1,6 eta 1,7 mm bitarteko diametroa izaten dute, eta 0,9-1,1 mm bitarteko luzera. Zuriak izan ohi dira, hemisferikoak eta apur bat zapalduak. 

Antzeko espezieak

Parnassius phoebus

Euskal Herrian eta Iberiar penintsulan bizi ez den espezie batekin soilik nahas daiteke tximeleta hau, Apolo txikiarekin (Parnassius phoebus), hain zuzen. Azken horrek, aurreko hegoetako aurre-ertzeko orban beltz baten barrualdea gorri kolorekoa du. Horrez gain, apolo txikiaren antenak zuri-beltzak dira.

Banaketa

Europako mendigune ia guztietan aurki daitekeen espeziea da, Espainiako Mendikate Betikotik hasi eta Eskandinaviako, Siberia mendebaldeko eta Anatoliako mendietaraino. Alemania erdialdean eta Danimarkan galdutzat jotzen da espeziea. 

Euskal Herrian Pirinioetan eta Arabako eta Gipuzkoako mendigune altuenetan aurki daiteke, beti ere 800 metrotik gorako altueran. 

Garaia

Udan egiten du hegan espezie honek. Negua arrautza moduan igaortzen du, eta udaberriaren erdialdera jaiotzen da beldarra. 

Habitata

Goi-mendietako larre harritsu eguzkitsuak dira espezie honen habitat nagusia, eta teilatu-belarrak (Sedum sp.) dira behar dituzten landare-espezie garrantzitsuenak, landare horien hostoetaz elikatzen baitira larbak.  Egunez elikatzen dira, eta gauez harrien azpian gordetzen babesteko.

800 metroko altueratik 2.500 metroko altueraraino aurki daiteke espeziea. Populazioak oso lekutuak izan ohi dira, eta normala izaten da mendi hegal batean edo bailara jakinetan soilik aurkitzea. Populazioen zatiketa handia dela-eta, espezie honen subespezie asko deskribatu dira, morfologian oinarrituta, batez ere.



Habitat bereko espezie gehiago

Talpa europaea
Plecotus macrobullaris
Mustela nivalis
Bubo bubo
Aegolius funereus
Aquila chrysaetos
Myotis nattereri
Chionomys nivalis
Sus scrofa
Myotis myotis
Tadarida teniotis
Rupicapra pyrenaica
Pyrrhocorax pyrrhocorax
Pyrrhocorax graculus
Mus musculus
Micromys minutus
Mustela erminea
Neophron percnopterus
Prunella collaris
Microtus agrestis
Sorex coronatus
Gyps fulvus
Gypaetus barbatus
Montifringilla nivalis
Hierophis viridiflavus
Microtus gerbei
Tichodroma muraria


Elikadura

Sedum generoko landareen hostoetaz elikatzen dira apolo tximeletaren larbak, teilatu-belar zuria (Sedum album), batez ere (Tolman & Lewington, 2008).

Ugalketa eta ontogenia

Urtean generazio bakarra sortzen duen espeziea da, uniboltinoa, alegia. Emeak landare krasulazeoen (teilatu-belarrak (Sedum sp.), betibiziak(Sempervivium sp.)...) eta ipuruen (Juniperus sp.) hostoetan 80-150 arrautza inguru ezartzen ditu. Udazkenean garatu arren, egoera horretan igarotzen dute negua –arrautzen barruan larbak guztiz garaturik daudela–, harik eta, udaberriaren hasieran zabaltzen diren arte. Aurrenak jartzen diren arrautzak izaten dira emankorrenak.

Larbek 2-3 hilabeteko bizitza izaten dute, eta maiatza amaieran edo ekainean pupatzen dira. Pupatzeko prozesuak 4 egun inguru irauten du. Pupak arroken azpian ezarri ohi dira, normalean, eta krisalida-egoerak 3 aste inguru irauten du, nahiz eta lekuaren eta balintza meteorologikoen arabera prozesua 6 astera arte luza daitekeen. Ondorioz, helduek maiatza eta uztaila bitartean egiten dute hegan, lekuaren, garaieraren eta sasoiaren arabera (Tolman & Lewington, 2008).

Kontserbazioa

IUCNren arabera Zaurgarritzat jotzen den espeziea da, eta baita Habitat Arteztarauaren (CEE/92/43) IV. eranskinean ere (Gimenez Dixon, 1996). Ondorioz, espeziea duten estatuek haren kontserbaziorako neurriak hartu behar dituzte. Hala gertatu da Europako herrialde askotan; hala nola Liechtensteinen, Finlandian eta Suedian. 

Europako herrialde gehienetan beherakada handia pairatu du azken mendean, Alemanian, Norvegian, Suedian eta Frantzian, kasu.

Esteka interesgarriak


Egilea: Antton Alberdi | Sorrera: 2012/01/26 | Azken eguneraketa: 2014/09/12 | Bisita-kopurua: 2230 | Argazki nagusia: Hectonichus

Erregistra zaitez

Erregistra zaitez!

· Parte hartu edukiak hornitzen eta eztabaidatzen 
 
· Igo itzazu argazkiak, bideoak, liburuak, estekak...