Apo ezproiduna
Pelobates cultripes

Apo ezproidunak inguru lehortarretara ederki moldaturiko anuruak dira eta Euskal Herriko hegoaldean aurki ditzakegu, Bardeak bezalako ingurune ia desertikoetan. Eguraldia oso hezea ez den bitartean, eguna lurpeko freskotasunean ezkutatuta pasa ohi dute eta uretan ugaltzen direnez, urik ez dagoen urteetan ez dira ugaltzen. Apo ezproidunari izena atzeko hanketan ageri duen kolore beltzeko tuberkulu metatartsiarrak ematen dio, ezproi itxura izaten duena.

Pelobates cultripes

Phyluma
Chordata
Klasea
Amphibia
Ordena
Anura
Familia
Pelobatidae
Deskribatzailea
Cuvier, 1829
Estatusa
nt

Deskribapena

Espezie honen zapaburuek oso tamaina handia lortzen dute, 120 mm-ko aleak ikusi izan direlarik (Boulenger 1897). Hala ere, arruntena 80 mm ingurukoak izatea da (Álvarez & Salvador 1984). Gorputza isatsa baino zertxobait txikiagoa da, hain zuzen ere, isatsarekiko 0,88 aldiz motzagoa.

Espirakulua ezker aldeko alborantz zabaltzen da eta orientazio posterodortsala du. Uzkia, aldiz, gorputzaren atzealdean kokatzen da, erdiratuta. Moko korneoa, kolore beltzekoa, ondo garatuta dago. Aho-diskoan, papilek zirkulu moduko bat osatzen dute, baina ez da erabat isten, goiko ezpaineko erdialdean zabalik mantentzen baita. Ezpain-hortzak hilera sinpleetan lerrokatzen dira, maiz patroi irregularreko serieak eratuz, nahiz eta formularik arruntenak 3/5, 4/4, 4/5 edo 5/5 diren (Busack & Zug 1976; Álvarez &Salvador 1984; García-París et al. 2004).

Isats sendoa dute, mutur zorrotz batez bukatzen dena eta ondo garatutako gandorra izan ohi dute, gorputzaren erdialderaino luzatzen direnak dortsalki. Kolorazioa aldakorra da, normalean gris-horixka edo arre argia eta orban zuriak dituzte, bereziki eskualde kaudalean (García-París 1989). Lateralki eta dortsalki kolore argiagoak izaten dituzte, irisazioekin.

Helduak tamainaz ertainak dira eta itxura sendokoak. Burua luze baino zabalagoa da eta oso begi handi eta irtenak dituzte, dortsolateralki gailentzen direnak. Begien arteko distantzia, narinen artekoa baino askoz handiagoa da. Buruaren goiko aldean azala kranioari lotuta egoten da, itxura zimurra hartuz. Ez ditu tinpanoak agerian, ezta guruin parotideak ere. Begi-nini bertikala dute, zilar koloreko irisarekin. Ez dute aho-zakurik.

Aurreko hankek lau hatz libre dituzte eta atzekoek, mintz baten bidez loturiko bost hatz. Tuberkulu metatartsiano oso garatuak eta gogortuak dituzte, kolore beltzeko ezproi moduko bat osatuz.

Azal leun eta disdiratsua dute eta bizkarraldeko kolorazioa aldakorra da: horixka, zurixka, grisa, berdexka edo arrea, arre edo berde ilun koloreko orbanekin. Sabelalde zurixka dute, hau ere batzuetan orban ilunagoekin (Boulenger 1897; Angel 1946; Salvador 1974, 1985; Guyétant 1986; Barbadillo 1987; González de la Vega 1988; Galán & Fernández-Arias 1993; García-París et al. 2004). Azkenik, zenbait ale albino ere ikusi izan dira.

Arrek guruin karakteristiko batzuk izaten dituzte galtzarbetan. Gainera, araldian zehar, pikor modukoak garatzen dituzte hanketan. Emeek maiz orban dortsal ilunagoak dituzte, lerro longitudinal irregularretan paratuta.

Banaketa

Iberiar penintsulako eskualde mediterranearrean aurkitzen da batik bat (Malkmus 1995; Barbadillo et al. 1999; Godinho et al. 1999; Ferrand de Almeida et al. 2001; Tejedo & Reques 2002; Cruz 2008), Frantziako hego-ekialdeko kostaldetik zehar zabalduz, Alpeetaraino (Guyétant 1986).

Euskal Herrian hegoaldeko inguru lehorrenetako anfibio tipikoak dira. Besteak beste, Ebro ibaiaren inguruan, El Pulguer, Pitillas, La Estanquilla eta Agua Salada bezalako hezeguneetan bizi dira eta, esan bezala, Bardeak inguruetan ere topa daitezke. Hala ere, 2005. urtean Arabako hegoaldeko 10 hezeguneetan egindako ikerketa batean ez zen alerik topatu (Olano et al. 2007).

Pelobates cultripes Pelobates cultripes

Habitata

Apo ezproidunaren zapaburuak igerilari aktiboak dira eta ur-masen sakonera desberdinetan aurki daitezke, bereziki hondoan baina baita ur-zutabean eta gainazalean ere (Díaz-Paniagua 1987). Tenperatura altuekiko nahiko toleranteak dira, 32ºC-ko tenperaturak jasan ditzaketelarik. Hala ere, ikusi izan da 35ºC-rekin heriotz-tasak erabatekoak direla bi orduren buruan (Cei & Crespo 1971).

Helduak, substratu hareatsua duten eremuetan aurkitu ohi dira, edo behintzat arazo handirik gabe lurperatzea baimenduko dien substratuetan. Habitat ugarietan aurki daitezke, esaterako artadi eta pinudietan, baina baita zonalde irekietan, nekazal larreetan, dunetan, marismetan, euri-ibarreran... Orokorrean, altitude txiki edo ertainak nahiago izaten dituzte baina itsas mailatik 1.770 metrora aurkitu izan dira, Erdialdeko Sisteman (Cejudo 1990).


Elikadura

Zapaburuak mikroorganismoz, hondakin begetal eta animalia-hondakinez, krustazeo txikiz eta beste anfibioen arrautzez elikatzen dira. Jarrera kanibalak ere izan ditzakete, putzu berdinean zapaburu asko dauden kasuetan. Larbak tamainaz handitu ahala, dieta fanerogamoez aberasten dute (Cei & Crespo 1971; Busack & Zug 1976; Díaz-Paniagua 1985; González de la Vega 1988, Tejedo 1991; Pérez-Santigosa et al. 2003).

Larben elika-jarrera oso aldakorra da eta teknika desberdinak erabiltzen dituzte: detritusaren xurgatzea, perifitonaren karraskatzea, landare zatien karraskatzea, ponpatzea eta xurgatzea.

Apo helduak ornogabe ugari predatzen ditu, bereziki anelidoak, gasteropodoak, ortopteroak eta koleopteroak (Boulenger 1897; Gadow 1901; Angel 1946). Euskal herrian egindako ikerketa batean koleopteroek (%35,2), anelidoek (%9,9), dermapteroek (%8,4), lepidopteroen larbek (%8,4) eta himenopteroek (%7) osatzen zuten batik bat bere dieta (Bea et al. 1994). Tamaina handiko aleak anfibio txikietaz elikatzen ere ikusi izan dira, esaterako, hegoaldeko zuhaitz-igelaz (Díaz-Paniagua et al. 2005).

Ehizatzeko, apoak gorputza zutitu egiten du eta inguruko harrapakinak lokalizatu.

Ugalketa eta ontogenia

Tenperaturak epeltzen hasten direnean eta prezipitazioen ostean, apo ezproidunaren migrazioak hasten dira, ur inguruneetarantz (Lizana et al. 1994; Salvador & Carrascal 1990). Ilunabarrez iristen dira putzuetara eta landaredi gutxiko ur-masen inguruan pilatzen dira. Iristen lehenak alerik handienak izaten dira (Salvador et al. 1986; Lizana et al. 1994). Araldiak 35-41 eguneko iraupena izan dezake (Lizana et al. 1994; Salvador & Carrascal 1990).

Ar zein emeek ur azpian egiten dute korroka, 1-10 deietako serieetan. Deien bidez, emeek aktiboki bilatzen dituzte arrak eta arrek, era berean, beste arrak detektatu eta hauekin borrokatzen dira (Lizana et al. 1994).

Bikotea osatzea lortzen denean estaltzea hasten da, apo hauen kasuan, iztaiko anplexu bidezkoa dena. Eme bakoitzak 2300 arrautz jartzen ditu batez beste (Lizana et al. 1994) eta errun ahala arra hauek ernaltzen joango da.

Normalean, arrak ugaldu direneko putzuan 20 egun inguruz mantentzen dira, eta emeak 1-8 egunez. Honek, araldian zehar putzuen inguruan ar gehiago egotea eragiten du, eta erratioa, hain zuzen ere, 1,5:1-ekoa izaten da (Salvador et al. 1986; Salvador & Carrascal 1990; Lizana et al. 1994).

Arrautzek 1,5-1,7 mm-ko diametroa dute eta aste baten buruan 5 mm inguruko zapaburuak aterako dira bertatik (Pujiula 1931a, 1931b; González de la Vega 1988; Salvador & García-París 2001). Zapaburuen garapenerako tenperatura optimoa 27-28 ºC-koa da.

Zapaburuek isatsa erabat desagertu aurretik burutzen dute metamorfosia (Busack & Zug 1976) eta 18-34 mm dituztela uretatik ateratzen hasten dira (Alvarez et al. 1990).

Bizimodua

Bere banaketa eskualdeko eremurik hotzenetan, esaterako Euskal Herrian, neguan iraupen aldakorreko hibernazio moduko bat burutu dezake, eta bere aktibitatea hilabeterik lehorrenetan ere murriztu daiteke. Beraz, aktiboagoa izango da negu edota udaberri bukaeran (Barbadillo 1987).

Animalia ia erabat lehortarrak dira eta soilik araldian zehar hurbiltzen dira ur inguruetara. Soilik gauez dira aktiboak, bereziki ilunabarrez, nahiz eta egun lainotuetan egunez ere ikus daitezkeen, batik bat araldian zehar. Inaktibo daudenean bertikalki eta atzerantz lurperatzen dute euren burua, atzeko hanketako espoloiak erabilita (Valverde 1969). 58 cm-ko sakoneratan ere aurkitu izan dira aop ezproidunak (González de la Vega 1988). Sasoi lehor hauetan zehar euren pisuaren %30 galtzera ere iris daitezke.

Espezieen arteko elkarrekintzak

Bere izaera ia lurtarra dela eta, ez da beste anfibio askorekin batzen, ez behintzat ugaltze sasoitik kanpo. Hala ere, sasoi honetan putzuak elkarbanatzen ditu Hyla meridionalis, Discoglossus galganoi, Pelophylax perezi eta Epidalea calamitarekin (Cei & Crespo 1971; Díaz-Paniagua 1983). Gainera, Triturus marmoratus apo ezproidunaren arrautzak jaten ikusi izan da (Martínez-Solano 2000).

Horrez gain, apo ezproidunaz elikatzen diren predatzaile ugari deskribatu izan dira. Aipatu bezala uhandre marmolaireek, zenbait narrastik (Natrix maura, Emys orbicularis, Mauremys leprosa), ugaztunek (Sus scrofa, Meles meles, Herpestes ichneumon, Genetta genetta, Lutra lutra, Rattus norvegicus), hegaztiek (Ardea cinerea, Ardeola ralloides, Athene noctua, Buteo buteo, Chlydonias niger, Ciconia nigra, Egretta garzetta, Gelochelidon nilotica, Milvus migrans, Milvus milvus, Nycticorax nycticorax, Strix aluco, Sturnus unicolor, Tyto alba) eta ornogabe urtarrek (Triops cancriformis) jaten dituzte apo ezproidun heldu, zapaburu zein arrauitzak (Bernis & Valverde 1954; Valverde 1967; Knoepffler 1979; Curt & Galán 1982; Domínguez et al. 1985; Santos et al. 1986; Tejedo 1993; Rey et al. 1994; Anthonioz et al. 2000; Martínez-Solano 2000; Gómez-Mestre & Keller 2003; Díaz-Paniagua et al. 2007; Marangoni & Tejedo 2007b).

Azkenik, apo ezproidunaren parasito arruntak dira zenbait protozoo, esaterako, Protoopalina intestinalis (Metcalf 1923) eta platelminto, Polystoma pelobatis (Combes 1967; Combes & Knoepffler 1977).

Kontserbazioa

Espezie Mehatxatuen EAEko katalogoan, 'Interes berezikoa' bezala dago sailkaturik. Oso leku gutxitan, eta ale bakan batzuk baino ikusi ez direnez, populazioa txikia dela eta bakartuta ageri ohi dela esan genezake. Ez dakigu populazioa egonkorra den edo aldatzen ari den. Oro har, populazioek atzerakada izan dute, eta gertakari hori nabarmenagoa da banaketa-eremuaren ertzetan. Euskal Herriko iparraldean, 70eko hamarkadatik 80ko hamarkadaren erdialdera arte, populazioa nahiko egonkorra zen, nahiz eta aipamen gutxi egon, baina habitatean eragindako alterazioek seguraski eragina zuten espeziean ordurako, eta aleak murriztea eragiten ari ziren.

Argazkiak

Apo ezproiduna
Ander Izagirre ( 2012/03/22 )
Esteka interesgarriak


Bibliografia


Díaz-Paniagua C, Portheault A, Gómez Rodríguez C. 2007. Depredadores de los anfibios adultos de Doñana: Análisis cualitativo.. Gosá A, Egaña-Callejo A, Rubio X (Eds). Herpetologia iberiarraren egoera. Lehen Herpetologia Kongressua Euskal Herrian..

Metcalf MM. 1923. The opalinid ciliate infusorians. United States National Museum Bulletin, 120: 1–484

Gómez-Mestre I, Keller C. 2003. Experimental assessment of turtle predation on larval anurans. Copeia, : 349-356

Anthonioz A, Bavoux C, Seguin N. 2000. Predation du pelobate cultripede Pelobates cultripes , par la cheveche d’Athena Athene noctua dans l’ille d’Oleron (Charente-Maritime). Annales de la Societe des Sciences Naturelles de la Charente-Maritime, 8: 1097-1100

Rey JM, Esteban M, Sanchiz B. 1994. Registros corológicos de anfibios españoles fundamentados en egagrópilas de lechuza común. Boletín de la Asociación Herpetológica Española, 5: 4-8

Combes C. 1967. Correlations entre les cycles sexuel des amphibiens anoures et des Polystomatidae (Monogenea). Comptes rendus hebdomadaires des séances de l’Académie des sciences, 264D: 1051-1052

Combes C, Knoepffler LP. 1977. Parasitisme d'une population de Pelobates cultripes (Cuvier, 1829) à la sortie de l'eau par les postlarves de Polystoma pelobatis Euzet & Combes. Vie et Milieu, Série C Biologie Terrestre, 27: 215-219

Bea A, Montori A, Pascual X. 1994. Herpetofauna dels Aiguamolls de l'Empordà. Els sistemes naturals dels Aiguamolls de l'Empordà. Treballs de la Institució Catalana d’Història Natural.

Díaz-Paniagua C, Gómez-Rodríguez C, Portheault A, de Vries W. 2005. Los anfibios de Doñana. Naturaleza y parques nacionales. Serie técnica. Organismo Autónomo Parques Nacionales. Madrid

Salvador A, Carrascal LM. 1990. Reproductive phenology and temporal patterns of male access in mediterranean anurans. Journal of Herpetology, 24: 438-441

Salvador A. 1985. Guía de campo de los anfibios y reptiles de la Península Ibérica, Islas Baleares y Canarias. Autorearen edizioa. León

Tejedo M. 1993. Size-dependent vulnerability and behavioral responses of tadpoles of two anuran species to beetle larvae predators. Herpetologica, 49: 287-294

Santos FJ, Salvador A, García C. 1986. Dieta de las larvas de Pleurodeles waltl y Triturus marmoratus (Amphibia: Salamandridae) en simpat ría en dos charcas temporales de León. Revista Española de Herpetología, 1: 293-313

Álvarez J, Salvador A, Martín J, Gutiérrez A. 1990. Desarrollo larvario del sapo de espuelas ( Pelobates cultripes ) en charcas temporales del NW de la Península Ibérica (Anura, Pelobatidae). Revista Española de Herpetología, 4: 55-66

Pujiula PJ. 1931b. Datos morfo-cronológicos externos sobre la evolución de los huevos de Pelobates cultripes. Butlletí de la Institució Catalana d'Historia Natural, 11: 85-88

Pujiula PJ. 1931a. Pelobates cultripes, Tsch. Datos ecológicos y técnicos, referentes a la reproducción. Butlletí de la Institució Catalana d'Historia Natural, 11: 81-84

Díaz-Paniagua C. 1987. Tadpole distribution in relation to vegetal heterogeneity in temporary ponds. Herpetological Journal, 1: 167-169

Díaz-Paniagua C. 1983. Influencia de las características del medio acuático sobre las poblaciones de larvas de anfibios en la Reserva Biológica de Doñana (Huelva, España). Doñana, Acta Vertebrata, 10: 41-53

Martínez-Solano I. 2000. Pelobates cultripes (Iberian Spadefoot Toad). Predation. Herpetological Review, 31: 235

Domínguez L, González JL, González LM, Garzón J, Llandres C. 1985. Datos sobre la alimentación de la cigueña negra ( Ciconia nigra L.) en España Centro Occidental. Alytes (Mérida), 3: 51-56

Curt J, Galán P. 1982. Esos anfibios y reptiles gallegos. J. Curt. Pontevedra

Knoepffler LP. 1979. Triops cancriformis (Bosc), crustace phyllopode predateur de tetards et de jeunes amphibiens. Vie et Milieu Ser. C Biologie Terrestre, 28-29: 117-121

Bernis F, Valverde JA. 1954. La gran colonia de garzas del Coto Doñana. Munibe, 1: 1-39

Lizana M, Márquez R, Martín-Sánchez R. 1994. Reproductive biology of Pelobates cultripes (Anura: Pelobatidae) in Central Spain. Journal of Herpetology, 28: 19-27

Gadow H. 1901. Amphibia and Reptiles. The Cambridge Natural History, Vol. 8. Macmillan. London

García-París M, Montori A, Herrero P. 2004. Amphibia, Lissamphibia. Fauna Ibérica. Museo Nacional de Ciencias Naturales, CSIC. Madrid

Guyétant R. 1986. Les amphibiens de France. Revue Francaise d'Aquariologie, 13: 1-60

Salvador A. 1974. Guía de los anfibios y reptiles españoles. Instituto Nacional para la Conservación de la Naturaleza (ICONA). Madrid

Malkmus R. 1995. Die amphibien und reptilien Portugals, Madeiras und der Azoren. Westarp Wiss. Magdeburg

García-París M. 1989. Guía para la identificación de los renacuajos españoles. Quercus, 38: 17-20

Galán P, Fernández-Arias G. 1993. Anfibios e réptiles de Galicia. Edicioes Xerais. Vigo

Angel F. 1946. Reptiles et amphibiens. Faune de France. Lechevalier et Librairie de la Faculté des Sciences. Paris

Barbadillo LJ. 1987. La guía de INCAFO de los anfibios y r eptiles de la Península Ibérica, Islas Baleares y Canarias. INCAFO. Madrid

Boulenger GA. 1897. The tailless batrachians of Europe. Part I. Ray Society. London

Busack SD, Zug GR. 1976. Observations on the tadpoles of Pelobates cultripes from Southern Spain. Herpetologica, 32: 130-137

Barbadillo LJ, Lacomba JI, Pérez Mellado V, Sancho V, López-Jur ado LF. 1999. Anfibios y reptiles de la Península Ibérica, Baleares y Canarias. GeoPlaneta S.A.. Barcelona

Godinho R, Teixeira J, Rebelo R, Segurado P, Loureiro A, Álvares F, Gomes N, Cardoso P, Camilo-Alves C, Brito JC. 1999. Atlas of the continental Portuguese herpetofauna: an assemblage of published and new data. Revista Española de Herpetología, 13: 61-81

Díaz-Paniagua C. 1985. Larval diets related to morphological characters of five anuran species in the Biological Reserve of Doñana (Huelva, Spain). Amphibia-Reptilia, 6: 307-322

González de la Vega J. P.. 1988. Anfibios y Reptiles de la provincia de Huelva. Ertisa. Huelva

Tejedo M. 1991. Effect of predation by two species of sympatric tadpoles on embryo survival in natterjack toads (Bufo calamita). Herpetologica, 47: 322-327

Pérez-Santigosa N, Hidalgo-Vila J, Díaz-Paniagua C. 2003. Depredación y consumo de huevos de triton pigmeo, Triturus pygmaeus , en los medios acuáticos temporales de Doñana. Revista Española de Herpetología, 17: 11-19

Cejudo D. 1990. Nueva altitud máxima para Pelobates cultripes. Boletín de la Asociación Herpetológica Española, 1: 20

Cei JM, Crespo EG. 1971. Remarks on some adaptative ecological trends of Pelobates cultripes from Portugal: Thermal requirement, rate of development and water regulation. Arquivos do Museu Bocage, 3: 9-36

Ferrand de Almeida N, Ferrand de Almeida P, Gonçalves H, Sequeira F, Teixeira J, Ferrand de Almeida F. 2001. Guia FAPAS Anfibios e Répteis de Portugal. FAPAS-Cámara Municipal de Porto. Porto

Cruz MJ. 2008. Pelobates cultripes. Atlas dos Anfibios e Répteis de Portugal.. Instituto da Conservação da Natureza e da Biodiversidade. Lisboa

Tejedo M, Reques R. 2002. Pelobates cultripes. Atlas y libro rojo de los anfibios y reptiles de España .. Dirección General de la Conservación de la Naturaleza-Asociación Herpetológica Española. Madrid

Olano I, Ruiz de Azúa N, Fernández JM, Arrayago MJ, Bea A. 2007. Estado de conservación de poblaciones periféricas de anfibios: tritón pirenaico Euproctus asper y sapo de espuelas Pelobates cultripes en la Comunidad Autónoma del País Vasco. Herpetologia iberiarraren egoera: Lehen Herpetologia Kongressua Euskal Herrian. Munibe.

Álvarez J, Salvador A. 1984. Cría de anuros en la laguna de Chozas de Arriba (León) en 1980. Mediterranea, 7: 27-48
Egilea: Maialen Sistiaga | Sorrera: 2012/02/21 | Azken eguneraketa: 2014/08/20 | Bisita-kopurua: 1579 | Argazki nagusia: Ander Izagirre Egaña

Erregistra zaitez

Erregistra zaitez!

· Parte hartu edukiak hornitzen eta eztabaidatzen 
 
· Igo itzazu argazkiak, bideoak, liburuak, estekak...