Buztangorri iluna
Phoenicurus ochruros

Passeriformes ordeneko hegaztitxoa da buztangorri iluna. Izenak dioen bezala bere kolore ilunarekin ikusgarri egiten den buztan gorriarengatik da bereizgarri, eta labarretako hegaztia den arren geroz eta ohikoagoa da animalia txikia hau hiriguneetako parke edota jardinetan aurkitzea.

Phoenicurus ochruros

Phyluma
Chordata
Klasea
Aves
Ordena
Passeriformes
Familia
Muscicapidae
Deskribatzailea
(Gmelin, 1774)
Estatusa
lc

Deskribapena

Hegazti txiki honek 13-14,5 cm bitartean neurtzen ditu. Dimorfismo sexuala dago, arrak beltzak eta emeak gris-marroixkak baitira. Arra ugal garaian beltz hauskara da, buztan gorri deigarriarekin. Hegoetan lerro zuriak ditu, eta hanka eta moko beltza. Neguan aldiz ez da hain beltza izaten, bere lumaia gris iluna bihurtzen baita. Lehenago aipatu bezala, emeak gris-marroixkak dira, eta hegoetako lerro zuri eta buztan gorria dute baita ere. Hauen mokoa ere beltza da, baina hankak marroiak. Ale gazteak ere kolore marroikoak dira, emeen antzera. 

Antzeko espezieak

Phoenicurus phoenicurus (Buztangorri argia)
Phoenicurus phoenicurus

Genero berdineko bi espezie hauek oso antzekoak dira, eta hauek desberdintzeko atal nabarmenenak burua eta papar-alde edo behe-aldea direla esan daiteke.

Buztangorri ilunak buru beltza du, eta buztangorri argiak berriz ez; lerro zuri bat du begien gainealdean, eta lerro hontatik gora gris argi koloreko lumaia du.

Paparraldeari dagokionez, buztangorri ilunak paparralde beltza du eta buztangorri argiak aldiz gorria. 

Kantua

Banaketa

Europan, erdialdetik beherantz soilik agertzen da; Europa erdialdean udako banaketa du, neguan hegoalderagoko guneetara mugitzen delarik. Europa hegoaldean ia toki gehienetan egoiliarra da, nahiz eta zenbait tokitan neguko banaketa soilik duen.

Iberiar penintsula osoan agertzen da, zenbait tokitan urte osoan eta beste zenbaitetan soilik neguan.

Euskal Herriari dagokionez, ia lurralde guztian hedatua dago urte osoan zehar.

Phoenicurus ochruros Phoenicurus ochruros

Habitata

Ingurune harritsuetan bizi da, harro eta labarretan esaterako. Baina geroz eta ohikoagoa izaten da hegazti hau hiriguneetako parke edota zelaietan ikustea.



Habitat bereko espezie gehiago

Prunella modularis
Luscinia megarhynchos
Phoenicurus phoenicurus
Fringilla coelebs
Accipiter gentilis
Erinaceus europaeus
Talpa occidentalis
Rhinolophus hipposideros
Alca torda
Bubo bubo
Chalcides bedriagai
Pyrrhocorax pyrrhocorax
Pandion haliaetus
Larus argentatus
Uria aalge
Troglodytes troglodytes
Crocidura russula
Asio otus
Turdus merula
Plecotus austriacus
Myotis emarginatus
Pipistrellus kuhlii
Pipistrellus pipistrellus
Rattus norvegicus
Rattus rattus
Falco tinnunculus
Otus scops
Passer domesticus
Strix aluco
Myodes glareolus
Trachemys scripta
Mus musculus


Elikadura

Intsektuz eta armiarmez elikatzen da, eta udazkenean dieta honi baiak gehitzen zaizkio.

Ugalketa eta ontogenia

Kabia zulo eta arrakaletan egiten du normalean, nahiz eta zenbaitetan arroken azpian edota eraikuntza edo kobazuloen erlaitzetan ere egiten duten. Kabi hau emeak soilik eraikitzen du, belar lehorrak, zurtoinak eta goroldioa erabiliz, eta gero luma batzuekin estaliz. Kabitze garaia apirila hasiera edo erdialdean hasten da, eta urteko bi errunaldi ematen dira, nahiz eta urte batzuetan hiru ere gerta daitezkeen.

Errunaldi bakoitzean emeak 4-6 arrautza subeliptiko erruten ditu, lisu eta disdiratsuak direnak. Kolore zurikoak normalean (Mediterraneo ekialdeko eta Kaukaso inguruko buztanluze ilunen arrautzak urdinak izaten dira) eta 19,6x14,4 mm-ko tamainakoak. Emeak soilik inkubatzen ditu, 12-16 egunez.

Arrautza hauetatik jaiotzen diren txitak lumatxa ugari izaten dute, batez ere buru eta bizkarraldean. Gris ilunak izaten dira, eta ahoa berriz horia dute. Txita hauek bai eme eta bai arrek zaintzen dituzte, jaiotzen direnetik 12-19 egun igarotzen diren arte (Harrison 1991)

Bizimodua

Harkaitzeko zulo edo arrakaletan egiten du kabia, eta noiz behinka zuhaitzetako zuloetan aurkitzen den arren, ohikoena harri artean edo hiriguneetan topatzea izaten da.

Hegaldi motz eta irregularrak egiten ditu, hegoen astintzeak hegaldi lausoekin tartekaturik.

Kontserbazioa

Hegazti honek ez du kontserbazio plan berezirik; mundu mailan ardura gutxikoa bezala katalogatuta dago, eta ez da agertzen EAEko liburu gorrian ezta Nafarroako zerrenda gorrian ere.

 

Argazkiak

Buztangorri iluna (txita)
Garikoitz Perurena ( 2012/06/18 )
Buztangorri iluna (emea)
Garikoitz Perurena ( 2012/06/18 )
Esteka interesgarriak


Bibliografia


Harrison C. 1991. Guía de Campo de los nidos, huevos y polluelos de las aves de España y de Europa. Omega S. A.

Scott B, Forrest D. 1982. Clave del Observador de Aves. Omega S. A. Barcelona

Penas Patiño XM, Pedreira López C, Silvar C. 2012. Guía de Aves de Euskal Herria. Sua Edizioak.
Egilea: Izaskun Alberdi | Sorrera: 2014/02/17 | Azken eguneraketa: 2014/04/01 | Bisita-kopurua: 1337 | Argazki nagusia: Ómar Runólfsson

Erregistra zaitez

Erregistra zaitez!

· Parte hartu edukiak hornitzen eta eztabaidatzen 
 
· Igo itzazu argazkiak, bideoak, liburuak, estekak...