Baso-igel iberiarra
Rana iberica

Iberiar penintsulako endemismoa da eta penintsularen ipar-mendebaldean baino ez da agertzen. Bere banaketaren muinean nahiko espezie ugaria da, baina banaketaren mugatan, Euskal Herria kasu, oso espezie urria da eta gainera beherakada nabarmena jasaten ari da azken urteetan. Euskal Herrian, Urdaibai inguruko eta Gorbeiako ibaietan baino ez da aurkitzen harribitxi hau.

Rana iberica

Phyluma
Chordata
Klasea
Mammalia
Ordena
Anura
Familia
Ranidae
Deskribatzailea
Boulenger, 1879
Estatusa
nt

Deskribapena

Larbak kolore arre-grisaxa edo gorria du, gorputzean eta isatsean urre-koloreko orbanekin. Azpialde grisaxka edo gorrixka, gutxiago pigmentatua. 49 mm luzerara iristen da (Salvador, 2005).

Igel txikia eta liraina da, mutur motz eta biribildukoa. Ertz errostral bereiztua du. Narinak antzeko distantziara daude muturretik eta begietatik. Narinen arteko distantzia, distantzia interorbitala baino zertxobait handiagoa da. Behatzak nahiko tuberkulu subartikular garatuekin. Atzeko gorputz-adarrak oso luzeak dira. Azal leuna du, bizkarraldean eta atzeko gorputz-adarren atzealdean pikor batzuekin. Plegu dortsolaterala estua eta irtena. Ez du aho-zakurik, gorteiurako eskrezio pikortsu arre-grisaxkak egiten ditu. Azpialdean kolore arre-horixka, arre-grisaxka edo gorrixka du; bizkarraldean orban horixkak eta alboetan zuriak. Bizkarreko orbanak lausoak eta urriak dira normalean.  Azpialdean orban erretikulatu gris edo beltzak ditu. Irisa urre-kolorekoa edo gorrixka du (Salvador, 2005). 

Antzeko espezieak

Rana pyrenaica

Baso-igel piriniarrak tinpano oso txikia eta gutxi markatua du; iberiarrak ere txikia du, baina markatuagoa eta begitik urrun kokatua. Piriniarrak eztarrialdea grisez eta arrosaz jaspeztatua du, erdiko marra argirik gabea; iberiarrak, aldiz, arre kolorez oso orbandua eta erdiko marra oso markatuarekin. Azpialdea zurixka-horixka du piriniarrak eta, zurixka eta orban ilunez oso kargatua iberiarrak.

Bereizteko modurik onena bizilekua da, halere, morfologikoki bereizteko aditua izan behar baita. Baso-igel piriniarra goi-menditan bizi da, eta, iberiarra, altitude handietan aurkitu badaiteke ere arraroa da.


Rana temporaria

Baso-igel gorriak nahiko tinpano handia du eta begitik urrun. Tamainaz igel handiagoa eta sendoagoa da. Tono ugaritako arre eta gorriz orbandua izan ohi du zintzurra. Azpialdetik kremaz jaspeztatua da eta, tono ugaritako orban handiak izan ohi ditu. Iberiarrak behatzak oso palmatuak ditu oinetan eta hanka luzeak, gorriak, aldiz, hanka motzak izan ohi ditu eta behatzak gutxi palmatuak.


Rana dalmatina
Rana dalmatina

Baso-igel jauzkariak mutur luzeagoa du eta punta zorrotzekoa, beste baso-igelek, aldiz, zabala eta punta borobildukoa. Tinpanoa oso handia eta begitik oso hurbil izaten du. Gorpuzkera liraina duen arren tamainaz iberiarra baino handiagoa da. Zintzurra argia izan ohi du, batzuetan orban arre txikiekin. Sabelaldea zurixka eta orbanik gabea izaten du, izterrondotan limoi-hori koloreko orbanekin.

Banaketa

Endemismo iberiarra da, penintsularen ipar-mendebaldean banatzen da, Galizian eta Portugaleko erdialde eta iparraldean batez ere. Neurri txikiago batean Asturias, Kantabria, Leon, Zamora eta Euskal Herrian ere aurkitzen da. Burgos, Palentzian eta Erdialdeko Mendigunean ere aurkitu da (Salvador, 2005). Euskal Herrian, Urdaibai inguruko eta Gorbeia inguruko ibaietan daude populazio nagusiak eta kontserbazio arazo larriak dituzte.

Rana iberica Rana iberica

Habitata

Zapaburuak hazi eta garatu ohi dira sakonera gutxiko ur-masa geldoetan (www.iucnredlist.org).  

Ur hotz eta bizkorreko errekastotan aurkitzen da, sekula ez uretatik urruti. Goi mendietako putzu eta lakuetan ere aurkitzen da. Espezie estenoikoa da, gorabehera termikoen eta deshidratazioaren aurrean sentikorra. Nahiko bakartiak dira eta leialak dira beren bizilekuarekiko (Rodríguez-Prieto eta Fernández-Juricic, 2005). Euskal Herrian 620 m inguruko altituderarte aurkitzen da, baina Erdialdeko Mendigunean 2.400 m-ra ere aurkitu da.


Elikadura

Datuak Erdialdeko Mendigunean eginiko ikerketa batean bilduak dira (Lizana Avia et al., 1986). Harrapakinak uretan eta lur lehorrean ehizatzen ditu, bereziki lehorrean. Hiru talde hauetan banatzen dira: Diptera, Coleoptera eta Araneae. Ez dago desberdintasun garrantzitsurik sexuen artean. Ikusi da eskuragarrienak diren taldeak, hau da, ugarienak direnak direla nagusi bere dietan.

Ugalketa eta ontogenia

Arren gametogenesia tenperaturaren menpe dago, tenperaturak asko jaistean geratzen da bestela jarraia da (Crespo, 1974). Urtean zehar bizi den lekuetan ugaltzen da. Altitude baxuko ingurunetan azarotik martxora ugaltzen da (Lizana et al., 1989). Arrak emea jarraitzen du soinu bat igorriz, eta emeak beste soinu bereizgarri bat igortzen du anplexuan dagoenean. Arrak, gorteiu garaian kailu gris-beltzaxka batzuk izaten ditu eta gorputzeko guruinek mukosa jariatzen dute, anplexua errazteko (Brizzi et al., 2002). Anplexua axilarra da. Errunaldia globo-itxurako masa bat da, errekastoetako putzu eta urmaeletan jalkitzen dutena 4 - 32 cm-ko sakontasunera.

Larba-faseak hiru hilabete inguru irauten du. Kostaldean bizi diren kasuetan, Euskal Herrian adibidez, martxoa eta abuztua artean ematen da metamorfosia (Galán-Regalado, 1982). Bi sexuetan heldutasun sexualerako gutxieneko adina bi urtekoa da. Euskal Herriko populazioetan igelak txikiagoak dira goi-mendietan baino, eta denbora gutxiago bizi dira, 4 urte (Esteban eta Sanchiz, 2000).

Bizimodua

Euskal Herrian eta kostaldeko beste inguruneetan aktibo mantentzen da urte osoan. Bestalde, mendiguneetan bere jarduera-tartea murrizten da. Gauez eta egunez aurkezten du jarduera (García-París, 1985). Egunez geldik egon ohi dira landarediaren artean, arroken gainean edo orbel artean (Galán-Regalado, 1982). Gaztetxoek eguneko jarduera izaten dute (Lizana et al, 1989).

Espezieen arteko elkarrekintzak

Harraparietatik babesteko, geldirik egoten da errekastoen urertzean, eta bere kolorazioari esker kamuflatu egiten da, bai urertzeko goroldioarekin, bai errekastoaren hondoarekin eta baita orbelarekin ere (Galán-Regalado, 1999). Ihes egiteko uretara jauzi egiten du; ikusi da ihesean egin beharreko distantzia igo egiten dela errekastoko landaredia gutxitu ahala (Rodríguez-Prieto eta Fernández-Jurícic, 2005). Zapaburuek arrainak usaindu egiten dituzte eta jarduera jaisten dute hauen presentzian. Ikusi da zapaburuen erantzuna hobea dela bertako amuarrainarekin exotikoarekin baino (Bosch et al., 2006).

Harraparien artean anfibioak (Rana perezi, oso proportzio baxuan bada ere) (Lizana et al., 1989), narrastiak (Natrix maura, Natrix natrix eta Vipera seonei) (Galan-Regalado, 1982), hegaztiak (Tyto alba) (Rey et al., 1994) eta ugaztunak (Genetta genetta, Lutra lutra) (Callejo-Rey et al., 1979) aurkitzen dira.

Bizkarroien artean trematodoak eta akantozefaloak aurkitzen dira (Votjova eta Roca, 1996).

Kontserbazioa

Euskal Herrian intaeres bereziko espeziea da, bertako populazioak murriztuak eta aislatuak baitaude.

Bere mehatxu faktoreak ondorengoak dira: uraren kutsadura, isuri toxikoen eta zaborraren ondorioz; erriberako basoen mozketa eta bertako landarediaren suntsipena; uraren bidearen aldaketa, lan oublikoen ondorioz; harrapari aloktonoen sarrera; ubideak lohiz betetzea, nekazal-jarduera uztearen ondorioz; igelak bizi diren inguruetan jende asko ibiltzea... (Galán-Regalado, 1999) 

Esteka interesgarriak


Bibliografia


Galán-Regalado P.. 1999. Diferenciación morfológica y selección de hábitats en las ranas pardas del noroeste ibérico: Rana iberica Boulenger, 1879 y Rana temporaria parvipalmata Seoane, 1885. Treballs de la Societat Catalana d'ictiologia i herpetologia, 2: 193-209

Esteban M., Sanchiz B.. 2000. Differential growth and longevity in low anf high altitude Rana iberica (Anura, Ranidae). Herpetological Journal, 10: 19-26

Bosch J., Rincón P.A., Boyero L., Martínez-Solano I.. 2006. Effects of introduced salmonids on a montane population of Iberian frogs. Conservation Biology, 20(1): 180-189

Rey J.M., Esteban M., Sanchiz B.. 1984. Registros corológicos de anfibios españoles fundamentados en egagrópilas de Lechuza Común. Boletín de la Asociación Española de Herpetología, 5: 4-8

Vojtkova L., Roca V.. 1996. Parasites of the frogs and toads in Europe. Part 3: Nematoda, Cestoda, Acanthocephala, Hirudinea, Crustacea and Insecta. Revista Española de Herpetología, 10: 13-27

Callejo-Rey A., Guitián-Rivera J., Bas-López S., Sánchez-Canals J.L., de Castro-Lorenzo A.. 1979. Primeros datos sobre la dieta de la nutria, Lutra lutra (L.), en aguas continentales de Galicia. Doñana, Acta Vertebrata, 6: 191-202

Brizzi R., Delfino G., Pellegrini R.. 2002. Specialized mucous glands and their possible adaptive role in the males of some species of Rana (Amphibia, Anura). Journal of Morphology, 254(3): 328-341

Crespo E.G.. 1974. Observations sur l'influence de la temperature, en conditions expérimentales, sur le cycle spermatogenetique de Rana iberica Boul. Estudos sobre a Fauna Portuguesa, 2: 1-10

Rodríguez-Prieto I., Fernández-Juricic E.. 2005. Effects of direct human disturbance on the endemic Iberian frog Rana iberica at individual and population levels. Biological Conservation, 123(1): 1-9

. . The IUCN Red List of Threatened Species. Rana iberica. www.iucnredlist.org (2012/01/17)

Lizana Avia M., Ciudad Pizarro M.J., Pérez-Mellado V.. 1986. Uso de los recursos tróficos en una comunidad ibérica de anfibios. Revista Española de Herpetología, 1: 207-271

García-París M.. 1985. Los anfibios de España. Ministerio de Agricultura, Pesca y Alimentación. Madrid

Lizana M., Ciudad M.J., Pérez-Mellado V.. 1989. Actividad, reproducción y uso del espacio en una comunidad de anfibios. Treballs de la Societat Catalana d'Ictiología i Herpetología, 2: 92-127

Galán-Regalado P.. 1982. Biología de la reproducción de Rana iberica Boulenger, 1879 en zonas simpátridas con Rana temporaria Linneo, 1758. Doñana, Acta Vertebrata, 9: 85-98

Salvador A.. 2005. Rana patilarga - Rana iberica. En: Enciclopedia Virtual de los Vertebrados Españoles.
Egilea: Iñaki Odriozola | Sorrera: 2012/01/15 | Azken eguneraketa: 2014/08/20 | Bisita-kopurua: 1871 | Argazki nagusia: Rafael Vazquez Graña

Erregistra zaitez

Erregistra zaitez!

· Parte hartu edukiak hornitzen eta eztabaidatzen 
 
· Igo itzazu argazkiak, bideoak, liburuak, estekak...