Satitsu etruriarra
Suncus etruscus

Munduko ugaztunik txikienetariko bat da, eta, dudarik gabe, Euskal Herrian aurki dezakegun txikiena eta arinena. Europan ingurune mediterraneoan aurki daiteke, baina espezie honen banaketa Asia hego-ekialdeko uharteetarino iristen da. Euskal Herrian isurialde mediterraneoan bizi da, eta gainerako satitsuak baino ingurune lehorragoetan bizitzeko gai da.

Suncus etruscus

Phyluma
Chordata
Klasea
Mammalia
Ordena
Eulipotyphla
Familia
Soricidae
Deskribatzailea
Savi (1822)
Estatusa
lc

Deskribapena

Europako ugaztunik txikiena eta arinena da. Gorputzaren luzera 3-5 cm-koa da, eta buztanarena 2-3 cm-koa. Pisua, aldiz, 1-3 gramokoa izan ohi da. Bi sexuetako animalien tamaina eta pisua antzekoa izan ohi da. Morfologia orokorra gainerako satitsuenaren oso antzekoa izan arren, gorputzarekin konparatuta buruak duen tamaina handiak ezaugarritzen du. Belarri handi eta nabarmenak ditu, eta begi txikiak. Atzeko hankak aurrekoak baino txikiagoak izan ohi dira. Kolorazio gris-arrea izan ohi du, eta sabelaldea bizkarraldea baino argiagoa izan ohi da. Emeek hiru ugatz-pare dituzte iztaietan. 

Antzeko espezieak

Gainerako satitsuak
Neomys anomalus Neomys fodiens Sorex minutus Sorex coronatus Crocidura suaveolens Crocidura russula

Gainerako satitsuetatik bereizteko ezaugarri narbarmenena, tamaina txikiagoa izateaz gain, belarrien tamaina erlatiboki handia da.

Banaketa

Ingurune epeletara eta lehorretara mugaturiko espeziea da, eta izaera hori bere banaketan islatzen da. Espeziea Europa mendebaldetik Asia hego-ekialdeko uharteetaraino (Borneon ezagutzen da) hedatzen da. Europan arro mediterraneoan aurki daiteke, eta gauza bera gertatzen da Afrika iparraldean ere. Populazio isolatuak ditu Kaspiar itsasoaren inguruan, Irakeko golkoan eta Itsaso Gorriaren hegoaldean, eta baita Indian, Myanmarren, Tailandian eta Indonesian ere.

Euskal Herrian isurialde mediterraneoan aurki daiteke. 

Suncus etruscus Suncus etruscus

Habitata

Ingurune mediterraneoko habitat gehienetan aurki daitekeen espeziea da. Ingurune irekiak hobesten ditu, eta ohikoa da olibondo-landaketetan, mahastietan eta laborantza sailetan. Baso itxirik osatzen ez duten artadi, artelazti eta pinadietan ere aurki daiteke. Ingurune horietan landaredia asko dagoen lekuko harrien azpian eta harrizko hesietako zuloetan gorde ohi da. 1000 metrotik beherako eremuetan bakarrik aurkitu izan da Iberiar penintsulan, baina Asia erdialdean 3000 metroko altueraraino aurkitu izan da (MacDonald & Barret 1993).



Habitat bereko espezie gehiago

Rhinolophus hipposideros
Neophron percnopterus
Aquila chrysaetos
Plecotus austriacus
Eptesicus serotinus
Tadarida teniotis
Micromys minutus
Mus spretus


Elikadura

Funtsean espezie karniboroa da, eta askotariko ornogabeez elikatzen da, kitinizazio maila handia dutenak (kakalardo asko) salbu. Intsektuen larbez eta zizareez gain, igel eta sugandila gazte txikiak ere irensten ditu (MacDonald & Barret 1993).  Espezie bereko animalien arteko kanibalismo-portaerak ere deskribatu dira. Landarerik irensten ez duen arren, azeitunak mastikatzen ikusi izan dira animaliok, ziurrenik horien olioa zurrupatzeko (Palomo et al. 2007).

Ugalketa eta ontogenia

Ugal sasoia udaberri hasieratik udazkenera bitartean hedatzen da. Ernaldiak hilabete inguru irauten du, eta 2-5 kume izaten dituzte emeek kumaldiko.  Emeak urtean hiru kumaldi izatera iritsi daitezke (MacDonald & Barret 1993). Kumeak altrizialak izan ohi dira, ilerik gabeak, eta 0.25 gramo inguru pisatu ohi dute. Lau egunera hasten zaie ilea hazten, eta bi asteren buruan ikusmena garatu eta  helduen antzeko itxura eskuratzen dute. Emeak dira kumeen kargu egiten direnak, eta ordelekutik elikagai bila joateko soilik irteten dira. Bi aste pasatxorekin irteten dira kumeak lehen aldiz gordelekutik, eta amaren atzetik mugitzen dira aurrekoaren buztanari helduta, Crocidura generoko espezieekin (adb. Crocidura russula) gertatzen den moduan. Heldutasun sexuala lortzeko urte oso bat behar dute animalia hauek (Palomo et al. 2007).

Bizimodua

Orokorrean gainerako satitsuak baino espezie sozialagoa da, nahiz eta espeziekideekiko jarrera ugal sasoiaren eta elikagai eskuragarritasunaren arabera aldatzen den (Palomo et al. 2007). Ugal sasoian jarrera otzanagoa izan ohi dute garai hortatik at baino, eta ugal sasoitik at bakartiagoak izan ohi dira. Egunean zeharreko aktibitate polifasikoa izan ohi du espezie honek, baina aktiboako izan ohi da gauean.

Tasa metaboliko oso altua duen espeziea da, eta beren tamaina beste edo halako bi elikagai irentsi ohi dute egunerako. Dena den, baldintzak eskasten direnean –eguraldi txarra edo elikagai gabezia- torpor egoeran sartzeko gai da, bere gorputz-tenperatura 12 º-ra jaitsita aktibitate metabolikoa jaitsiz (Fons et al. 1997). Torpor egoeratik gorputz-baldintza normaletara itzultzeko jardueran bihotz taupadak minutuko 1000 taupada baino gehiagora azeleratzen zaizkio, ugaztunen artean ezagutzen den bihotz-erritmo altuenetariko bat lortuz (Fons et al. 1997).

Batez besteko bizi-luzetasuna 18 hilekoa da, nahiz eta gatibutzan bi urte pasako animaliak ezagutzen diren (MacDonald & Barret 1993).

Espezieen arteko elkarrekintzak

Bere aktibitate gautarra dela eta, animalia harrapari gautarrak dira espezie honen harrapari nagusiak, hontz zuria (Tyto alba) eta hontz ertaina (Asio otus) kasu. Dena den, ez da espezie horien dietako harrapkin naguia izaten (Palomo et al. 2007).

Kontserbazioa

Banaketa zabal izaera kosmopolita dela eta, ez da arriskupean dagoen espezietzat jotzen, eta IUCN erakundeak Least Concern kategorian sailkaturik dauka.

Esteka interesgarriak


Bibliografia


MacDonald DW, Barrett P. 1993. Mammals of Europe. Princeton University Press. New Jersey

Fons R, Sender S, Peters T, Jürgens KD. 1997. Rates of rewarming, heart and respiratory rates and their significance for oxygen transport during arousal from torpor in the smallest mammal, the Etruscan shrew Suncus etruscus. Journal of Experimental Biology, 200: 1451–1458

Palomo JL, Gisbert J, Blanco C. 2007. Atlas y Libro Rojo de los Mamíferos Terrestres de España. MMA. Madrid
Egilea: Antton Alberdi | Sorrera: 2013/01/24 | Azken eguneraketa: 2013/03/17 | Bisita-kopurua: 1727 | Argazki nagusia: Andrea Santandrea

Erregistra zaitez

Erregistra zaitez!

· Parte hartu edukiak hornitzen eta eztabaidatzen 
 
· Igo itzazu argazkiak, bideoak, liburuak, estekak...