Sator arrunta
Talpa europaea

Lurpeko tunelak egitean zelaietan sortzen dituen lur-pilengatik da ezaguna satorra. Lurpean bizitzera guztiz moldaturiko espeziea da. Europa erdialdera mugaturiko espeziea da eta Euskal Herriaren hegoaldean du bere hegoaldeko muga. Euskal Herrian bi sator espezie daude, eta sator arrunta da bietan ugariena, sator itsuaren (Talpa occidentalis) banaketa Bizkaia eta Araba mendebaldera mugaturik baitago. 

Talpa europaea

Phyluma
Chordata
Klasea
Mammalia
Ordena
Eulipotyphla
Familia
Soricidae
Deskribatzailea
Linnaeus (1759)
Estatusa
lc

Deskribapena

Gainerako sator eta satitsuen artean espezierik handiena da sator arrunta. Gorputzaren luzera 12-16 cm bitartekoa da eta 70-120 gramo bitartean pisatu ohi dute. Lurpeko bizitzara guztiz moldaturiko ezaugarriak dituen espeziea da. Gorputzaren forma orokorra zilindrikoa eta trinkoa da, mutur oso zorrotzarekin eta buztan laburrarekin (2,5-3,5 cm). Aurreko gorputz-adarrak industeko moldaturik daude: tamaina handia dute, eta palak bailiran eskuaren ahurrak atzealderantz bideratuta daude. Belarriak oso murrizturik daude eta ez dira ilajetik bereizten, eta antzeko murrizketa jasan dute begiek ere. Ilajea trinkoa eta suabea da, normalean kolore ilunekoa, nahiz eta badiren sator grisak ere. Emeek lau titi pare dituzte paparrean eta iztaietan.

Antzeko espezieak

Sator itxua (Talpa occidentalis)

Sator arrunta baino txikiagoa da, mutur apur bat luzeagoarekin eta aurreko esku estuagoduna. Gainerakoan, espezieen arteko banaketa ziurra egiteko neurketa kraniometrikoak egitea ezinbestekoa da. Dena den, sator itxua Euskal Herriko banaketa Bizkaiko eta Arabako mendebaldera mugaturik dago eta gure lurraldean ez da sator arrunta bezain ugaria.

Banaketa

Europa erdialdera mugaturiko banaketa duen espeziea da. Iparraldeko muga Erresuma Batuan eta Eskandinavia erdialdean du. Ekialdera Ural mendikateraino hedatzen da, eta hegoaldeko mugak mediterraneo inguruan ditu. Iberian Penintsulan ipar-ekialdean soilik aurki daiteke, Pirinio guztian, Kantabriako mendietako ekialdean eta Demandako mendilerroaren inguruan.

Euskal Herriko ia lurralde osoan aurki daiteke, Nafarroa hegoaldean salbu, itsas mailatik goi-mendietaraino (0 – 2000 m).

Talpa europaea Talpa europaea

Habitata

Bizimodu hipogeoa dela eta, satorrek lur bigunak behar izaten dituzte luperko galeriak eraiki ahal izateko. Batez ere zelaietan topatzen dituzte era horretako lurzoruak, baina baita lur-geruza lodidun basoetan ere (Mitchell-Jones 1999).



Habitat bereko espezie gehiago

Prunella collaris
Neophron percnopterus
Tichodroma muraria
Phoenicurus phoenicurus
Fringilla coelebs
Micromys minutus
Microtus agrestis
Pyrrhocorax graculus


Elikadura

Sator arruntaren dieta lurpean bizi diren zizareek eta intsektuen larbek osatzen dute. Nafarroako Pirinioan egindako ikerlan batek zizaren harrapakin guztien %20 osatzen zutela zehaztu zuen, eulien larbek %22 eta kakalardoen larbek %27. Horrez gain, himenopteroak, kakalardo helduak eta kilopodoak ere irensten dituzte (Castién & Gonsálbez 1995). Harrapakin handienak, zizareak kasu, pilatu egiten dituzte zenbaitetan beranduago jateko (Macdonald 2001).

Ugalketa eta ontogenia

Ugal sasoia abendutik ekainera arte luzatzen da, eta aktibitate maximoa neguan jazotzen da. Heldutasun sexuala urtebete ingururekin lortzen dute, eta urte bakoitzean bi edo hiru kumaldi izatera iritsi daitezke. Kumaldi bakoitzean 2-4 satorkume jaiotzen dira. Horiek altrizialak dira; hau da, entzumen-organoak itxita, ilajea garatu gabe eta mugikortasun oso mugatuarekin jaiotzen dira. Kumeek hilabete inguruz edoskitzen dute eta titia hartzea bukatu eta egun gutxira idependizatzen dira.

Sator emeak “obotestikuluak” dituzten ugaztun bakarrak dira. Hau da, obulutegi guztiz funtzionalak izateaz gain, testosterona ugari ekoizten duten testikuluak ere badauzkate. Testosterona ekoizpen handi hori sator emeek lurraldekoitasun sutsuan islatzen da.

Bizimodua

Galeriak 5 eta 30 cm bitarteko sakoneran eraikitzen dituzte eta galeria horietako lurra kanporatzean euren presentziaren berri ematen duten lur-pilaketak eratzen dituzte zuloen inguruan. Gutxitan irteten dira lurrazalera. Mugikortasun txikiko espezieak dira, bakartiak eta sedentarioak, eta bi sexuetan animaliek euren lurraldeak sutsuki defendatzen dituzte (Macdonald 2001). Hektareako 16 indibiduoko dentsitatea izatera iritsi daitezke ingurune egokietan (Mitchell-Jones 1999). Egunean zeharreko aktibitatea nahiko homogeneoa izan ohi da, gauaren eta egunaren artean aldarik gabea.

Espezieen arteko elkarrekintzak

Lurpeko bizimodua dela-eta satorra ez da inongo harrapariren harrapakin ohikoa. Dena den, noizbehinka karnibororen edo hegazti harrapariren batek irentsi dezake. Iberiar Penintsulan basakatuaren (Felix sylvestris) eta hontz zuriaren (Tyto alba) dietan ezagutzen da.

Kontserbazioa

Sator arruntak ez du kontserbazio arazorik, banaketa zabala dela eta. Dena den, baratzetan eta larreetan kalteak eragiten dituenez askotariko tratamenduak egin izan dira animalia horien aurka, tranpak edota pozoinak erabiliz.

Esteka interesgarriak


Bibliografia


Mitchell-Jones AJ, Amori G, Bogdanowicz W, Kryštufek B, Reijnders PJH, Spitzenberger F, Stubbe M, Thissen JBM, Vohralík V, Zima J. 1999. The Atlas of European Mammals. Academic Press. Londres

Macdonald DW. 2001. The New Encyclopedia of Mammals. Oxford University Press. Oxford

Castién E, Gonsálbez J. 1995. Caractérisation de la niche trophique de Talpa europaea Linnaeus, 1758 dans les Pyrenees occidentales (nor de la Péninsule Ibérique). Mammalia, 59(1): 43-50
Egilea: Antton Alberdi | Sorrera: 2012/11/07 | Azken eguneraketa: 2014/09/12 | Bisita-kopurua: 2146 | Argazki nagusia: Kristian Matilainen

Erregistra zaitez

Erregistra zaitez!

· Parte hartu edukiak hornitzen eta eztabaidatzen 
 
· Igo itzazu argazkiak, bideoak, liburuak, estekak...