Sator itxu iberiarra
Talpa occidentalis

Euskal Herriko bi sator espezieen artean ezezagunena da sator itxua. Gure lurraldearen mendebaldeko ertzean soilik topa daiteke, nahiz eta espeziearen banaketa ia Iberiar Penintsula guztian hedaturik dagoen, ipar-ekialdeko eremua salbu. Sator arrunta baino txikixeagoa da, eta hainbat urtez horren subespezietzat jo izan da; gaur egun, ordea, espezie kategoria esleitzen zaio. Ez da italiako sator itxuarekin (Talpa caeca) nahastu behar.

Talpa occidentalis

Phyluma
Chordata
Klasea
Mammalia
Ordena
Eulipotyphla
Familia
Talpidae
Deskribatzailea
Cabrera (1907)
Estatusa
lc

Deskribapena

Sator arruntaren antzera, lurpeko bizitzara guztiz moldaturiko espeziea da. Gorputzaren luzera 10-13 cm bitartekoa da, eta buztan motzak ez du 3,5 cm baino luzera handiagoa izan ohi. 34 eta 66 gramo bitarteko pisua izan ohi dute, eta emeak handiagoak dira normalean. Belarriak eta begiak ile artean ezkutatuta dauzkate eta, gainerako ia ezaugarri guztietan gertatu bezala, sator arruntarekiko antzekotasuna oso handia da.

Antzeko espezieak

Sator arrunta (Talpa europaea)
Talpa europaea

Morfologikoki oso antzekoak dira bi sator espezieak, nahiz eta sator itxua normalean txikiagoa izan ohi den. Bi espezieak behar bezala identifikatzeko neurketa kraniometrikoetara edo analisi molekularretara jotzea ezinbestekoa da.

Banaketa

Iberiar Penintsulako endemismoa da. Penintsularen ipar-ekialdean salbu –Pirinioak eta Ebro arroa-, gainerako lurralde guztian hedaturik dago. Dena den, ingurune menditsuetan ugariagoa da. Ipar-ekialdeko muga Euskal Herriaren mendebaldean du, Bizkaian eta Araban.

Bizkaian Karrantzako haranean eta Enkarterrietan aurkitu izan da, eta baita Urdaibai inguruan ere. Araban berriz, Urduña inguruan eta Valderejoko Parke Naturalean ezagutzen da.

Talpa occidentalis Talpa occidentalis

Habitata

Industu ahal izateko lurzoru bigunak behar ditu espezie honek, eta larreetan zein baso irekietan –lizardiak eta zumardiak batipat– aurkitu ohi ditu. Itsas mailatik 2300 metroko altueraraino (Sierra Nevadan, Espainia) aurkitu izan da. Kantabriako mendietan, aldiz, 1500 metroraino (Palomo & Gisbert 2002). Banaketaren hegoaldean iparraldean baino altuera handiagotan aurkitu ohi da.



Habitat bereko espezie gehiago

Caprimulgus europaeus
Scolopax rusticola
Alauda arvensis
Erinaceus europaeus
Rana dalmatina
Lepus europaeus
Oryctolagus cuniculus
Rhinolophus hipposideros


Elikadura

Intsektuen larbak eta zizareak dira sator espezie honen elikagai nagusia, eta bi anelido genero nabarmen daitezke: Dendrobaena sp. eta Allolobophora sp. (Palomo et al. 2007). Zizareen garrantzia erlatiboa dietan handiagoa da neguan udan baino.

Ugalketa eta ontogenia

Neguaren amaieratik udaberri erdialdera arte irauten du araldiak (Palomo et al. 2007). Ernaldiak sei aste inguru irauten du, eta emeek lau kume izaten diuzte normalean. Urteko kumaldi bakarra izan ohi dute (Palomo et al. 2007). Sator arruntaren kasuan bezala, kumeak altrizialak dira, eta 3-4 g inguru pisatzen dute.

Heldutasun sexuala 6-12 hilabete bitartean lortzen dute.

Bizimodua

Bizimodu hipogeora moldatutako animalia izanik, lurpean igarotzen du denbora gehiena. 5-30 cm-ko sakoneran sortzen dituzte galeriak, eta bertan egiten dute bizitza: elikatu, ugaldu, atseden hartu, eta abar (Krapp 1990). Tunelak egitean kanporatzen duten lurrarekin sortzen dituzten pilaketek salatzen dute animalia honen presentzia.

Espezie territoriala eta bakartia da, eta nork bere eremua sutsuki defendatzen du. Satorren arteko borrokak heriotzaraino iristea ohikoa da.

Espezieen arteko elkarrekintzak

Iberiar penintsulako hegazti harraparien eta karniboroen -azeria (Vulpes vulpes) eta azkonarra (Meles meles)- dietan ager daiteke, baina ez da espezie bat beraren ere elikagai nagusia. 

Kontserbazioa

Iberiar Penintsulako endemismoa izanik, banaketa murritz xamarra izan arren, espezie honen kontserbazio-egoerak ez du arazo larririk, badagoen lekutan ugaria baita, eta azken urteetan ez baitu atzerakadarik izan (Mitchell-Jones et al. 1999). Larreak eta baratzak kaltetzen dituenez ez da baserritarren artean ondo ikusia, baina oraingoz horrek ez du kontserbazio-arazorik eragin. Kontserbazioan eragin diezaioken arazo nagusia larren galera da, baina ez da oraingoz eragina kuantifikatu.

Esteka interesgarriak


Bibliografia


Glutz von Blotzheim UN, Bauer KM. 1993. Handbuch der Vögel Mitteleuropas. Band 13/I. Passeriformes (4. Teil). Aula-Verlag. Wiesbaden

Pleguezuelos JM, Márquez R, Lizana M. 2002. Atlas y Libro Rojo de los Anfibios y Repitles de España. Organismo Autónomo Parques Nacionales. Madrid

Palomo LJ, Gisbert J. 2002. Atlas de los mamíferos terrestres de España. Dirección General de Conservación de la Naturaleza. SECEM-SECEMU. Madrid
Egilea: Antton Alberdi | Sorrera: 2012/11/20 | Azken eguneraketa: 2013/12/27 | Bisita-kopurua: 1396

Erregistra zaitez

Erregistra zaitez!

· Parte hartu edukiak hornitzen eta eztabaidatzen 
 
· Igo itzazu argazkiak, bideoak, liburuak, estekak...