Astigar zorrotza
Acer platanoides

Astigar zorrotza platanoaren (Platanus x hispanica) oso antzeko hostoa duen astigarra dugu eta hortik datorkio, hain zuzen ere, izen zientifikoa. Europako iparraldeko zuhaitza dugu jatorriz (Norbegiako astigarra ere deitua da) baina Ipar Amerikan asko zabaldu egin da bertako astigarra (Acer saccharum) desplazatzen ari delarik. Oso zuhaitz erresistentea da eta arrazoi honengatik, maiz ikus daiteke hiriguneetan landaturik, zuhaitz ornamental modura.

Acer platanoides

Dibisioa
Magonoliophyta
Klasea
Magnoliopsida
Subklasea
Ordena
Sapindales
Familia
Aceraceae
Deskribatzailea
Linnaeus, 1758
Estatusa
ne

Morfologia

Astigar zorrotza 20-30 metroko altuera lor dezaken zuhaitza dugu. Bere enborrak 1,5 metroko diametroa lor dezake. Forma borobilduko zuhaitza da, gris edo marroi koloreko enbor-azala duena, maiz zartatu egiten dena. Beste zenbait astigarrek ez bezala, zuhaitz helduek ez dute iletxorik izaten enbor-azalean. Berde koloreko adarrak ditu hasieran, gerora marroi kolorea hartzen dutenak. Neguko kimuak disdiratsuak dira, marroi-gorri kolorekoak.

Hostoak

Hosto oposatuak ditu eta formaz, Platanoaren (Platanus x hispanica) oso antzekoak, hortik datorkio izan ere, izen zientifikoa. Hostoak palmatuak dira eta punta zorrotzean bukatzen diren bost lobulu dituzte. 7-14 x 8-20 cm-ko tamaina dute eta lobuluetako bakoitzak hiru albo-hortz ditu, gainontzekoan hostoaren ertza leuna delarik. Hostoen pezioloa 8-20 cm-koa da eta latexa isurtzen du apurtzen bada. Udazkenean hostoak horitu egiten dira.

Loreak

Loreak korinbo motako infloreszentzietan batzen dira, bakoitzak 15-30 lore izaten dituelarik. Korinbo hauek hori-berdeak dira. Loreek 3-4 mm-ko luzera duten 5 petalo eta 5 sepalo izaten dituzte.

Fruituak

Samara motako fruitua ematen dute udaberrian, hostoen aurretik. Samarak bikoitzak dira eta bi hazi hegodun dituzte, 10-15 x 3 mm-koak. Haziek disko forma dute eta lateralki zapaldurik egoten dira. Hegoek 3-5 cm-ko luzera dute.

Antzeko espezieak

Platanus x hispanica

Platanoak eta astigar zorrotzak oso hosto antzekoak dituzten arren, erraz bereizten dira. Platanoak oso enbor azal bereizgarria du, plaka handietan apurtzen joaten dena eta gainera, astigar zorrotzaren fruitua samara tipikoa da, platanoak poliantokarpo izeneko fruitu berezia ematen duen bitartean.

Banaketa

Europako iparralde (Norbegiako astigarra ere deitzen zaio) eta erdialdekoa eta Asia mendebaldekoa dugu jatorriz baina Ipar Amerikan ere naturalizatu egin da eta inbasore izatera iritsi da leku askotan. Euskal Herrian, bereziki mendi inguruetan da ugaria.

Acer platanoides Acer platanoides

Habitatak



Habitat bereko espezie gehiago

Ulmus glabra
Zumar hostozabala
Cornus sanguinea
Zuhandorra
Viburnum opulus
Gaukarra, Andorra
Tilia cordata
Ezki hostotxikia
Tilia platyphyllos
Ezki hostozabala
Betula pendula
Urki dilindaria
Alnus cordata
Haltz italiarra


Ekologia

Oso landare erresistentea da eta beste astigarrak hazteko gai ez diren lekuetan ere hazi daiteke astigar zorrotza, Ipar Amerikan Acer saccharum espeziearen lehiakide garrantzitsua bilakatu delarik, espezie honen salmenta debekatzera iritsi delarik bertan.

Fenologia

Negu bukaeran loratzen da eta udaberri hasieran garatzen ditu fruituak, hostoen aurretik.

Erabilerak

Egur gogorra du, altzariak egiteko erabiltzen dena. Ornamental modura oso erabilia da, hiriguneetan bereziki, ondo jasaten baititu itzala eta hirietako kutsadura.

Esteka interesgarriak

Egilea: Maialen Sistiaga | Sorrera: 2012/10/20 | Azken eguneraketa: 2013/12/30 | Bisita-kopurua: 1993 | Argazki nagusia: Jean-Pol Grandmont

Erregistra zaitez

Erregistra zaitez!

· Parte hartu edukiak hornitzen eta eztabaidatzen 
 
· Igo itzazu argazkiak, bideoak, liburuak, estekak...