Antennaria dioica

Belartxo iraunkor hau mendebaldeko Piriniotan eta Kodes mendilerroko gune bakarrean baino ez da hazten, pagadiaren mailan kokatzen diren larreetan kolonia txikiak eratuz. Hori dela eta, 2010. urtetik 'Galzorian' bezala zerrendaturik dago EAEko Espezie Mehatxatuen Zerrendan. Antennaria izenaren jatorria latineko 'antenna' hitza da, eta lore arren kardilaunaren ileek intsektuen antenen forma beretsua izateagatik hartzen du izena.

Antennaria dioica

Dibisioa
Magnoliophyta
Klasea
Magnoliopsida
Subklasea
Asteridae
Ordena
Asterales
Familia
Asteraceae
Deskribatzailea
L. Gaertn., 1791
Estatusa
ne

Morfologia

Landare belarkara dugu, iraunkorra, korapilatua, tomentotsua eta muluak eratzen dituena. Estoloi herrestari antzuak izaten ditu, 2-5 cm-koak, eta oso modu trinkoan antolatutako hosto-errosetak. Soilik loreak daramatzaten zurtoinak dira tenteak eta lore ar eta emeak oin desberdinetan bereizita ditu. Loreak dituzten zurtoinek 3-10 cm-ko garaiera lortzen dute eta kotoi-itxurako ilez estalita daude.

Hostoak

Oinaldeko hostoak koilara edo espatula formakoak dira, luzangak, txurixkak eta 3-18 x 3-6 mm-koak. Azpialdea tomentotsua izaten dute gris kolorekoa, eta ia glabroak eta berde kolorekoak dira gainaldean. Nerbio bakarra dute eta munta mukroiarekin. Aldiz, goialdeko hosto kaulinarrak, (zurtoin loredunetakoak) ia linealak dira, 7-13 mm-koak, motzak eta berdeak, eta mutur fin eta zorrotza dute.

Loreak

Loreak 3-7 multzoetan elkartzen dira, korinbo txiki gisa. Lore horiek braktea zurixka edo arrosaz osatutako inbolukru batez babestuta daude, 5-7 mm-koa eta zertxobait pubeszentea oinarrian. Brakteen inbolukru horiek, arretan zabalak dira, arrosa argi edo txurixkak, 5-6,5 mm-koak eta pubeszenteak oinarrian; eta emeetan meheagoak eta luzatuagoak (3-4 mm-koak), eta orokorrean, arrosak dira. Korolak 4-5 mm-koak dira.

Fruituak

Fruituak 0,5-1 mm-koak dira, guruintsuak.

Banaketa

Banaketa boreo-alpetarra duen landarea da, hau da, ipar hemisferioko mendi garaietan eta iparraldeko latitudeetan bizi da. Eurasian zehar nahiko banaketa zabala du, Piriniotatik Japonera eta Ipar Ameriketako Aleutiar uharteetan ere aurkitzen da.

Euskal Herrian soilik mendebaldeko Piriniotan eta Kodes mendilerroko kokagune bakarrean aurkitu da, pagadiaren mailan kokatzen diren larreetan kolonia txiki bat osatuz, gutxi gorabehera 1200 m-ko garaieran, mendizerra horretan hondar-lurra duen toki bakan batean. Kokagune hau beste populazioetatik 100 km baino gehiago urruntzen da, bai ekialdetik (mendebaldeko Pirinioak), bai mendebaldetik (Kantabriako mendiak) eta bai hegoaldetik (Sistema Iberikoa). Gainera, hiru leku horietan, landarea garaiera nahiko handiagotan bizi da.

Habitatak



Habitat bereko espezie gehiago

Erica lusitanica
Portugal txilarra
Erica cinerea
Ainar purpura
Erica arborea
Iñar zuria, zurikatxa
Erica ciliaris
Ainar iletsua
Erica scoparia
Erratz-txilarra
Erica tetralix
Txilar lauhostoa


Ekologia

Euskal Herrian 1200 metroko garaieratik gora aurkitzen da soilik, lur hareatsu eta solteak dauden eremuetan, baina txilardi, larre lehor eta lur harritsuetan ere aurkitu izan da, beti ere lurzoru azidoetan.

Fenologia

Ekainetik abuztu arte loratzen da. Fruituak udazkena hastean heltzen dira.

Erabilerak

Bere loreak infusiotan hartzen ziren antzina, arnas-arazoak tratatzeko (Maza et al., 2008). Muzilago ugari ditu, flabonoideak eta gatz potasikoak. Hori dela eta eztularen kontrako efektua izan dezake. Gatzek gainera, efektu diuretikoa izan dezakete, baita sukarraren kontrakoa ere.

Kontserbazioa

Kodes mendilerrora azken urteotan egin diren bisitetan, ez da landarea ikusi. 1980. urtean, gutxi gorabehera, populazio hau aurkitu zenean, jada oso txikia zen. Azken bosturtekoetan abeltzaintzaren presioa asko gutxitu denez, pagadiaren aurrerakuntza garrantzitsua nabaritu da. Horrek, enklabearen baldintza ekologikoak eraldatu ditu, iraganean larre argitsua baitzen. Landarea beste punturen batean aurkitzen ez bada, "galtzeko arriskuan" egotetik "berriki desagertuta" egotera igaroko da. Bitxikeria gisa, laurogeiko hamarkadan bildutako belarren ale guztiak arrak zirela aipatu behar da. Horrek erantzun posible batzuk eman ditzake. Batetik, beharbada landarea jadanik desagertzeko zorian zegoela. Bestetik, agian, modu bitxian heldu zela, eta oin arrak baino ez zituela sortu; ondorioz, bideragarritasuna minimoa zen.

Esteka interesgarriak

Egilea: Maialen Sistiaga | Sorrera: 2012/04/19 | Azken eguneraketa: 2013/12/30 | Bisita-kopurua: 1151 | Argazki nagusia: Encyclopedia of Life

Erregistra zaitez

Erregistra zaitez!

· Parte hartu edukiak hornitzen eta eztabaidatzen 
 
· Igo itzazu argazkiak, bideoak, liburuak, estekak...