Herensuge-aho argia
Antirrhinum braun-blanquetii

Landare belarkara hau Iberiar Penintsulako iparraldeko endemismo bat da, kareharrizko harkaitzen oinetako legar-hobi mugikorretan bizi dena. Bere habitat bitxia eta bere izaera endemikoa direla eta, landaretxo hau 2011. urtetik dago EAEko Espezie Mehatxatuen Katalogoan 'Bakana' bezala sailkatuta.

Antirrhinum braun-blanquetii

Dibisioa
Magnoliophyta
Klasea
Magnoliopsida
Subklasea
Lamiales
Ordena
Scrophulariales
Familia
Scrophulariaceae
Deskribatzailea
Rothm., 1954
Estatusa
ne

Morfologia

Landare iraunkorra da, 80 cm-rainoko altuera lor dezakeena. Zurtoina eta adarren behealdea zurkarak ditu, eta 70 cm arteko zurtoin lore-emaile belarkarak ditu.

Oinaldean glabroa da eta zurtoin loredunak guruintsu-pubeszenteak dira, 0,8-1,2 mm-ko ilez osaturiko indumentu homotrikoa duelarik. Ileak guruintsuak dira, zelulanitzak, zeharargitsuak, horma leunekoak, horixkak eta zuzenak. Gutxi batzutan oinaldean ere ile guruintsuak ager daitezke, 1m5 mm-koak.

Zurtoinak lodiak dira, tenteak, sinpleak edo adarkatuak. Adarrak glabroak dira, edo batzuetan glabreszenteak behealdean.

Hostoak

Hosto oposatuak ditu oinaldean baina txandakatuak zurtoinaren goialdean. Hostoak luzeak dira, eliptikoak, ertz zorrotzekoak eta 15-70 x 3-25 mm-koak. Bi aldeetatik berdeak dira, normalean glabroak baina batzuetan 1,5 mm-rainoko ile guruintsuak dituzte. Pezioloa 3-7 mm-koa da.

Loreak

Loreak luku moduko infloreszentzia guruintsuetan batzen dira, 5-20 lore txandakatuz osaturik egoten direnak. Oinarrian braktea linear-lantzeolatua dute, lorea gainditzen duena (10-33 x 3-8 mm-koa) eta hostotik nahiko desberdinak dena, zorrotzak eta behealdekoak, hostoak bezala, txandakatuak.

Loreek 5-17 mm-ko pedizeloa dute, tentea eta braktea baino motzagoa. Kaliza, oinarritik fusionatutako bost sepalo triangeluarrek osatzen dute, hortz aske zorrotzak dituztenak, 7-11 x 2-4 mm-koak (korola baino askoz laburragoak). Sepaloek, 1 mm-rainoko ile guruintsuak dituzte.

Korola horia da, 4 cm ingurukoa eta oinarria espoloi konkordun batek osatzen du, zain horixkez beterik dagoena. Goialdean korola bi ezpainetan zabaltzen da, eta bien arteko eztarria behealdeko ezpainaren konkordurak ixten du, baba moduko baten bitartez. Konkordura hori, era berean, hiru lobulutan banatzen da. Goialdeko ezpaina, muxarradura sakon bat dela eta, erdibitua dago. Lorezilak korolaren hodian sarturik daude eta lau dira, bi luze eta bi motz.

Fruituak

Fruitua kapsula borobildua da, ile guruintsuak dituena eta bi barrunbez osatuta dago: goikoa poro baten bidez irekitzen da eta behekoa, bi pororen bidez, barruko haziak askatzeko. Kapsula hau 10-15 x 7-9 mm-koa izaten da eta horma larrukara du.

Haziak, aldiz, 1,2-1,4 mm-koak dira, borobilduak, erretikulatuak edo gandor partzialarekin, kolore arre ilunekoak eta hortz irregularrekin.

Banaketa

Espezie hau Iberiar Penintsulako iparraldeko endemismo bat da, eta banaketaren ekialdeko muga Sobroneko haitzarteko inguruetan du.

Antirrhinum braun-blanquetii Antirrhinum braun-blanquetii

Habitatak



Habitat bereko espezie gehiago

Ekologia

Bere habitat naturala kareharrizko harkaitzen oinetan aurkitzen diren legar-hobi mugikorrak dira. Dena den, lurren mugimenduak eta komunikabideen hedapenak mesedegarri izaten zaizkio, horien ertz eta ezpondetan bizitzera egokitzen baita. Ez du itzala jasaten baina mugako bero baldintzetara moldaturik dago, baita tenperatura aldaketa bortitzei. Oso lur lehorretan hazten da, basikoak (pH 5,5-8) eta nitrogenotan txiroak.

Fenologia

Apiriletik abuztura bitartean loratzen da, eta fruituak udan eta udazkenaren hasieran heltzen ditu.

Espezieen arteko elkarrekintzak

Landare honen hostoetan Puccinia antirrhini onddoa aurki daiteke batzuetan.

Kontserbazioa

2011. urtetik dago 'Bakana' bezala sailkatuta EAEko Espezie Mehatxatuen Katalogoan, eremu honetan duen banaketa murritza dela eta, soilik Sobron aldeko haitzetan aurkitzen baita.

Esteka interesgarriak

Egilea: Maialen Sistiaga | Sorrera: 2012/04/21 | Azken eguneraketa: 2013/12/30 | Bisita-kopurua: 1880 | Argazki nagusia: florasilvestre.blogspot.com.es

Erregistra zaitez

Erregistra zaitez!

· Parte hartu edukiak hornitzen eta eztabaidatzen 
 
· Igo itzazu argazkiak, bideoak, liburuak, estekak...