Urpeko apioa
Apium inundatum

Apio hau urpeko lokatzetan errotuta bizi da eta hostotxo gehienak urazpian zabaltzen ditu. Banaketa atlantikoko landare belarkara dugu eta Europako eskualde atlantiarrean nahiko ugaria da. Hala ere, apio hau oso bakana da iberiar penintsulan eta egun, Euskal Herrian soilik mendietako urmaeltxo natural batzuetan baino ez da aurkitzen, beti ere 600 m-tik goraxeago. Hori dela eta, 2010. urtetik EAEko Zerrenda Gorrian 'Bakana' bezala izendatuta dago.

Apium inundatum

Dibisioa
Magnoliophyta
Klasea
Magnoliopsida
Subklasea
Rosidae
Ordena
Apiales
Familia
Apiaceae
Deskribatzailea
(L.) Koch, 1824
Estatusa
lc

Morfologia

Landare belarkara iraunkorra dugu, urpeko lokatzetan errotuta bizi dena. Metro baterainoko zurtoinak garatzen ditu urpean, eta goiko hostoak eta loreak ematen dituzten atalak baino ez dira azaleratzen. Zurtoinak ahulak eta hutsak dira, orokorrean adarkatuak.

Hostoak

Hosto pinnatisektu dimorfoak ditu, ezaugarri honek uretako beste apio batzuengandik bereizteko balio duelarik. Urpeko hostoek itxura filiforme edo linearreko lobulu mehe eta harikaretan zatituta daude (2-3 pinnatisektuak). Airekoak, aldiz, 1 pinnatitsektuak dira, itxura obatu-lantzeolatuko gingilak dituzte, eta sesilak eta trilobatuak dira.

Loreak

Unbela motako infloreszentzia konposatua dute, hostoekiko oposatuki kokatzen dena. Unbelula bakoitzak 3-6 lore dauzka. 0,5-1 mm-ko bi erradio izaten dituzte, 8-15 mm-ko pedunkuluekin.

Loreek ez dute braktearik baina bai 3-6 brakteola lantzeolatu, loreak eta fruituak baino motzagoak direnak. Gainera, unbelulek badaukate foliolo belarkarak duen inboluzeloa.

Loreek kaliz txiki eta hortzik gabeak dituzte, 5 sepalo berdexka ñimiñoz eratuta. Korola zuria da eta 5 petalo aske ditu. Fruktifikazio garaian, estiloak motzak dira, estilopodioaren tamainaren erdia izaten dute, eta tenteak dira.

Fruituak

Fruituak 2-3,5 mm-koak dira, oblongoak edo elipsoidalak eta ertz estua dute. Merikarpoek oso sahiets nabarmenak izaten dituzte.

Antzeko espezieak

Apium repens eta Apium nodiflorum

Apium inundatumek hosto dimorfoak ditu eta Apium repens eta Apium nodiflorumek, aldiz, hosto uniformeak dituzte.

Banaketa

Banaketa eremu orokorra atlantikoa da. Europako itsasertz atlantikoetatik hurbil dauden lurraldeetan nahiko ugaria da, baina oso bakana da iberiar penintsulan.

Euskal Herrian, XX. mendearen erdialdean Gipuzkoako gune batean landare honen presentzia aipatu zen, baina egun Kantauriko eta Mediterraneoko isurialdeen banalerroko mendietako urmaeltxo naturaletan populazio txiki-txikiak baino ez dira aurkitu, 600 m-tik goraxeago. Gainera, 1997. urtean egindako laginketa batean, Zuian baino ez zen aurkitu, Altuben (Aizpuru et al., 1997).

Apium inundatum Apium inundatum

Habitatak



Habitat bereko espezie gehiago

Betula pendula
Urki dilindaria
Acer negundo
Negundo astigarra
Berula erecta
Berula tentea
Fraxinus angustifolia
Lizar hostotxikia


Ekologia

Unbelifero txiki hau ur-masa gezatan bizi da, hondo istiltsuan errotuta, eta hostotxo gehienak urazpian zabaltzen ditu. Ur azalera goialdeko hostoak eta infloreszentzia txiki-txikiak baino ez dira iristen. Fruitu txikiak uretara jausten dira, eta hondoan haziak ernetzen dira berriro.

Fenologia

Udan loratzen da, eta fruituak udazkenaren hasieran heltzen dira.

Kontserbazioa

2010. urtetik dago EAEko Espezie Mehatxatuen zerrendan 'Bakana' bezala sailkatuta, 1997. urteko laginketa ezkeroztik soilik Altubeko urmaeletan aurkitu baita. Bere mehatxu nagusia, bizi den hezeguneak lehortzea da.

Esteka interesgarriak


Esteka interesgarriak

Egilea: Maialen Sistiaga | Sorrera: 2012/04/26 | Azken eguneraketa: 2014/09/08 | Bisita-kopurua: 2886 | Argazki nagusia: Christian Fischer

Erregistra zaitez

Erregistra zaitez!

· Parte hartu edukiak hornitzen eta eztabaidatzen 
 
· Igo itzazu argazkiak, bideoak, liburuak, estekak...