Arenaria vitoriana

Mulutxo hau endemismo iberiarra da, eta bere eremua bitan zatitua dauka: iparraldeko zatian Kantabria, Burgos, Araba eta Nafarroan gune bakartuak ditu, eta hegoaldeko zatia, txikiagoa, Cuenca eta Guadalajaran dago. Euskal Herrian, Arabako gune batzuetan eta Nafarroan soilik ageri da. Hori dela eta, 'Bakana' bezala sailkaturik dago EAEko Espezie Mehatxatuen Zerrendan eta 'Sentikorra' bezala Nafarroakoan.

Arenaria vitoriana

Dibisioa
Magnoliophyta
Klasea
Magnoliopsida
Subklasea
Caryophyllidae
Ordena
Caryophyllales
Familia
Caryophyllaceae
Deskribatzailea
Uribe-Ech. & Alejandre, 1984
Estatusa
ne

Morfologia

Oinarri mehe eta malgua duen mulutxoa da, luzanga, eta alboko adar motzak ditu. Ile zurixkaz estalita dago eta gehienez, 10 cm-ko garaiera lortzen du. Oinaldea gehienetan zurkara izaten da. 

Hostoak

Alboko adarren urteko zurtoinetatik ateratzen dira hostoak, oposatuak eta dekusatuak, gurutze-itxuran. Hostoak obal-lantzeolatuak dira, 3-4 x 1,5-2 cm-koak, eta ertzetan dituzten zilio lodi batzuk salbu, glabroak dira. Punta kamutsa eta motza da. Aurreko urteko zurtoinak udaberrian luzatzen dira eta, ondorioz, hosto-bikoteak gero eta gehiago urruntzen dira elkarrengandik. Hostoen goiko erdialdea kanpora-kiribildua da. Nerbio lodiak izaten dituzte.

Loreak

Zurtoinen puntan lore-glomeruluak (2-5 loretakoak) sortzen dira, hostoen antzekoak diren brakteez inguraturik. Batzuetan glomeruluen azpian lore axilarren bat ere ager daiteke. Lantzeolatuak diren eta punta kamutsa duten bost sepalo dituzte. Kaliza 7-9 mm-koa da, glabroa. Petaloak ere bost dira, nahiko handiak (10-13 mm-koak, sepaloak baino handiagoak), zuri garbiak eta eliptikoak edo espatula-itxurakoak dira, eta punta osoa dute. Petaloen oinaldea ziliatua izaten da. 10 lorezilek eta obario batek eratzen dute zati sexuala. Obarioa 3 karpelo elkartzean eratzen dute.

Fruituak

6 hortz apikal dituen kapsula-itxurako fruitua ematen dute, 2,5-4 mm-koa, elipsoidala eta mintzakara. Barnean aurrealdea eta atzealdea tuberkulu txikiz estalita dituzten hazi beltzak daude, 1,3-1,5 mm-koak eta giltzurrun formakoak. Tuberkulua zabal eta txikiak edo estu eta luzeak izan daitezke.

Banaketa

Mediterranear eskualdeko mendebaldeko mendietan banaketa duen landarea da. Endemismo iberiarra da, eta bere eremua bitan zatitua dauka: iparraldeko zatian Kantabria, Burgos, Araba eta Nafarroan gune bakartuak ditu, eta hegoaldeko zatia, txikiagoa, Cuenca eta Guadalajaran dago. Euskal Herrian, Arabako gune batzuetan eta Nafarroan soilik ageri da. Mendebaldean dagoen gunea, Boveda ingurukoa, espeziea deskribatzeko erabili zen. Gainontzeko populazioak Gasteizko (eta Trebiñoko) mendietan dira nagusi, Izki mendietan, Iturrietan eta Entzian, hain zuzen ere. Azken hauek Urbasa mendilerroko populazio txikiarekin elkartzen dira.

Arenaria vitoriana Arenaria vitoriana

Habitatak



Habitat bereko espezie gehiago

Barlia robertiana
Orkidea erraldoia
Taraxacum officinale
Txikoria-belarra, Sorgin-belarra edo Mando-belarra


Ekologia

Kareharri natural gordinetan kantonatuta dago landarea, hezetasun edafikoak, izotzak eta udako lehorteak substratuaren krioturbazioa eragiten duten inguruan. 

Fenologia

Maiatzaren erdialdea eta uztailaren hasiera bitartean loratzen da, eta fruituak udan heltzen dira. Ia urte osoan ez da ikusgarria, baina loratzen denean landarea nahiko deigarria da, petalo zuriak nahiko handiak eta ugariak direlako, eta landareari bizi den toki harritsuak ederki apaintzen dituen kuxin-itxura ematen diotelako.

Kontserbazioa

Espezie hau 'Bakana' bezala sailkaturik dago EAEko Espezie Mehatxatuen Zerrendan eta 'Sentikorra' bezala Nafarroakoan. Eraldaketa artifizialak, hala nola, mendi- pistak, zapaldak eta lur-iraulketak onuragarriak dira epe laburrean; baina, era berean, eraldaketa hauek azken milurtekoetan babesleku izan dituzten biotopo naturalak suntsi ditzakete. Badirudi landare hori klima kontinentalagoa zen garaietako erlikietako bat dela.

Ezagutzen diren populazio urriak elkarren artean nahiko bakartuta daude. Ale gutxiko komunitate txikiak dira, hamarreko batzuk baino ez dituztenak. Litekeena da klimaren eraginez izatea hain landare bakana. Izan ere, egungo klimak ez ditu landarearen behar ekologikoak asetzen, hezeagoa eta aldaketa termikoa askoz txikiagoa baita. Giza jarduerak ez du eragin handirik izan, orain arte landarea hazten den lekua ez baita aproposa bestelako jarduerak egiteko. Hala ere, arrisku handia dauka landarearen tamaina txikiegiak. Trebiñoko gune batean, esaterako, landarea iraungi da, landarea bizi zen lauza txikiak simaurraz, lastoz eta bestelako zikinkeriaz estali baitira.

Esteka interesgarriak

Egilea: Maialen Sistiaga | Sorrera: 2012/05/16 | Azken eguneraketa: 2014/09/08 | Bisita-kopurua: 1703 | Argazki nagusia: T. Gil

Erregistra zaitez

Erregistra zaitez!

· Parte hartu edukiak hornitzen eta eztabaidatzen 
 
· Igo itzazu argazkiak, bideoak, liburuak, estekak...