Ontina
Artemisia herba-alba

Oinean zurtutako mulu aromatikoa dugu espezie mediterraneo hau, bazka-landare eta sendabelar estimatua. “Ontinar” sastrakadien osagai nagusia denez, ekosistema honek espeziearen izena hartzen du. Penintsula iberiarreko eta Frantzia hegoaldeko endemismoa da, Euskal Herriko hego erdian hedatua dagoena. Artemisiaren etimologiaren inguruan bi teoria daude; lehenak dio Apoloren aizpa bikia eta ehizaren eta sendatzeko ahalmenen jainkoa zen Artemisari zor zaiola izena; bigarrenak ordea, Mausolo-ren aizpa eta emaztea zen Artemisia II erreginari, botanika eta medikuntzan aditua zenari zor zaiola dio.

Artemisia herba-alba

Dibisioa
Magnoliophyta
Klasea
Magnoliopsida
Subklasea
Ordena
Asterales
Familia
Asteraceae
Deskribatzailea
Asso
Estatusa
ne

Morfologia

Mulu edo belarkia, oinean zurtatua dagoen 60 cm arteko kamefitoa. Oinetik adarkatua, adar zutitukoa eta ilupadunekoa. Guruin-ileen eguzki isla dela eta kolore grixa du bere osotasunean.

Hostoak

Hostoak 1(2) pinatiseptuak dira, txikiak eta motzak, 2-8 mm bitartekoak, eta kolore grisekoak. Forma obalatua dute, ilupa artilekaraz estaliak daude, behekoak txorten motzekoak eta beste guztiak eseriak. Hostoak txandakatuak dira.

Loreak

Lore guztiak hodi erakoak dira, hori kolorekoak, korola ilegabekoak. Errezeptakulua laua eta hemisferikoa bitarteko formakoa da, iletsua, eta bakoitza 2-5 lore hermafroditaz osatzen da.

Loreak, 1-3 mm-ko kapitulu txikietan, eserietan eta tenteetan biltzen dira, panikula erako infloreszentzia luzatuetan kopuru handietan. Inbolukru brakteak arre kolorekoak dira, 1,5-2,5 mm neurrikoak, bertizilo gutxi batzuetan ezarriak, ilupadunak, eta barnealdekoak ertzean eskariosoak dira. Hostoak baino txikiagoak diren braktea hauek, neguan ugariagoak izaten dira.

Fruituak

Fruitua akenioa da, leuna, ildaska arinekoa edo ildobikoa, kardilaun gabea edo eraztun eskarioso txiki batez hornitua.

Antzeko espezieak

Artemisia campestris L.

Espezie honen muluaren kolorea arre ilunagoa da, oso likatsua. Errezeptakulua biluzia duelako bereizten da, A. herba-alba espezieak iletsua du. Kanpoko loreak emeak dira eta beste guztiak funtzionalki arrak dira, ez hermafroditak.

Banaketa

Frantzia hegoaldeko eta Iberiar penintsulako endemismoa dugu, baina Frantziako populazioa gero eta txikiagoa da. Marokon oso sakabanatua aurkitzen da.

Euskal Herriko hego erdialdean hedatua dago, isurialde mediterraneoan, bereziki Bardenetako estepetan. Hala ere, gurean duen banaketa area azken urteetan txikitzen ari da.

Artemisia herba-alba Artemisia herba-alba

Habitatak



Habitat bereko espezie gehiago

Helichrysum stoechas subsp. stoechas
Betibizi, dolda-belar
Viburnum lantana
Andura, Marmaratila, Zimindurra
Taraxacum officinale
Txikoria-belarra, Sorgin-belarra edo Mando-belarra


Ekologia

Itsas mailatik 200-1200 m-ko altitude bitarteko eskualde mediterraneoko guneetan bizi da, ombroklima semilehorrean. Bereziki igeltsua ugaria deneko sustratuetan, kareharrietan, marregatan eta lurzoru gazietan hazten da. Sastrakadi lehorretan, ezkaietan, gutxi nitrifikatutako ezpondetan aurkitu dezakegu, eta batzuetan utzitako soroak kolonizatzen ditu.

Fenologia

Iraila eta azaro bitartean loratzen da.

Erabilerak

Historian zehar medikuntza naturalean oso erabilia izan da Artemisa espezie hau sendabelar gisa, izan ere, antiseptikoa, espasmo-kontrakoa eta bermifugoa da. Negev basamortuko baduinoek enteritis gaitzaren eta hesteko arazoen kontrako sendagaia dela plazaratu zuten, izan ere, espezie honekin prestatutako olioak aktibitate antibakterianoa eta antiespasmodikoa duela frogatu da.

Irakeko herri-medikuntzan A. herba-alba landarearekin prestatutako infusioa diabetesaren kontrako tratamendu gisa erabiltzen da. Gaur egun, diabetikoak diren untxi eta arratoietan lurgaineko landaretik lortutako ur-estraktuak eragin hipogluzemikoa duela frogatu da.

Espezieen arteko elkarrekintzak

Salsola vermiculata espeziearekin batera, Bardenetako estepen paisaia osatzen du, gaur egun gutxitzen ari diren artalde ibiltariei neguko bazkaria ziurtatzen dien ekosistema dena. Sastrakadi hauetan, hauekin batera A. campestris generokidea aurkitu daiteke.

Intsektuek arrautzak jartzearen ondorioz, konkorrak edo zezidioak dituzten Artemisia generoko aleak ikustea nahiko arrunta izanen da. Aintzina, zezidio hauek sua pizteko ardagai modura erabiltzen ziren.

Kontserbazioa

Ez du kontserbazio berezirik.

Esteka interesgarriak

Egilea: Maite Lopez de Arbina | Sorrera: 2014/03/25 | Azken eguneraketa: 2014/10/24 | Bisita-kopurua: 1431 | Argazki nagusia: Jean-Paul Peltier

Erregistra zaitez

Erregistra zaitez!

· Parte hartu edukiak hornitzen eta eztabaidatzen 
 
· Igo itzazu argazkiak, bideoak, liburuak, estekak...