Arum cylindraceum

Landaretxo hau 'Kaltebera' bezala sailkaturik dago EAEko Espezie Mehatxatuen Zerrenda Gorrian. Euskal Herrian, espezie honen populazio bakarra ezagutzen da Oltzako kareharri lapiazean (Aizkorrin) eta honen ale ugalkorren kopurua ere txikia da (300-500 artean).

Arum cylindraceum

Dibisioa
Magnoliophyta
watch Klasea
Liliopsida
Subklasea
Magnoliidae
Ordena
Alismatales
Familia
Araceae
follow link Deskribatzailea
Gasp.

Morfologia

Landare belarkara hau tuberkulu handi batetik garatzen da. Tuberkulu hau 1-3,5 x 2,2-4,5 cm-koa da, diskoidala eta bertatik garatzen dira ere 10 cm-rainoko sustraiak. Zurtoinak (profiloak) 3-7 x 1-2 cm-koak dira, paperkarak, akuminatuak eta batzuetan lila kolorekoak. Maiz, gainaldetik zimeldu ohi da.

Hostoak

Hostoek 16-28,9 x 0,1-1,7 cm-ko pezioloidea dute, glaukoak dira eta batzuetan purpura kolorekoak. Oinarri aldean hegaltxo bat dute, 0,4-1,1 cm-koa, hialinoa, batzuetan lila kolorekoa.

Lamina, 4-15 x 3-11,4 cm-koa da, triangeluarra, akuminatua eta batzuetan mukroiduna. Glaukoa da eta nerbio paraleloak ditu peziolotik aurrera.

Aurikulak 2,5-6 x 2,5-3 cm-koak dira, borobilduak.

Loreak

Landare honen infloreszentziak, pedunkulu batzuetatik aurrera sortzen dira. Pedunkuluak 15,5-27,5 x 0,1-0,6 cm-koak dira, pezioloen luzerakoak edo handiagoak. Espata (infloreszentzia inguratzen duen braktea zabala), 7,6-12,5 x 1,4-4,2 cm-koa da, zilindrikoa, akuminatua, antesian itxia, martzeszentea eta berde argia. Espata honen hodia 2-3,5 x 1,1-2 cm-koa da, zertxobait oblongoa, batzuetan tonalitate purpurekin.

Espadizea (buruxka modukoetan antolatzen den infloreszentzia) 4,2-7,2 cm-koa da, espataren tamainaren erdikoa. Honen apendizea 1-3,3 x 0,1-0,4 cm-koa da, purpura kolorekoa, usainik gabea eta zilindrikoa. Mazoa ez dago oso desberdintzatua. Lore ar esterilek (estaminodioak), 1-4 mm-ko neurria dute, malguak dira eta horixkak. Hauen oinarria konikoa da, leuna edo guruintsua eta 4-9 hileratan kokatzen dira eraztun moduko bat eratuz, 0,2-0,4 x 0,3-0,5 cm-koa berau. Lore ar antzu eta emankorrak 0,1-0,5 cm-ko tarte batek bereizten ditu.

Aldiz, lore eme antzuek (pistilodioek) 1-5 mm-ko neurria dute, malguak dira, horixkak, oinarri puztua dute eta leunak edo guruintsuak izan daitezke. Hauek 1-8 hileratan kokatzen dira 0,3-0,5 x 0,3-0,4 cm-ko eraztuna sortuz eta lore eme emankorrengandik gertu kokatuta daude. Eme emankorrek 1,5-3,5 x 1-3 mm-ko pistiloa dute, globo itxurakoa. Nektarioak 0,5-1 mm-koak dira, gaztaina kolorekoak eta 5-10 hileretan kokatzen dira, 7-18 x 0,6-1,3 cm-ko eraztuna eratuz.

Fruituak

Fruituak infruteszentzia handietan kokatzen dira, 2,5-7 x 1,5-2,7 cm-koak. Baia motako fruituak garatzen dituzte, 3-11 x 3,2-7,8 mm-koak, laranjak edo gorrixkak, mateak. Baia bakoitzak 1-5 hazi ematen ditu, hauen neurria 3,5-5,5 x 3-4 mm-koa delarik. Haziak oboideak dira, dortsobentralki zertxobait konprimatuak egoten dira eta gorrixkak edo arreak dira. Estrofioloa 1-3 x 0,5-2 mm-koa da.

Antzeko espezieak

Arum maculatum

A. maculatumen maza ondo desberdintzaturik dago, hostoek forma lau-triangeluarra dute, espataren hodi oso garatua eta tubekulu diskoidal errizomatosoa du.

Banaketa

Europako ipar-ekialdetik Turkiaraino aurki daiteke. Bere iparraldeko muga Dinamarkan du. Iberiar penintsulan, erdialdeko eta mendebaldeko mendietan aurki daiteke, Kantabriar mendikatean, Sistema Iberikoan eta Sierra Nevadan. Euskal Herrian, soilik Oltzako kareharri lapiazean aurkitu da (Aizkorrin) (Aizpuru et al., 2004).

Arum cylindraceum Arum cylindraceum

Ekologia

Lurzoru mota desberdinetan haz daiteke, baina hezetasun handia behar du. Bereziki lizardi, pagadi, harizti eta sahastietan hazten da, 850-2000 metroko altueran.

Fenologia

Udaberri hasieran loratzen da eta uda bukaeran heltzen dira fruituak.

Espezieen arteko elkarrekintzak

Garai batean Iberiar Penintsulan zein Europan Arum cylindraceum hedatuagoa egon zen arren, azken urteotan Arum maculatumen hedatzeak kalte handiak eragin dizkio, bereziki Europako hegoaldean (Fridlender, 1999).

Kontserbazioa

Landare hau 'Kaltebera' bezala sailkaturik dago EAEko Espezie Mehatxatuen Zerrenda Gorrian. Euskal Herrian, espezie honen populazio bakarra ezagutzen da eta honen ale ugalkorren kopurua ere txikia da (300-500 artean). Hala ere, populazio hori Aizkorri-Aratz BGL eta Parke Naturalaren barruan dago, eta beraz, nolabait ere babesturik.

Esteka interesgarriak

enter site Egilea: Maialen Sistiaga | Sorrera: 2012/06/07 | Azken eguneraketa: 2014/09/08 | Bisita-kopurua: 1763 | Argazki nagusia: Ondřej Zicha

Erregistra zaitez

Erregistra zaitez!

· Parte hartu edukiak hornitzen eta eztabaidatzen 
 
· Igo itzazu argazkiak, bideoak, liburuak, estekak...