Astragalus clusii

Landaretxo hau endemismo iberiarra dugu, eta Euskal Herrian soilik Nafarroan aurkitzen da lurraldearen hegoaldean, Ablitasen, hain zuzen ere. Herri honek gainera, bere ipar-mendebaldeko muga ezartzen du. Hori dela eta 'Zaurgarria' bezala sailkaturik dago Espezie Mehatxatuen Nafarroako Katalogoan.

Astragalus clusii

Dibisioa
Magnoliophyta
Klasea
Magnoliopsida
Subklasea
Rosidae
Ordena
Fabales
Familia
Fabaceae
Deskribatzailea
Boiss.
Estatusa
ne

Morfologia

Mulu zurkara eta arantzatsua dugu, gehienez 40 cm-ko altuera lortzen duena (normalean 10-30 cm). Zurtoin etzanak ditu edo dekunbente-tenteak eta asko adarkatzen da. Ile zuriz estalita egoten da, itxura kotoitsua emanez zurtoin gazteei. Aldiz, zurtoin zaharrenak glabreszenteak dira eta urte baten buruan, 3-8 cm-ko luzera lortzen dute.

Hostoak

Hosto peziolatuak dira eta paripinnatuak. Ilez estalitako folioloak dituzte eta errakisaren ertza arantza batez bukatzen da muturrean. Estipulak 4-9 mm-koak dira eta pezioloki estuki loturik daude, zurtoina inguratuz. Makroblastoetako hostoak 1,5-6,5 cm-koak dira eta 0,5-1,8 cm-ko pezioloa dute, tentea eta ile motzez beterik dagoena. Aldiz, brakiblastoek peziolo luzeagoa dute eta ile luzeak hau estaliz. Makroblastoetako hostoek 4-6 pare foliolo dituzte, txikiak (0,4-3 cm-koak) eta brakiblastoetakoek 4-8 pare foliolo handiagoak (3-11 x 1-4 mm), eliptikoak eta iletsuak.

Loreak

Lore puztu iletsuak garatzen ditu, kolore zuri-horikoak, 2-3 aletako lukuetan multzokatzen direnak. Infloreszentziak brakiblastoen galtzarbetatik garatzen dira. Lukuak eseriak dira eta brakteak eta brakteolak dituzte. Brakteak 4-8 mm-koak dira, iletsuak; eta brakteolak 3-6 mm-koak, brakteen antzeko indumentuarekin. Pedizeloak 1-4 mm-koak.

Loratze sasoian zehar kaliza 18 mm ingurukoa eta tubularra da. Aldiz, fruktifikazio garaian 26 mm-raino puzten da eta globo itxura hartzen du, nerbiazio erretikulatu argia duelarik. Garai honetan gainera, ile zuriz beterik egoten da. 3,5-6 mm-ko hortzak ditu.

Korola horixka edo zurixka da, martzeszentea eta petaloak harizpien hodiari baturik egoten da. Estandartea 18-24 mm-koa da eta lamina obatu edo eliptikoa du. Hegoak 16-23 mm-koak dira, ia estandartearen tamainakoak. Laminaren oinarriko aurikula 1,5-2 mm-koa da eta kila, 15-20 mm-koa, hegoak baino motzagoa.

Fruituak

Fruitua leka motakoa da, unilokularra, ile zetakara disdiratsuekin. Kalizean barneraturik gelditzen da maiz. Karpoforoa 2-4 mm-koa da eta gorputza 5-6 x 1,5-2,5 mm-koa, oboideoa, ganbila eta pitzadura sakona du atzealdean. Haziek 2,5-3,5 x 3,5-5 mm-ko tamaina dute eta arreak dira.

Banaketa

Endemismo iberiarra dugu, eta Euskal Herrian soilik Nafarroan aurkitzen da lurraldearen hegoaldean, Ablitasen, hain zuzen ere. Herri honek gainera, bere ipar-mendebaldeko muga ezartzen du.

Astragalus clusii Astragalus clusii

Habitatak



Habitat bereko espezie gehiago

Erica tetralix
Txilar lauhostoa
Erica scoparia
Erratz-txilarra
Erica lusitanica
Portugal txilarra
Erica vagans
Txilar burusoila
Calluna vulgaris
Ainar arrunta
Arctostaphyllos alpinus
Azeri-mahats alpetarra


Ekologia

Txilardi mediterranearretan eta belardietan hazten da, beti zonalde oso eguzkitsuetan, eskualde arido edo semiaridoetan. Igeltsuzko edo kare-substratuak ditu gustuko eta 500-1200 metroko altueran aurki daiteke.

Fenologia

Apirila eta ekaina bitartean loratzen da eta fruituak, uda bukaeran heltzen dira.

Kontserbazioa

Espezie hau 'Zaurgarria' bezala sailkaturik dago Espezie Mehatxatuen Nafarroako Katalogoan. Izan ere, populazio bakarra ezagutzen da bertan, Peñadil, Montecillo eta Monterrey BGLaren barruan dagoena.

Egilea: Maialen Sistiaga | Sorrera: 2012/06/07 | Azken eguneraketa: 2014/09/08 | Bisita-kopurua: 1343 | Argazki nagusia: Manolo Ruano

Erregistra zaitez

Erregistra zaitez!

· Parte hartu edukiak hornitzen eta eztabaidatzen 
 
· Igo itzazu argazkiak, bideoak, liburuak, estekak...