Ezpela
Buxus sempervirens

Ezpela, jardinak mugatzeko aspalditik erabili den zuhaiska da (Greziarrek eta Erromatarrek dagoeneko erabiltzen zuten). Euskal Herrian, banaketa berezia du, Arabako hego-erdian eta Bidasoa ibaiaren behe-bailaran kokatzen da baina populazio mugatuak ditu. Hori dela eta, 'Interes bereziko' espezie bezala sailkaturik dago.

Buxus sempervirens

Dibisioa
Magnoliophyta
Klasea
Magnoliopsida
Subklasea
Eudicotyledoneae
Ordena
Buxales
Familia
Buxaceae
Deskribatzailea
Linnaeus (1753)
Estatusa
ne

Morfologia

Espezie hau zuahiska edota zuhaitz txikitzat hartzen da, zenbaitetan 8 metroraino iristen delarik. Adar zurrun ugari eta sakonki zartatuak ditu heldutan, baina gazteenak leunak dira. Enbor-azala gris-arrexka da, kortxokara eta ezkatakara, eta adarretan pezioloek utzitako orban modukoak daude.

Hostoak

Hostoak (nahikoa txikiak eta txorten laburrekoak) gainaldetik berde ilunak eta disdiratsuak eta azpialdetik mateak eta zurbilagoak izaten dira. Hosto sinpleak dira, oposatuak eta itxura larrukara dutenak. Luzeraz, 1,3-2,5 x 0,7-1,2 cm inguru dituzte, forma aobatu-eliptikoa eta glabroak dira (batzutan ile gutxi batzuk dituzte azpialdeko nerbioaren inguruan). Ertza beheraka zertxobait kiribilduta egoten da. Hosto gazteek galtzarbe iletsuak dituzte, ile nabari zuriekin oposatuki kokatutako bi multzoetan; aldiz, helduak ilegabeak dira. Urte osoan zehar mantentzen dituzte (hortik datorkio, hain zuzen ere, izen espezifikoa) eta udazkenean gorritu egiten dira.

Loreak

Ezpela landare monoikoa da, hau da, ale berdinak bi sexuetako loreak ditu. Ezpelaren loreak glomerulutan batzen dira, kolore horikoak eta nahiko trinkoak direnak. Ez dira oso deigarriak, 5-6,5 mm-ko diametroa izaten dute eta brakteatuak dira. Lore sesilak dira eta hauen periantoa soilik bi bertiziloz osaturik dago (ez dute korolarik).

Lore arren kanpo-bertiziloa tepaloz osatuta dago, 2 x 2-2,5 mm-koak eta obatuak; eta barne-bertizilokoak 2,5-3 mm-koak dira eta obobatuak. Androzeoak lau estamin ditu. Aldiz, lore emeen bertiziloa 2,5-3 mm-koa da eta obobatua. Ginezeoak 3 karpelo eta 3 estilo labur, lodi eta tente. Intsektuen bidez polinizatzen dira.

Fruituak

Ezpelaren fruitua kapsula motakoa da. Nahio itxura karakteristikoa du, forma subesferikokoa eta larrukara. Luzeraz 8-11 x 6-8 mm ditu eta estigmak mantentzen ditu muturrean tente. Bere baitan 6 hazi trigonal ditu, leunak eta beltzak.

Banaketa

Ezpela banaketa submediterranearra duen zuhaixka da. Europako erdialdeko eta hegoaldeko, Afrikako iparraldeko eta Asiako hego-mendebaldeko hainbat gunetan bizi da. Euskal Herrian oso arrunta da Arabako hego-erdian, Arabako Errioxako gune baxuetan izan ezik. Bidasoa ibaiaren (Gipuzkoa) behe-bailaran ere populazio handiak, baina mugatuak, ditu.

Buxus sempervirens Buxus sempervirens

Habitatak



Habitat bereko espezie gehiago

Quercus rotundifolia
Artea, Karraska
Laurus nobilis
Erramua
Quercus ilex
Artea
Pinus nigra
Larizio pinua
Pinus pinea
Pinazi pinua
Crataegus laevigata
Hegoaldeko elorri zuria
Crataegus monogyna
Iparraldeko elorri zuria


Ekologia

Sastrakadi oparoak eratzen ditu tontor haizetsuetan eta normalean substratu basikoetan (pH 5,5-8), baina inoiz ere substratu silizeoetan. Gerizpetan eta sakonera txikiko lurzoruetan ondo hazten da. Pagadietan, erkameztietan, karraskadietan eta pinudietan oihanpe trinkoak era ditzake, eta ordezkapen-sastrakadietan nagusi da. Tenperatura oso beroak behar ditu eta lur lehorrak, baina ondo jasaten ditu negu epelak eta izozteak. 

Fenologia

Martxotik maiatza bitartean loratzen da, baina loreak iraila-urrian hasten dira garatzen.

Erabilerak

Ezpela lorategietako hesiak egin ahal izateko oso estimatua izan da eta bere egurra torneatzeko eta tailak egiteko ere oso erabilia. Greziarrek eta Erromatarrek erabiltzen zutela ezaguna da, XIII. mendeko idazki batean jasotzen baitu Alberto Magnok. Gainera bere egur finak oso erabilgarria egin zuen inprentetan grabatuak egiteko, baita haize-instrumentuak egiteko ere.

Landare pozoitsua izan arren, sendabelar modura erabili izan da, bereziki sifilia tratatzeko eta anestesiko bezala. Diuretikoa dela eta gibeleko gaixotasunak eta malaria sendatzeko ona dela diote. Purgagarria da eta bereziki bere azalak duen buxina osagaiari esker, bizigarria dela diote. Frantzian lupuluaren ordezko moduan erabili zen garagardogintzan baina azido eduki altua zuela eta, erabiltzeari utzi zitzaion.

Espezieen arteko elkarrekintzak

Espezie honen nahiko parasito arrunta da Pseudometria rousseliana onddoa, ezpelaren txankroa izeneko gaixotasunaren eragilea (pustula gorrixkak eragiten ditu hosto eta adarretan). Horrez gain, Mycosphaerella patouillardi onddoak hostoen erortzea eragiten du eta orban zuri iraunkorrak. Phyllosticta buxina onddoak zitrikoen kankrosi moduko gaixotasun bat eragiten dio ezpelari eta azkenik, Phytophtora cinnamomi onddoak sustraia kaltetzen du, modu sendaezinean.

Kontserbazioa

EAEko Espezie Mehatxatuen Katalogoan, Arralde (Gorbeia) eta Narvaxako populazioak 'Interes berezikoak' bezala zerrandaturik daude 2011. urtetik. Marjinalak direlako katalogatu dira Arabako Lautadako ekialdean dagoen populazioa, erkamezti batean; eta Gorbeiako (Bizkaia) mendiguneko populazioa, pagadien altueran.

Agian arrazoi biohistorikoren batek azal dezake ezpelaren egungo banaketa: bizi den lekuetan oso oparoa da, baina oso banaketa zatikatua dauka. Zuhaixka honen banaketa oraindik azalpenik ez duen enigma biogeografikoa da. Katalogaturiko bi populazioak nahiko handiak dira eta ale ugari dituzte. Zuhaixka indartsua denez eta sendoki errotuta dagoenez, inausketak ondo onartzen ditu eta aldaketa txikien aurrean ez da oso ahula. Beraz, ez dirudi populazio horiek arrisku larria dutenik. Dena den, kontserbatu egin behar dira oso bereziak direlako eta, horretarako, herri-lan handiak saihestu behar dira.

Esteka interesgarriak

Egilea: Maialen Sistiaga | Sorrera: 2012/01/30 | Azken eguneraketa: 2013/12/31 | Bisita-kopurua: 1955 | Argazki nagusia: DigPeter

Erregistra zaitez

Erregistra zaitez!

· Parte hartu edukiak hornitzen eta eztabaidatzen 
 
· Igo itzazu argazkiak, bideoak, liburuak, estekak...