Centaurea lagascana

Espezie hau Iberiar Penintsulako hego-mendietako endemismoa dugu. Euskal Herrian soilik Kodes mendilerroan agertzen da eta Kaltebera bezala sailkaturik dago EAEko Espezie Mehatxatuen katalogoan. Belartxo hau oso eguzkizalea da eta beraz, populazioentzako arriskurik handiena inguruko landaredia gehiegi hedatzea litzateke.

Centaurea lagascana

Dibisioa
Magnoliophyta
Klasea
Magnoliopsida
Subklasea
Asteridae
Ordena
Asterales
Familia
Asteraceae
Deskribatzailea
Graells
Estatusa
ne

Morfologia

Landare bienal belarkara dugu, eztenduna. Lehen urtean hosto-errosetak eratzen ditu lur gainean eta bigarren urteko uda amaieran, kapitulu biribildu batzuk sortzen dira erroseta erdian, oso pedunkulu motzen gainean.

Hostoak

Errosetako hostoek oso peziolo motza dute, eta ertzetan ile plurizelularrak dauzkate, itxura artiletsua ematen diotenak. Azpialdetik glabreszenteak dira. Pinnatisektuak dira eta segmentu oblongoak eratzen dituzte, hortz txikiekin.

Loreak

Bigarren urtean, uda amaieran, kapitulu motako infloreszentzia biribildu batzuk sortzen dira erroseta erdian, oso pedunkulu motzen gainean hain zuzen. Kapitulu bakoitzak 1-10 lore izan ditzake eta braktea berdez osaturiko 15 mm-ko inbolukru batek babestuta daude. Braktea glabroak dira, ertz osokoak, adarrik gabeko arantza motz batekin (16 mm-rainokoa).

Udan zehar irekitzen dira loreak, hori kolorekoak. Hodi formako korola dute, ertzean bost lobulu dituena. Androzeoak bost estamin epipetalo ditu eta anterek estiloa inguratzen duen hodia eratzen dute. Ginezeoak behe-obarioa du, unilokularra, eta bertatik bi estigmako estilo bakarra garatzen da.

Fruituak

Fruitua akenio bat da, beltza, lodikotea eta 1,5 mm baino gutxiagoko ezkatek osatzen duten kardilauna du. Badirudi kardilaunaren tamaina eta fruituaren pisua ez dela egokia haizeak sakabanatzeko, eta animaliek iraulitako lurrean hozitzen dela.

Antzeko espezieak

Centaurea ornata

Peziolo luzeagoa du. Hala ere, Centaurea lagascanarekin hibridatzen da, tarteko ezaugarriak dituen Centaurea x zubiae landarea sortuz.


Centaurea scabiosa

Lore gorriak ditu. Hala ere, Centaurea lagascanarekin hibridatzen da, tarteko ezaugarriak dituen Centaurea x losana sortuz.

Banaketa

Iberiar Penintsulako hego-mendietako endemismoa dugu. Euskal Herrian dago espezie honen banaketa-zonaren ekialdeko muga. Hain zuzen ere, Kodes inguruan aurkitu da bakarrik, Nafarroa aldera.

Centaurea lagascana Centaurea lagascana

Habitatak



Habitat bereko espezie gehiago

Ekologia

Kareharrizko gailurretan bizi dira populazio txikiak, batez ere iraulitako edo berriki izan diren suteek erretako lurrean. Landare heliofitoa da eta ez du itzala ondo jasaten. Tenperatura epelak behar dituenez batez ere altitudean agertzen da, lur heze-lehor eta azidoetan (pH 3,5-5,5).

Fenologia

Udan zehar irekitzen dira loreak, uztailean eta abuztuan. Ernalketaren ondoren, fruitu beltz eta lodikoteak heltzen dira udazkenean.

Espezieen arteko elkarrekintzak

Centaurea ornata (lore horiak) eta Centaurea scabiosa (lore gorriak) kideekin hibridatzen da, Centaurea x zubiae (lore horiak) eta Centaurea x losana (lore gorriak) espezieak sortuz. Hauek beren guraso diren espezieen tarteko ezaugarriak dituzten brakteak dituzte.

Kontserbazioa

Kaltebera bezala sailkaturik dago EAEko Espezie Mehatxatuen Katalogoan eta Zaurgarria bezala Nafarroakoan. Kodes mendiko populazioek banaketa-zonaren ekialdeko muga osatzen dute. Arrazoi bioklimatikoak aipatzen dituzte adituek horren zergatia azaltzeko. Oso gune txiki batean bizi dira populazio horiek, eta inguruko baso-plantazioa da arrisku faktorerik handiena. Centaurea espezie honek ez du itzala gustuko, bai ordea basurdeak lurrean eginiko higidurak. Aipatutako populazioak aztertu ondoren ale gutxi geratzen direla ondorioztatzen bada, komenigarria litzateke sute txikiak (beharrezko kontrolpean, jakina) edo lurrean higidurak egitea.

Egilea: Maialen Sistiaga | Sorrera: 2012/09/05 | Azken eguneraketa: 2013/12/30 | Bisita-kopurua: 1163 | Argazki nagusia: Luciano Pardo

Erregistra zaitez

Erregistra zaitez!

· Parte hartu edukiak hornitzen eta eztabaidatzen 
 
· Igo itzazu argazkiak, bideoak, liburuak, estekak...