Txilar kantauriarra
Daboecia cantabrica

Txilar kantauriarra banaketa ibero-atlantikoa duen zuhaiska da, Iberiar Penintsulako mendebaldetik Landetaraino eta Irlandako mendebaldeko kostalderaino hedatzen dena. Bere izen generikoa, hain zuzen ere, Irlandako Dabeoc santutik eratorria da. Erica generoko txilarretatik bereizten duten ezaugarri nagusiak loreek korola handiagoa eta erorkorra dutela da, eta Daboecia-k hosto handiagoak dituela, inoiz ez taldetan pilatuta.

Daboecia cantabrica

Dibisioa
Magnoliophyta
Klasea
Magnoliopsida
Subklasea
Dilleniidae
Ordena
Ericales
Familia
Ericaceae
Deskribatzailea
(Huds.) K.Koch (1872)
Estatusa
ne

Morfologia

Landare zuhaiskara dugu (mulua), 20-50 cm-koa eta ahula, nahiz eta 70 cm-raino luza daitekeen beste landareetan lotuz eta hauekin lagundurik. Adar dekunbenteak edo gorakariak ditu, gazteak ile glandularrez estaliak (batez ere goialdean).

Hostoak

Txilar kantauriarraren hostoak tamaina aldakorrekoak dira, handienak 11-14 x 2-5 mm-koak, txandakatuak, peziolatuak, osoak eta iraunkorrak. Formaz estuki lantzeolatu eta obatu-eliptiko bitartekoak. Gainaldean berde ilunak dira, koriazeoak eta ilelatzdun guruinak dituzte. Ertza kiribildu daiteke. Azpialde zuri eta tomentuduna dute.

Loreak

Txilarrek lore hermafroditak dituzte, hau da, lore berak ugal-organo ar eta emeak batzen ditu. Txilar kantauriarrak lore tetrameroak ditu, aktinomorfoak eta luku terminal brakteatuetan agertzen dira. Luku hauek, era berean, urteko adarretatik garatzen dira eta 3-15 lore zintzilikari daramatzate. Txilar kantauriarraren loreek ilezurrundun pedizeloak dituzte eta ez dute brakteolarik. Sepaloak txikiak dira (2-3 mm-koak), lantzeolatuak, ilerik gabeak eta oinetik ia askeak. Aldiz, korola erorkorra da, urtzeolatua, eta elkarri lotutako lau petaloz eraturik dago, 9-14 x 5-8 mm-koak. Gingil laburrak ditu, patenteak, purpura koloreako eta guruin-ilez hornituak. 8 estamin dituzte, gezi-formako oinarria duten antera beltzekin, harizpia baino luzeagoak direnak. Obulutegiak eta kapsulak guruin-ileak dituzte. Obario superoa dute, iletsua eta estilo filiformekoa. 

Fruituak

Txilar kantauriarraren fruitua 3-7 mm-ko kapsula bat da. Kapsula honek lau kusku ditu eta garatzen denean, txilarrak korola galdu eta kuskuak zabalduz haziak askatzen ditu. Hazi asko askatzen ditu, 0,5 mm-koak eta subglobulosoak.

Antzeko espezieak

Erica sp.

Erica generoko txilarretaz bereizten duten ezaugarri nagusiak loreek korola handiagoa eta erorkorra dutela da, eta Daboecia-k hosto handiagoak dituela, inoiz ez taldetan pilatuta.

Banaketa

Banaketa ibero-atlantiarra du eta Iberiar Penintsulako mendebaldetik Landetaraino eta Irlanda mendebaldeko kosralderaino hedatzen da. Euskal Herriko iparraldean hazten da baina bere banaketa-muga hegoaldean topatzen du, eragin mediterranearra areagotu ahala.

Daboecia cantabrica Daboecia cantabrica

Ekologia

Txilardietan, basoetan eta eskualde arrokatsuetan agertzen da, 50-1500 metroko altitudean. Argitasun handia dagoen lekuetan hazten da baina itzala ere ondo jasan dezake. Tenperatura epelak behar ditu, menditarrak. Lurzoru lehor eta oso azidoetan hazten da (pH 3-4,5), eta nitrogenoan oso txiroak direnetan.

Fenologia

Martxotik urrira loratzen ikus daiteke, latitudearen arabera (zenbat eta latitude altuagoan, orduan eta beranduago). Fruituak udazken bukaeran heltzen dira.

Kontserbazioa

IUCN erakundeak ez du espezie honen egoera aztertu.

Esteka interesgarriak

Egilea: Maialen Sistiaga | Sorrera: 2012/01/21 | Azken eguneraketa: 2013/12/30 | Bisita-kopurua: 1213 | Argazki nagusia: Peter Greenwoods

Erregistra zaitez

Erregistra zaitez!

· Parte hartu edukiak hornitzen eta eztabaidatzen 
 
· Igo itzazu argazkiak, bideoak, liburuak, estekak...